178. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Aldaketa, Herri-lurretako ondasunak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena. Testu bategina

Alesbesko Udalak, 2017ko ekainaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Alesbesko Udalaren herri-lurretako ondasunak arautzen duen ordenantzan. (2017ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta haren testu bategina (onetsitako aldaketa guztiekin) argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2017ko abuztuaren 25ean.–Alkatea, Delia Linzoain Pinillos.

ALESBESKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO ONDASUNAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Alesbesko Udalaren herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak enbargaezinak, preskribaezinak eta besterenezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, ordenantza hauek eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatuko arauak; betiere, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Alesbesko Udalari dagozkio, erregelamendu honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Alesbesko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Alesbesko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Alesbesko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura erabiliko da.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Alesbesko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Alesbesko Udalak noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Alesbesko Udalak, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua.

Alesbesko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Alesbesko Udalak administrazio bidea erabiliko du, betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Alesbesko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Alesbesko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. 1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen udal erroldan Alesbesko bizilagun gisa inskribatua egotea bost urteko antzinatasunarekin.

c) Alesbesen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Alesbesko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Udalaren Diruzaintzan 1.000 euroko banku-abala jartzea, ordenantza honek dakartzan betebeharrei aurre egiteko.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Alesbesko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herri-lurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

15. artikulua. Alesbesko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan esleituko dira:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Alesbesko Udalak zuzenean ustiatzea.

Alesbesko Udalak modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua esleitzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

16. artikulua. 1.–Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.

17. artikulua. 1.–Modalitate honetarako ez dago ereduko loterik, lehorreko lurrekoa edo ureztalurrekoa izan, herri-lur berrantolatukoa baita modalitate bakarra.

2.–16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) Zazpi kidetik bederatzi kidera bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

18. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Alesbesko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. Alesbesko Udalak egokitzat jotako fruta-arbolen edo mahastien kasuan, epe hori hogeita lau urte bitarte luzatu ahalko da, eta hura iraganik, hondar-balorea (mahastien eskubideak barne) Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe.

20. artikulua. (Artikulu honen idazketa 2014ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 10ean, argitaratutako aldaketari dagokio).

Lurzatien berrantolamendua dela eta, Regadío Viejo edo Tradicional izeneko lurretan dagoen modalitate bakarreko herri-lurren onuradunek ordaindu beharreko lur-saria, ordenantza honen 66. artikulutik 70.era bitarte, biak barne, jasotzen dena, honako hau da:

–Lehorreko lurrak: ez dago.

–Ureztalurrak:

Presio bidez: 362,03 euro + KPIa/hektarea eta urte bakoitzeko.

Grabitate bidez: 267,22 euro + KPIa/hektarea eta urte bakoitzeko.

Udalak, egoki irizten badio eta herri-lurren batzordearen adostasun txostena izanik, lur-saria eguneratu ahalko du, Nafarroako KPIaren igoera gehituz, gehienez ere. Dena den, lur-sariak Alesbesko Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

Dehesas izeneko alderdiaren kasuan, desafektatu behar diren lurretan hori egin ondotik aplikatu beharreko lur-saria 267,22 eurokoa izanen da gehi KPIa, hektarea eta urte bakoitzeko.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten nekazaritzako urte-sasoien gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Alesbesko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Alesbesko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Alesbesko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Alesbesko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokia iruditzen zaion dokumentazioa eskatuko du.

24. artikulua. Alesbesko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

–Nekazaritzako makineria izanik, esleituta dituen herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

–Landazaintza zerbitzuaren edo herri-lurren batzordearen ustetan, herri-lurretan esleitu lurzatiak ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatu bezala lantzen ez direnean.

–Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkezteko eskatu ondoan, Alesbesko Udalak agindutako epean aurkezten ez dituztenean.

–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

–Esleitutako lotearen gutxienez ere %80 lantzen ez dutenean.

–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

–Esleitutako loteko lurzati guztien berri ematen ez bada BNPren aitorpenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. artikulua. Aprobetxamendu modu honetarako ezartzen ahal den lotearen azalera berdinak izan daitezen kalkulatuko da, eskaerak zein diren ezagututa; ez ordea Regadío Viejo edo Tradicional izeneko lurzati berrantolatuko loteentzat, eraikuntza proiektuan definitzen den oinarrizko ureztatze azalera edo handiagoa izanen baitute. Horrela jasotzen da ordenantza honen 68. artikuluan.

