179. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

220E/2017 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Burlatako udal-mugartean ibilgailuetako eserlekuetarako labainderak fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Industrias Cousin Freres SL da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 21eko 349/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 280E/2014 Ebazpenak aldatu zuen baimen hori.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 104.c) artikuluan eta Ingurumen baimen integratuan berean ezarritakoarekin bat, 2017ko maiatzaren 18an titularrak jarduera osoa behin betiko uztearen berri eman du, eta instalazioa ixteko proiektu teknikoa aurkeztu.

Proiektu horren garapenak instalazioaren funtzionamendu baldintzak nabarmenki aldatzen dituenez eta aldaketa horiek instalazioaren Ingurumen baimen integratuan agertu behar direnez, baimena aldatu behar da iraungi baino lehen (proiektua burutu ondoren iraungiko da baimena).

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Burlatako udal-mugartean dagoen ibilgailuetako eserlekuetarako labainderak fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, instalazioa ixteko baldintzak ezartzearren; izan ere, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Industrias Cousin Freres SL da.

Bigarrena.–Titularrak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, non ziurtatuko baitu ebazpen honetan ezarritako baldintzen eta neurrien arabera itxi dela instalazioa. Obrako azken ziurtagiria/egiaztagiria, gelditzen den instalazioaren behin betiko planoak eta egindako neurketa eta egiaztapen praktikoen emaitzak erantsiko dira.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Industrias Cousin Freres SLri, Burlatako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1709896