179. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

212E/2017 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Galarko udal-mugartean Elortz ibaiaren tarte bat, Ezkirozko kontzejutik pasatzen dena, egokitzeko proiekturako. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2016ko urriaren 4an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (“100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Alde horretatik, 2017ko otsailaren 27an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak jakinarazi zuen eskatutako obrak 2013ko apirilaren 11tik aurrera indarra duen “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS)” izeneko dokumentuan jaso direla eta ez dela beharrezkoa jarduketak lurzoru urbanizaezinean egiteko baimena lortzea, LAHFLaren 117. artikuluari jarraikiz.

Proiektatutako jarduketan, honako hauek egin gogo dira: Elortz ibaiaren ibai bidearen bi tarte, Ezkirozko kontzejutik pasatzen direnak (zehatz-mehatz, hirigunearen inguruko “1. eremua” eta ibaian behera, baratzeen ondoan, dagoen “2. eremua”) egokitzea; higadura prozesuak dituzten hiru eremu zehatzetan ibilgua egonkortzea bioingeniaritza tekniken bidez; eta paisaian integratzeko hainbat neurri hartzea. Proiektuak badu Ingurumen ukipenen azterlan bat (1. eranskina), prebentzio, konpentsazio eta zuzenketa neurriak zehazten dituena.

Espedientean Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak 2017ko apirilaren 19an zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena dago. Besteak beste, adierazten da ibaiertzeko bidea ahalik eta gehien urrundu behar dela hiri bilbetik, eta gomendatzen da ibaiertzak hirigunetik pasatzean duen 82 m-ko tartea ez hormigoitzea (“lur naturala integratuagoa omen da, zenbait tokitan zortasun-eremutik pasatzen baita”).

2017ko uztailaren 14an, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak hiru alderdiren berri, besteak beste, eman zuen, haren ustez horiek hobetu litezkeelako edo ingurumen eraginak murriztea eskatzen dutelako:

a) Proiektuak aurreikusten duen bezala 1. eremuan (hirigunea) 2 m-ko zabalera duen bide hormigoitua diseinatzeak landaredia ukitzea eta ibilgua gehiegi artifizialtzea ekarriko luke (hori bat dator Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak aurretik adierazi zuenarekin).

b) Ia ez dago ibaiertzeko zuhaitzik eta zuhaixkarik 2. eremuko (baratzeen ondokoa) azken 70 m-an (iparraldean). Hori dela eta, eremu hori lehengoratu beharko litzateke. Tarte horretan gutxi gorabehera metro bateko altuera duen lubeta txiki bat dago, kota erregularrik ez duena baratzeetatik ibaian sartzeko hainbat beheragune egoteagatik.

c) 2. eremuan (baratzeak) dagoen bidea ibilgutik oso gertu dago batzuetan, eta han higadura-puntu txiki batzuk daude, etorkizunean bidea uki dezaketenak; gainera, ibilgailuen zirkulazioa txiki-txikia dela kontuan hartuta, haren zabalera estutzea proposa liteke.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Galarko udal-mugartean Elortz ibaiaren tarte bat, Ezkirozko kontzejutik pasatzen dena, egokitzeko proiekturako. Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2. Baimena izateko, Ingurumen ukipenen azterlanean adierazten diren prebentzio eta zuzenketa neurriak bete beharko dira, bai eta baldintza hauek ere:

–Ezkirozko hirigunean (1. eremua) bidea eraikitzeari dagokionez:

  • Zuhaitzak eta zuhaixkak errespetatuko dira, bidea ibaiertzetik ahalik eta urrunen eraikita. Alde horretatik, bidea lehendik dauden hormen eta eraikinen parean jartzen saiatuko da (hala ere, 30 cm inguruko zabalera duen lur-zerrenda bat utziko da, eraikin horien parean landare igokariak landatu ahal izateko).
  • 1. eremuan pasealekua 1,25 m-tik beherako zabalera duen bidexka baten moduan diseinatuko da, eta aurreikusitako zoruak izanen ditu: hormigoia eta ofita hondarrak. Horrela, landarediaren gaineko ukipena eta ibaiertzearen artifizialtzea murrizten dira, eta oinezkoentzako bidearen jarraipena lortzen da.

–2. eremuan (baratzeen ondoko tartea):

  • Bidea ibaiertzetik ahalik eta urrunen egoteko moduan diseinatuko da, eta 2,5 m-ko zabalera emanen zaio (proiektuan aurreikusten zen 3 m-ko zabaleraren ordez).
  • Uholdeen aurrean babes eginkizunik ez badu 2. eremuko azken 70 metroko tartean lubeta kentzea gomendatzen da, halako moduan non ibaiertz osoa kota berean geratuko den; bestela, muxarraduren kotaraino jaistea proposatzen da, behintzat. Proiektuan adierazitakoaren arabera ibilgua bioingeniaritza tekniken bidez egonkortuko duten hiru eremuetan betelanak egiteko erabiltzen ahal da lurra. Lubeta kenduz gero, ondoren ibaiertzeko landareak lehengoratuko dira, tarte horretan ibaiertzeko zuhaixkak eta zuhaitzak landatuz.
  • 2. eremuko ibaiertza, ofita metaketak dituena, garbi eta destrinkotuta egon beharko da azkenean.

–Proiektatutako babes jarduketetarako (Krainer murruak, latesiak eta berriz landareztatutako harri-lubetak) ez da ibilgua ukituko. Adar-aldaxketarako erabiltzen den materiala inguruan bilduko da.

–Ahal den guztietan, lanek ez dute ibilgua ukituko. Lanek ur bazterreko landaredia errespetatu beharko dute, eta, ukipen zehatzen bat egin behar izanez gero, lur eremua lehen zegoen moduan utzi beharko da lanak bukatutakoan.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta bereziki zainduko da nola erabiltzen diren substantzia kutsagarriak, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

–Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Ebroko Ur Konfederazioak emandakoak).

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Iruñeko Basozaintzari (ogfopamp7@cfnavarra.es).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Galarko Udalari, Ezkirozko Kontzejuari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta Iruñerriko Mankomunitateari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1709185