27. artikulua. Oro har, esleipenaren epea 19. artikuluan adierazitakoa izanen da; aldiz, 8 urtekoa, Regadío Viejo edo Tradicional izeneko lurzatien loteentzat.

28. artikulua. Aprobetxamendu modu honetako herri-lurren onuradunek ordainduko duten lur-saria ez da inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan hartzeagatik ordaintzen den %90a baino txikiagoa izanen.

Zenbateko horiek Foru Komunitateko KPIa gehituz eguneratuko dira, gehienez ere.

29. artikulua. Esleipen-hartzaileak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Alesbesko Udalak laborantzako herri-lurren azalera osoaren %5, gehienez ere, gordeko du onuradun berriei esleitzeko. Udalak herri-lur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez esleitu ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati emateko, baina baldintzetan inguruabar hori espresuki adierazita.

31. artikulua. Mahastiendako lurzatia esleitua duten bizilagunek segitzen ahal dute laborantza lanetan, hartzen duten herri-lurren aprobetxamendua edozein izanda ere; betiere, ordenantza honetako baldintzak betetzen badituzte, eta horrelakoetan hartzen duten esleipenetik deskontatuko zaie mahasti-lurzatia. Ezin izanen diote ukorik egin hamar urteko esleipenaldiak iraun bitartean, eta Udala lehorreko lurzati mugakideren bat esleitzen saiatuko da, edo dirutan behar den kalte-ordaina emanen die.

32. artikulua. Alesbesko Udalak zainzuriak landatzeko herri-lurra gordetzen ahal du; eskatzaileak zuzenean eta pertsonalki landatuko badu, haren eskaera egiten ahal du, zein den ere dagokion esleipen modua.

Ureztalurren esleipen-hartzaileek ezin dute zainzurietarako ureztalurrik eskatu.

Udalak mahastiak landatzeko lurra gordetzen ahal du, baldin eta landaketa errentagarria egiteko behar adina eskaera badaude. Ustiatzeko epea 24 urtekoa da, erregelamendu honen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.

33. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipen zuzena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 16. artikuluko 3. puntuan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

34. artikulua. Baratzeak.

Alesbesko Udalak erregu bat eta erdiko baratzeak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da ureztalurren jabea izanen, ezta herri-lurretako bertze lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 21., 22., 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Esleipena zortzi urterako izanen da.

d) Eskaerak gainerako lurzatien eskaerekin batera aurkeztuko dira (banaketa honetarako, urriaren 1aren eta 20aren artean; ondoko urteetan, abenduaren 1a baino lehen), eta urteko azken hiru hilabeteetan emanen dira.

e) Lur-saria: 29,65 euro, erreguko eta urteko.

Alesbesko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren %10, gehienez ere.

3. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

35. artikulua. Alesbesko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante publikoaren bidez esleituko du 4 urterako, eta ondoren, beste enkante bat eginen du beste 4 urterako, banaketa berria egin behar den unean esleipenaldia bukatu dadin.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako esleipen zuzenerako ezarritako lur-sariarena izanen da, eta urteroko igoera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Alesbesko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

36. artikulua. Alesbesko Udalak erabakia hartu ondotik, epe bat irekiko da, irailaren 1etik 15a bitarte (biak barne), eskubidea dutela uste dutenek herri-lurren esleipena eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki oholean argitara eman ondoren.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Alesbesko bizilaguna izatea, bost urteko antzinatasunaz gutxienez ere, eta bertan urtean bederatzi hilabetez bizitzea, gutxienez.

b) Zerga arloko betebeharrak egunean izatea Alesbesko Udalarekin.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Eskatzaileak Udalaren aldeko abala jarri beharko du, 1.000 eurokoa.

38. artikulua.Herri-lurren batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Erregelamendu honen 14., 16. eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, erregelamenduaren 15.B) eta C) artikuluan ezarritako moduen artean esleituko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.

39. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da ikusgai 15 egun baliodunean, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen du eta esleipen modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

41. artikulua. Esleipena zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarrendako esleipen zuzenekoetarako, era honetan:

1.–Zenbaki bana emanen zaie modu batean nahiz bestean onartutakoen behin betiko zerrendetakoei.

2–Herri-lurretako lurzatiei, bai lehorreko lurrekoei bai ureztalurrekoei, zenbaki bana emanen zaie.

3.–Ondoren eta betiko moduan, poltsatik aterako da zenbaki bat, herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena.

4.–Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen-hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herri-lurretan.

42. artikulua. Aurkeztutako agiriak aztertzeko, eta segimendua egiteko, segimendu batzorde bat eratuko da, Udaleko hiru kidek eta zozketa bidez aukeraturiko hiru eskatzailek osatua.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua egiteko, Alesbesko Udalak 2007an onetsitako ordenantzari jarraituko zaio.

Udalak landatutako oihan ustiategietan, debekatua dago artzaintza lehen hiru urteetan ardi eta ahuntzentzat, baita behi aziendentzat ere, landatu eta lehendabiziko sei urteetan.

IV. KAPITULUA

Bertzelako aprobetxamenduak

44. artikulua. Lur hauetan eratutako ehiza barrutia aprobetxatzeko, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari, abenduaren 27ko 390/1993 Foru Dekretuari, xedapen osagarriei eta zuzeneko esleipenerako baldintza agiriari, 2004ko apirilaren 26ko bilkuran onetsitakoari, jarraituko zaie.

45. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Alesbesko Udalak lurra, legarra eta horrelako gaiak ateratzeko prestatzen duen ordenantza fiskalak eta baldintza agiriek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean jartzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

Alesbesko Udalak makaletarako esleitutako herri-lurren aprobetxamendua arautzeko, Alesbesko Udalak arbolak bota eta saltzeko onesten dituen baldintza ekonomiko administratiboei jarraituko zaie, baita Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeko 13/1999 Foru Legeari ere; bestetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak (Nafarroako Gobernua, Mendi Atala) Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren bitartez salmentarako ematen duen ebazpenari.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

46. artikulua. 1.–Alesbesko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Regadío Viejo izeneko alderdia edo herri-lurrak hobetzea. Kontuan hartuta Alesbesko Regadío Viejo edo Tradicional izeneko alderdian ureztalurren lurzati berrantolamendua eta eraldaketa egin gogo dela (76.569 erregu presioz eta 183.279 erregu grabitatez), lurrak eraldaketa lanek ukituta daudenez gero, ez da esleipenik izanen obrak bukatu arte. Haiek amaitutakoan eginen da esleipena, ordenantzari jarraituz.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidean hala egokitzen bazaie.

47. artikulua. Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoan.

48. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak goldatzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua. (aldatua) Zehapen motak.

1.–Arau-hauste oso larriak dira:

a) Esleituriko lurzatiak pertsonalki ez lantzea.

b) Esleitutako lurzatiaren %80 edo gutxiago lantzea.

c) Lur-sarien edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasen zenbatekoak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

d) Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

e) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

f) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

g) Laborantzak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte, eta horrez gain, abala galduko dute.

h) Bi arau-hauste larri egitea urtebeteko epean.

2.–Arau-hauste larriak dira:

a) Herri-lurrak udal esleipenik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, larre utziak edo beste norbaiti esleituak izan.

b) Bideak nahiz altxonbideak lantzea.

c) Zaborra botatzea bideetan nahiz altxonbideetan.

d) Bi arau-hauste arin egitea urtebeteko epean.

3.–Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

b) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.

c) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea horretarako.

d) Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

e) Bide eta altxonbideetan harriak edo barazkien hondarrak botatzea.

50. artikulua. Zehapenen mugapena.

1.–Arau-hauste oso larriak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

a) 1.501,00 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna edo sortutako kaltearen balioa halako bost (gutxienez) eta halako hamar (gehienez) ordaintzea; bi zenbateko horien artean, altuena.

b) Lotearen esleipena iraungitzea.

c) Herri-lurren edo herri-larreen esleipen-hartzailea izateko gaitasunik gabe uztea.

d) Jarritako fidantza edo abala galtzea.

