180. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Udal Ordenantza, udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duena. Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, bi mila eta hamazazpiko maiatzaren 11n eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Ultzamako udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen udal ordenantza”. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan eta harekin bat heldu direnetan ezarritakoari jarraikiz, espedientea jendaurrean jarri zen hasierako onespenaren erabakiari dagokion iragarkia 2017ko ekainaren 12ko 112. Nafarroako Udal Aldizkarian eta udalaren iragarki taulan argitaratuz hogeita hamar egunez, herritarrek eta horretarako eskubidea duten interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten. Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iraganik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aipatu Ordenantza behin betiko onetsitzat ematen da eta, hori guztia dela-eta, orain haren testu osoa argitaratzen da, bidezko ondorioak izan ditzan.

Larraintzarren (Ultzama), 2017ko uztailaren 31n.–Alkatea, M.ª Aranzazu Martinez Urionabarrenechea.

ULTZAMAKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Euskara Ultzamako biztanleek mendez mende erabili duten hizkuntza da. Euskara nafar guztien kultur ondareko funtsezko elementu bat bada, bai euskaraz jakin eta hizkuntza hori erabiltzen dutenena bai ez dakitenena.

Izatez euskara Nafarroako berezko hizkuntza da eta legez, gure udalerrian, hizkuntza ofiziala, gaztelaniarekin batera. Herritar guztiek dute biak ezagutu eta erabiltzeko eskubidea, bai eta herri administrazioekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzekoa ere (Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legea).

Dena dela, euskara eta gaztelania, biak hizkuntza ofizialak izanik ere, oso urrun daude berdintasun sozialean egotetik, euskarak urtetan jasan duen bazterketaren ondorioz. Hortaz, Ultzamako Udalak tratamendu bereizia eta lehentasuna emanen dio euskarari.

Aipatu den Foru Legearekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek Udalaren eskumeneko esparru guztietan euskararen erabilera eta sustapena arautzea du xede.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak honako berariazko helburuak ditu:

a) Herritarrei helaraztea euskara integrazioaren zein komunikazioaren elementua dela.

b) Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntza ofizialean jasoko dutela zerbitzua.

c) Ultzamako Udalean euskarak idatziz eta mintzoz izanen duen erabilera zehaztea.

d) Zehaztea zein lanpostutan aritzeko izanen den nahitaezkoa euskara jakitea eta lanpostu horietako hizkuntza eskakizunak.

e) Ordenantzaren xedearekin lotura duten euskara sustatzeko bertzelako jarduerak bultzatzea.

Helburu horiek lortzeko euskara zeharlerrotasunez landuko da Ultzamako Udalean, hau da, udal estamentu eta langile guztiek bere gain hartuko duten helburu gisa.

II. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Ultzamako Udalaren mugapean eta Ultzamako Udalean aplikatuko da, baita haren erakunde autonomoetan eta merkataritza-sozietateetan ere.

4. artikulua. Edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, ordenantza honen XIII. kapitulua aplikatuko da.

III. KAPITULUA

Zerbitzu hizkuntzak

5. artikulua. Euskaraz eta gaztelaniaz emanen zaie zerbitzua herritarrei Ultzamako Udalaren eremu eta bulego guztietan. Bi hizkuntzen erabilera bermatuko da herritarrek Udalarekin dituzten harreman guztietan, zein hizkuntza hautatzen duten, hartan.

6. artikulua. Ultzamako Udaleko langileek euskaraz eginen diete lehen hitza herritarrei eta, herritarrek zein hautatzen duten, hartan jarraituko dute.

7. artikulua. Euskaraz ez dakien langileren batek hizkuntza horretan hurbildu zaion edo hizkuntza horretan egin nahi duen norbait zerbitzatu behar duenean, inguruko langile elebidunen laguntza bilatuko du.

8. artikulua. Betiere, Ultzamako Udaleko langileek ezin izanen diete herritarrei eskatu hizkuntza batean edo bertzean egiteko. Aitzitik, herritarrak hautatzen duen hizkuntza ofizialean emanen da zerbitzua.

