180. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

99/2017 FORU AGINDUA, abuztuaren 11koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zuzenbide publikoko zenbait baliabideren gutxieneko zenbatekoak finkatzen dituena, haien diru kopurua nahikoa ez delako likidazioak egiteko edo egindako likidazioak deuseztatzeko eta kontabilitatean baja emateko.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 17. artikuluak baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zorren likidazioa ez egiteko xeda dezan edo, zein den kasua, likidazioak deuseztatzeko eta kontabilitatean baja emateko, haien zorren zenbatekoa nahikoa ez denean ordainarazpenak eta diru-bilketak dakarten kostua berdintzeko.

Modu berean, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 98.5 artikuluak berandutze-interesen likidazioa ez egitea ezartzen du, kontzeptu horren ondoriozko diru kopurua Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak foru agindu baten bidez hura ordainarazi eta biltzeko kostua berdintzeko gutxienekotzat finkatzen duen zifra baino txikiagoa denean.

Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 3. artikuluak xedatzen du ezen, honako printzipio hauek, besteak beste, gidatuko dutela Administrazio horren jarduketa eta funtzionamendua: eraginkortasuna bere helburuak betetzeko bidean, eragimena baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean, eta arrazionalizazioa eta arintasuna administrazio prozeduretan eta kudeaketaren jarduera materialetan.

Hori guztia oinarri, egoki da zenbait neurri hartzea, bai Nafarroako Ogasun Publikoa osatzen duten zenbait diru-sarrera eta baliabide behar bezala jasotzeari buruz, bai haien kontabilizazioari buruz, kudeaketaren ondoriozko kostuak txikiagoak izan daitezen.

Testuinguru horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko zuzenbide publikoko zenbait baliabideren gutxieneko zenbatekoak zehaztea da foru aginduaren xedea eta aplikazio eremua, haien azpitik ez baita likidaziorik eginen edo, zein den kasua, egindako likidazioak deuseztatu eta baja izanen baitira kontabilitatean, horien ondoriozko diru-sarrerak nahikotzat jotzen ez direnean ordainarazpenak eta diru-bilketak dakarten kostua berdintzeko.

Orobat, gutxieneko zenbatekoa ezartzen da interes, errekargu eta zehapenengatiko likidazioak egiteko, premiamendu probidentziak emateko, kostuen likidazioak eta konpentsazioak egiteko eta atzeratutako zorrak eta epe exekutiboko zorrak konpentsatzeko ere. Gainera, gutxieneko zenbatekoak finkatzen dira egindako likidazioak deuseztatu eta kontabilitatean baja emateko, Nafarroako Zerga Ogasunarena izanik haien epe exekutiboko diru-bilketa kudeatzeko ardura.

Aipagarria da foru aginduko xedapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo guztiei, administrazio horri atxikitako erakunde autonomoei eta administrazio horri berari lotutako edo haren menpeko diren eta nortasun juridiko propioa duten Zuzenbide Publikoko entitateei aplikatuko zaizkiela.

Aitzitik, foru aginduaren xedapenen aplikaziotik kanpo daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Legean arautzen diren tasak eta prezio publikoak borondatezko epean kudeatu, likidatu eta biltzearen ondorioz egin beharreko diru-sarrerak, bai eta, diru-bilketa egiteko, beste administrazio publiko batzuekin edo ente interesdunekin egiten diren lankidetza hitzarmenen ondorioz gertatzen diren likidazioak ere, non ez den besterik xedatzen hitzarmen horietan.

Azkenik, beharrezkoa da adieraztea organo eskudunek zenbateko txikiagoko likidazioak egiten ahalko dituztela, bai eta premiamendu probidentziak eman eta diru kopuru txikiagoko bidezko errekarguen likidazioa egin ere, zer nolako zorrak diren edo zer ondorio ekonomiko dauden ikusita.

Foru aginduaren egiturak lau atal, 9 artikulu eta azken xedapena ditu.

Esandakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat errentagarritasun negatiboa duten diru-bilketa eta kudeaketako zenbait jarduketa baztertu edo saihestu gogo da foru aginduaren bidez, kostua ez dadin haietatik lor daitekeen onura baino handiagoa izan.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 17. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren (uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onetsia) 98.5 artikuluan jasotako gaikuntza dute oinarri Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren eskumenak eta foru aginduaren arau lerrunak.

Horrenbestez, esleituta ditudan gaikuntzez baliatuz eta Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin bat,

AGINDU DUT:

LEHENENGO ATALA

Helburua eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko zuzenbide publikoko zenbait baliabideren gutxieneko zenbatekoak zehaztea da foru agindu honen xedea, haien azpitik ez baita likidaziorik eginen edo, zein den kasua, egindako likidazioak deuseztatu eta baja izanen baitira kontabilitatean, horien ondoriozko diru-sarrerak nahikotzat jotzen ez direnean ordainarazpenak eta diru-bilketak dakarten kostua berdintzeko.

Orobat, Nafarroako Ogasun Publikoaren aldeko zorren konpentsazioa egiteko gutxieneko zenbatekoa ezartzen da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru agindu honetako xedapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo guztiei, administrazio horri atxikitako erakunde autonomoei eta administrazio horri berari lotutako edo haren menpeko diren eta nortasun juridiko propioa duten Zuzenbide Publikoko entitateei aplikatuko zaizkie.

2. Foru agindu honen xedapenen aplikaziotik baztertzen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Legean arautzen diren tasak eta prezio publikoak borondatezko epean kudeatu, likidatu eta biltzearen ondorioz egin beharreko diru-sarrerak.

b) Beste administrazio publiko batzuekin edo ente interesdunekin egindako lankidetza hitzarmenen ondorioz gertatzen diren likidazioak, non ez den besterik xedatzen hitzarmen horietan.

BIGARREN ATALA

Gutxieneko zenbatekoak likidazioak egiteko

3. artikulua. Likidazioak egiteko gutxieneko zenbatekoak, obligazio nagusiagatik edo konturako ordainketak egiteko obligazioengatik.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek ez dute likidaziorik eginen zuzenbide publikoko baliabideen kudeaketaren ondoriozko zenbatekoak jasotzeko, baldintza hauek betez gero:

1.–Obligazio nagusiaren edo konturako ordainketen guztirako emaitza positiboa, berandutze-interesekin batera, ez izatea 60 euro baino gehiagokoa.

2.–Zehapen espedientea irekitzea bidezkotzat ez jotzea, aipatu kontzeptuen egitateengatik.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak ez du likidaziorik eginen Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 50.1 artikuluan aipatzen diren tributu kuotagatik, konturako ordainketengatik eta ordainketa zatikatuengatik, aurreko idatz-zatiko baldintza berak betez gero.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, organo eskudunek zenbateko txikiagoko likidazioak egiten ahalko dituzte, zer nolako zorrak diren edo zer ondorio ekonomiko dauden ikusita.

4. artikulua. Likidazio eta autolikidazio proposamenak.

Aurreko artikuluan xedatutakoa ez zaie aplikatuko tributu likidazioko proposamenei, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio proposamenei, ordainketa zatikatuen autolikidazio proposamenei eta tributu zehapenak ezartzen dituzten proposamenei.

5. artikulua. Gutxieneko zenbatekoak, interes, errekargu eta zehapenengatik likidazioak egiteko.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek ez dute 30 eurotik beherako likidaziorik eginen, zuzenbide publikoko baliabideen kudeaketaren ondoriozko berandutze-interesengatik, zehapenengatik edo errekarguengatik, modu autonomoan jakinarazi behar direnean.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak ez du 30 eurotik beherako likidaziorik eginen, aldez aurretik errekerimendurik egin gabe, epez kanpo egindako aitorpenen berandutze-interesengatik, zehapenengatik edo errekarguengatik, modu autonomoan jakinarazi behar direnean.

