179. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

210E/2017 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Aranoko udal-mugartean Aranoko hondakin uren hustubidea berritzeko proiekturako. Sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales SA da.

2017ko martxoaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da herriko ur beltzen hustubidearen azken tartea (465 m) berritzea 250 mm-ko diametro izendatua duen PEAD tutu bat jarrita. Izan ere, tarte hori buxatuta eta apurtuta dago, eta, horren ondorioz, ur beltzak ez dira hobiraino heltzen.

Jarduketa-eremua herriko hirigunearen ipar-mendebaldean dago, masako luizia duen mazela malkartsu batean, hain zuzen. Proiektuak Aranoko udal-mugarteko 1. poligonoko 36 eta 37A lurzatiak eta 3. poligonoko 81, 78, 38A, 164A eta 161A lurzatiak ukituko ditu.

Orografia konplexua, ezegonkortasun geologikoa eta eremuko zuhaitz kopuru erraldoia kontuan hartuta, obrak gehienbat “zangarik gabeko” teknologiaren bidez gauzatuko dira.

Goi-goian, ARVP8 eta ARVP5 putzuen artean, dagoen hustubidearen tartea, 165 m-ko luzera duena, egungo hodiaren barnean PEAD mahuka bat instalatuz berrituko da.

Berrikuntzaren erdiko tarteak, 235 m-ko luzera duenak, irtenguneak ditu bere tarteko putzu guztietan. Hori dela eta, ezinezkoa da mahukaren bidez berritzea. Egungo hustubidearen ibilbidearekin paralelo doan zulaketa horizontala eginen da. Zulamakina kokatzeko plataforma hustubidearen behealdean dagoenean hobiaren ondoan jarriko da, eta, goialdean dagoenean, aldiz, ARVP4 putzuaren ondoan. Hori instalatzeko, hobiaren ondoan soldatuta eta kokatuta dagoen goialdetik tira eginen zaio tutuari. Zulaketaren behealdean dekantazio-putzu bat egin beharko da, zulatzean detrituarekin nahastuko den ura hartu eta iragazteko asmoz. Tutua instalatu ondoren, erdiko bi puntutara sartuko da makina txikiekin, ARVP2 eta ARVP3 putzuak eraikitzeko.

Proiektuarekin batera, Ingurumen ukipenen azterlana dago. Horretan, ingurune fisikoa azaldu, balizko eraginak zehaztu eta baloratu, eta horietarako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen dira.

Tutua hartzen duen mazelan, landaredi potentziala bat dator pagoaren serie azidofiloekin eta haritz kandudunaren serie muinotarrarekin, eta, hobiaren ondoko azken tartean, berriz, haltzadi erriparioen ibai geoseriearekin. Azken hori “Latxeko Erreka” errekastoaren bi ertzetan garatzen da; errekasto hori Urumea ibaiaren bigarren mailako ibaiadarra da, eta hobia bertan isurtzen da.

Obren aldi baterako okupazioak lehendik dauden lau pista ukituko ditu, tutura heltzeko eta makinak instalatzeko erabiliko direnak. 3.570 m²-ko aldi baterako okupazioa aurreikusten da, bai pisten egokitzapena bai makinak eta metaketak instalatzeko eremuak kontuan hartuta. Honako sarbide eta lan-plataforma hauek aurreikusten dira:

–ARVP8 putzura 4 m-ko zabalera duen hormigoizko pista batetik sartuko da, eta belardiak, fruta-arbolek, larreek eta 100 m² inguruko zuhaixkek okupatzen duten inguruko azalera ukituko da.

–ARVP5 eta ARVP4 putzuetara Sagargatze baserrira doan eta 4 m-ko zabalera duen lurrezko pistatik sartuko da. Beharrezkoa izanen da pistako ezponda inaustea, baina zuhaitzak ez dira ukituko.

–ARVP3 putzura 4 m inguruko zabalera duen bidezidor batetik sartuko da, baina beharrezkoa izanen da hori egokitzea eta bertatik sasiak eta zuhaixka txikiak kentzea.

–ARVP2 putzura sartzeko, 10 m-ko zabalera duen pista berri bat irekiko da, inguruak baino malda samurragoa duen belardi-iralekua ukituta. Ukitzen den azalera jatorrizko egoerara lehengoratuko da, behin obrak bukaturik.

–Hobirainoko sarbidea NA-4150 errepidetik eginen da, lurrezko pista batean zehar, “Latxeko Erreka” errekastora heldu arte; bertan behin-behineko ibia jarriko da beste aldera pasatzeko, lehendik dagoena eraitsita baitago. Ibai-ohearen gaineko aldi baterako ukipenak 30 m² inguruko azalera hartuko du. Lehendik dagoen eta 4 m-ko zabalera duen bidezidor batetik sartuko da errekastoaren eskuinaldetik hobiraino. Beharrezkoa izanen da hobiaren ondoan 40 m² inguruko azalera bat egokitzea.

Ez da beharrezkoa izanen haritzik edo pagorik ipurditik moztea, baina bai tamaina handiko aleren bat babestea. Tamaina ertaineko 6 zuhaitz ipurditik moztea baino ez da aurreikusi: errekastoaren ertzaren ondoko haltz bat, hobiaren ondoko 4 sahats, eta ARVP3 putzuaren ondoan dagoen beste sahats bat. Zuhaixkak dituen 620 m² inguruko azalera bat garbitzea aurreikusten da.

