Iragarkia
178. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 14a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARINOAIN
Ordenantza, Garinoaingo familientzako diru-laguntzen
oinarri arautzaileena. Behin betiko onespena
Garinoaingo Udalak, 2017ko ekainaren 19an egin osoko bilkura berezi eta presakoan, erabaki zuen hasiera batean onestea Garinoaingo familientzako diru-laguntzen oinarri arautzaileen ordenantza.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan eta indarrean jar dadin.
Garinoainen, 2017ko abuztuaren 30ean.–Alkatea, Iñigo Arregui Oderiz.
ERANSKINA
ORDENANTZA, GARINOAINGO FAMILIENTZAKO
DIRU-LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEENA
Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko eta ordaintzeko prozedura garatzea. Baliabide ekonomiko aski ez duten familia unitateei emanen zaizkie diru-laguntzak, zehazten diren premia egoerak edo gizarte-bazterketako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko, betiere legeetan eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte eta oinarri hauetan finkatutako baremo ekonomikoa gainditzen ez badute.
Diru-laguntzek mesede egin nahi diete baliabide ekonomiko gutxi dituzten familiei, beren gizarte-integrazioa errazteko.
Bigarrena.–Entitate deitzailea.
Administrazio deitzailea: Garinoaingo Udala.
Organo emailea: Garinoaingo Udaleko alkatea.
Instrukzio- eta antolaketa-organoa: balorazio batzordea, honako hauek osatua: Tafalla-Orbaibar aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Udalen arteko Batasuneko teknikari batzuk, Garinoaingo Udaleko udalkide batzuk eta gizarte ongizateko zinegotzia (batzordeburu arituko dena).
Garinoaingo Udaleko osoko bilkurari dagokio oinarri arautzaileak onestea.
Hirugarrena.–Gastu diruz lagungarria.
Laguntza ekonomikoak familia unitateei emanen zaizkie, gastu diruz lagungarri hauei dagokienez:
a) Osasunari lotutako gastuak (gastua onesten den ekitaldian gauzatuak): entzumen-protesiak erosi edo ordeztea, preskripzio optikoak, ortopedia, ortodontziako tratamenduak, gaixotasun arraroetarako sendagaiak, elikadura berezia eta autonomia errazten duten laguntza teknikoak (ohe artikulatuak, eskaren kontrako lastairak, garabia...).
b) Elikadurari lotutako gastuak: eskola-jantokirako beka.
c) Hezkuntzari lotutako gastuak: eskola-materiala, eskolaz kanpoko laguntza, eskolako eta eskolaz kanpoko jarduerak, haur-eskolaren tasak eta beste batzuk.
d) Gizarte-integrazioa errazten duten aisia-jardueren gastuak: landa udaleku, kanpaldi, igerileku edo gimnasiorako laguntza, etab.
Laguntza ekonomiko hauek behin bakarrik hartzekoak, finalistak eta subsidiarioak dira, eta, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.
Laugarrena.–Aurrekontuko kreditua, gehieneko zenbatekoa guztira eta diru-laguntzaren banakako zenbatekoa.
Deialdi honetarako gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa da. Aurrekontuko partida “Familientzako laguntzak” izeneko 1 2390 4800 partida da, Garinoaingo Udalaren gastuen aurrekontu orokorrean.
Laguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontu-izendapena existitzea.
Diru-laguntzen guztirakoa ez da inoiz gastu diruz lagunduaren kostuaren %100 baino handiagoa izanen.
Banakako zenbatekoa, gehienez, eta hori zehazteko irizpideak:
1.–Osasunari lotutako gastuak:
a) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak. Osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua, gaixotasun arraroetarako; gehienez ere 200 euro urteko eta pertsonako.
b) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; besteak beste, zentzumenei (entzumenari eta ikusmenari) lotutakoak eta aho-hortzetakoak. Gehienez ere 600 euro urteko eta pertsonako.
c) Autonomia errazten duten laguntza teknikoak (ohe artikulatuak, eskaren kontrako lastairak, garabia, etab.). Gehienez ere 600 euro urteko eta pertsonako.
