183. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLATUERTA

Ordenantza, Kultura, kirol, irakaskuntza, gazteria, aisia eta gizarte xedeetarako diru-laguntzen oinarri arautzaileena. Behin betiko onespena

Udalbatzak 2017ko ekainaren 29an hartu erabakiaren bitartez, hasiera batean onetsi zen aldaketa Kultura, kirol, irakaskuntza, gazteria, aisia eta gizarte xedeetarako diru-laguntzen oinarri arautzaileetako ordenantzan.

Jendaurrean egoteko epea iraganda inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Villatuertan, 2017ko irailaren 8an.–Alkatea, Asier Urra Ripa.

ERANSKINA

ORDENANTZA, KULTURA, KIROL, IRAKASKUNTZA, GAZTERIA, AISIA ETA GIZARTE XEDEETARAKO DIRU-LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEENA

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Villatuertako mugartean diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea, helburuak zehazteko asmoarekin eta herritarrek eta entitateek prestazio horiek eskuratu ahal izatea bermatzeko asmoarekin.

Ordenantza honetatik kanpo geratzen dira helduentzako euskarazko klaseetarako diru-laguntzak, beste ordenantza batean arautuko direnak.

2. artikulua. “Diru-laguntza”-ren definizioa.

Diru-laguntzatzat jotzen da Udalak ematen duen edozein laguntza edo sorospen ekonomikoa, Udalaren aurrekontuaren kargura, edo ordenantza honetan arautzen den xedea betetzen duen beste edozein ekarpen ekonomikoa.

3. artikulua. Irizpide orokorrak.

Diru-laguntzak borondatezkoak eta unean unekoak izanen dira. Diru-laguntza emateak Udalari ez dio betebeharrik sortuko eta hartzaileari ez dio aurrerantzean diru-laguntza gehiago jasotzeko eskubide edo aurrekaririk sortuko.

BIGARREN KAPITULUA

Eskatzaileak

4. artikulua. Baldintzak.

Ordenantza honetan arautzen diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituzte honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiek:

4.1. Entitateak:

a) Egoitza soziala Villatuertan izatea, eta Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroan sartuta egotea.

Salbuespenez, elkarte edo entitateak baldintza hori bete beharretik aske utziko dira, baldin eta lantaldeari iruditzen bazaio hezkuntza, kultura edo ongintza izaera nabarmeneko jarduerak egiten dituztela. Jai batzordeek ere ez dute baldintza hori bete behar.

b) Irabazi asmorik gabe eratuak izatea.

c) Agiri bidez frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik dituztela diru-laguntza eskatzen duten egunean.

d) Udalak bere alorretako edozeinen bidez aurretik eman dituen diru-laguntzak justifikatu izana.

e) Jarduera eta/edo jarduketa guztiak publikoak izan behar dira, baita Villatuertako biztanleen parte-hartzeari irekiak ere.

4.2. Pertsona fisikoak: Villatuertan erroldaturik egon beharko dute, eta behar diren agiriak aurkeztu, bai oinarri hauetan laguntza mota bakoitzarentzat ezarritako agiriak, bai Udalak horretarako ematen dituen erabaki edo ebazpenetan eskatzen direnak.

HIRUGARREN KAPITULUA

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

5. artikulua. Diru-laguntza motak.

Bi diru-laguntza mota ezarri dira:

a) Urteko diru-laguntza, elkartearen funtzionamendurako eta horren jarduerak laguntzeko.

b) Diru-laguntza puntuala, Villatuertako Udalaren iritziz interes publikoko diren ezohiko jardueretarako.

6. artikulua. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak ondoko arlo hauetakoak dira:

a) Kirola:

1. Kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko gastuak, baita kirola sustatzekoenak ere.

2. Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko gastuak.

b) Musika: musika klasikoko ikuskizunak, abesbatzenak, jazz eta rock musikakoak eta abar.

c) Kultura: kultura jarduera guztiak, arteekin, zientziekin eta letrekin ikusteko dutenak, bereziki herriko artisten sormena eta auzokideen, peñen eta abarren partaidetza bultzatzeko egiten diren animazio soziokulturalaren arlokoak.

d) Gazteria:

1. Animazio soziokulturaleko jarduerak, hala nola Gazteriaren Astea, lehiaketak, erakusketak eta animazioko beste jarduera batzuk.

2. Berariaz Villatuertako gazteentzakoak direnak, betiere baztertzaileak ez badira sexu, arraza, hizkuntza, ideologia, baldintza sozioekonomiko eta abar direla eta.

