178. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Ordenantza, ehiza-barrutiaren kudeaketa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2017ko ekainaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Cascanteko NA-10071 ehiza-barrutiaren kudeaketa arautzen duen ordenantza.

Iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2017ko uztailaren 6an argitaratu ondotik, alegazioak aurkeztu zituzten PSN udal taldeak eta José Luis Miramón Bellido eta 26 pertsona gehiagok.

Aurkeztutako alegazioak ebatzirik, Cascanteko Udalak, 2017ko abuztuaren 31n egin osoko bilkuran, Ebazpena eman zuen aldaketak sartuz eta ordenantzaren behin betiko testua onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen, behar diren ondorio juridikoak sor ditzan.

Ordenantzaren onespen erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. eta 112.3 artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Cascanten, 2017ko irailaren 4an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

ORDENANTZA, CASCANTEKO NA-10071 EHIZA-BARRUTIKO EHIZA-APROBETXAMENDUAREN UDAL KUDEAKETA
ARAUTZEN DUENA

TITULU BAKARRA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak eta kontzeptuak

1. artikulua. Xedea.

1.1. Ordenantza honen xedea da arautzea Cascanteko Udalak eginen duen zuzeneko kudeaketa, Cascanteko NA-10071 ehiza-barrutiko aprobetxamenduaren gainean, ehizari buruzko araudi sektorial aplikagarriarekin bat eta arloaren gainean eskumena duen organoak ematen dituen baimenekin.

1.2. Aipatu ehiza-barrutiak 5.555 hektareako azalera du, behin kenduta ehiza-barrutitik berariaz ateratzeko eskatu zuten jabetza partikularren azalera eta hiriguneena.

1.3. Halaber, ordenantza honen xedea da arautzea hirugarrenei ematen zaizkien baimenak (ehiza-txartelak), Cascanteko ehiza-barrutiko aprobetxamendua baliatzeko, ezartzea ordainarazteko kanonak eta erregulatzea diziplina araubidea.

2. artikulua. Ehiza-eskubidearen erabilera NA-10071 ehiza-barrutian.

2.1. Cascanteko ehiza-barrutian ehizatzeko eskubidea izango dute ordenantza honetan araututako baimenetako bat eskuratzen duten pertsona fisikoek, baldin eta betetzen badituzte Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezartzen diren betebeharrak, eta aurrez ordaindu badute dagokion tasa.

2.2. Ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, herriko eta kanpoko ehiztariak bereizten dira, honela definitzen direnak:

2.2.1. Herriko ehiztariak: herriko ehiztaritzat hartuko dira:

a) Cascanten gutxienez bi urtez jarraian erroldaturik dauden pertsonak edo Cascanten gutxienez bi urtez jarraian erroldaturik dagoen pertsona batekin bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko lotura duten pertsonak.

b) Cascanten jaioak izanik, herrian gutxienez 10 urtez jarraian erroldaturik egon diren pertsonak.

c) Cascanten erroldaturik ez dauden pertsonak, Cascanteko barrutian gutxienez 10 hektareako eta gehienez 25 hektareako azalera duten lurren titular erregistratu direnak, beti ere beste barrutirik erabiltzen ez dutenean.

d) Cascanten erroldaturik ez dauden pertsonak, Cascanteko barrutian 25 hektareatik gorako azalera duten lurren titular erregistratu direnak, beste barrutirik erabiltzen badute edo ez badute ere.

e) Azken hiru urteetan herriko ehiztari gisa Cascante herriko ehiztarien elkarteko kide izan direnak.

2.2.2. Kanpoko ehiztariak: herriko ehiztari direla frogatu ezin duten ehiztari guztiak.

Kanpoko ehiztariek soilik ehizatu ahalko dute Tutera-Tarazona 121 errepide nazionalaren ezker aldean kokaturiko lurretan eta birigarroaren denboraldian.

3. artikulua. Baimenak.

3.1. Ehizan aritu ahal izateko baimenak pertsonalak izango dira eta, beraz, besterenezinak; hortaz, baimenaren titularrak bakarrik erabiltzen ahalko du.

3.2. Udal titulartasuneko NA-10071 ehiza-barrutian, legez baimendutako sasoietan baizik ezin izango da ehizan aritu, baimendutako espezieak harrapatzeko, eta ehizari buruzko legeria sektorialean eta ehiza-barrutia antolatzeko planean ezarritako mugaketen barruan betiere.