9. artikulua. Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da zein langilek menderatzen duten euskara, eta hizkuntza horren erabilera bultzatuko da, eta modu ikusgarri batez gonbidatuko zaie herritarrei euskara erabiltzeko.

10. artikulua. Hartzaile jakinik gabeko ahozko mezuak (hau da, erantzungailu automatikoz egindakoak, telefono bidezko informazio zerbitzuak, bozgorailu bidezkoak eta antzekoak) euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira, ordena horretan.

11. artikulua. Ultzamako Udalean erabiliko diren inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira, eta lehentasuna emanen zaio euskarazkoari (elebitasun normalizatzailea), bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan betetzeko aukera eskainiz.

12. artikulua. Erabilera publikoko gainerako dokumentu estandarizatuak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira (elebitasun normalizatzailea).

13. artikulua. Hartzaile jakinik gabeko dokumentu administratiboak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira (elebitasun normalizatzailea).

14. artikulua. Elebitasun normalizatzailetzat jotzen da egoera gutxiagotuan dagoen euskarari lehentasuna ematea, testuen kokapenari eta letra motari dagokionez euskarazkoa nabarmenduz. Bi hizkuntza ofizialak orrialde berean, bi zutabetan, erabiltzea aukeratuz gero, euskarazko testua ezker aldeko zutabean egonen da, eta gaztelaniazkoa eskuinekoan. Testua goitik behera antolatuz gero, goialdea euskaraz etorriko da.

15. artikulua. Herritarrak edo entitate hartzaileak hizkuntza horren aldeko hautua adierazi badu, edo euskaraz aurkeztutako idazki bati erantzuten zaionean, euskara bakarrik erabiliko da.

16. artikulua. Idatzizko komunikazioei dagokienez, Ultzamako Udala bidaltzailea denean, oro har, lehenengo komunikazioa elebitan eginen da.

17. artikulua. Ultzamako Udalak euskaraz igorriko ditu idazkiak baldin eta:

a) Herritarrak, bertze administrazioak edo udal barruko kasuan kasuko langileak aldez aurretik jakinarazi badu komunikazioak euskaraz jaso nahi dituela.

b) Ohiko harremana euskara hutsezkoa bada.

18. artikulua. Ultzamako Udalak, dokumentu bat jasota, horri erantzun behar dionean, honela jokatuko du:

a) Elebitan jasotakoari, oro har, elebitan erantzunen dio.

b) Euskaraz jasotako dokumentu guztiei euskaraz erantzunen die.

19. artikulua. Gizarte sareetan mezuak euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dira. Ultzamako Udalak egiten dituen gainerako komunikazioetan gertatzen den bezala, euskara aitzinetik joanen da Udalaren gizarte sareetako identitateetatik egiten diren komunikazioetan; gaztelaniazko mezua horren ondotik joanen da. Gizarte sareen bidez herritarrei edota bertze erakunde bati erantzuterakoan, horiek erabilitako hizkuntzan erantzunen da.

a) Facebooken bi hizkuntzetan eginen dira argitalpenak, hau da, komunikatu behar den edukia lehenengoz euskaraz argitaratuko da, eta ondoren gaztelaniazko testua azalduko da behar bezala bereizita eta banatuta.

b) Twitterren kasuan, Facebooken ez bezala, argitalpena hizkuntza bakarrean joanen da, txio berean erabiltzen ahal den karaktere kopurua dela medio. Lehendabizi gaztelaniaz eta ondoren euskaraz txiokatuko da, horrela agertuko den lehendabiziko hizkuntza euskara izanen da.

20. artikulua. Ultzamako Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekin batera, kanpainak diseinatuko ditu herritarrek eta entitateek zerbitzuak euskaraz erabil ditzaten.

IV. KAPITULUA

Lan hizkuntzak

21. artikulua. Dokumentuaren ezaugarriak eta zer hedakuntza izan dezakeen ikusita idatzi eta tramitatuko da dokumentua hizkuntza batean edo bertzean.

22. artikulua. Udalaren Gobernu Batzordeak eta informazio organoek zein hizkuntza ofizialetan egiten duten bilera, hizkuntza hartan idatziko dira bileretako akten testuak, baita osoko bilkuretakoak ere. Betiere, Gobernu Batzordearen edo Osoko Bilkuraren erabakiak eta erabaki horiek ukitzen dituzten herritarrei igortzen zaizkien jakinarazpenak euskaraz ere idatziko dira, bilera gaztelaniaz egin bada ere.