3. Gazteak bizitza sozialean aritzeko laguntzen duten proiektuak, modu aktibo eta parte-hartzailean.

4. Aisiako jarduerak, prestakuntzakoak (edo hezkuntza ez formalekoak) eta jolasekoak.

5. Harremanak eta elkarbizitza sustatzen dituztenak, hausnarketa eta eztabaida sortzen dituztenak bai gazteen artean bai horien eta bestelako biztanleria sektoreen artean (kulturen arteko eta belaunaldien arteko proiektuak).

6. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta errespetua sustatzen dituztenak.

7. Sormena eta adierazpen librea bultzatzen dituztenak.

8. Aisialdian ohitura osasuntsuak sustatzeko proiektuak.

9. Gazteen interesei erantzuten dituztenak.

10. Urteko programazio baten barnean daudenak.

11. Begiraleak eta animatzaileak prestatzeko ikastaroak.

12. Gazteek egindako aldizkari eta argitalpenak.

13. Gazteen munduarekin ikusteko duten azterlanak egitea.

e) Hezkuntza: ikasleak prestatzeko eskolaz kanpoko jarduerak, edo horiek babesteko eta horien heziketa sustatzeko direnak (betiere aipatu jarduerak ez badira ikastetxeko irakasgai). Guraso elkartearen bidez eskatu behar dira beti diru-laguntza hauek.

f) Emakumea: emakumeen sustapenerako jarduerak (besteak beste, gizarte eta kultura arloetan), baita emakumeak babestekoak ere, berdintasunera begira bizitzaren arlo guztietan.

g) Ingurumena: ingurumena sustatu eta berreskuratzeko jarduerak.

7. artikulua. Diru-laguntzarik jaso ezin duten jarduerak.

a) Lokalak egokitzea edo eraikinetan egiten den beste edozein esku-hartzea.

b) Ondasun higigarriak eta higiezinak erostea.

c) Gastronomia-jarduerak, ez bada interes kultural berezia antzematen zaiela.

d) Bidaiak, ez bada interes kultural berezia antzematen zaiela.

LAUGARREN KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

8. artikulua. Aurrekontuko aurreikuspena.

Udalbatzak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza jaso dezaketen jardueretarako.

9. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak Udalaren sarrera-erregistroan aurkeztuko dira, ondoko agiri hauekin batera:

1. Udalaren eskabide orokorra (eredu ofiziala).

2. Entitate eskatzailea: herritarren entitateko organo ordezkariek emandako ziurtagiria, diru-laguntza eskatzen duteneko eskubide osoko kideen kopurua azaldu behar duena.

3. Ordezkariaren izen-abizenak, NANa eta harremanetarako datuak.

4. Egin beharreko jardueren eta/edo jarduketen zerrenda xehatua. Gauzatu nahi den jardueraren edo programaren proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, parte-hartzaileak, datak eta tokia.

5. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntzen adierazpen formala.

6. Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza, zein finantzabide erabiliko diren azaltzen duena (kuotak, dohaintzak...).

7. Entitatearen kontu-zenbakia eta IFZ edo, bestela, ordezkariarenak.

Udalak, ziurtatzeko edo zehazteko asmoarekin, eska dezakeen edozein agiri edo ziurtagiri, hala erabakitzen badu aipatu diru-laguntzen irizpideak edo epearen hasiera onesten dituenean.

Nolanahi ere, entitateek justifikatu beharko dute jasotako zenbatekoen erabilera, eskatzean aurkeztutako jardueren txostenaren arabera. Hori egin beharko dute diru-laguntza jasotzen duten aurrekontu-ekitaldia bukatu baino lehen. Aipatu araua hausten duen entitateak ezin izanen du Udalaren edozein diru-laguntzarik edo laguntzarik eskatu hurrengo aurrekontu-ekitaldian.

Pertsona fisikoei dagokienez, entitateei eskatzen zaizkien agiriak eskatuko zaizkie haiei ere.

Eskabideak ez baditu eskatutako datu guztiak jasotzen edo aipatu agiriak erantsita, interesdunari eskatuko zaio hutsuneak zuzentzeko, eskaera jaso eta 30 eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera ezetsiko dela, forma-akatsak direla-eta.

10. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

Proposatzen diren jardueren eta/edo jarduketen proiektuak Villatuertako Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira, gutxienez ere jarduerak egin baino hilabete bat lehenago.