2.–Arau-hauste larriak egiteagatik:

a) 751,00 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna edo sortutako kaltearen balioa halako bost (gutxienez) eta halako hamar (gehienez) ordaintzea; bi zenbateko horien artean, altuena.

3.–Arau-hauste arinak egiteagatik:

a) 100,00 eurotik 750 eurora bitarteko isuna edo sortutako kaltearen balioa halako bost (gutxienez) eta halako hamar (gehienez) ordaintzea; bi zenbateko horien artean, altuena.

51. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Zehapenak jartzeko orduan arau-haustearen larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren arteko beharrezko egokitasuna zainduko da, eta honako irizpideei adituko zaie zehapenaren graduazioa finkatzeko:

a) Arau-haustea egiteko asmoa.

b) Arau-hausteak irautea.

c) Izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik berrerorlea izatea, administrazio bideko ebazpen irmoz hala erabaki denean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo lau urteetan.

52. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapena ezarri aurretik, dagokion prozedura instruitu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat.

Hori guztia, ondasun publikoetan edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte.

BESTE XEDAPEN OROKOR BATZUK

53. artikulua. Lurzatien esleipen berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste esleipen batzuk eginen dira urtero, egon daitezkeen eskaera guztiei erantzuteko. Esleipena emanen zaie, lehenbizi, ezkontza dela bide onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, beste esleipen batzuk eginen dira hutsik dauden lurzatiak banatzeko. Nahikoak ez badira, zozketa eginen da eta baztertuak lehentasuneko txandan sartuko dira hurrengo urteko kontzesioa egin arte.

54. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen kontzesio berriak direla-eta, urteko azken 3 hilabeteetan eginen da herri-lurretako lurzatiak esleitzeko zozketa, Udalak osoko bilkuran finkatuko duen egunean. Udalaren iragarki oholaren bidez ezagutaraziko den egun hori eskaerak onartu ondotik etorriko da, eta eskaerak, urtero, abuztuaren 31 baino lehen aurkeztuko dira Alesbesko Udalaren Idazkaritzan; hori guztia, ordenantza honen 4. tituluko 2. kapituluko laugarren atalean, 37. artikuluan, ezarritako prozedurari jarraituz.

55. artikulua. a) Herri-lurretako edozein lurzati esleitzean hura landuta badago, esleipen-hartzaile berriak lan horien zenbatekoa ordainduko dio aurrekoari, peritazioa egin ondoren.

b) Lurzatia ereinda bada, fruitua aurreko esleipen-hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herri lurzatien edo loteen esleipen-hartzaileak, hamar urteko epea urratuz, herri-lurra edo lotea erein edo lantzen badu (erregelamendu honen 49.1 eta 2 artikulua); izan ere, Udalak egiaztatutakoan, erregelamendu honen 50. artikuluaren arabera zehatuko baitu.

56. artikulua.

Egokitu zaion herri-lurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari uko eginez gero, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19. eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat, eta abala galduko da, behar bezalako arrazoirik ez bada. Hala ere, osoko bilkuraren ustez arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako kasuak), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste esleipen batean izanen du aukera, 51. eta 52. artikuluekin bat.

57. artikulua.

Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari utzita, Alesbesen urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Alesbesko Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, erregelamenduaren 14. artikuluak agintzen duen moduan.

58. artikulua.

Ureztatzeko herri-lurretako lurzatien esleipen-hartzaileek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, non ez duen Udalak besterik xedatzen. Herriko ureztaketa batzordeek ezarritakoa ere bete beharko da; dena dela, 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira arau-hausteei dagozkien zehapenak.

Nola nahi den ere, ureztatzeko txandak gordeko dira ureztalur tradizionaletan. Bai ureztalur tradizionaletan bai ihinztagailuz ureztatzen direnetan gertaturiko narrioak erabiltzailearen kontura izanen dira. Obraren behin betiko harreraren ondotik ere, lurren esleipen-hartzailearen esku geldituko da ekipo, hodi, ordenagailu, sare, ihinztagailu eta gainerako elementuen mantentze-lana, gastuak barne.

