2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALESBES
Aldaketa, Minden, simaurren eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinen isurtzea arautzen
duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Alesbesko Udalak, 2017ko ekainaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa Minden, simaurren eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinen isurtzea arautzen duen udal ordenantzan. 2017ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Alesbesen, 2017ko abuztuaren 24an.–Alkatea, Delia Linzoain Pinillos.
TESTU ALDATUA, MINDEN, SIMAURREN ETA ABELTZAINTZAKO, NEKAZARITZAKO ETA INDUSTRIAKO BESTELAKO HONDAKINEN ISURTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZARENA
5. artikulua. Debekuak: ondoko esaldia kendu zaio 3. puntuari: “salbu eta haien estankotasuna bermatua badago itxitura hermetikoen bidez.”
Ondoko paragrafoa erantsi zaio 4. puntuari, bukaeran:
“Aipatu baimena espreski eskatu behar da, idatziz, zazpi egun baliodun lehenago, eta aski justifikatua egon behar da baimena jasotzeko.
Ez zaie baimenik emanen aipatu epetik kanpo aurkezten diren eskaerei, salbuespena ez bada dokumentu bidez justifikatzen”.
III. TITULUA
Zehapen araubidea
9. artikulua. Honako paragrafo hau erantsi da:
Zehatzeko ahalmena erabiliko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozesuaren bidez, bai eta Administrazioaren zehapen ahalmena erabiltzeko printzipioen bidez ere (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen III. kapituluko 25. artikulutik 31.era).
10. artikulua. Honela idatzita geratu da: “Alkateari dagokio ordenantza honetan xedatutakoaren arau-hausteak zehatzea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen 11/2004 Foru Legearen 52.2 artikuluak ezartzen duen bezala.
Arau-hausteak oso larriak eta larriak izan daitezke.
A.–Hona hemen arau-hauste oso larriak:
A.1.–Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak isurtzea segurtasun-zerrenden barnean.
A.2.–Bi arau-hauste larri egitea urtebeteko epean.
B.–Hona hemen arau-hauste larriak:
B.1.–Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuak aparkatzea.
B.2.–Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak isurtzea Udalaren saneamendu sarera, bai eta ibaien ibilbideetara, erreketara, areketara, erretenetara, kolektoreetara, bideetara eta antzekoetara.
B.3.–Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak dituzten upelak Alesbesko (Nafarroa) karrika eta zeharbideetan barna eramatea.
B.4.–Mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak finka barnean istiltzea eta laborantzako landalurretik kanpora jariatzea.
B.5.–Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak garraiatzea eta isurtzea ostiraletan, larunbatetan, jai bezperetan, igandeetan eta jaiegunetan, eta herriko festetan, gazteriaren festetan eta inauterietan ere.
B.6.–Ezarritako isurtze-mugak, eguraldia eta haizearen norabidea ez hartzea kontuan mindak isurtzerakoan.
B.7.–Isuritako mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak ez estaltzea, jaso duen landalurraren lurrarekin, bertan bota eta 24 ordu pasa baino lehen.
B.8.–Hondakinek isuri eta ondoko bide, erreten edo finka mugakideak har ditzaten eta kiratsa sor dezaten ez ekiditea”.
11. artikulua. Honela idatzita geratu da:
Zehapenak:
Arau-hauste oso larriak 401 eta 600 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.
Arau-hauste larriak 100 eta 400 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.
12. artikulua. Honela idatzita geratu da:
Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:
a) Erruduntasun maila edo nahita egitea.
b) Arau-haustea jarraitzea.
c) Eragindako kalteak nolakoak diren.
d) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
13. artikulua. Honela idatzita geratu da:
Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteen egitateak direla eta, horien erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoak zehatuko dira. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearekin bat.
Iragarkiaren kodea: L1710041