2.–Elikadurari lotutako gastuak:
Eskola-jantokirako laguntza sartzen da kontzeptu honetan. Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntza jasotzen ez duten eskolatutako adingabeentzat da laguntza. Zerbitzuaren kostuaren %25eko diru-laguntza emanen da; gehienez ere 330 euro ikasturte bakoitzeko.
3.–Hezkuntzari lotutako gastuak:
a) Eskola-materialerako laguntzei dagokienez, gehienez ere kopuru hauek izanen dira urtean:
–Haur Hezkuntzan: gehienez ere 50 euro adingabeko eta urteko.
–Lehen Hezkuntzan: gehienez ere 100 euro adingabeko eta urteko.
–Bigarren Hezkuntzan: gehienez ere 200 euro adingabeko eta urteko.
Erosketaren faktura aurkeztuko da gastua frogatzeko.
b) Amatxi udal haur-eskolaren matrikularako eta hilabeteko kuotatarako laguntzak.
Familiak ordaindu beharreko zenbatekoaren %50eko diru-laguntza emanen da; gehienez ere 300 euro.
4.–Mailakideekiko gizarte integrazioa errazten duten aisiari lotutako gastuak:
a) 13 urtetik beherako adingabeen gizarte integrazioa errazten duten igeriketa ikastaroak.
Udako igeriketa ikastaroaren %70eko diru-laguntza emanen da.
b) Orbaibar garatzeko elkarteak antolatutako landa udalekuak.
Jardueraren kostuaren %80ko diru-laguntza emanen da; gehienez ere 200 euro eskatzaile bakoitzeko.
5.–Gehieneko zenbatekoa.
Diruz lagundutako kontzeptu guztien batura gehienez ere 600 euro izanen da familia eta urte bakoitzeko.
Deialdi honen ondorioetarako, fakturan edo aurrekontuan ageri den prezioa izanen da kostua, eta hirugarrenen beste laguntza edo estaldura batzuekin laguntzarik edo estaldurarik gabe gelditzen den zatiak bakarrik izaten ahal du diru-laguntza, eta, gehienez ere, adierazitako kopuruek.
Familia unitate onuradunek behar adina laguntza eska dezakete, zein diren laguntza jasotzen duen familia unitateko kidearen beharrak, horren arabera. Kide berarentzat ezin izanen da laguntza bat baino gehiago eskatu elementu bererako.
Bosgarrena.–Onuradun izateko baldintzak.
Onuradun izaten ahalko dira diru-laguntza emateko egoeran dauden familia unitateak, jarraian azaltzen diren inguruabarretan badaude, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekuetakoren bat ere ez badute, betiere diru-laguntzaren izaera dela-eta haren gaineko arauetan salbuespenen bat egiten ez bada.
Bizikidetzako familia unitateek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntza eskatu ahal izateko:
a) Laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren familia unitateko kide guztiak Garinoaingo udalerrian egiazki bizitzea eta hor erroldatuta egotea, eskaeraren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
b) Familiako kideen bizikidetza. Deialdi honen ondorioetarako, bizikidetzako familia unitateak dira ondokoek osatzen dituztenak: legez banandurik ez dauden ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, bai eta haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.
Bikotea banandu edo dibortziatu bada, adingabearen bizikidetzako unitatearen diru-sarrerak hartuko dira kontuan errenta zehazteko, dagokion banantze edo dibortzio epaiaren arabera. Zaintza partekatuaren kasuetan, bi gurasoen familia unitateen diru-sarrerak hartuko dira kontuan.
c) Bizikidetzako familia unitatearen baliabide ekonomikoek ezin dituzte urteko diru-sarrera hauek gainditu:
–Kide bateko familia: LGSaren %130.
–Bi kideko familia: LGSaren %170.
–Hiru kideko familia: LGSaren %190.
–Lau kideko familia: LGSaren %210.
–Bost kideko familia (edo handiagoa): LGSaren %230.
Familia unitate onuradun izateko baldintzak frogatzeko, seigarren oinarrian ezarritako agiriak eta informazioa aurkeztuko dira eskabidearekin batera.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarri arautzaileak onartzea.