Uraren eta argiaren gastuak eta zaintzarenak esleipen-hartzailearen kontura izanen dira, baita sortzen ahal diren gastu arrunt guztiak ere, bai ihinztagailuz bai modu tradizionalean ureztatzen diren lurretan.

Era berean, esleipenaldia bukatutakoan, lurzatiek behar bezala eta garbi egon beharko dute, material inorganikorik (plastikoak, ontziak, etab.) gabe.

59. artikulua.

Ureztalurreko lurzati eta loteen herri-larreen onuradunak edo abeltzainak belarra eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen esleipen-hartzaileak, 10 egun gabe, erein nahi baldin badu, abeltzainari esan beharko dio, belarra balia dezan. Ezin izanen du erein 8 egun iragan aitzin.

60. artikulua.

Ez da baimenduko esleipen-hartzaileen artean lurzatiak trukatzea.

61. artikulua.

Dehesas izeneko herri-lurra.

Herri-lur berezia denez gero, araudiari eta erabilerari jarraituz, debekatua dago Alesbesko bizilaguna ez den inori lagatzea edo saltzea Dehesas izeneko herri-lurra erabili eta aprobetxatzeko eskubidea. Hura baliatzeko, interesdunak Alesbesen egon beharko du erroldatua lau urteko antzinatasunarekin, gutxienez; adinez nagusia edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua izanen da, Alesbesko bizilagun gisa egonen da erroldatua bertako biztanleen erroldan bost urteko antzinatasunarekin, urtean bederatzi hilabetez bederen bizi beharko du Alesbesen eta zerga arloko betebeharrak egunean izanen ditu Alesbesko Udalarekin.

Onuradunak erabiltzailetzat hartuko dira kooperatiba, eraldaketarako sozietate (ENS), nekazaritzako entitate edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean. Kideek entitate horietako partaidetzaren %75 baino gehiago izanen dira eta aurreko artikuluan adierazitako baldintzak beteko dituzte.

62. artikulua.

Debekatua dago erabilera lagatu edo saltzea gaur egun lurraz baliatu baina Alesbesko bizilagun ez denari; salbuespena da bizilagun ez denak odolkide bati, hirugarren graduraino, edo Alesbesko bizilagun bati hura eskualdatzea, bizilagunek herri-lurra berreskura dezaten.

63. artikulua.

Regadío Viejo edo Tradicional izeneko lurzatien banaketa (ureztalur berrantolatua)

(Subsidiarioki, ordenantza honen 15., 16. eta 25. artikuluei lotuta).

A) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

Alesbesko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak honako lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko dira:

–Lehenetsitako nekazaritza ustiategi familiarrak, nekazari gazte bat buru edo parte-hartzaile dutenak.

–Lehenetsitako nekazaritza ustiategiak, nagusiki nekazari direnen esku daudenak.

–Alesbesko Udalaren zuzeneko ustiapena.

–Enkante publikoaren bidezko esleipena.

(Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak zehazten duen moduan).

B) Lehenetsitako nekazaritza ustiategi familiarrak, nekazari gazte bat buru edo parte-hartzaile dutenak.

1.–Nekazari gazte bat ustiapen bateko buru dela ulertuko da baldintza hauek betetzen baditu:

–18 urte beteak baina 40 urte oraindik bete gabe izatea. Horretarako, adinez nagusi izatearen balio berekotzat hartuko da ezkontzaren bidez edo guraso-ahala eman izanaren bidez emantzipaturik egotea.

–Nekazarien Gizarte Segurantzan kidetua izatea.

–Nagusiki nekazari izatea (uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 5. artikuluak arautua).

2.–Eskatzaileak 14., 19., 21., 26., 28., 29., 37. eta gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu, esleipen-hartzaileen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

C) Lehenetsitako nekazaritza ustiategiak, nagusiki nekazari direnen esku daudenak.

1.–Nagusiki nekazari dela ulertuko da baldintza hauek betetzen baditu:

–Nekazarien Gizarte Segurantzan kidetua izatea.

–Nagusiki nekazari izatea (uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 5. artikuluak arautua).

2.–Eskatzaileak 14., 19., 21., 26., 28., 29., 37. eta gainerako artikulu orokorretan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu, esleipen-hartzaileen eskubide eta betebeharrei dagokienez.

