1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1016/2017 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Tuterako Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialeko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egiten duena.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 99. artikuluak Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialaren osaera eta eginkizunak arautzen ditu.
Aldi berean, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduak (organo beraren azaroaren 28ko 154/1997 Foru Aginduak eta azaroaren 7ko 125/2011 Foru Aginduak aldatua) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentraletako, inguruko organoetako eta zerbitzuari atxikitako zentroetako gobernu organoetako eta batzorde tekniko asistentzialetako langileen ordezkariak hautatzeko araudia ezartzen du.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Tuterako Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialeko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egitea. Hartan honako batzordekide hauek hautatuko dira:
–Zerbitzu, atal eta unitate asistentzialetako burutzen ordezkari bat.
–Fakultatibo espezialista albokoen ordezkari bat.
–Barruko fakultatibo egoiliarren ordezkari bat.
–Ospitaleko erizaintza unitateetako burutzen ordezkari bat.
–Ospitaleko osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.
–Osasun barrutiko osasun arloko langile titulugabeen ordezkari bat.
–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako zuzendaritzetako titularren ordezkari bat.
–Osasun barrutiko oinarrizko osasun laguntzako taldeetako erizaintza unitateetako burutzetako titularren ordezkari bat.
–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako familia medikuen ordezkari bat.
–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.
2. Deialdi hau argitaratzen den egunean, 09:00etan, hautaketa prozesua eta bozketa, hurrenez hurren, gainbegiratuko dituzten hauteskunde batzordeko eta hauteskunde mahaiko kideen jendaurreko zozketa egitea, eta behin-behineko hautesle-errolda argitaratzea Tuterako Reina Sofía ospitaleko iragarki oholean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian.
3. Jose Ramón Mora Martínez jauna eta Ana Beamonte Aréjula andrea hauteskunde batzordeko lehendakari eta ordezko lehendakari izendatzea, hurrenez hurren.
4. Marta Beamonte Aréjula andrea eta Miriam Ortueta Izco andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko administrazio publikoko teknikariak (arlo juridikokoak), hauteskunde batzordeko idazkari eta ordezko idazkari izendatzea, hurrenez hurren.
5. Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduaren 15. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraikiz, hauteskunde mahai bat eratuko da, egoitza Tuterako Reina Sofía ospitalean izanen duena.
6. 78/1996 Foru Aginduaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, honako arau hauek onetsi dira bozketetarako:
a) Oro har, hautesleek Tuterako Reina Sofía ospitalean bozkatuko dute, eta, horretarako, bertara joan beharko dute bozkatzeko eskubideaz baliatzera, hauteskunde batzordeak bozketarako ezartzen duen epean.
b) Tuterako Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialean ordezkaturik dauden sektore edo langile-taldeen hautagaitzen boto-paperak ikusgai egonen dira Tuterako Reina Sofía ospitalean hauteskunde batzordeak bozketarako ezartzen duen egunean.
c) Bozketa egiteko, hautesleak boto-papera gutun-azal batean sartuko du; ondoren, gutun-azala itxi eta Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren agiri baliokide baten fotokopia batekin batera beste gutun-azal handiago batean sartuko du, eta gutun-azala itxi ondoren bozketaren arduradunari emanen dio. Gutun-azal handiaren kanpoaldean, hautesleak bozketarako dagokion sektorearen edo langile-taldearen izena idatziko du.
d) Bozketaren arduradunak nork bozkatzen duen jasoko du sektore edo langile-taldeen arabera, eta eskatzen duenari, botoa eman izanaren ziurtagiria emanen dio.
e) Bozkatzeko epea bukatuta, hauteskunde mahaiak hautestontzi bakoitzean sektore edo langile-talde bakoitzerako sartutako botoak kontatuko ditu.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
8. Ebazpen hau Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari eta Profesionalen Zerbitzuari, eta izendatutako lehendakariei eta idazkariei (titularrak zein ordezkoak) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
9. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 31n.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.
Iragarkiaren kodea: F1710373