183. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURCHANTE

Diru-laguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Murchanteko Udalak 2017ko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Murchanteko Udalaren Diru-laguntzen ordenantza orokorra. Iragarkia 2017ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik uztailaren 14an, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik, alegaziorik edo kexarik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantza behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin bat.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murchanten, 2017ko irailaren 8an.–Alkatea, Tomás Aguado Martínez.

MURCHANTEKO UDALAREN DIRU-LAGUNTZEN GAINEKO ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, sustapenari dagozkion aginduetan, dio Nafarroako toki entitateak lankidetzan ari daitezkeela bestelako erakunde publiko nahiz pribatuekin eta partikularrekin bizilagunen komunitatearen interes publikoen kudeaketan, diru-laguntzak emanez, egin ditzaten toki entitateen eskumeneko zerbitzu edo jardueren lagungarri edo osagarri diren zerbitzu eta jarduerak. Laguntzak ematean irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, tratu berdina eta bitartekoak eta helburuak bat etortzea elkarrekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta hura garatzeko Erregelamenduak toki entitateei –Nafarroakoei ere bai– aplikatu behar zaizkien arauak ezartzen dituzte; araudi horrexen menean egon behar du diru-laguntzak emateko prozedurak Murchanteko Udalean.

Ordenantza orokor honen xedea da indarra duten legeei egokitzea diru-laguntzak emateko prozedura Murchanteko Udalean, horretarako ezarriz esparru orokor bat, Osoko Bilkurak alor desberdinetan onartzen dituen deialdi guztiei aplikatzeko modukoa.

Lehenbizikoa.

Ordenantza honen helburua da Murchanteko Udalak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Diru-laguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

Diru-laguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, bazterkeria eza, publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta eragimena.

Bigarrena.–Xedea.

Diru-laguntzak alor hauen gainean ematen ahalko dira:

1. Kultura.

2. Kirolak.

3. Gazteria.

4. Hezkuntza.

5. Gizarte Ongizatea.

6. Osasuna.

7. Jaiak.

8. Toki garapena eta sustapena.

9. Ingurumena.

10. Onuradunak izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke diru-laguntzen onuradun:

1. Pertsona fisikoak.

2. Pertsona juridikoak.

3. Oinarri arautzaileetan espresuki aurreikusten delarik, diru-laguntzen onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, nortasun juridikorik izan gabe ere, proiektuak, jarduerak edo jokabideak egiten edo izaten ahal badituzte edo diru-laguntza jasotzeko behar den egoeran badaude. Halakoetan, batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakarra izendatu beharko da batasunean.

Laugarrena.–Baldintzak.

1. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke diru-laguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusten diren egoera dutenak.

2. Pertsona edo entitateak ezin dira diru-laguntzen onuradun izan, ondoren aipatzen diren arrazoietako bat dagoenean, betiere diru-laguntzaren izaera kontuan izanik haren gaineko arauetan salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik.

b) Hartzekodunen konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtso baten partaide gisa deklaratua izatea, esku-hartze judizialaren menean egotea eta, Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, ezgaitua egotea eta konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako desgaitasunaldia bukatu gabe egotea.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridikoen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Gobernukideen eta Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen interes-gatazkak arautzeko apirilaren 10eko 5/2006 Legeak eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko 53/1984 Legeak aipatzen dituzten kasuetariko batean, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gau horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana diru-laguntzak lortzeko ahalbidea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren edo Tributuei buruzko Lege Orokorraren arabera.

Ezin dira onuradun bilakatu 3. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

3. Ezin izanen dira inondik ere onuradun bilakatu Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. idatz-zatietan aurreikusitako debeku arrazoietakoren batean dauden elkarteak.