64. artikulua.

Esleitzeko prozedura:

Esleipena zozketaz eginen da, nekazari gazteek zuzendutako ustiategientzat lehendabizi; ondoren, nagusiki nekazari direnen ustiategientzat eta, gero, Alesbesko Udalaren zuzeneko ustiategientzat. Azkenik, enkante publikoan esleituko da.

Eskatzaile bakoitzaren lote-esleipena, gutxienez, oinarrizko ureztatze azalera adinakoa izanen da.

Artikulu honek dioen moduan, lehendabizi, nekazari gazteen artean banatuko dira loteak eta, gero, nagusiki nekazari direnen artean.

Lurzati baino eskatzaile gehiago izateagatik grabitatez ureztatzen diren loteak banatzeko behar adina lurzati ez bada, lurzati bera bi nekazariri esleitzen ahal zaie, bakoitzak bere laborea errentan eraman dezan. Hogeita bost edo hogeita hamar erreguko azalera izanen du eta ez da zatitu edo banatuko haren oinarrizko ureztatze azalera, eraikuntza proiektuan ezarritakoa. Artikulu honek dioen moduan esleituko da, nekazari gazteek lehentasuna dutela.

Ordenantza honen 14. artikuluan zehaztutako baldintzekin batean, erroldatze agiria barne dela, honako hauek frogatu beharko dira dokumentuen bidez:

A) Nekazari gazteek:

–Nekazari gazte izateko eskubidea frogatzen duen ziurtagiria, administrazio organo eskudunak emana.

–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan kidetua izatea eskaera egunean.

–Interesdunaren idazkia, banku bidez helbideratzea onartzen duela dioena, Udalari lurraren errenta zein finantza entitatetan eta kontu zenbakitan ordainduko dion adierazita.

–Nolako herri-lurretan duen interesa, hura grabitatez edo presioz ureztatzen den.

B) Nagusiki nekazari direnek:

–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan nagusiki nekazari gisa kidetua izatea frogatzen duen kartilla.

–Interesdunaren idazkia, banku bidez helbideratzea onartzen duela dioena, Udalari lurraren errenta zein finantza entitatetan eta kontu zenbakitan ordainduko dion adierazita.

65. artikulua.

Ureztalur bihurtzen direnetik hamabost urtean gutxienez ere, oinarrizko ureztatze azalera adinakoak (eraikuntza proiektuan zehaztua) edo handiagoak izanen dira loteak; bestetik, hektarea batekoa izanen da grabitate bidezko ureztatze sistema tradizionala erabiltzen duten loteen laborantzako gutxieneko unitatea, eta presioz ureztatuz gero, oinarrizko ureztatze azalera adinakoak, laborantzako gutxieneko unitatea bost hektareakoa izanik.

Grabitate bidezko ureztalurren loteetan, hauek dira laborantzako gutxieneko unitatea eta erreguak: 75,98; 73,21; 10,92; 51,71 eta 47,42.

Presio bidezko ureztalurren loteetan, hauek dira laborantzako gutxieneko unitatea eta erreguak: 54,12; 55,68; 60,94; 56,72; 56,47; 56,83; 61,71; 57,48; 51,10;58,87; 55,62;72,26 eta 67,85. (martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea).

66. artikulua.

Toki entitatearen betebeharrak:

–Dagokion finantziazioaren zatia eta egiten diren likidazioak aldez aurretik jartzea.

–Herri-lurretako laborantzako loteen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onestea, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Foru Legeak dioen moduan. Loteen tamaina ez da oinarrizko ureztatze azalera baino txikiagoa izanen eta eskatzen den tamaina izaten jarraituko dute hamabost urtean, ureztalur bihurtzen direnetik.

–Instalazioak modu desegokian erabiltzeagatik egin litezkeen kalteen erantzukizunetik libratzea Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua, eta toki entitate honek konpromisoa hartzea datu garrantzitsuen berri emanen diela Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari edo haren sozietate publikoei ureztatze kanpainetan ezarrita diren edo ezarriko diren laboreei buruz.

67. artikulua.

Zehapen araubidea.

Ordenantza honetan eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

68. artikulua.

