175. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

347/2017 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean sartzeko moduko inbertsioak jasotzen dituen behin-behineko zerrenda onesten duena, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareen eta zoladurak sareekin egiteko lanen atalekoa.

Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2017-2019 aldian, azpiegiturak eta zuzkidurak ezarri, hobetu eta berritzeko, toki entitateetan egin beharreko jarduketek osatzen dute Toki Inbertsioen Plana. Zehazki, 11. artikuluko A) eta B) letretan ezartzen duenez, Toki Programazioaren atalean sartuko dira, beste inbertsio batzuekin batera, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareetan egin beharrekoak, eta zoladurak sareekin egiteari dagozkionak.

Foru Legearen 15. artikuluak, II. kapituluko Tokiko Programazioa izeneko bigarren atalaren barnekoak, Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak onartzeko eta horietarako gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko prozedura ezartzen du.

Horretaz xedatzen du atal horretan sartzeko eskaerak bi hileko epean aurkeztu beharko direla, 18/2016 Foru Legeak indarra hartzen duen egunetik. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda bat. Ebazpen horretan honakoak bilduko dira: aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzatzagarriak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, erreserban gelditu diren inbertsio eskaeren behin-behineko zerrenda eta ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren eskaeren behin-behineko zerrenda. Era berean, ezartzen da inbertsioen behin-behineko zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dela, eta argitaratzen denetik hamabost egun balioduneko epe bat izanen dela alegazioak aurkezteko.

Espedientean Toki Azpiegituren Zerbitzuaren 2017ko abuztuaren 25eko txosten bat dago, adierazten duena 322 eskaera jaso direla “Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” delako inbertsio motarako, eta 257 eskaera, berriz, “Zoladurak sareekin” inbertsio motarako; eskaera guztiak epean aurkeztu dira, Untzuko Kontzejuak aurkeztutakoa salbu.

18/2016 Foru Legearen IV. eranskinari jarraikiz aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren, proposatzen da eskaera horietatik 15 ez onartzea, ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik; 21 eskaera baliogabetu dira bikoizteengatik edo akatsengatik, eta gainerako eskaera guztiek bete dituzte foru legearen 18. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak.

Emandako puntuazioa esleitzeko, kontuan hartu da, lehenik, inbertsiorako beharraren maila. Horretarako, arauetan xedatutakoarekin bat, aintzat hartu dira osasun arriskuak edo arazoak; hondakin uren tratamendu sistemetan gehiegizko emariak sortutako disfuntzioak, sarean ihes ugari egotea, euri-uretako sareen gaitasun faltak eragin ditzakeen uholde arriskuak, sareak 40 urtekoak edo zaharragoak izatea, uraren presio desegokia kontsumo puntuetan, eta instalazio egokirik ez izatea egungo sareen egoera behar bezala diagnostikatzeko. Hautaketarako irizpideak 18/2016 Foru Legearen 13.1) artikuluaren A eta B azpiataletan xedatutakoen araberakoak dira.

Bigarrenik, azkeneko puntuaziorako, kontuan hartu dira aipatutako 18/2016 Foru Legearen 13. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan araututako irizpideak. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da lehenesteko eta hautatzeko proposamena.

18/2016 Foru Legearen I. eranskinean jaso dira Toki Inbertsioen Planerako ekarpenak, toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura, 2017., 2018. eta 2019. urteetarako.

Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostenak proposatzen du “Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “Zoladurak sareekin” egiteko lanei dagozkien inbertsioen urtez urteko banaketa alda dadila, irizpide teknikoak eta aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarria aintzat harturik.

Bestalde, Toki Azpiegituren Zerbitzuak 6.000.000 euroko erreserba bat proposatzen du, Toki Programazioaren atalaren baitan, 4.2 eta 4.3 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz; horietatik 3.850.000 euro larrialdietako eskaerei eta inbertsio osagarriei erantzuteko erabiliko dira, bai eta Inbertsio Programen eta Toki Programazioaren ataletako salbuespeneko araubidea finantzatzeko ere, eta 2.150.000 euro, berriz, Toki Programazioko inbertsioen gehieneko diru ekarpena finkatzeko unean 100eko 10erainoko igoera ordaintzeko, kasua bada. Horrenbestez, “Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalean 1.819.003,29 euroko erreserba egitea proposatzen da, eta eta “Zoladurak sareekin” delako atalean, berriz, 1.609.596,84 eurokoa, guztira 3.428.600,13 euro.

Era berean, Toki Azpiegituren Zerbitzuak hau proposatu du, 18/2016 Foru Legearen 15.2 apartatuan xedatutakoarekin bat:

1. Aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzagarriak diren 61 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalean, eta urtez urteko banaketa; zerrenda hori lortutako puntuazioaren arabera osatu eta antolaturik dago, eta B.1 eranskinean jaso da. Gehienez ere 9.340.996,71 euroko ekarpena da (14.789.485,49 euroko inbertsioa, BEZa kanpo).

2. Aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzagarriak diren 52 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “zoladurak sareekin” izeneko atalean, eta urtez urteko banaketa; zerrenda hau lortutako puntuazioaren arabera osatu eta antolaturik dago, eta B.2 eranskinean jaso da. Gehienez ere 11.930.403,16 euroko ekarpena da (15.014.429,81 euroko inbertsioa, BEZa kanpo).

3. Erreserban dauden 271 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalean; zerrenda puntuazioaren arabera ordenatuta dago, eta C.1 eranskinean jaso da. Behin-behineko ekarpena 13.154.608,26 eurokoa da ( 27.775.958,67 euroko inbertsioa, BEZa kanpo).

