2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Aldaketa, Larrialdi sozialeko pisua adjudikatzeko irizpideak eta haren funtzionamendu eta erabilera arauak ezartzen
dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2017ko ekainaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa Larrialdi sozialeko pisua adjudikatzeko irizpideak eta haren funtzionamendu eta erabilera arauak ezartzen dituen udal ordenantzan (2017ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 27an).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Berriobeitin, 2017ko abuztuaren 11n.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.
ORDENANTZA, LARRIALDI SOZIALEKO PISUA ADJUDIKATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAREN FUNTZIONAMENDU ETA ERABILERA ARAUAK EZARTZEN DITUENA
Zioen azalpena
Berriobeitiko Udala etxebizitza baten jabe da Artikako udalerriko Leonor Akitaniakoaren kalean, 10 zenbakia, 1. A (21. poligonoa, 855. lurzatia). 21. poligonoa, 855. lurzatia.
Zenbait arrazoiren ondorioz ohiko etxebizitza utzi behar izan duten pertsonek eta/edo familiek bizitzen ahal duten egoera dela eta, Udalak erabaki du aipatu etxebizitza larrialdi sozialeko pisu bihurtzea, pertsona eta familia horiek berehala eta aldi batez toki bat izan dezaten bizitzeko.
1.–Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea:
–Udalaren larrialdi sozialeko pisua aldi batez okupatzeko baldintzak, horretan sartzeko betebeharrak eta erabileraren araubidea ezartzea. Pisu horren helburua da jarraian aipatzen diren egoeretan dauden pertsonei eta/edo familiei ostatu ematea, zenbait arrazoiren ondorioz aterperik gabe gelditu badira eta berehalako eta aldi baterako ostatua behar badute.
–Larrialdi sozialeko pisu gisa erabiliko da Udalaren jabegokoa den eta Artikan dagoen etxebizitza: Leonor Akitaniakoaren kalea, 10 zenbakia-1. A, (21. poligonoa, 855. lurzatia). Erabat hornitutako etxebizitza.
2. artikulua. Araubide juridikoa.
1.–Larrialdi sozialeko pisua kokatuta dagoeneko eraikinak jabari publikoko ondasunen izaera juridikoa du eta zerbitzu publiko baterako erabiltzen da; hortaz, larrialdi sozialeko pisua aldi batez okupatzeko akordioak izaera administratiboa izango du eta bere klausulen, ordenantza honen eta, horietan xedatu ez den orotan, zuzenbide administratiboko araudiaren bidez arautuko da, alde batera utzi gabe zuzenbide zibileko araudiaren aplikazio ordeztailea, aurrekoaren kontrakoa ez den orotan.
2.–Berriobeitiko Udalak administrazio araudiak udalerriei ematen dizkien ahalmenak izango ditu, ordenantza honetan ezarritakoa interes publikoko arrazoiengatik aldatu eta interpretatzeari dagokionez, eta horien gainean sortzen diren aferak ebazteko eskuduna Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa izango da.
2.–Larrialdi sozialeko pisua.
3. artikulua. Pisuan sartzeko betebeharrak eta baldintzak
Larrialdi sozialeko pisuan sartzeko aukera izango dute eskaera egin eta baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek eta/edo familia unitateek:
1.–Eskatzailea adin nagusikoa edo adingabeko emantzipatua izatea, eta Berriobeitiko Zendeako biztanleen erroldan inskribatuta egotea eskaera aurkezten den egunean.
2.–Berehalako aterpe beharrean egotea, arrazoi hauengatik:
–Etxebizitza behar duen pertsonaren edo behar duten pertsonen ohiko bizilekua zen eraikina berehalako aurri egoeran deklaratzea Udalak.
–Familia harreman jasangaitzak izatea tratu txar fisikoen eta/edo psikikoen ondorioz.
–Ohiko etxebizitzan ezbeharra gertatzea (sutea, uholdea ...), eta horren ondorioz etxebizitzarik gabe gelditzea.
–Larrialdiko egoerak, betearazita edo betearazte fasean dauden utzarazpenak, hipoteka-betearazpenak edo desjabetzapen espedienteak direla eta.
3.–Etxebizitza hutsik dagoenean eta pertsona batek edo familia unitate batek baino gehiagok eginez gero eskaera (betiere etxebizitza hori erabili ahal izateko baldintzak bete behar dituzte), lehentasuna emango zaio urtean diru-sarrera ponderatu gutxien duen eskatzaileari, ordenantza honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4. artikulua. Okupazio epea.