Larrialdi sozialeko inguruabar bereziak dituztenak eta/edo premia handiko egoeran daudenak salbuetsita daude Diru-laguntzei buruzko Legearen 13.2.e) artikuluan ezarritako betebeharretatik, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izateari dagokionez.
Seigarrena.–Eskabidea eta agiriak aurkeztea.
a) Aurkezteko tokia:
Eskabideak Garinoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Udaletxe plaza, 1), Tafalla-Orbaibar aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Udalen arteko Batasunean (Nafarroa plaza, 7, Tafalla) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozeinetan.
b) Eskabideak aurkezteko epea:
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta aurtengo urriaren 31n amaituko da.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
c) Eskaerak eta agiriak aurkezteko modua:
Interesdunak sinatuko beharko du eskabidea edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza. Deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliko da.
Eskabidea aurkeztearekin baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen beste edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.
d) Eskabidearekin batera honako agiri eta informazio hauek aurkeztuko dira:
–Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, hari dagozkionak: eskatzailearen NANa/AIZa/pasaportea.
–Erantzukizunpeko adierazpena, dioena eskatzaileak Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko baldintzak orokorrak betetzen dituela, salbu larrialdi sozialeko inguruabar bereziak izateagatik eta/edo premia handiko egoeran egoteagatik salbuetsita badago Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2.e) artikuluan ezarritako betebeharretatik, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izateari dagokionez, bai eta oinarri arautzaile hauetako berariazko baldintzak ere. II. eranskinean ageri den eredua erabiliko da.
–Kontzeptu diruz lagungarriaren kostua frogatzeko agiria: ordainketaren frogagiria, banku-laburpena edo, eskudirutan ordaindu bada, ordainketa egin dela eta ordainketaren kontzeptua adierazten duen agiri sinatu eta zigilatua aurkeztuz. Ordainketa epeka egin bada, finantzaketaren agiria aurkeztuz justifikatuko da. Familiak ezin badu ordaindu, kontzeptu diruz lagungarriaren aurrekontua.
–Gastu diruz lagungarriei dagokienez, familia unitateari emandako laguntza ekonomiko guztien adierazpena, diru-laguntzaren bateragarritasuna eta zenbatekoa baloratzeko.
–Familia unitateko kide guztien diru-sarreren frogagiriak: errenta aitorpena edo antzeko agiria.
–Intereseko beste agiri batzuk, diru-laguntza zehazteko behar den egoera ekonomikoa frogatzeko.
–Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko.
–Diru-laguntza emateko irizpideei dagokienez baliarazi nahi diren agiriak.
Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileen erroldatzea eta/edo bizikidetza, betiere ofizioz egiaztatzeko baimena aurkezten bada.
Agiriek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, kopia konpultsatuak edo indarra duen legeriaren arabera egiazkotzat jotzen diren kopiak.
Eskaerak ez baditu betetzen oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, akatsa zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Zazpigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.
Balorazio batzordeari dagokio espedientea instruitzea eta laguntzen eskaerak baloratzea oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.
Diru-laguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, jarraian azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz.
a) Familia unitatearen errenta.
Batez besteko errenta eskuragarri garbia, pertsona eta hilabete bakoitzeko, honela lortuko da: familiaren diru-sarrera guztien batuketa zati familia unitateko kide kopurua.
Kide bakarreko familia unitateen kasuan, zati 1,5 eginen da.
Diru-sarrera horietatik kenduko da pentsio konpentsatzaile gisa pagatutakoa eta seme-alabei pagatu beharrekoa, baldin eta seme-alabak familia unitatean sartzen ez badira banantze edo dibortzio prozedura batengatik.