4. Erreserban dauden 144 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “zoladurak sareekin” atalean; zerrenda puntuazioaren arabera ordenatuta dago, eta C.2 eranskinean jaso da. Behin-behineko ekarpena 13.683.113,81 eurokoa da ( 17.710.077,96 euroko inbertsioa, BEZa kanpo).

5. Onartu gabeko 15 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalean; inbertsioak ezin dira onartu 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. D.1 eranskinean jaso da zerrenda.

6. Onartu gabeko 44 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “zoladurak sareekin” atalean; inbertsioak ezin dira onartu 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. D.2 eranskinean jaso da zerrenda.

18/2016 Foru Legearen V. eranskineko A) eta B) ataletan jasotako baldintzei egokitzen zaie proposamena. Bertan arautzen da zer oinarri erabili zenbateko lagungarria kalkulatzeko, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “zoladurak sareekin” kontzeptuengatik. Foru lege horren 12. A) eta B) artikuluan araututako jarduketak hartuko dira lagungarritzat.

18/2016 Foru Legearen 14. artikuluan ezartzen denez, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “zoladurak sareekin” atalei dagozkien jarduketetan, zenbateko lagungarrirako gehieneko ekarpen ekonomikoaren ehunekoa, BEZa kanpo, %70 izanen da BEZ kengarria duten jarduketetan, eta %85, berriz, BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen ez dutenetan.

“Zoladurak sareekin” ataleko inbertsio guztiei %85 aplikatuko zaie ez dutelako BEZaren kenkaria egiteko eskubidea. Inbertsio finantzagarrien zerrendan sartutako inbertsioen zenbatekoa 15.014.429,81 eurokoa da (BEZa kanpo). Gehieneko diru ekarpenak, berriz, 11.930.403,16 euro egiten du. “Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalari dagokionez, BEZaren kenkarirako eskubidea ez izateagatik %85 aplikatzen zaien inbertsioek 2.343.973,08 euro egiten dute, eta, BEZaren kenkaria egiteko eskubidea sortzeagatik %70 aplikatzen zaien inbertsioek, berriz, 12.445.512,41 euro. Inbertsio finantzagarrien zerrendan sartutako inbertsioen zenbatekoa 14.789.485,49 eurokoa da (BEZa kanpo), eta gehieneko diru ekarpena 9.340.996,71 eurokoa.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Antolamendurako Zerbitzuaren txostenak daude, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamenaren aldekoak.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “zoladurak sareekin” ataletan, sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda eta urtez urteko banaketa onestea.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzagarriak diren 61 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalekoa, eta urtez urteko banaketa; zerrenda hau lortutako puntuazioaren arabera osatu eta antolaturik dago, eta 1.1 eranskinean jaso da. Inbertsioa 14.789.485,49 eurokoa da, BEZa kanpo.

2. Aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzagarriak diren 52 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “zoladurak sareekin” atalekoa, eta urtez urteko banaketa; zerrenda hau lortutako puntuazioaren arabera osatu eta antolaturik dago, eta 1.2 eranskinean jaso da. Inbertsioa 15.014.429,81 eurokoa da, BEZa kanpo.

3. Erreserban dauden 271 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalekoa; zerrenda puntuazioaren arabera ordenatuta dago, eta 2.1 eranskinean jaso da. Inbertsioa 27.775.958,67 eurokoa da, BEZa kanpo.

4. Erreserban dauden 144 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “zoladurak sareekin” atalekoa; zerrenda puntuazioaren arabera ordenatuta dago, eta 2.2 eranskinean jaso da. Inbertsioa 17.710.077,96 eurokoa da, BEZa kanpo.

5. Onartu gabeko 15 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalekoa; inbertsioak ezin dira onartu 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. 3.1 eranskinean jaso da zerrenda.

6. Onartu gabeko 44 inbertsioren behin-behineko zerrenda, “zoladurak sareekin” atalekoa; inbertsioak ezin dira onartu 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. 3.2 eranskinean jaso da zerrenda.

7. Behin-behinekoz 1.819.003,29 euro erreserbatzea, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” atalekoa, eta 1.609.596,84 euro, “zoladurak sareekin” atalekoa, 4.3 artikuluan Inbertsioen Planetako jarduketetarako eta Toki Programaziorako adierazitako erreserbei eta 4.2 artikuluan Toki Programaziorako adierazitakoei erantzuteko helburuarekin.

8. Hamabost egun balioduneko epea ezartzea, ebazpena argitaratzen denetik hasita, toki entitateek alegazioak aurkez ditzaten, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 48/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera. Foru agindu horren bidez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari buruzko eskaerak eta agiriak aurkezteko modua arautu zen.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 28an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

ERANSKINAK

1.1. eranskina.–Aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzagarriak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, sareen atalekoa, eta horien urtez urteko banaketa.

1.2. eranskina.–Aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzagarriak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, zoladuren atalekoa, eta horien urtez urteko banaketa.

2.1. eranskina.–Erreserbako inbertsioen behin-behineko zerrenda, sareen atalekoa, puntuazio-ordenaren arabera.

2.2. eranskina.–Erreserbako inbertsioen behin-behineko zerrenda, zoladuren atalekoa, puntuazio-ordenaren arabera.

3.1. eranskina.–18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, sareen atalean.

3.2. eranskina.–18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, zoladuren atalean.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1710085