3.3. Cascanteko Udalak beretzat gordetzen du ehizarako sasoiak eta egun baliodunak egokitzeko eskubidea, arloari buruzko indarreko araudiarekin bat, eta inguruabarrek horretarako bidea ematen badute.

3.4. Cascanteko ehiza-barrutia antolatzeko planean jasotzen da zein izango den ehiztarien gehieneko kopurua.

4. artikulua. Baimen motak.

Udalak ondoko baimen motak eman ahalko ditu:

a) Urteko txartela herriko ehiztariendako: udan ehizatzea baimentzen du, ehiza denboraldian, baimen bereziak ematen diren aldietan eta ehiza larria, orkatzak bakar-ehizan harrapatzea izan ezik.

b) Urteko txartela kanpoko ehiztariendako: ehiza denboraldian ehizatzea baimentzen du, Tutera-Tarazona 121 errepide nazionalaren ezker aldean.

c) Eguneko txartela untxiengatiko kalteak kontrolatzeko: untxiak ehizatzea baimentzen du, bai ehiza denboraldian bai untxiak ehizatzeko baimen bereziak ematen diren aldietan. Kanpoko ehiztariek ezin izango dute zakurrik erabili ehizarako.

d) Txartela orkatzak bakar-ehizan harrapatzeko (3 ateraldi). Orkatzak bakar-ehizan harrapatzeko txartela eskuratzeko lehentasuna izango dute herriko ehiztariek.

e) Protokoloko doako eguneko gonbidapenak.

5. artikulua. Ehizarako baimenak eskuratzea.

A) Baimen arruntak.

5.1. Herriko ehiztariak.

5.1.1. Baimen edo txartelen eskaerak.

Cascanteko Udalak 15 egun naturaleko epea ezarriko du (uztailaren 1etik 15era) herriko ehiztariek baimena edo urteko txartela eska dezaten, eta jendaurrean egongo da ediktuen oholean eta web-orrian dagokion iragarkia paratuz.

Eskaerak egiteko eskabidea aurkeztuko da, I. eranskinean ageri den ereduaren arabera, Cascanteko Udalari zuzendua, eta honako dokumentazio hau erantsiko zaio:

–NANaren kopia konpultsatua eta indarreko ehiza-lizentziarena.

–Eskatzaileak herriko ehiztari izateko bete beharreko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa.

–Erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

5.1.2. Ebazpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkate udalburuak, herriko ehiztari izateko ordenantza honetan eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, ebazpena emango du, eskatutako baimen edo txartelak emanez edo ukatuz.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik hilabete batera ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunez ezetsi direla ulertuko da.

5.2. Kanpoko ehiztariak.

5.2.1. Baimen edo txartelen eskaerak.

Herriko ehiztariendako ehizarako baimen edo txartelen eskaerak ebatzi ondoren, Cascanteko Udalak 15 egun naturaleko epea ezarriko du (irailaren 20tik urriaren 5era) kanpoko ehiztariek baimena edo urteko txartela eska dezaten, eta jendaurrean egongo da ediktuen oholean eta web-orrian paratuz.

Eskaerak egiteko eskabidea aurkeztuko da, II. eranskinean ageri den ereduaren arabera, Cascanteko Udalari zuzendua, eta honako dokumentazio hau erantsiko zaio:

–NANaren kopia konpultsatua eta indarreko ehiza-lizentziarena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

5.2.2. Ebazpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, alkate udalburuak, kanpoko ehiztari izateko ordenantza honetan eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, ebazpena emango du, eskatutako baimen edo txartelak emanez edo ukatuz.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik hamabost egun naturalera ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunez ezetsi direla ulertuko da.

5.3. Ehizatu ahal izateko, baimena edukitzeaz gainera, ehiztariek dagokien kanona ordainduta eduki behar dute, ordenantza honen 16. artikuluan ezarritakoa, eta Cascanteko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izan behar dituzte.

Kanona ordaindu ondoren, Udalak ehizan ibiltzeko gaitzen duten txartelak emango dizkie ehiztariei.

5.4. Cascanteko ehiza-barrutian sartzen diren herriko eta kanpoko ehiztariak, bertan jarraitzeko asmoz egiten dutela ulertuko da; hortaz, hurrengo denboraldietan automatikoki berrituko dizkie baimenak edo urteko txartelak eta dagokien kanona kobratuko die. Berritze automatiko horrek ondorioak izan ditzan, ehiztariak dagokion denboraldiko kanona ordaindua izan beharko du eta egunean edukiko ditu bere zerga-betebeharrak Cascanteko Udalarekin.

