1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
355/2017 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Jaizko (Nafarroa) hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 64/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren legez ezarritako hamabost eguneko epean “Jaizko (Nafarroa) hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta lan horiek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Epea amaitu da, eta honako alegazio hauek aurkeztu dira:
1.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren 2016ko apirilaren 11ko txostenean jasotako alegazioak.
Herri-lurren Atalak Jaizko Udalak eskatuta egin zuen txostena, ukitutako lurzatietako bat toki entitate horren herri-lurretakoa delako. Txostenean, Herri-lurren Atalak herri-lurrak okupatzeko espediente bati hasiera emateko tramiteen eta beharrezkoa den dokumentazioaren berri ematen dio Jaizko Udalari.
Proiektuari dagokionez, Herri-lurren Atalaren txostenean adierazten da desjabetu beharreko azaleraren kalkuluak berriz egin beharko liratekeela, lurzatian egun dagoen bidearen metroak sartuta, bai eta sarbide ondoan, desjabetu beharreko eremuan dauden erregistro putzuak ere.
Beraz, desjabetu beharreko azalerari dagokion alegazioa onesten da, eta desjabetu beharreko azalera berriz kalkulatuko da, lurzatian barna bideak egiten dituen metroak kalkuluan sartzeko (112 m²).
Era berean, Herri-lurren Atalak proposatzen du erregistro putzuak sarbidearen ondoan jartzea, desjabetu beharreko eremuaren barruan. Horri buruz argitu beharra dago SLOM4 putzua egungo bidearen ondoan dagoela, eta SLOP3 putzua mugaren ondoan. Azken putzu hori ezin da gehiago hurbildu bidera, hustubidearen lerrokadura errespetatu behar delako, lurzatien berezko maldari segituz. Halere, ukipena oso txikia da, muga ondoan dagoelako. Hortaz, alegazio hori berez sartua dago proiektuan.
Bestalde, Herri-lurren Atalak alegatzen duenez, kontuan hartuta kondukzioak herri-lurretako lurzatiei eragiten diela, eta desjabetzearen sustatzailea ez dela toki entitatea bera, herri ondasunen okupazioa atalaren bidez tramitatu beharko litzateke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horrenbestez, okupazio espedientea tramitatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioaren zerrenda eskatzen du, bai eta okupazioa arautzeko baldintza orri bat ere.
Desjabetzearen sustatzailea toki entitatea bera ez izateagatik okupazio espediente bat tramitatu beharrari dagokionez, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 805/2003 Ebazpena aipatu behar da, Izarbeibarko Mankomunitatearekiko lankidetza araubidea, hondakin uren saneamendu arlokoa, onesten duena.
2002ko ekainaren 3ko Erabakiaren bidez, Mankomunitate horrek Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eskatu zion lankidetza araubide bat ezartzeko, NILSA sozietate publikoak bere gain hartzeko hainbat gairen ardura: proiektuak eta baldintza orriak idaztea, desjabetzeak kudeatzea, lanak kontratatzea, obren zuzendaritza teknikoa, gastuen ordainketa eta instalazioen ustiaketa.
Mankomunitateak udal elkarteak dira, udal horiek batera obrak egiteko edo beren eskumeneko zerbitzu jakin batzuk emateko, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 47. artikulutik 53.era bitartekoetan araututa daude. Jaizko Udala Izarbeibarko Mankomunitateko kidea da, eta erakunde hori arduratzen da hondakin uren saneamenduaz, eta horregatik egin behar du lankidetza hori Mankomunitateak, eta ez Jaizko Udalak.
Horregatik guztiagatik, ezetsi egin behar da alegazioa.
Kondukzioak herri-lurretako lurzatiak ukitzen dituela-eta okupazio espedientea tramitatu beharra dagoela dioen alegazioari dagokionez, berriz, jakinarazten da Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 64/2017 Ebazpenaren bidez eman zitzaiola hasiera desjabetze prozedurari; ebazpen horretan hau aipatzen da: “Udalaren zerbitzu publikoa denez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berarekin dakar hartzen dituzten ondasunen onura publikoaren adierazpena eta ondasun horiek okupatu beharra, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako”. Ebazpena jendaurrean jartzen da, proiektuarekin eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikulua ere aipatu behar da, herri ondasunen desafektazioa artikulu honetan aurreikusitako kasuetan zilegi izanen dela ezartzen baitu, eta 4. puntuan, zehazki, nahitaezko desjabetze kasuak arlo horretan indarra duen legeriak arautuko dituela.
Azaldutakoan oinarrituta, ez da beharrezkoa okupazio espediente bat gauzatzea, desjabetze prozedura bat hasi denez, horrek dakarrelako berarekin herri ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea, eta, beraz, jabariaren desafektazioa edo mutazioa gertatzen denean, ondasun horiek ondare-ondasun bilakatzen dira. Horrenbestez, alegazioa hau ere ezetsi behar da.
2.–Jaizko Udalak aurkeztutako alegazioak.
Udalak, 2017ko martxoaren 28an egindako Osoko Bilkuran, erabaki zuen alegazio bat aurkeztea Herri-lurren Atalaren 2016ko apirilaren 11ko txostenean jasotako zenbait gairi buruz; gai horiei aurreko atalean eman zaie erantzuna.
Udalaren beste alegazioetako baten xedea lurrak kosturik gabe desjabetzeko eskatzea da. Ezin da horrelakorik egin, ordea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan hau adierazten delako: “herri-ondasunak nahitaez desjabetzeko kasuak arlo horretan indarra duen legeriak arautuko ditu”. Hori dela eta, balorazioa egin, justiprezioa ezarri, eta ordaindu behar da. Horrenbestez, ezetsi egin behar da alegazioa.
Horrenbestez,
Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. “Jaizko (Nafarroa) hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, hasierako zerrendan azalerari dagokionez atzemandako akatsa zuzenduta eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebatzita.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Izarbeibarko Mankomunitateko eta Jaizko Udaleko iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.
3. Ebazpen hau Izarbeibarko Mankomunitateari eta Jaizko Udalari jakinaraztea. Administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2017ko irailaren 5ean.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
Iragarkiaren kodea: F1710414