Larrialdiko pisuan egoteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez eta, beraz, epe hori bukatutakoan automatikoki amaituko da pisua okupatzeko eskubidea. Okupazioa aldi baterakoa da.
5. artikulua. Prozedura.
1.–Larrialdiko pisua behar duen pertsonak edo familia unitateak Berriobeitiko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du eskaera, ordenantza honen I. eranskinean ageri den aitorpen-ereduaren arabera, eta ezinbestekoa izango da pertsona edo pertsonak 3. artikuluan aipatu egoeretakoren batean egotea.
Eskaerarekin batera edo, presako egoera batean aurkeztuz gero 5 eguneko epean (ordenantza honen 6. artikulua), I. eranskinean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da, bai eta Berriobeitiko Udalak eskatzen ahal duen beste edozein ere.
2.–Eskaera jaso ondoren, kasuan kasuko alorrek beren eskumeneko nahitaezko txostena prestatuko dute, non eskatzaileen egoera baloratuko den. Era berean, Udal honetako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari txostenak edo zerbitzu horretatik datozen iradokizunak eskatzen ahalko zaizkio.
3.–Bidezkoak diren txostenak ikusirik, beharrezkoa den berehalakotasunez, Alkatetzaren ebazpen baten bidez emango da etxebizitza aldi batez erabiltzeko eskaeraren gaineko erabakia.
4.–Aldeko behin betiko ebazpena ematen ez bada, eskatzaileak ezin izango dira etxebizitzan sartu.
6. artikulua. Presako kasuak.
Egoera batzuen ondorioz zenbait pertsona larrialdiko pisuan presaz eta berehala sartu behar direnean, Alkatetzaren ebazpen baten bidez behin-behinekoz baimentzen ahalko da pisuan sar daitezela egokitzat jotzen diren pertsonak, nahiz eta eskaera oraindik formalizatu gabe izan eta nahitaezko agiriak aurkeztu ez.
Pisuan sartu eta berehala emango zaio hasiera aurreko artikuluan ezarritako prozedurari, behin betiko ebazpenera iritsi arte; ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, horren berri eman eta 72 orduko epean utzi beharko dute etxebizitza.
7. artikulua. Hileko tasa.
1.–Onuradunak ordenantza fiskalean ezarritako hileko tasa ordaindu beharko du, larrialdi sozialeko pisuaren kontserbazio eta mantentze gastuak direla eta.
2.–Mantenu gastuak, komunitate gastuak eta etxebizitzako zerbitzuek (ura, argia, zaborrak ...) sortzen dituzten gastuak ere bere gain hartu beharko ditu onuradunak.
8. artikulua. Okupatzaileen betebeharrak.
–Larrialdi sozialeko pisua hartzen duenak ohiko etxebizitza gisa okupatu beharko du okupazio epean, eta ongi erabili, berea balitz bezala zainduz, eta Udalari itzuli beharko dio dagokion epea amaitutakoan, hartzean zituen baldintza beretan.
–Zerbitzuaren onuradunak pisua behar ez bezala edo axolagabekeriaz erabiltzeagatik gauzak hondatuta badaude, nahitaezkoa izango du horiek konpondu edo berritzeko gastuak bere gain hartzea.
–Etxebizitza, altzariak eta etxeko gainerako gauzak garbitzea larrialdi sozialeko pisuko okupatzaile onuradunei dagokie, eta eskailera, korridorea eta ataria ere garbitu beharko dituzte, eraikin bereko beste etxebizitzetako okupatzaileekin txandan.
–Larrialdi sozialeko pisuko okupatzaileek ezin izango dute animaliarik eduki (gida txakurrak izan ezik, beharrezko izanez gero), eta ezin izango dute higienearen kontrako materialik eta/edo gai arriskutsurik pilatu.
–Pisuko egonaldia bukatutakoan, larrialdi sozialeko pisuaren erabiltzaileek Udaletxean utzi beharko dituzte giltzak.
–Larrialdiko pisuan ezin izango da inolako obrarik egin pisua erabiltzen ari direnen ekimenez. Instalazioetan matxuraren bat izanez gero, Udalari horren berri eman beharko zaio berehala.
–Udalak eta Udaleko zerbitzu teknikoek ez dute inolako erantzukizunik izango larrialdiko pisuan daudenek bertan uzten duten dirua edo baliozko beste gauza batzuk galtzen badituzte.
9. artikulua. Formalizazioa.