Cascanteko ehiza-barrutian jarraitu nahi ez duen ehiztariak horren berri eman beharko du, eskabidea aurkeztuz Cascanteko Udaleko erregistro orokorrean, urte bakoitzeko maiatzaren 15etik 31ra bitartean.

B) Baimen bereziak untxien kalteak direla-eta.

Untxia ehizatzeko eguneko baimena lortzeko interesa dutenek, telefono bidez harremanean jarri beharko dira ehiza-barrutiko ehizazainarekin, hari eskabidea emateko III. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Ehiza-barrutiko ehizazainak egiaztatuko du eskatzaileak ehizarako baldintza guztiak betetzen dituela eta ehizarako baimena emango dio, eskatzaileak kanona ordaindua duela egiaztatu ondoren.

Untxia ehizatzeko eguneko baimena lortzen dutenek soilik ehizatu ahalko dute herriko ehiztari batekin edo barrutian lurrak dituen nekazari batekin batera badoaz.

6. artikulua. Cascanteko ehiza-barrutiko ehiztari izateari uztea.

Cascanteko ehiza-barrutiko ehiztari izateari uzten zaio arrazoi hauengatik:

a) Berariaz uko egiteagatik.

b) Kanona ez ordaintzeagatik.

c) Cascanteko ehiza-barrutiko ehiztari izateko baldintzak eta betekizunak ez betetzeagatik.

d) Zehapen baten ondorioz.

7. artikulua. Ehiztariaren betebeharrak.

7.1. Ehiztariek bete behar dituzte ehizaren arloan indarra duen legeriarekin bat ezarritako betebeharrak eta, zehazki, ondoko hauek:

–Nafarroako Foru Komunitateko ehiza-baimena indarrean izatea eta Cascanteko ehiza-barrutian ehizan aritzeko betebeharrak betetzea.

–Dagokion ehiza-aprobetxamenduaren kanona Cascanteko Udalari ordaintzea.

–Edukitzea federazioaren lizentzia, S motakoa, eta indarrean den aseguru-poliza bat, ordenantza honen IV. eranskinean azaltzen diren estaldurak dituena.

–Dokumentazioa, baimenak eta kanona ordaindu izanaren egiaztagiria erakustea eskatzen zaizkion unean.

–Udalak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztea, eskatzailea kirol-ehizan aritzeko legez gaituta dagoela egiaztatzeko, edo, baimena lortu ondotik ere gaituta jarraitzen duela ziurtatzeko.

–Cascanteko Udalari jakinaraztea Nafarroako Gobernuan arloari buruzko eskumena duen departamentuarekin lankidetzan aritzeko betebeharra konplitzen duela frogatzen duten datuak, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 20. artikuluan xedatuaren arabera.

–Ehizan ikusitako edozein anomaliaren berri ematea ehizazainari; bereziki, ezkutuko ehiza, baimendu gabeko ehiza tekniken erabilera edo debekualdian ehizatzea.

–Indarra duen araudia betetzea eta ehizak ondasunetan eta pertsonengan eragindako kalteen erantzukizuna bere gain hartzea.

–Ehizan aritzeko segurtasuneko arau orokorrak eta berariazkoak betetzea.

7.2. Betebeharrak ez betetzeak berarekin ekartzen ahalko du dagokion arau-haustea egitearen ondoriozko zehapena, ordenantza honen VIII. kapituluan xedatuaren arabera.

8. artikulua. Nekazarien eta finka-jabeen betebeharrak.

8.1. Ehiza-barrutian sartutako lurren jabeek eta/edo errentariek beren gain hartuko dituzte Cascanteko Udalak, untxien kalteak saihesteko, unean-unean egoki jotzen dituen labore eta azpiegituretako prebentzio neurriak.

8.2. Nekazariek ehiza-barrutiko ehizazainari jakinaraziko diote zer lurzatitan eginen duten ereitea edo landaketa, hura egin baino 15 egun natural lehenago gutxienez, landaketa berrietan ehiza-animaliek kalteak eragiten ahal dituztela aurreikusirik.

8.3. Nekazariek eta ehiza-barrutian sartutako lurren jabeek eta/edo errentariek Cascanteko Udalarekin elkarlanean aritu beharko dute, beren finketan eta azpiegituretan gerta daitezkeen kalteen jatorria minimizatze aldera, honako lanak, besteak beste eginez: odoleztatzeak, sasiak eta untxiek babesteko erabiltzen dituzten bestelako eremuak garbitzea, eskumena duen erakunde ofizialaren baimena eduki ondoren.