23. artikulua. Udalaren organo guztiek, informaziokoak izan betearazleak izan, euskara hautatzeko eskubidea dute laneko ohiko hizkuntza gisa. Euskara laneko hizkuntza gisa hautatzen duten organoen akta, gutun, jakinarazpen eta dokumentu guztiak euskaraz idatziko dira; behar denean, gaztelaniara itzuliko dira.

24. artikulua. Udalaren organo informatibo eta betearazleen bileretarako deialdi guztiak bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira, laneko ohiko hizkuntza gisa euskara aukeratu duten organoenak izan ezik; izan ere, horiek euskara hutsean egonen dira eta eskatzen duten kideei bakarrik igorriko zaie itzulpena.

25. artikulua. Lanpostuari nahitaez esleitutako hizkuntza eskakizuna betetzen dutela frogatzen duten langileei gaitasuna aitortzen zaie lana bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jarduteko, zerbitzuko beharren arabera.

V. KAPITULUA

Administrazio arteko harremanak

26. artikulua. Ultzamako Udalak bertze administrazio publikoei igortzen dizkien dokumentu, jakinarazpen eta komunikazioak bi hizkuntzetan idatziak izanen dira (elebitasun normalizatzailea).

27. artikulua. Bertze administrazio publikoek igorritako idazkiei erantzuteko, arau gisa, jatorriko idazkiaren hizkuntza erabiliko da; hala ere, euskara hizkuntza ofiziala duten administrazioetatik jasotako gaztelania hutsezko idazkiei gaztelaniaz eta euskaraz erantzunen zaie. Dokumentu hori bi hizkuntza ofizialetan idatzia bada, erantzuna ere bi hizkuntza ofizialetan emanen da (elebitasun normalizatzailea).

28. artikulua. Ultzamako Udalarekin hizkuntza ofizialetako batean harremanak izateko borondatea adierazi duten administrazio publikoei hizkuntza horretan bakarrik idatziz igorriko zaizkie idazkiak.

29. artikulua. Ultzamako Udalak administrazio publikoei eskatuko die, euskara baldin badute hizkuntza ofizialetako bat eta haiengandik agiriak jasotzen badituzte, agiri horiek ele biz bidaltzeko.

VI. KAPITULUA

Langileak

30. artikulua. Ultzamako Udalak, plantilla organikoa prestatzeko orduan, bertan ezarriko du zein lanpostutan den nahitaezkoa euskaraz jakitea. Orobat, lanpostu horien hizkuntza eskakizuna zehaztuko da plantilla organikoan.

31. artikulua. Euskara jakitearen betebeharra eta hizkuntza eskakizunak behar bezala arrazoituak geratu dira ordenantza honen I. eranskinean.

32. artikulua. Bi modu onartzen dira hizkuntza eskakizunak frogatzeko: hizkuntza eskola ofizialaren gaitasun agiria edo baliokidea aurkeztuta; bertzela, proba bat eginez. Ordenantza honetako I. eranskinean ezarritako jakintza mailen arabera egiaztatuko da.

33. artikulua. Udaleko langile izateko oposizio, lehiaketa eta barne igoeretan, zehatz-mehatz beteko da hizkuntza eskakizunei dagokiena, indarra duen legerian eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

34. artikulua. Ultzamako Udalak jarraipena eginen die hizkuntza eskakizunei, lanpostuen eginkizunak garatzeko behar diren hizkuntza trebetasunak zenbateraino egokitzen diren aztertuta eta, behar izanez gero, aldatuta.

35. artikulua. Euskara ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen. Hortaz, Ultzamako Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekin batera, hizkuntza prestakuntzako planak antolatuko ditu helburu horiek betetzeko. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

36. artikulua. Orobat, geroago kontratatzen diren langileek gai izan beharko dute beren eginkizunak euskaraz zein gaztelaniaz burutzeko, betetzen dituzten lanpostuetako hizkuntza eskakizunaren arabera.