Jarduerak urteko programazioaren barnean baldin badaude, diru-laguntzaren aurreko urteko azaroa baino lehen eskatu behar dira.

BOSGARREN KAPITULUA

Diru-laguntzak adjudikatzeko irizpideak

11. artikulua. Balorazio irizpideak.

Bi balorazio mota ezarri dira:

a) Elkartearen ohiko funtzionamendurako urteko diru-laguntzei dagokienez, Udalak egin beharreko jardueren %10eko diru-laguntza emanen du.

b) Interes publikorako jarduera jakinen diru-laguntza puntualei dagokienez, honako irizpide hauek izanen ditu kontuan Udalak:

1. Jardueraren interes orokorra.

2. Diru-laguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen jarduerei laguntza ematea, entitate eskatzaileak beste finantzabide batzuetara jotzeko zailtasun egiaztatua, eta hark dituen baliabide ekonomikoak, eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoarekin alderatuta.

3. Lanaren izaera. Programaren edo jardueraren onura jaso dezaketen lagun kopuruaren zenbatespena.

4. Jarduerarekin lortzeko xedeak.

5. Jardueraren errentagarritasun soziokulturala. Proiektatutako programaren eta jardueren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

Salbuespenez, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko diru-laguntzak Alkatetzak zuzenean ebatziko ditu. Eskaerak aztertuta, diru-laguntza proposatuko da, eta hori Udalbatzari bidaliko zaio, bidezkoa bada onesteko.

SEIGARREN KAPITULUA

Onuradunen betekizunak

12. artikulua. Betekizunak.

1. Oinarri hauek betetzea, diruz lagundutako ekitaldiaren antolaketari dagokionez.

2. Onetsitako jarduerak eta/edo jarduketak egitea, ekitaldiak dakartzan erantzukizunak gain hartuz. Eta, behar denean, aseguru-poliza sinatzea aipatu erantzukizuna bermatzeko.

3. Jarduera eta/edo jarduketa egin dela frogatzea, txostenaren bidez. Diru-laguntza jaso den urtearen azken eguna baino lehen aurkeztu behar da txostena. Ondoko hauek azalduko dira bertan: jardueren zerrenda, gastuak eta fakturak (jardueretako hitzarmenetan) eta jarduketen zerrenda (jarduketetako hitzarmenetan).

4. Diru-laguntzen inguruan egiten diren egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

5. Diru-laguntza duten jardueren publizitatean, Villatuertako Udalak laguntza eman duela aipatzea, ondoko testu honen bidez:

Laguntzailea: Kultura Batzordea (edo kasuan kasukoa). Villatuertako Udala.

6. Aipatu jardueren publizitatean jarri beharreko testua gaztelaniaz izanen da, eta euskaraz ere egon daiteke, partez edo osorik.

7. Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

Diru-laguntza emanda dagoenean, ez da onartuko beste deusetarako erabiltzea. Jarduera baterako diru-laguntza eskatze hutsak berarekin dakar oinarri hauetan ezarritakoa ezagutzea eta onartzea. Oinarri hauetako betekizun eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekar dezake.

Urteko diru-laguntzei dagokienez, frogagiriak aurkeztu behar dira ekitaldi ekonomikoa bukatu baino lehen, hau da, urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen. Jarduera jakineko diru-laguntzei dagokienez, jarduera egin ondoko 30 egunean aurkeztu behar dira frogagiriak Erregistroan.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Kobrantza

13. artikulua. Ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa honela eginen da:

Diru-laguntzaren %80 ordainduko da Udalbatzak diru-laguntza onetsi ostean, eta gainerako %20, berriz, jarduerak bukatzean, gastuak justifikatu eta gero.

Kultura jarduerak egiteko diru-laguntzei dagokienez, eman beharreko diru-laguntza ezin izanen da jardueraren benetako kostuaren %50 baino altuagoa izan, ez bada bestelako irizpiderik onesten eta arrazoitzen diru-laguntza emateko orduan.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

Zehapenak

14. artikulua. Zehapen araubidea.

Alkatetzak itzultzeko agintzen duen zenbatekoa itzuli beharko dute onuradunek ondoko kasu hauetan:

–Diru-laguntza jaso duen proiektuan aurreikusitako jarduerak egin ez izana.

–Villatuertako Udalaren eta kasuan kasuko batzordearen babesa edo laguntza aipatu ez izana publizitatean.

Iragarkiaren kodea: L1710518