II. KAPITULUA

Herriko ehiztarien eta nekazarien parte-hartzea

9. artikulua. Ehizaren arloko kontsulta batzordea.

9.1. Ehizaren arloko kontsulta batzorde bat eratu da, honako helburuak dituena:

a) Ehiza arloan dauden gizarte eragileen arteko harremanei eta beraien eta Cascanteko Udalaren artekoei mesede egitea.

b) Ehiza jardueran eragiten duten alderdiak oro kontuan hartzea, ondorioak aztertuz eta gauzatu beharreko neurriak proposatuz.

c) Udalaren ehiza denboraldia, egindako jarduerak eta hartu beharreko neurriak urtean behin ebaluatzea, uneoro biztanleriaren gaur egungo eskarira egokitzeko.

9.2. Batzorde horretako kide izango dira honako hauek:

–Alkatea.

–Udaleko zinegotzi bat, Cascanteko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko edo hautesle-elkarte bakoitzetik.

–Ehiza barrutiko 2 ehiztari, Cascanteko ehiztariek hautatuak.

–Cascanteko 2 nekazari, ehiza-barrutian sartutako lurren jabe diren nekazariek eta/edo errentariek hautatuak.

III. KAPITULUA

Cascanteko NA-10071 ehiza-barrutiko ehiztarien errolda

10. artikulua. Ehiztarien errolda.

2017/2018 ehiza denboraldia hasita, ehiztarien errolda egingo da, kontuan hartuta herriko nahiz kanpoko ehiztariei emandako txartelak, urtekoak zein egunekoak.

11. artikulua. Cascanteko NA-10071 ehiza-barrutiko ehiztarien erroldak honako datu hauek izango ditu:

a) Ehiztariaren identifikazioa: izen-deiturak eta NANa.

b) Posta helbidea, telefono mugikorra eta posta elektronikoaren helbidea.

c) Herriko edo kanpoko ehiztaria izatea.

d) Ehiztariaren asegurua: poliza zenbakia eta aseguru-entitatea.

e) Ehiza-barrutian sartzeko erabiliko duten ibilgailuaren matrikula, marka eta modeloa.

f) Baimen edo txartel mota.

12. artikulua. Ehiztarien erroldan izena ematea.

Cascanteko ehiza-barrutiko ehiztarien erroldan 2017/2018 denboraldirako alta emango zaie, ehiza-barrutian ehizatzeko beharrezko baldintzak beterik, dagokion baimena eskuratu eta dagokion tasa ordaindu duten ehiztariei.

13. artikulua. 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa betetzea.

“Cascanteko ehiza-barrutiko ehiztarien errolda” eratu da, eskatzaileek emandako datuen tratamenduaren ondorioetarako, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Erroldak ezaugarri hauek ditu:

–Xede eta erabilera aurreikusiak: herriko ehiza-barrutiko ehiztarien errolda sortu eta mantentzea, baldintzak betetzen diren kontrolatzea eta dagokion tasa kobratzea.

–Datuak nondik eta nola biltzen diren: datuak interesdunek edo haien ordezkariek ematen dituzte, eskaera idatziaren bidez eta dokumentuak aurkeztuz.

–Pertsona eta kolektibo ukituak: herriko nahiz kanpoko ehiztariak.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura:

  • Identifikazio datuak: izen-deiturak, posta helbidea eta helbide elektronikoa, IFZ, telefonoa.
  • Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.
  • Bestelako datuak: herriko edo kanpoko ehiztaria izatea.

–Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

–Datuen komunikazioa: Segurtasun Indar eta Kidegoak (15/1999 Legearen 11.2.d) art.), Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko Departamentua, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8.2.h) artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Organo arduraduna: Cascanteko Udala.

–Zer zerbitzutan baliatu daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Cascanteko Udala.

–Segurtasun maila: ertaina.

–Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Erregistro Orokorrari emango zaio fitxategiaren berri.

14. artikulua. Ehiztarien erroldan baja ematea.

Ehiztarien erroldan baja emango zaie, automatikoki, dagokion kanona igorri eta hura ordaintzen ez dutenei.

IV. KAPITULUA

Ehiza-barrutiaren kudeaketa-gastuetarako eta habitatak
hobetzeko laguntza

15. artikulua. Habitatak hobetzea.