37. artikulua. Ultzamako Udalaren menpeko edo hark sortutako sozietate edo erakunde publikoen zerbitzuko langileei Udalaren zerbitzuan zuzenean dihardutenen hizkuntza araudi bera aplikatuko zaie. Ultzamako Udalaren menpeko sozietate eta erakundeen zerbitzuko langile guztiek beren lana egiteko jakin behar duten euskara maila frogatuko dute eta, hala badagokio, zerbitzua euskaraz ematekoa adinakoa.

38. artikulua. Plangintza bat abiatuko da, edo dagoena egokituko, udal langile guztiek eta Ultzamako Udalaren menpeko edo hark sorturiko sozietate edo erakunde publikoen zerbitzuko langileek euskaraz lan egin eta zerbitzua emateko gai izan daitezen, eta udal administrazioaren zerbitzuko langile guztiek lanpostuko eginkizunak betetzeko behar den euskara maila froga dezaten.

VII. KAPITULUA

Erregistroa

39. artikulua. Ultzamako Udalaren erregistro administratiboetan, zer hizkuntzatan aurkezten diren dokumentuak, haietan eginen da inskripzioa.

40. artikulua. Zein den ere inskribatzeko erabiltzen den hizkuntza, itzulpena eginen da horren beharra dagoen aldiro, erregistroa kontsultatu nahi dutenen hizkuntza eskubideak babeste aldera.

VIII. KAPITULUA

Informatikako tresnak eta aplikazioak

41. artikulua. Euskarazko bertsioa duten informatikako programa komertzialetan eta erabilera orokorrekoetan, bertsio hori instalatuko da.

42. artikulua. Ultzamako Udalaren zerbitzuetan propio erabiltzeko sortutako programa edo tresna informatikoak prest egonen dira bi hizkuntza ofizialetan erabili ahal izateko. Baldin eta aplikazioa informatika zerbitzuak berak sortua bada, aplikazioaren euskarazko bertsioa ere sortzeko eskatuko dio Udalak.

IX. KAPITULUA

Kanpo irudia

43. artikulua. Ultzamako Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu (elebitasun normalizatzailea baliatuko du, hau da, euskara lehenesten duen elebitasuna) herritar guztiei zuzentzen zaienean.

44. artikulua. Horrela, ele bitan izanen dira (elebitasun normalizatzailea), euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

45. artikulua. Ultzamako Udalarenak diren gela, bulego edo lokal guztietako errotulazioa, kanpokoa nahiz barnekoa, oro har euskaraz eta gaztelaniaz egonen da (elebitasun normalizatzailea).

46. artikulua. Euskaraz ez dakiten herritarren eskubideak galarazi gabe, errotuluen testua euskara hutsez izanen da kasu hauetan:

a) Testuaren grafia antzekoa denean euskaraz eta gaztelaniaz.

b) Mezuak esanahia argi eta garbi erakusten duen piktograma lagun duenean.

c) Helarazi beharreko jardueraren ezaugarriek eta hartzailearen berezitasunek hartara behartzen dutenean.

47. artikulua. Ultzamako Alkatetzak, Legeak ematen dizkion eskumenak erabiliz Udalaren barreneko zein kanpoko ordezkariak izendatzeko orduan, kontuan hartuko du euskaraz dakiten edo ez.

X. KAPITULUA

Iragarkiak eta publizitatea

48. artikulua. Ultzamako Udalaren iragarki ofizialak eta gainontzeko publizitatea bi hizkuntza ofizialetan eginen da, eta euskarak lehentasuna izanen du (elebitasun normalizatzailea).

49. artikulua. Ultzamako Udalaren publizitate kanpainak eta antzekoak euskaraz ere sortuko dira, ez daitezen euskarazko itzulpen hutsean gelditu.

50. artikulua. Iragarkiak euskara hutsez argitaratuko dira euskarazko hedabideetan.

XI. KAPITULUA

Argitalpenak

51. artikulua. Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira gidetan, aldizkako argitalpenetan, katalogoetan eta hedabideen gainerako argitalpenetan. Argitalpenek, gutxienez ere, pareko tratamendua emanen diete bi hizkuntza ofizialei.