Orobat, elkarteak ezin izanen dira onuradun bilakatu inskribatzeko administrazio prozedura etenik badaukate 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatuz ez-zilegitasun penalerako arrazoizko zantzuak daudelako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

Bosgarrena.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoka araubidean tramitatuko da, erran nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei diru-laguntza esleituko zaiela, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

2. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, Osoko Bilkurak onetsirik diru-laguntza guztiak emateko deialdia arautzen duten oinarriak.

Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua onetsi beharko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aurreikusitako moldean.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, diru-laguntzen eskaerak aurkezten ahalko dira, Murchanteko Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; harekin batera, orokorrean, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira, diru-laguntzen deialdi bakoitzaren oinarriek eskatzen dituztenez aparte:

a) Eskatzailearen IFZ edo IFK.

b) Entitatearen datu orokorrak.

c) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

d) Aurrekontu xehakatuak, diru-sarrerak eta gastuak kontzeptuen arabera azaltzen dituztenak.

e) Bestelako entitate pribatu nahiz publikoen aldetik kasuan kasuko proiekturako hartutako laguntza, halakorik bada.

Eskaerak betetzen ez baditu ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendu eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, halakorik egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egin diola, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aginduaren arabera aitzinetik ebazpena emanda.

4. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzioa egiten duen organoak (oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den) eskatzen ahalko ditu ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen dituen txostenak edo dagozkion oinarriek nahi dituztenak.

b) Eskaeren balorazioa, kasuan kasuko diru-laguntzaren oinarri arautzaileetan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzioa egiten duen organoari txostena igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

c) Instrukzioa egiten duen organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamen behar bezala arrazoitua aurkeztuko dio Alkatetzari; honek hamabortz eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

d) Alkatearen ebazpenean honako kontu hauek agertuko dira, ebazpen proposamenak ezartzen duenarekin bat:

–Diru-laguntza hartuko duen eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada, eta horretarako arrazoiak.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aitzinean, harik eta diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Diru-laguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa baitu itsatsirik, Udaleko Kontu-hartzailetzaren fiskalizazioa beharko du aitzinetik.

5. Diru-laguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, hiru hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdiaren oinarriak argitaratzen direnetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela aurreikusten bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezesitzat jo beharko da.

Seigarrena.–Diru-laguntzak zuzenean ematea.

Diru-laguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean alor bakoitzean indarra duen araudiarekin bat modu izendunean aurreikusiak daudenak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, diru-laguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako diru-laguntzak; horiek hitzarmen bidez gauzatuko dira, Udal Kontu-hartzailetzak aitzinetik fiskalizazioa eginda; hartan ordaintzeko modua eta diru-laguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

Zuzeneko kontzesioaren araubidearen bidez emandako diru-laguntzak antolatzeko bide arrunta izanen da onuradunarekin dagokion hitzarmena sinatzea; hartan, honako hauek zehaztuko beharko dira:

a) Diru-laguntzaren xedea eta haien onuradunak, aurrekontu-asignazioaren arabera.

b) Gastua aurrekontuko zer kredituri egozten zaion eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Bateragarritasuna beste administrazio publikoek edo Europako Batasunak ematen dituzten beste diru-laguntzekin.

d) Diru-laguntza ordaintzeko epeak eta modua, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea.

e) Diru-laguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak dituen epea eta modua.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Lege Orokorraren 22. artikuluan xedatuarekin bat, diru-laguntzak zuzenean emateko kasuetariko bat da udal aurrekontuetan modu izendunean aurreikusiak daudenena, haiei buruzko hitzarmen eta arauetan ezarritakoarekin bat. Aurrekontuko gastuen egoera-orrietan aurrekontuko zuzkidura eta onuraduna agertu behar dira, gutxienez. Diru-laguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo emateko ebazpenean; xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.

2. Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da diru-laguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3. Salbuespen gisara, interes publikoko arrazoiak edo gizarte, ekonomia zein gizatasun arlokoak, edo behar bezala justifikatutako beste hainbat arrazoi egiaztatzen dituzten diru-laguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako. Inguruabar horiek osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez baloratu beharko dira, Alkatetzak bidezko den aholkularitzarekin prestaturiko txosten batean oinarriturik.

Zazpigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak ondoko hauek dira:

1. Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

2. Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.

3. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

4. Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

8. Behar bezala iragartzea diru-laguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

9. Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

Zortzigarrena.–Justifikazioa eta kobrantza.

1. Diru-laguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, ondoko agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren oroit-idazkia.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Murchanteko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako diru-laguntzarik, publiko nahiz pribaturik, ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako diru-laguntzak, bestelako diru-laguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

Dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, Udalak hamar egun balioduneko epea emanen du zuzentzeko, eta aldi hori igaro ondoan ez bada egin, jarduketa guztiak artxibatuko dira eta eskatzaileak onuradun izateari utziko dio.

Onuradunak ezin badu behar bezala justifikatu diru-laguntzaren zenbateko osoa, ardura duen organoak diru-laguntzaren zenbatekoaren murrizketa tramitatuko du, ofizioz; justifikatu beharreko zenbatekotik ongi justifikatutako zenbatekora dagoen tartea murriztuko da.

Bederatzigarrena.–Dirua itzultzea.

Hartutako diruak itzuli beharko dira eta berandutza korritua ordaindu, diru-laguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

Hamargarrena.–Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

1. Diru-laguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatu ahal izanen da diru-laguntzari buruzko araudian. Diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da diru-laguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana zehaztuko dira.

2. Diru-laguntzen zenbatekoa, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen diru-laguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

3. Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, deialdi honetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da diru-laguntzak emateko ebazpena diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

Hamaikagarrena.–Araubide ekonomikoa.

1. Edozein diru-laguntza tramitatzeko, diru-laguntzaren tramitazioaren ondoriozko betebehar ekonomikoei aurre egiteko kreditu aski eta egokia egon beharko da, baita aitzinetik fiskalizatu ere eduki ekonomiko egintzak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 244. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Halaber, deialdiaren aitzinetik organo eskudunak gastua onetsi beharko du, eta kontabilitateko A agiria luzatu.

Legeak aurreikusitako edo aurrekontuen dokumentazioaren ondoriozko diru-laguntza izendunen kasuan, kontabilitateko AD agiria luzatuko da ekitaldiaren hasieran.

2. Alkatetzari dagokio gastuak onesteko edo xedatzeko eskumena, baita diru-laguntzen arloko ordainketak agintzea ere, tokatzen diren eskuordetze edo deskontzentrazioak aparte utzirik.

3. Diru-laguntza publikoen justifikazioa egindako gastua frogatzeko kontua aurkeztuz eginen da; hura fakturen bidez frogatuko da, edo bestela merkataritzako trafiko juridikoan frogatzeko balio bera duten gainerako agiriak edo administrazioan eraginkortasuna dutenak erabiliz.

Hamabigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1. Emandako diru-laguntzen publizitatea eginen da Murchanteko Udalaren iragarki oholean eta web orrian; haietan adierazi behar dira deialdia, programa eta aurrekontuan zer kredituri egotzi zaion, eta orobat onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea(k).

Gainera, argitaratzeko agintzen duen ebazpenaren laburpen bat argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta bertan zehaztuko da eduki osoa non dagoen paratuta.

2. Honako kasu hauetan ez da beharrezkoa izanen ebazpenaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea:

a) Aurrekontuan ezarritako diru-laguntza izendunak direlarik.

b) Haien onarpena eta zenbatekoa, halako onuradun batendako, lege mailako arau baten bidez ezarririk daudelarik.

c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beheitikoak direlarik.

d) Onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten zaiolarik ohorearen babesari eta pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei, hala xedatzen baita Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan.

Hamabigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen IV. tituluan aurreikusten dira.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatzekoak izanen dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta orobat honako hauetan ezarria dagoena: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Iragarkiaren kodea: L1710477