Cascanteko Udalak ehiza-barrutiaren kudeaketatik eskuratutako diru-sarreren %25a inbertituko du urtero, ehiza-espezieen habitata hobetzeko; sarrera konputagarriak, Ehizari buruzko Erregelamenduaren (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretua) 8. artikuluko d atalaren arabera.

V. KAPITULUA

Gonbidapen izendunak

16. artikulua. Gonbidapen izendunak.

Alkateak, protokoloko konpromisoei erantzuteko, ehiza-barrutian ehizatzeko gonbidapenak ematen ahalko ditu, honako baldintza hauetan:

–Gonbidapenak izendunak izango dira, edonola ere, eta bertan adieraziko dira gonbidatuaren izen-deiturak eta NANa, bai eta ehiza-barrutiko ehizazainak eskatzen duen beste edozein ere (asegurua, ibilgailua, ehiza-baimena, etab.).

–Gonbidapenak ehiza-egun zehatz baterako izango dira, eta haietan adieraziko da data berariaz.

–Ezin izango da 3 gonbidapen baino gehiago eman egunean.

–Izenarekin erregistratu behar dira eta eman direla jakinaraziko zaie ehizaren arloko kontsulta batzordeari eta Tokiko Gobernu Batzarrari.

VI. KAPITULUA

Baimenengatiko kanona

17. artikulua. Kanonak eta hobariak.

17.1. Cascanteko NA-10071 ehiza-barrutian ehizan aritzeko baimenengatik (edo txartelak), honako kanon hauek ezartzen dira, modalitateen arabera:

17.1.1. Kanona herriko ehiztarien urteko txartelarengatik: 140 euro.

17.1.2. Kanona kanpoko ehiztarien urteko txartelarengatik: 600 euro.

17.1.3. Kanona untxien kalteak direla-eta eguneko txartelarengatik: 15 euro

17.1.4. Kanona herriko ehiztariek orkatzak bakar-ehizan harrapatzeko txartelarengatik: 50 euro.

17.1.5. Kanona kanpoko ehiztariek orkatzak bakar-ehizan harrapatzeko txartelarengatik: 400 euro.

17.2. Herriko ehiztari gazteen artean ehiza sustatzeko asmoz, adinaren araberako honako hobari hauek ezartzen dira.

–14 eta 17 urte arteko herriko ehiztariak: kanonaren %50.

–65 urtetik gorako herriko ehiztariak: kanonaren %50.

17.3. Untxiaren kilometroko ugaritasun indizea (KUI) arlo horretan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak gomendatzen duena baino handiagoa bada, untxiak ehizatzeko doako baimenak eman ahalko ditu Udalak.

17.4. Ezarritako ordainarazpenak urtero aldatzen ahalko dira, udal tasak eta tarifak aldatzeko ezarritako prozeduraren arabera.

17.5. Kanona ondotik ematen diren egunetan ordainduko da:

17.5.1. Herriko ehiztarien txartela: abuztuaren 1etik 10era, biak barne.

17.5.2. Kanpoko ehiztarien txartela: urriaren 16tik 25era, biak barne.

Cascanteko Udalak igorritako ordainketa-gutunaren bidez ordainduko da kanona, eta bertan adierazten diren finantza entitateetan egingo da diru-sarrera. Ordainketa-gutun hori, finantza entitateak behar bezala izenpetu eta zigilatua edo mekanikoki balioztatua, ordainketaren urteko frogagiria izanen da. Ehiza-barruti horretan ehizan aritu bitartean, aldean eraman beharko da frogagiri hori, Cascanteko ehiza-barrutikoa dela frogatzen duen agiriarekin edo txartelarekin batera.

Hala ere, untxien kalteak direla-eta untxiak ehizatzeko eguneko txartelak kreditu txartelarekin ordaindu ahalko zaizkio ehiza-barrutiko ehizazainari.

Kanona kobratu ondoren, Udalak ehizarako txartelak edo baimenak emango ditu.

17.6. Baimena emanik, ordaindutako zenbatekoa ez da itzuliko.

17.7. Ordenantza hau aplikatuko den lehenengo ehiza-denboraldia igarota eta Cascanteko ehiza-barrutiko ehiztarien errolda eratuta, urteko tasaren ordainketa banku-helbideratze bidez egingo da. Kasu horretan, ordainagiriak denboraldia ordaindu dela frogatzeko balioko du. Ordainagiria ordaintzen ez bada, baja emango zaio ehiztariari Cascanteko ehiza-barrutian.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

18. artikulua. Arau-hausteak.