Larrialdi sozialeko pisua aldi baterako okupatu aurretik, onuradunak ordenantza honen II. eranskinean ageri den eredu normalizatuaren araberako agiria sinatu beharko du.
10. artikulua. Aldi batez okupatzeko eskubidea iraungitzea. Baliogabetzea.
1.–Larrialdi sozialeko pisua aldi batez okupatzeko eskubidea besterik gabe amaituko da lagapenaren hasieran erabakitako epea pasatu ondoren.
Onuradunak berak eskatzen duenean ere besterik gabe amaituko da.
2.–Aldi batez okupatzeko baimena baliogabetzen ahalko da, lagapen epeak oraindik indarra izan arren, arrazoi hauetakoren bat izanez gero:
–Onuraduna hiltzea.
–Etxebizitza erabiltzeko arrazoiak desagertzea (etxebizitza propioa izatea, baliabide ekonomikoak lortzea ...).
–Ordenantza honetan eta/edo lagapen akordioan ezarritako betebehar eta baldintzetako edozein ez betetzea.
–Etxebizitza uztea 7 egun baino gehiago, aldez aurretik abisatu gabe eta kanpoan egoteko arrazoirik izan gabe.
–Datu edo agiriak faltsutzea edo ezkutatzea.
–Ezarritako hileko tasa eta/edo etxebizitza erabiltzearen ondoriozko gastuak ez ordaintzea.
–Zerbitzua kentzea, Berriobeitiko Udalak osoko bilkuran erabaki hori hartzen badu.
Aldi baterako okupaziorako baimena baliogabetzeko, alkateak ebazpena emango du, aldez aurretik interesdunari entzunaldia emanda, hamar egunez gutxienez.
3.–Larrialdi sozialeko pisua aldi batez okupatzeko eskubidea besterik gabe iraungi edo okupaziorako baimena formalki baliogabetu eta gero, baita Alkatetzak baimenaren gaineko behin betiko ebazpena ematen ez duenean ere, interesdunak pisua utzi eta libre utzi beharko du, sartu zenean zituen baldintza beretan, 72 orduko epean, eta giltzak Udalari eman.
4.–Pisua 72 orduko epean Udalaren esku ez badago, utzarazi egingo da, administrazio bidez. Utzarazpena xedatu eta etxetik aterarazteko eskumenak eta prozedurak administrazio eta sumario izaera izango dute.
5.–Aterarazteak edo ondasunen gordailuak sortzen dituen gastuak etxea utzi behar duenaren kargura izango dira. Udalak askitzat jotzen dituen ondasunak atxikiko ditu utzarazpena gauzatzeko gastuen ordainketarako, eta premiamendu bidez besterentzen ahalko ditu.
11. artikulua. Datuen babesa.
1.–Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Berriobeitiko Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren etxebizitzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira udal etxebizitza lortzeko eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Berriobeitiko Udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.
2.–Bestalde, Berriobeitiko Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Udal etxebizitzaren kontratua, gaur egun indarra duena, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz berrituko da, berritu behar denean.
Berritu ahal izateko, udal zergak ordainduak izan beharko dira, eta inolako zorrik ez izan Berriobeitiko Udalean, geroratuta edo zatituta dauden zorren eta zerga-zehapenen kasuan izan ezik edo Berriobeitiko Udalak, familia unitatearen aparteko inguruabarrak ikusirik, horien betearazpena eten edo baimentzen duen kasuetan izan ezik.
Gaur egun indarra duen etxebizitzaren kontratua 6 hilabetetarako berrituko da gehienez, eta epea bukatutakoan ez da berriz berrituko, 65 urtetik gorakoen, %50eko desgaitasuna baino handiagoa dutenen eta genero indarkeriaren biktimen kasuan izan ezik, horiek 12 hilabetean behin berritzen ahalko baitute lagapenerako eskubidea, baldin eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta Udalak horixe ezartzen badu. Gainerako kasuetan, epea bukatutakoan etxebizitzarako eskaera aurkeztu beharko da ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, eta ez da etxebizitzarako lehentasunezko inolako eskubiderik izango. Berriobeiti aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek eginiko txosten bat aurkeztu beharko da, alegaturiko egoera justifikatzeko.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
Larrialdi sozialeko pisua aldi batez okupatzeko eskaerarako inprimakia eta agiriak (PDFa).
II. ERANSKINA
Larrialdi sozialeko pisua aldi batez okupatzeko lagapenari buruzko akordioa (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1710245