1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
185E/2017 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Irunberriko udal mugartean gas naturalaren konpresioko instalazioaren Ingurumen baimen integratua eguneratzen duena. Instalazioaren titularra Enagas Transporte SAU da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 344/2007 Foru Aginduaren bidez emana, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea aplikatuz.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isuriei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorrak xedatzen du Ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.
Halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrak xedatzen duenez, errekuntzako instalazioen ingurumen baimen integratuetan, haien potentzia termiko nominala 50 MW-ekoa edo handik gorakoa bada eta eraikuntzako hasierako baimen substantiboa 2013ko urtarrilaren 7a baino lehenago emana badute, organo eskudunak baldintzak ezarriko ditu aipatutako erregelamenduaren V. kapituluan errekuntzako instalazio handitarako ezarritako xedapen bereziak bete ditzaten eta atmosferako isuriek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera 3. eranskinean ezarritako isuriaren muga-balioak gaindituko ez dituztela bermatzeko.
Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonabanatze akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea; eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) apartatuan xedatutakoa betetzeko, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isuria berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.
Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 10 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Irunberriko udal mugartean gas naturalaren konpresioko instalazio baten Ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Enagas Transporte SAU da.
Bigarrena.–344/2007 Foru Aginduaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinari eta hondakinen produkzioari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.
Hirugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.
Laugarrena.–Halaber, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.
Bosgarrena.–Deuseztatu egiten da instalazio honen Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta kendu egiten da hura berritzeko betebeharra, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 1. artikuluko 19. apartatuan xedatutakoa betez; izan ere, lege horren bidez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatu zen, eta jatorrizko 25. artikulua kendu (Ingurumen baimen integratua berritzeari buruzkoa).
Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
Zazpigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2017ko azaroaren 1a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.
Zortzigarrena.–2017ko azaroaren 1a baino lehenago, titularrak programa bat aurkeztu beharko du non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen isuri kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuak– ekiditeko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.
Bederatzigarrena.–2017ko azaroaren 1a baino lehenago, titularrak deskripzio agiri bat aurkeztu beharko du isuriak neurtzeko sistema automatikoari buruz, II. eranskineko informazioa bilduko duena.
Hamargarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Enagas Transporte SAUri, Irunberriko Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko uztailaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/
Iragarkiaren kodea: F1708979