Ehizari buruzko legeria sektorialean ezarritako arau-hauste eta zehapenez gainera, zehatzeko eskumena Nafarroako Gobernuko organo eskudunei baitagokie, honako zehapen araubidea ere ezartzen zaio ordenantzari.

18.1. Arau-hausteak.

–Hona arau-hauste arinak:

a) Ehizan aritzea dagokion kanona ordaindu gabe.

b) Ehizan aritzea Udalaren baimena lortu gabe.

c) Ehiza-barrutia kudeatzeko barne-araudiaren ez-betetze guztiak, arau-hauste larriak edo oso larriak ez badira.

–Hona arau-hauste larriak:

a) Cascanteko ehiza-barrutiko mugaketak aldatzea, hesolak mugituz, kenduz edo berriak gehituz.

b) EAPan zehaztutako mugak ez errespetatzea ehiza-aprobetxamendu desberdinetan.

c) Ehiza-barrutiko ehizazainak eman jarraibideen ez-betetze oro, bai eta hura ez errespetatzea ere.

–Hona arau-hauste oso larriak:

a) Kalteak eragitea Cascanteko ehiza-barrutiko nekazaritzako lurzatietan eta beste edozein azpiegituretan, ehizan aritzeagatik.

19. artikulua. Zehapenak eta berrerortzea.

Zehapen hauek ezarri dira:

a) Zehapena, arau-hauste arinengatik: 300 euro arteko isuna.

b) Zehapena, arau-hauste larriengatik: 301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna eta dagokion udal-baimena hilabeterako kentzea.

c) Zehapena, arau-hauste oso larriengatik: 601 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna eta dagokion udal-baimena hiru hilabetetarako kentzea.

Arau-hauste larriak eta oso larriak behin eta berriz egiteak berarekin ekarriko du dagokion udal-baimena berehala kentzea.

Adierazitako zehapenak ezartzeko, kontuan hartuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 25. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako zehapenak graduatzeko printzipio eta irizpideak, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zehapen-prozedura aplikatuko da.

Arestian arau-hauste eta zehapenei buruz ezarritakoaz gainera, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen ehiztariak ehizan aritzeko eskubidea ere galduko du denboraldia bukatu bitarte, eta ez du ehizan aritzeko geratzen zaizkion egunengatik legozkiokeen kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik izango, alde batera utzita Udalak jasanarazten ahal dizkiola sortutako arazoa konpontzeko gastuak.

20. artikulua. Arau-hausteak zehatzeko eskumena.

Gobernu Batzarra izango da arau-hausteak zehatzeko organo eskuduna.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta Cascanteko Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egongo da indarrean.

I. ERANSKINA

Urteko txartela eskuratzeko eskabidea, herriko ehiztariendako.

II. ERANSKINA

Urteko txartela eskuratzeko eskabidea, kanpoko ehiztariendako.

III. ERANSKINA

Txartela eskuratzeko eskabidea, untxien kalteak direla-eta.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

IV. ERANSKINA

Deskripzioa: istripu-asegurua (berezko kalteak) + erantzukizun zibila + defentsa juridikoa.

EHIZTARIEN ISTRIPU-ASEGURUAREN PRESTAZIOAK

PRESTAZIOAK

KAPITAL ASEGURATUA

Ehiza ekintzan hiltzea

42.100 euro

Baliaezintasun handia edo baliezintasun iraunkor absolutua

42.100 euro

Baliezintasun iraunkor erabatekoa, baremoaren arabera (oinarri kapitala)

42.100 euro

Baliezintasun iraunkor partziala, baremoaren arabera (oinarri kapitala)

42.100 euro

Laguntza mediko-kirurgikoa eta osasun zaintzakoa

Mugarik gabe (*)

Laguntza farmazeutikoa eta ospitalekoa

Mugarik gabe (*)

Protesien eta ospitaleko osteosintesirako gastuak

Mugarik gabe (*)

Errehabilitazio gastuak

24 hilabete

Erantzukizun zibileko eta defentsa juridikoko aseguruen gehieneko mugak ezbeharrengatiko indemnizazioetan:

PRESTAZIOAK

KAPITAL ASEGURATUA

Ehiztarien nahitaezko EZ asegurua

90.151,82 euro

Ehiztarien borondatezko EZ asegurua

600.000 euro

Defentsa juridikorako asegurua

6.000 euro

Iragarkiaren kodea: L1710331