Obraren ezaugarriak direla eta, ukipen handiena jasoko omen duen fauna ingurune urtarrari lotutakoa izanen da: amuarrain arrunta eta bisoi europarra.

Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak 643,89 m³ izatea aurreikusten da, eta horiek lehengoratze lanetan, bideen konponketan edo lanerako lurzatien betelanetan erabiliko dira edo lurren zabortegi baimendu batera eramanen dira.

Proiektuak ez ditu ukitzen naturgune babestuen sarea, Natura 2000 Sarea, hegaztiak babesteko eremuak, hezeguneak, abelbideak, Done Jakue bidea eta beste bide historiko batzuk. Proiektua Marcuchulo, Eulcin, Soroaldea eta Arrambide deituriko onura publikoko 373. mendian kokatzen da.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren baldintzak bete beharko dira.

2017ko uztailaren 4an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, zenbait baldintzarekin.

Espedientean Aranoko Udalaren aldeko txostena jasota dago, 2017ko apirilaren 11koa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Aranoko udal-mugartean Aranoko hondakin uren hustubidea berritzeko proiekturako. Sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Proiektuaren Ingurumen ukipenen azterlanean jasotako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak bete beharko dira.

–Obrak hasi aurretik Bidasoa barrutiko Basozaintzari jakinaraziko zaio (948 450 096 telefonoa; e-mail: ogfobida1@cfnavarra.es), obra-zuinketa gainbegiratzeko, bota beharreko zuhaitzak markatzeko, eta ingurune urtarrari lotutako fauna babesteko ezarritako obra egutegia betetzen dela egiaztatzeko.

–Sartzeko pistak erabili baino lehen, makina astunak pasatzea eragozten duten adar guztiak inausiko dira. Horretarako, eskuzko metodoak eta tresna egokiak erabiliko dira, eta ebaki garbiak eginen dira, urraturik gabeak.

–Oro har, obren ukipen eremuen ondoko tamaina handiko zuhaitzak babestu beharko dira. Zehatz-mehatz, haritz bat eta ARVP4 putzuaren ondoko tamaina handiko sahats bat babestuko dira, baita ARVP3 putzura sartzeko pistan inausi beharreko ezpondaren ondoan dauden tamaina handiko bi pago ere.

–Makinak kokatzeko plataformak behar bezala mugatuta eta balizatuta egon beharko dira zinta egokiaz.

–Makinak ezin izanen dira ibili balizatutako plataformetatik kanpo, ezta aurreikusitako sartzeko pistetatik kanpo ere.

–Bai ibilguko lanak bai ibilgailuen ibiko zirkulazioa irailean eta urrian baino ez dira gauzatuko, amuarrainaren errunaldiarekin eta bisoi europarraren ugaltze- eta hazkuntza-garaiekin batera ez gertatze aldera. Salbuespen gisa, ibilguan abuztuan lan egiten ahalko da, baldin eta langile espezializatuek egiaztatzen badute jarduketa-eremuan ez dagoela bisoi europarraren gordelekurik edo aterperik.

–Nolanahi ere, errekastoaren gaineko ibiak Kantauri aldeko Ur Konfederazioaren baimena beharko du.

–Obrak bukatutakoan, ukitutako azalera guztiak lehengoratuko dira. Aurretik erreserbatzen den landare-lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Halaber, ibai-ohea lehen zegoen moduan utzi beharko da, eta ibaiertzak birlandatuko dira inguruan bildutako sahatsen adar-aldaxkekin.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa-eremuan gelditzen diren obra hondakin eta zabor guztiak kentzeko.

–Hondeaketatik sobratzen diren lurrak eta eraikuntzako eta eraispeneko gainerako hondakinak proiektuaren hondakinak kudeatzeko kapituluari jarraituz kudeatuko dira.

–Lurrak (LER kodea: 170504) lehengoratzeko lanetan erabiltzen badira, destinoko obrak ingurumen arloko beharrezko baimena edukiko du. Lanerako onibarren egokitzapenean erabiltzen badira, betelanek ezin izanen dute metro batetik gorako altuerarik izan.

–Obrak gauzatzeko metodoaren edozein aldaketa Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari jakinarazi beharko zaio (helbide elektronikoa: secevamb@cfnavarra.es), aldaketa horrek aurretik zehaztu diren Ingurumen ukipenak funtsean aldatzea badakar. Sortutako balizko eraginaren balorazio berriaren arabera, ebazpen honen baldintzak berrikusi eta aldatzen ahalko dira, 4/2005 Foru Legearen erregelamenduaren 38. artikuluaren arabera.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek Aranoko hondakin uren hustubidea berritzeko proiektuan azaldutako obrak baino ez ditu babesten, aurkeztutako agirien arabera eta baimen honek ezartzen dituen determinazioen arabera.

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Herri-lurren Atalaren txostenean (2017-06-26) xedatutakoari jarraituko zaio; honako hau dio: obrak ukitzen dituen lurretara sartu ahal izateko nahitaezko desjabetzeaz baliatu ezean (kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen Herri-lurren Atalari inolako baimenik eskatzea), NILSA enpresak egin beharreko jarduketa horrek herrilurrak ukitzen dituenez, obra lizentzia eman baino lehen, Aranoko Udalak eskuratu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, lur horiek okupatzeko baimena, beharrezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola Arkeologia Atalari berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Aranoko Udalari, Basozaintzari (Bidasoako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1709187