Kontzeptu horren puntuazioa lortzeko, eskala hau aplikatuko da:
OAEAPren EHUNEKOA pertsonako eta hilabeteko | PUNTUAK |
OAEAPren %50 baino gutxiago | 25 puntu |
OAEAPren %60 arte | 23 puntu |
OAEAPren %70 arte | 20 puntu |
OAEAPren %80 arte | 30 puntu |
OAEAPren %90 arte | 15 puntu |
Gehienez ere 25 puntu eskuratuko dira.
b) Familia unitatea:
Bakarrik bizi den adinduna, kotizazio gabeko pentsioaren edo antzeko baten onuraduna: 10 puntu.
c) Osasun egoera:
Baliaezintasuna dakarren patologia egiaztaturen bat edo desgaitasunen bat duen ahaide batekin bizi da: 5 puntu.
d) Familia egoera:
Bere kargura dagoen eta diru-sarrerarik ez duen 65 urtetik gorako ahaide batekin bizi da: 5 puntu ahaide bakoitzeko. Gehienez ere 15 puntu eskuratuko dira atal honetan.
e) Familian esku-hartzeko eta familiari laguntzeko udal programa edo proiektu batean sartuta dagoen familia unitatea, adingabeen garapen arrunta ukitzen duten arrisku faktoreak izateagatik.
–Laguntzen du: 10 puntu.
–Ez du laguntzen: 0 puntu.
f) Deserrotze edo gizarte-bazterketa egoera: 10 puntu.
Balorazio batzordeak ebaluazioaren emaitzaren txostena eginen du. Bertan agertu beharko da onuradunek laguntza ekonomikoak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela, eta balorazio irizpideak aplikatzetik sortzen den lehentasun ordena ezarriko da. Orden horren arabera ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, eta ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.
Lehentasun ordena ezarri ondoren, laguntza ekonomikoa hainbanatuko da baldin aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada puntuazio bera duten onuradun guztiei erantzuteko. Gehieneko zenbatekoa (600 euro) lortu duten eskatzaileen kasuan, hainbanaketan aplikatu behar den murrizketa-portzentajea gehieneko zenbateko horri aplikatuko zaio.
Ebazpen proposamena igorri ondoren, Garinoaingo Udaleko alkateari dagokio diru-laguntzak emateko ebazpena ematea. Arrazoitua izanen da, eta ondokoak adierazi beharko ditu espresuki: diru-laguntza jaso duen pertsona eskatzailea, zenbatekoa, gastu diruz lagungarria eta, eskaeraren bat ezetsiz gero, horren eskatzailea.
Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat jakinaraziko zaio pertsona eskatzaileari.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
Zortzigarrena.–Ordainketa.
Laguntzak ordainketa bakar batean pagatuko dira, transferentzia bidez ordaintzeko eskabidean adierazitako kontu korrontean. Horretarako, egindako gastuaren faktura (edo haren kopia konpultsatua) eta faktura horren ordainketa frogatzen duen agiria aurkeztuko dira hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Ordainketa epeka egin bada, finantzaketaren frogagiria aurkeztuz justifikatuko da.
Bederatzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.
a) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.
b) Laguntzak jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, onuradunek horren berri eman beharko diote Garinoaingo Udalari, aldaketa izan eta 10 egun balioduneko epean.
c) Onuradunek Garinoaingo Udalak eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten dituzten kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta organo kudeatzaileak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.
Hamargarrena.–Laguntzen bateragarritasun araubidea.
Oinarri arautzaile hauetan araututako laguntza ekonomikoak bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk helburu bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin. Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen gastu diruz lagunduaren kostua baino handiagoa, hala bakarrik nola beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.
Hamaikagarrena.–Laguntza itzultzea.
1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, hartutako diruak itzuli beharko dira eta berandutze-interesak ordaindu, diru-laguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.
2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 38/2003 Lege Orokorrean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.
Hamabigarrena.–Publizitatearen araubidea.
Oinarri hauen babesean ematen diren diru-laguntzak ez dira argitaratuko diru-laguntzaren xedea dela-eta onuradunaren datuen argitaratzea ohorearen, errespetuaren eta babesaren aurkakoa edo pertsona fisikoen intimitate pertsonal edo familiarraren aurkakoa badaiteke, Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta erregulazio-arauetan aurreikusita dagoenean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8.b) artikuluarekin bat.
Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:
Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.
Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
Iragarkiaren kodea: L1710154
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
