179. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

2/2017 EBAZPENA, irailaren 6koa, Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusiak emana, fede publikoa eman eta ziurtagiriak luzatzeko eskumena departamentuko zerbitzuetako zuzendari edo atalburu titularren esku uzten duena, nork bere eskumeneko gaietarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuak idazkaritzen esku uzten du departamentuan dauden agiri eta datuen gainean fede emateko eta horien gaineko ziurtagiriak luzatzeko eskumena.

Hezkuntza Departamentuko zerbitzuen eta atalen eskumeneko gaiei buruzko ziurtagiriak egiteko eskaeren kopurua oso handia denez eta horietako batzuk une jakin batzuetan berehala luzatu behar direnez, gomendagarria da ziurtatu beharreko datuak gordetzen dituzten zerbitzuek edo atalek beraiek eskumena edukitzea fede eman eta ziurtagiriak luzatzeko Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren bidez unitate organiko bakoitzak esleituta dituen gaiei buruz, Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusiak eskuordetuta.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 5. artikuluari dagokionez, xedatutakoaren indarrez,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza Departamentuko zerbitzu hauetako zuzendarien edo atal hauetako buruen esku uztea fede eman eta ziurtagiriak luzatzeko eskumena, nork bere eskumeneko gaietarako:

–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko Zuzendaritza.

–Unibertsitateen Zerbitzuko Zuzendaritza.

–Unibertsitateen Ataleko Burutza, praktiken tutoretzarekin lotutako guztirako.

–Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Zuzendaritza.

–Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko Zuzendaritza.

–Prestakuntza Ataleko Burutza, prestakuntzarekin lotutako guztirako.

–Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritza.

2. Ebazpen hau eskumenak eskuordeturik jasotzen dituzten zerbitzu eta ataletako titular guztiei eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2017ko irailaren 6an.–Idazkari tekniko nagusia, Begoña Alfaro Oricáin.

Iragarkiaren kodea: F1710383