1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
370/2017 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, graduatu ondoko tituludunei prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten duena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan aritzeko Ekonomia Zirkularrari eta, bereziki, arlo horretako Europako proiektuei lotutako zereginetan.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak prestakuntza beka bat emateko deialdia egin nahi du graduatu ondoko tituludunentzat.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak uste du beka horren deialdia egitearen eta beka ematearen ondorioz bekadunari esleituko zaizkion azterketak eta lanak onuragarriak izan daitezkeela Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamenturako, bai eta bekadunentzat ere, aukera izanen baitute lanbide esperientzia baliotsua lortzeko.
Beka ematerakoan, deialdiko oinarri arautzaileetan aurreikusten ez den orotan, ondokoei jarraituko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari, eta, modu osagarrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Graduatu ondoko tituludunei prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan aritzeko Ekonomia Zirkularrari eta, bereziki, arlo horretako Europako proiektuei lotutako zereginetan.
2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 11.256,72 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko ordainketa-konpromisoei aurre egiteko. Horietatik 2.814,18 euro 2017ko gastuen aurrekontuko “Bekak” izeneko 70110-700000-4809-411100 partidaren kargura ordainduko dira, eta 8.442,54 euro, berriz, 2018ko gastuen aurrekontuko balio bereko partidaren kargura.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.
7. Ebazpen hau Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Langileriarako eta Herritarren Arretarako Atalari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko irailaren 4an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
ERANSKINA
Beka bat emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan aritzeko
Lehenbizikoa.–Xedea.
Deialdi honen xedea graduatu ondoko tituludunentzako beka bat sortzea da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan aritzeko.
Beka Iruñean gauzatuko da, Ekonomia Zirkularrari eta, bereziki, arlo horretako Europako proiektuei lotutako zereginetan.
Bigarrena.–Iraupena.
Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2017ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 31ra bitarte. Zerbitzuak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.
Hirugarrena.–Zenbatekoa.
Bekak 11.256,72 euroko zuzkidura izanen du urtean. Diru hori hilabetero ordainduko da, 900 euro aldiro, edo dagokion zati proportzionala, gehi 38,06 euro hilabetero, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.
Laugarrena.–Baldintzak.
Prestakuntza beka hartzen ahalko dute baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremukoa den estatu batekoa, non langileen joan-etorri askea aplikatzen den. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko inolako desgaikuntzarik ez izatea.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Ingeniaritza, Kimika, Biologia edo Ingurumen Zientzietako graduko titulua izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.
f) Ingelesaren titulu ofiziala izatea, B2 mailari edo baliokideari buruzkoa, gutxienez. Hizkuntza Eskola Ofizialetako titulua hartuko da kontuan, edo otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren arabera onarpena duten erakundeetakoa.
g) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urtean lortu izana.
h) Bekaren xedeko prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira.
2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.
Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.
3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskabidea.
b) Curriculum vitae-a, honako hauek adierazten dituena: egindako ikasketak, garatutako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta, egokitzat joz gero, aipatu nahi dituen merezimendu guztiak.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.
d) Seigarren oinarriko 2.II puntuan adierazten diren gainerako merezimenduen egiaztagiriak.
e) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatuak.
f) Jaiotze agiria edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
g) Nafarroan urtebetez bizi izan dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).
4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, interesdunari jakinaraziko zaiona. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.
1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:
Batzordeburua: Pedro Zuazo Onagoitia. Ekonomia Zirkularraren Plangintza Estrategikorako eta Kontrolerako Ataleko burua.
Batzordekidea: Delia Sola Jiménez. Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoko burua.
Idazkaria: Raúl Salanueva Murguialday. Hondakinen Ataleko burua.
2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:
2.I.–Ikasketa espedientea:
Ikasketa espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.
2.II.–Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloko prestakuntza:
Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:
–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.
–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.
–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.
Tituluak:
–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, proportzionalki kalkulatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.
2-III.–Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.
2-IV.–Hizkuntzak:
Ingelesa baloratuko da interes zientifikoko hizkuntza bezala: Hizkuntza Eskola Ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren arabera onarpena duten erakundeetakoak.
–C1 goi maila: 0,75 puntu.
–C2 goi maila: puntu 1.
3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea, 9; Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/),
4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.
5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.
Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.
1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak beka emateko ebazpena emanen du.
2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.
3. Beka onuradunari adjudikatu zaiola eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Bekaren adjudikazioari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.
Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.
Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.
Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.
1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da pertsona horrek bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.
2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.
1. Bekadunak bete beharko du apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea. Aipatutako foru dekretu horren bidez araubide orokorra ezarri zen prestakuntza bekak emateko, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako.
2. Jarduerak hasten diren unean onuradunak ezin izanen du jaso bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.
Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.
1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.
2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.
4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.
5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.
Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.
Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.
Administrazio Publikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalte eta galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.
Iragarkiaren kodea: F1710311