Erregelamendu hau, edo hura aplikatzean, Udalaren osoko bilkurako egintza edo erabakiak interpretatzean sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat aurkeztuz ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazioarekikoa jarri aurretik, egintza burutu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurreko baldintzak onetsi dira Regadío Viejo edo Tradicional izenaz ezagutzen dugun eremua ureztalur bihurtzeko obretarako eskatzen diren baldintzak bete daitezen, eta, hortaz, bakar-bakarrik obra horien ondorioz sortutako lurzatien banaketan dute eragina.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

I. ERANSKINA

“Herri-lurretako ordenantza, Regadío Viejo edo Tradicional izeneko ureztalur berrantolatuko ur erabilerari buruzkoa”

I. KAPITULUA

Uraren erabilera

1. artikulua. Sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alesbesko Udalak ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea. Nori, nola eta noiz.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alesbesko Udalak, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzatik Riegos de Navarra SAren bitartez ematen diren jarraibide teknikoekin bat, erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu Regadío Viejo edo Tradicional izeneko ureztatze eremuan ezarritako labore bakoitzarentzat.

2. artikulua. Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alesbesko Udalak ureztatze kanpainan dagoen jabe bakoitzari adieraziko dio, jarri dituen laboreekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagokion kanpaina horretarako.

3. artikulua. Lurzati batean labore mota bat baino gehiago sartu bada, lurzati horretan azalera gehien hartzen duen laborantzari aplikatuko zaizkio erreferentziako kontsumoak.

Eskura diren metro kubiko horiekin bat, Alesbesko Udalak benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

4. artikulua. Fakturazioari dagokionez, I. multzoan sartuko dira eta prezio bat dagokie kontsumitutako prezio kubiko bakoitzetik, eta hartan sartuko dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, harentzat finkatutako metro kubikoak adina edo gutxiago badira; kontsumo handiagoa izaten ahal du, baina %10, gehienez ere.

Ildo beretik, II. multzoan sartuko dira eta, beraz, beste fakturazio prezio bat izanen dute, ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak harentzat ezarritakoak baino %10etik gorakoak badira baina %20tik beherakoak.

Ureztatzailearen kontsumoa harentzat ezarritakoa baino %20tik gorakoa bada, III. multzoan sartuko da eta beste prezio bat izanen du metro kubikoak.

5. artikulua. Alesbesko Udalak, ureztatze kanpaina bakoitzean, multzo bakoitzeko prezioa ezarriko du kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko, eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena aplikatuko da.

6. artikulua. Instalazioak mantentzerakoan fede txarrez edo axolagabekeriaz modu desegokian erabiltzen badira, konponketa gastuak esleipen-hartzailearen gain izanen dira.

II. ERANSKINA

Regadío Viejo edo Tradicional alderdiko herri-lurren aprobetxamendua, ureztalurra Alesbesko Udalaren (Nafarroa) herri-lur bihurtzeko modernizazio eta eraldaketa lanek ukitua

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitako proiektuan ezarritako jarduketa perimetroaren barreneko lurrei aplikatuko zaie araudi hau.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

2. artikulua. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzerako, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseilaritzak Riegos de Navarra SAren bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretan.

3. artikulua. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturatzeko orduan, kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa da ureztatzaileak ordaindu beharreko oinarri finkoa edo I. multzokoa, lan batzordeak proposatu eta Alkatetzak kalkulatua. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

II. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoa baino %10 baino handiagoa baina %20 baino txikiagoa bada; gainditutako kontsumoak zehapena izanen du, I. multzoan metro kubikorako ezarritako prezioa %300 igota.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, lan batzordeak proposaturik, kanpaina bakoitzean ezarriko du I. multzoko metro kubiko kontsumituaren prezioa.

4. artikulua. Erantzukizunak.

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukizuna, hala nola alderdi baterako eta ohiko laborantzetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

5. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek datu garrantzitsuenen berri emanen diete Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari edo enpresa publikoei, haiek hala eskatuta, alderdian ezarrita edo ezarri gogo diren laboreei buruz. Bertzenaz, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

6. artikulua. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

a) Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

b) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

c) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzekoak. Soberako loteak egonez gero, enkante publikoan esleituko dira, aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bestelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak.

Iragarkiaren kodea: L1710046