3. Aurreko puntuetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko diru-bilketarekin lotutako egintzak atzeratu, zatikatu eta eteteko kasuetan sortutako berandutze-interesei.

4. Aurreko puntuetan xedatutakoa gorabehera, organo eskudunek zenbateko txikiagoko likidazioak egiten ahalko dituzte, zer nolako zorrak diren edo zer ondorio ekonomiko dauden ikusita.

HIRUGARREN ATALA

Gutxieneko zenbatekoak premiamendu probidentziak emateko,
kostuen likidazioak eta konpentsazioak egiteko

6. artikulua. Gutxieneko zenbatekoa, premiamendu probidentzia egiteko.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak ez du premiamendu probidentziarik emanen epe exekutiboan dauden zorretarako, kobratzeko dagoen kopurua 30 eurotik beherakoa denean.

Nafarroako Zerga Ogasunak ez du Tributuari buruzko Foru Lege Orokorraren 117.2 artikuluan aurreikusitako errekargu betearazlearen likidaziorik eginen edo, zein den kasua, ez dio baja emanen, borondatezko epean ordaindu gabeko zor guztia premiamendu probidentzia jakinarazi baino lehen ordainduz gero, eta errekargua 30 eurotik beherakoa bada.

Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, organo eskudunek zenbateko txikiagoko errekarguen likidazioak egiten ahalko dituzte eta premiamendu probidentziak eman, zer nolako zorrak diren edo zer ondorio ekonomiko dauden ikusita.

2. Artikulu honetan sartzen dira saneamendu kanonetik heldu diren zorrak, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketarako organoek hura premiamendu bidez kudeatzen dutenean, aipatu kanona jasotzeaz arduratzen den enpresa publikoak hura borondatezko epean zuzenean kobratzen duen kasuan, Nafarroako Hondakin-uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua. Zor atzeratuak eta epe exekutiboko zorrak ez konpentsatzeko kasuak.

1. Ez da konpentsaziorik eginen zor atzeratuekin eta epe exekutiboko zorrekin, Foru Komunitateko Administrazioak, edozer dela eta, ordaindu edo itzuli beharrekoaren zenbatekoa 10 eurotik beherakoa denean.

2. Zuzenbidearen pertsona titularrak eskatuta egiten diren konpentsazioak aurreko idatz-zatian xedatutakoaren aplikaziotik salbu daude.

8. artikulua. Premiamendu prozeduraren kostuen likidazioa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak ez du premiamendu prozeduraren kostuen likidaziorik eginen, baldin eta kontzeptu horren banakako zenbatekoa edo zenbateko metatua 120 eurotik beherakoa bada.

2. Aurrekoa gorabehera, kopentsazio edo enbargo prozeduren bitartez kostuak jasotzen ahal direnean, 120 eurotik beherako likidazioak egiten ahalko dira.

Laugarren atala. Gutxieneko zenbatekoak, egindako likidazioak deuseztatzeko eta haiei baja emateko.

9. artikulua. Egindako likidazioak deuseztatzea eta haiei baja ematea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek beraiek egindako likidazioak deuseztatuko dituzte eta baja emanen diete kontabilitatean, haien epe exekutiboko diru-bilketa kudeatzea Nafarroako Zerga Ogasunaren ardura izanik, bildu gabeko zorra 30 eurotik beherakoa bada.

Kasu horietan, aipatu organoek emanen diote Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuari deuseztatu eta baja emandako zorren zerrendaren berri.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak epe exekutiboan irekitako espedienteei dagozkien likidazioak deuseztatuko ditu eta baja emanen die kontabilitatean, bildu gabeko zorra 30 eurotik beherakoa denean.

Zor horiei kontabilitatean baja emateko, espediente kolektiboa instruituko da, eta aurreko urtean 30 eurotik behera kobratzeko zain duten likidazio guztietan izanen du eragina.

3. Urtero, deuseztatu eta baja emandako zorren zerrendaren berri emanen zaio Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuari.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 11n.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1709598