XII. KAPITULUA

Internet

52. artikulua. Ultzamako Udalaren web edukietan sartzeko, euskarazko orrialdetik eginen da, eta bertan egonen da, egokia bada, gaztelaniazko zein bertze hizkuntza batzuetako orrialderako esteka.

53. artikulua. Internetetik eskuratzen diren Ultzamako Udalaren ardurapeko edukiak, arau orokor gisa, euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatu ahalko dira.

54. artikulua. Tramiteak Internet baliatuz egiten ahal diren kasuetan, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak egonen dira.

XIII. KAPITULUA

Diru-laguntzak

55. artikulua. Ultzamako Udalaren diru-laguntzaren bat hartzen duten elkarte zein entitateek nahitaez idatzi eta aditzera emanen dituzte euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, diruz lagunduta duten jarduerari lotutako idazki, iragarki, ohar eta gainerako komunikazioak. Modu berean jokatu beharko dute propagandarekin, ahozkoa edo idatzia, hau da, euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz.

56. artikulua. Halaber, Udalaren instalazioak edo materiala erabiltzeko, aipatu baldintzak bete beharko dira. Udalak, beraz, pilotalekua, hesiak, oholtzak eta Udalaren bertze edozein instalazio edo material erabiltzeko baimena emateko orduan, hizkuntzaren baldintza hori jakinaraziko die interesdunei eta, fidantza itzuli aurretik, baldintza hori ere bete ote den aztertuko du.

57. artikulua. Diruz lagundutako kultur- zein kirol-ekitaldi guztien aurkezpenetan euskararen presentzia bermatuko da, baita ekitaldia bera erdarazkoa den kasuetan ere.

58. artikulua. Kapitulu honetan ezarritakoa betetze aldera, Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen bitartez, dohainik eskainiko ditu bere Euskara Zerbitzuko aholku eta itzulpen zerbitzuak, betiere zerbitzuak horretarako ezarrita dituen irizpideak betetzen badira, eta hala jakinaraziko die interesdunei.

59. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak bete daitezen, euskara sustatzeko jardueren antolakuntza bultzatuko da, eta diruz lagunduko zaie jarduera horiek bultzatzen dituzten Ultzamako elkarte eta taldeei, betiere Udalaren aurrekontuan baliagarri dagoen diruak horretarako aukera ematen duen heinean.

XIV. KAPITULUA

Kontratazio administratiboa

60. artikulua. Herritarrek eskubidea izanen dute kontratu bidez ematen diren jarduera eta zerbitzuak Ultzamako Udalak berak egindakoen baldintza berdinetan jasotzeko. Beraz, Udalak bertze enpresa bat kontratatzen badu, horrek emandako jarduera edo zerbitzuetan ez da euskararen tratamenduan inolako aldaketarik izanen.

61. artikulua. Kontratazioen klausula administratibo partikularren agiriak eta baldintza teknikoenak bi hizkuntza ofizialetan prestatu beharko dira.

62. artikulua. Kontratazioaren xedeko zerbitzuak herritarrekin zuzeneko harremana dakarrenean, baldintza hauek beteko dira:

a) Enpresa kontratugileak bere zerbitzua emanen du herritarraren hizkuntza eskubideak errespetatuz, hau da bi hizkuntza ofizialetan kasu eginez, eta eskubide horiek bermatzeko neurriak nahitaez jaso eta zehaztuko dira baldintza agirietan.

b) Adjudikazioa hartu duen enpresak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko ditu erabilera publikoko inprimaki, idazki eta jakinarazpenak, euskarari lehentasuna emanda (elebitasun normalizatzailea).

c) Ultzamako Udalaren kontratu baten adjudikazio hartzaile diren entitate edo pertsona fisikoek euskara erabili beharko dute kontratuaren xedeko jarduerari lotutako esku-hartze publikoetan.

d) Baldintza agirietan hizkuntza eskakizunak ezarri eta egiaztatu beharko dira. Langileen euskara gaitasuna lehiaketa publikoan eskaintza aurkeztu eta balorazioa egin ondoren egiaztatu beharko da, agiri bidez edo berariazko proba baten bidez, betiere adjudikazioa erabaki aurretik.

e) Kontratatutako zerbitzu edo jarduera batean euskara gaitasuna egiaztaturiko langileren bat aldatuz gero, aldatutako langilea ordezkatzen duenak aurrekoaren hizkuntza eskakizuna bete beharko du. Baldintza hori bermatzea kontratugileari dagokio.

