179. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

189E/2017 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, etxeko hondakinen tratamendurako planta baten eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi baten instalazioaren Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena Carcarko udal mugartean. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiak urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 30eko 23E/2017 Ebazpenaren bidez azken aldiz aldatua.

2017ko otsailaren 23an instalazioaren titularrak eskatu zuen beste hondakin batzuk sartzeko kudeatu beharreko hondakin baimenduen zerrendan; bestetik, honako eskaera hauek egin zituen:

–“Erdi itxia” deitzen duen hondakindegiko eremuan isurketak onartzeko; horri buruz adierazten du 2019an itxiko dela, azken topografia egokia eginez, eta tratamendurako plantaren errefus-balez beteko direla, eremua ixteko 400.000 tona lur erabili beharrean.

–200108 EHZ kodea (hondakin biodegradagarriak) edo 200301 kodea (udalerriko hondakinen nahasketak) duten hondakin desegokien atalasea %10etik %25era igotzeko; hori guztiak, Jurramendiko Mankomunitatean egonkortutako hondakin organikoen gaikako bilketarekin eta Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planean xedatuarekin bat.

–Ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko 6. oharra kentzeko, hondakindegian energetikoki balorizatzeko modurik ez duten hondakinak soilik kudeatzeko aukerari buruz.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin, eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin eta Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planean xedatuarekin, ohar hauekin:

–170504 EHZ kodea duen hondakinaren definizioa hondakin horren definizio orokorrera moldatzen da.

–Ez da bidezkoa 190703 EHZ kodea duen hondakina (hondakindegiko lixibatuak) sartzea hondakindegian biltzearen bidezko kudeaketa prozesuan (D5), hondakinaren definizioa kontuan hartuta, hondakin likidoa baita, eta ez du kudeaketa mota hori onartzen.

–Ez da bidezkoa hondakinak isurtzea iragazgaizte hori ez duten eremuetan, hala nola “erdi itxia” deitzen duen horretan, Hondakinak hondakindegietan bilduz deuseztatzea arautzen duen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren arabera (hondakindegiak baimendu eta ustiatzeko baldintzak arautzen baitu) hondakin ez-arriskutsuen zabortegiek iragazgaizte sistema bat izan behar dutelako oinarrian, sortutako lixibatuek lurpeko urak kutsa ez ditzaten). Beraz, berehala itxi behar da eremu hori, Ingurumen baimen integratuan ezarritakoarekin bat.

–Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planaren 6.3.3.1.4 puntuak honako hau dio: “Planak ez du hautatu Hondakinak Kudeatzeko Estatuko Esparru Planak balorazio energetikoari buruz adierazten duen aukera”, etxeko eta saltokietako hondakinen tratamendurako planten errefusei dagokienez. Horregatik, ohar horren arabera moldatzen da baimena, eta soilik industria hondakinen errausketa onartzen da.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT

Lehena.–Carcarko udal mugartean etxeko hondakinen tratamendurako planta baten eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi baten instalazio baten Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol integratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Servicios de Montejurra SAri eta Carcarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko uztailaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1709092