175. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1511/2017 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “RECHICRAL”.

Abuztuaren 25ean, Ikerketa Zerbitzuak eskatu zuen ikerketa proiektu bat garatzeko ikertzaileak proiektuko laguntzaile moduan kontratatzeko hautaprobarako deialdia egitea. Ikerketa proiektua “RECHICRAL” da, eta proiektuaren ikertzaile nagusia José Luis Torres Escribano jauna da, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikitako unibertsitateko katedraduna.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “RECHICRAL” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.

Bigarrena.–Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honekin batera doazenak, ebazpenaren parte gisa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Hautapen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzura helaraztea.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahal da errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 28an.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

Deialdi honen xedea: deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea, gero “RECHICRAL” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaile horien lan kontratazioa egiteko.

Maila profesionala: Proiektu laguntzailea, ikertzailearen ezaugarriekin, bereziki.

–Eginkizunak: Bibliografia bilatzea. Metodologiak garatzea eta aplikatzea. Eguzki erradiazioa eta argiztapen naturala neurtzen duten ekipoak prestatzea eta kalibratzea. Algoritmoak garatzea eta inplementatzea. Kalkulu modeloak aukeratzea, egokitzea eta aplikatzea. Datuak tratatzea eta aztertzea. Irudi digitalak prozesatzea eta interpretatzea. Emaitzak balioestea. Txostenak prestatzea.

–Kontratu mota: Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3ko erabakiaz onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleak eta Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak ezarritakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuko 15. artikuluak ezarritako obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa.

–Iraupen aurreikuspena: 2019ko martxoaren 30era arte, kontratua izenpetzen denetik.

Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateginaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da kontratuaren xede den lana erabat burutzen den kontuan hartuta. Denbora hori ez da inoiz izango proiektuaren indarraldia baino luzeagoa, eta betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez izatea kontratua iraungitzeko zioa izango da.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: 2009ko otsailaren 25ean Gobernu Kontseiluaren erabakiz onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleak eta Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiko Eranskinak biltzen dituenak.

Gehigarriak egiten ahalko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betetzeagatik. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Nafarroako Gobernua.

–Argitaratzeko tokiak: Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain, deialdi honen ondorio diren ekitaldi eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Espainian legezko egoitza daukaten atzerritarrak sartzen ahalko dira Administrazio Publikoen zerbitzuko lan kontratupeko langileen moduan.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Gutxienez 300 ECTSko graduko titulazio ofiziala, masterra, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza edo hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagozkion titulazioak.

Atzerrian lortutako titulazioak badira, beharrezkoa izango da atzerriko tituluak homologatzeko eskumena duen ministerioak titulazioa baliokidetzea, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago. Europako Batasuneko tituluak dituzten izangaien kasuan, homologazioa aurkeztuko dute, edo, bidezkoa bada, dagokion baliokidetza-ziurtagiria. Homologazio- edo baliokidetza-betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.

2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta kontratazioa egin arte beteko dira.

3.–Eskaerak.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZ edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, egoki jotzen dituen merezimendu egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea, z/g, 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.

Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera-zigiluarekin recursos.humanos@unavarra.es helbide elektronikora.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1.–Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.

Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.

4.3.–Erreklamazioak aurkezteko eta zuzenketak egiteko epea amaitu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.

4.4.–Hautaketa prozesuko onartuen zerrendan edo 6.2. oinarriak aipatutako hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrendan izangaiak sartu izanak ez du ekarriko inolaz ere unibertsitateak aitortzea izangai horiek deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak betetzen dituztela. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.5.–Jatorrizko dokumentazioan aitortzen dena parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan zehatz ez emateak, faltsutzeak edo ez emateak kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa prozesua.

Izangaien merezimenduak balioetsiko dira, aurkeztutako dokumentazioaren eta I. Eranskin moduan gaineratzen den baremoaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan izangaiek dauzkaten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta ez dira kontuan hartuko geroago lortzen dituztenak. Balioespen Batzordeak ez du inoiz ere onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Alegatzen diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez egiaztatu behar dira.

Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.

6.–Hautaketa prozesuaren ebazpena.

6.1.–Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Hautespen Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpena emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.

6.3.–Deialdi honetako kontratazio zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasi eta proiektua amaitzen den arte egongo da indarrean.

7.–Hautespen batzordea.

Epaimahaiburua: Almudena García Gorostiaga and., Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikitako unibertsitateko irakasle titularra, Ikerketako errektoreordeak eskuordetuta.

Idazkaria: José Luis Torres Escribano jn., Unibertsitateko katedraduna, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Batzordekidea: Rafael García Santos jn., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

–Hautespen batzorde ordezkoa:

Burua: M.ª Ángeles de Blas Corral and., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Idazkaria: José Javier López Rodríguez jn., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Batzordekidea: Andrés Seco Meneses dk. jn., Unibertsitateko irakasle titularra, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailari atxikia.

Balioespen Batzordearen jarduerak, une oro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Hautespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

8.–Norberaren datuak babestea.

Norberaren Datuak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa.

Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak, erakunde horri lagako zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta haren oinarrien aurka ondoko errekurtsoetako bat jarri ahalko da, indarreko legediarekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Balioespen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka, zilegi da gorako errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Erabili beharreko baremoa edo/eta egin beharreko probak

1. atala: ikasketa espedientea. Puntuak 4.

Ikasketa espedientea, haren batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan balioetsiko da, gehienez ere 4 punturekin.

–Nekazaritza ingeniaria, Industria ingeniaria edo Telekomunikazio ingeniaria: 1.

–Fisikan lizentziaduna: 0,85.

–Matematikan lizentziaduna: 0,6.

–Gainerako titulazioak 0,1.

2. atala: graduondoko tituluak eta beste ikastaro batzuk. Puntuak 1,5.

Master tituluak, zerikusia dutenak eguzki erradiazioaren ebaluazioarekin, energiaren edo argiztapen naturalaren ikuspuntutik: 0,75 puntura arte.

Irudien tratamenduarekin erlazionaturiko masterrak: 0,75 puntura arte.

Ikastaroak, zerikusia dutenak eguzki erradiazioaren ebaluazioarekin, energiaren, argiztapen naturalaren edo informazio geografikoko sistemen (SIG) ikuspuntutik: 0,5 puntura arte.

3. atala: bekak, ekarpen zientifikoak eta jarduera profesionala. Puntuak 4.

Deialdi honetako proiektuaren gaiarekin zerikusia duten nazioarteko biltzarretan egindako ekarpenak, edo oihartzun indizea daukaten aldizkarietan argitaratutakoak: puntu 1 arte ekarpen bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.

Deialdi honetako proiektuarekin zerikusia duten bekak eduki izanarengatik, betiere hautaproba prozesu bat egon denean, 0,5 puntu bekaren urte bakoitzeko, eta puntu 1 gehienez.

Deialdi honetako proiektuaren gaiarekin zerikusia duten jarduera profesionalengatik, dagokion kontratuarekin justifikatuak direnak: 0,5 puntu arte urte bakoitzeko, eta gehienez ere 1 puntu.

4. atala: elkarrizketa. Puntuak 1,5.

Aurreko ataletan gutxienez 2 puntu lortu dituzten hautagaiei elkarrizketa bat egingo zaie. Elkarrizketan hautagaiak lanpostuaren profilarekin daukan egokitzapen maila balioetsiko da.

Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 3,5 puntu da.

Hautaproben azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 3. Atalean puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Puntuazioan berdinketa bada, 1. Atalean puntuaziorik handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F1710147