63. artikulua. Adjudikazioaren xedea herri lan bat denean, seinale, adierazpide eta ohar publikoek bi hizkuntza ofizialetan egon beharko dute (elebitasun normalizatzailea). Baldintza hau betetzen ez badu, Kontratuei Publikoei buruzko ekainaren 9ko 2006/6 Foru Legearen 102. artikuluan aurreikusitako zigorra ezarriko zaio adjudikazio-hartzaileari kontratuaren xede den prestazioa behar bezala ez betetzeagatik. Zigorraren zenbatekoa ez betetzearen larritasunaren araberakoa izanen da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz.

64. artikulua. Kontratuaren xedea aholkularitza edo laguntza tekniko bat eskuratzea bada, adjudikazioa hartu duen entitateak bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharko du bere lana, baldintza teknikoen agirian bertzerik espres adierazi izan ezik. Ultzamako Udala ez da inoiz horrelako kontratuen ondorioz sortutako idazkien itzulpenaren kargu eginen.

65. artikulua. Aurreko puntuetan aipatu hizkuntza neurriak nahitaez jaso eta zehaztuko dira klausula administratibo partikularretan eta baldintza teknikoetan.

66. artikulua. Ultzamako Udalak sinatzen dituen kontratuak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko dira.

67. artikulua. Hizkuntza baldintzak behin eta berriz ez betetzea kontratua desegiteko nahikoa arrazoi izanen da.

XV. KAPITULUA

Toponimia

68. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari dagokio herriko toponimo xehe ofizialak finkatzea, eta kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuei izena emateko erabiltzen ahal ditu, baita era guztietako entitateei ere. Horretarako, oinarrizko irizpide hau hartuko da normalizaziorako: euskarazko toponimoak, hau da, euskaraz erabilitakoak, edozein izanik haien jatorria, euskal grafian idatziko dira beti, eta erromantzekoak, edo euskal toponimoak ez diren bertzelakoak, gaztelaniaren grafian. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.

69. artikulua. Eremu publikoko seinale guztietan lehentasuna izanen du euskarazko testuak; betiere, ulergarritasuna bermatuta eta nazioarteko arauak errespetatuta.

XVI. KAPITULUA

Euskararen sustapena

70. artikulua. Ultzamako Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekin batera, euskara gizartearen eremu guztietan ezagutu eta erabiltzeko jarduketa programak prestatuko ditu urtero.

71. artikulua. Kontuan harturik lehen hizkuntza gaztelania edo bertze hizkuntza bat duten haurren kasuan euskara zailtasunik gabe ikasteko lehen urteek duten garrantzia, Udalak bermatuko du udalerrian euskarazko zerbitzua eskaintzen duen haur eskola izatea.

72. artikulua. Eskolatzeko adinetik hurbil dauden haurren gurasoengana joko du Udalak, euskaraz ikastearen alderdi onuragarrien berri emateko.

73. artikulua. Udalak jarduera osagarriak bultzatuko ditu giroa euskalduntzeko eskolan eta eskolatik kanpo ikastetxearekin elkarlanean.

74. artikulua. Bermatu eginen da Ultzamako Udalaren Gazte Txokon egiten diren jarduerak eginen direla haien erabiltzaileek Komunitateko hizkuntza ofizialei buruz duten ezaguera mailari begira, betiere begiratuta gaur egun dagoen hizkuntza gutxitua euskara dela eta, hortaz, gehienetan jarduerak hizkuntza horretan eginen dira.

75. artikulua. Bermatu eginen da Udalaren musika eskolan euskarazko lerro bat izatea musika hizkuntza eta edozein musika tresna irakasteko.

76. artikulua. Ultzamako egoera soziolinguistikoa aintzat harturik, hiru eta hemezortzi urte arteko neska-mutikoendako programatzen diren kultur eta kirol jarduerak nagusiki (%80) euskaraz eginen dira. Helduendako programatzen diren kultur eta kirol jarduerak programatzeko orduan kontuan hartuko da euskara dakiten helduen proportzioa.

77. artikulua. Herritarrek liburutegi publikoan euskaraz irakur eta idatz dezaten bultzatuko du Ultzamako Udalak. Horrela, bada, Udalak urteko euskarazko liburu, CD, DVD eta bertzelako materiala erosiko du.

78. artikulua. Udalaren helburu nagusietako bat euskararen normalizazioa izanik, Ultzamako Udalak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekin elkarlanean, euskara sustatzeko plangintza eta aurrekontua prestatuko ditu urtero.

79. artikulua. Ultzamako garraio publikoan egiten diren inprimaki, ohar eta jakinarazpen guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egin ditzatela bultzatuko du Udalak. Horrela bada, garraio publikoetako arduradunei eskatuko die horren gaineko neurri egokiak har ditzaten, ahal den neurrian.

XVII. KAPITULUA

Euskaldunen fitxategia

80. artikulua. Ultzamako Udalak herritar euskaldunen errolda osatuko du borondatezko inskripzioen bitartez.

81. artikulua. Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki, euskaldunen fitxategiak ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xede eta erabilerak: hala eskatzen duten herritar euskaldunei euskara hutsezko komunikazioak igortzea; udalerriaren egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa eskuratzea eta euskara sustatzeko programa, kanpaina, ikastaro eta jarduerei buruzko informazioa bidaltzea pertsona bakoitzak daukan euskararen ezagutza-mailaren arabera.

b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak: Ultzamako herritarrak.

c) Erroldan alta eta baja emateko prozedura: baja, alta edo aldaketarako datuak, interesdunak edo bere legezko ordezkariak emanen ditu, inprimaki bat beteta. Herritarrak helbidea aldatuko balu, erroldan mantenduko litzateke, salbu kontrakoa espresuki adieraziko balu.

d) Prozesatze-sistema: mistoa.

e) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

1. Identifikazio datuak:

–Izen-deiturak.

–Etxeko helbidea.

–Helbide elektronikoa.

2. Datu soziolinguistikoak:

–Euskararen ezagutza.

–Etxean gehien hitz egindako hizkuntza.

–Euskara ikasi den tokia.

3. Euskaldunen fitxategian sartzeko borondatea.

f) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

g) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Ultzamako Udala.

h) Zer unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Ultzamako udaletxean Larraintzar (San Pedro 11; PK: 31797 (Nafarroa); telefonoa: 948 30 51 15; e-mail: ayuntamiento@ultzama.es.

i) Segurtasun neurriak: Ultzamako Udalaren segurtasun agirian oinarrizko mailako datuetarako ezarritako neurriak hartuko dira

XVIII. KAPITULUA

Ekitaldi publikoak

82. artikulua. Ultzamako Udalak antolatzen dituen prentsaurreko, ekintza instituzional, hitzaldi, mahai-inguru, jardunaldi tekniko, ikastaro, erakusketa eta abarretan euskararen erabilera bermatuko dute udalbatzako kide elebidunek, baldin eta udalaren izenean ari badira. Horrela, euskara-gaitasun egokiko pertsonak izendatuko dira halako ekitaldietarako. Komunikaziorako teknologiek ematen dituzten aukerak baliatuko dira euskara eta gaztelania erabiltzerakoan, ahozko komunikazioa hizkuntza batean eta euskarri informatiko bidezkoa bertze hizkuntza batean konbinatuz, esaterako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Udalak onesten dituen gainerako ordenantza eta xedapenek ordenantza honetan jasotako xedapenak berenganatu beharko dituzte dagokien guztian.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza honetan aurreikusten ez denerako Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ezartzen duena beteko da, baita haren babesean garaturiko araudi guztia ere.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Udaleko organo betearazleek onetsi eta bultzatuko dituzte ordenantza hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen eta jarduketak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ultzamako Udaleko Euskara batzordeak gaitasuna izanen du segimendu egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere, hala egiten dela bermatzearren. Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza honek ondorio juridikoak sortuko ditu behin betiko onespenaren erabakia, ordenantzaren testu guztiarekin batean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: L1710262