174. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

Aldaketa, Herri-lurretako belarrak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena. Testu bategina

Alesbesko Udalak, 2017ko ekainaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Alesbesko Udalaren herri-lurretako belarrak arautzen duen udal ordenantzan. (2017ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta haren testu bategina (onetsitako aldaketa guztiekin) argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2017ko abuztuaren 25ean.–Alkatea, Delia Linzoain Pinillos.

ALESBESKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO BELARRAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

1. artikulua. Larreak adjudikatzeko modua.

Herri-larreen edo finka partikularrekin baterakoen aprobetxamenduaren adjudikazioa Alesbesko herritarren arteko zuzeneko prozeduraren bidez edo enkante irekian egingo da.

Larreen aprobetxamendua egiteko, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituko zaio eta, osagarri gisa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari.

2. artikulua. Zuzeneko adjudikazioaren onuradunak.

Familia unitateak izango dira zuzeneko adjudikazioaren onuradunak, haien titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

1.–Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

2.–Udal erroldan inskribatua izatea, bost urteko antzinatasuna duela.

3.–Urtean bederatzi hilabetez bederen Alesbesen bizitzea.

4.–Alesbesko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

5.–Azienda Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emana izatea, ustiapenaren liburuan agertzea eta Alesbesko Udalaren baimena izatea azienda horri dagokion jarduera egiteko.

6.–Etxean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira; dena dela, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. artikulua. Adjudikazio edo enkante publikorako loteak.

A) Regadío Viejo edo Tradicional izeneko alderdiak, presioz eta grabitatez ureztatzeko modernizazio eta eraldatze obrek ukituak.

B) Herriko ibarbasoetako alderdiak (ureztalurrak):

–Soto Isla eta Contiendas batera, 530 bat erregukoa.

–Soto Romero-Nuevo-Fraile eta Cañas batera, 600 bat erregukoa.

–Guindera eta Ramal de Mina ibarbasoak, 500 bat erregu ingurukoak.

C) Junzal alderdia (ureztalurra), El Plano aldea.

D) Morante aldea (lehorlurra).

4. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikaziorako prozedura.

Ordenantza onetsitakoan, 15 eguneko epea egongo da ordenantza honen 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenek bazkalekuak esleitzeko eska dezaten.

Eskaeretan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistroko ziurtagiria, azienda eta espezieko abelburuen kopurua adieraziko duena, 3 hilabeteko antzinatasunekoa, gehienez ere.

–Baliatu gogo diren loteen zerrenda.

–Erroldaren ziurtagiria eta Alesbesko Udalarekiko ordainketa guztiak eginak izatearena.

5 artikulua. Adjudikazioa.

Alesbesko Udalak behin-behinekoz egingo du adjudikazioa eta 15 eguneko epea emango, erreklamazioak aurkezteko. Epe horretan erreklamaziorik egiten ez bada, adjudikazioa behin betikoa bilakatuko da.

6. artikulua. Enkante irekiaren bidezko adjudikazioa.

Ordenantza honetan aipatu loteak zuzenean adjudikatzen ez badira, enkante irekia egingo da, aldez aurretik prentsan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

7. artikulua. Loteen balorazioa.

A) Regadío Viejo edo Tradicional izeneko alderdiak, presioz eta grabitatez ureztatzeko modernizazio eta eraldatze obrek ukituak. Prezioa: 3 euro erreguko eta urteko.

B) Herriko ibarbasoetako alderdiak (ureztalurrak):

–Soto Ista eta Contiendas batera, 3.000 euro urtean, eskudirutan edo gauzatan (egun bat osoa azienda basaren zerbitzuan).

–Soto Romero-Soto Nuevo-Fraile eta Cañas batera, 3.000 euro urtean, eskudirutan edo gauzatan (egun bat osoa azienda basaren zerbitzuan).

–Guindera eta Ramal de Mina ibarbasoak batera, 3.000 euro urtean, eskudirutan edo gauzatan (egun bat osoa azienda basaren zerbitzuan).

C) Juncal alderdia (ureztalurra), El Plano aldea. Prezioa: 24 euro erreguko eta urteko.

D) Morante aldea (lehorlurra). Prezioa: 3 euro erreguko eta urteko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluak dioenez, “betiere, bai abelburuko kanona, espezien araberakoa, bai adjudikazio prezioa ez dira larreen balio errealaren %80 baino txikiagoak izango, ezta haren %90 baino handiagoak ere”. Ordenantza honen indarraldian, belarraren balioaren %85 izango da, bizilagunen artean adjudikatzeko.

Lote bakoitzeko kanonaren prezioa urtero handitzen edo txikitzen ahalko da, osoko bilkuran adostu ondoren.

8. artikulua. Adjudikazioaren epea.

Zortzi urtekoa izango da, adjudikatzen den egunetik aurrera. Adjudikazio-hartzaileek ezin badute epea bete, erretiroa hartu dutelako edo ezinbesteko arrazoiren bat dagoelako, Udalari adieraziko diote osoko bilkura jakinaren gainean egon dadin, 2 hilabete aurretik. Udalak jakinarazpena hartzen duenean erabakiko du adjudikazioa bertan behera utzi edo adjudikazio-hartzaileak harekin jarraitzen duen.

9. artikulua. Fidantzak.

Esleitutakoaz arduratzeko, adjudikazio-hartzaileak fidantza edo banku-abala jarri beharko du Udalaren esku, eskatzen zaionetik 15 eguneko epean; 8 urteko adjudikazio aldiaren guztirako zenbatekoaren %4koa izango da. Bizitzaren kostuaren arabera eguneratu ahalko da fidantza, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraituz.

10. artikulua. Errentamenduaren urteko eguneratzea.

Loteen prezioa urtero eguneratuko da, bizitzaren kostua oinarri edo erreferentziatzat hartuta, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeen arabera.

11. artikulua. Ordaintzeko modua.

Urtea bukatuta ordainduko dute adjudikazio-hartzaileek aprobetxamenduaren urteko zenbatekoa, Udalak aldez aurretik jakinarazita, urteko egutegi fiskalean zehazten diren egunetan.

Behar den zenbatekoa ordaindu gabe 15 egun igaroz gero, adjudikazioa baliogabetzat joko da, fidantza galduko da eta Nafarroan eta Estatuan indarra duten xedapenek adierazitako erantzukizunak beteko dira.

12. artikulua. Erantzukizunak.

Adjudikazio-hartzaileak du bere aziendek egindako kalteen erantzukizuna, baina ez da hor sartzen kanpoko edo pasadizoko aziendek egindako kalteena. Erantzukizun hori administratiboa soilik da eta arlo horretako agintariek baino ezin dute eskatu.

13. artikulua. Adjudikazio-hartzailearen betebeharrak.

Adjudikazio-hartzailea behartua dago ukuilu eta instalazioak konpontzera eta mantentze-lanak egitera, errentamenduak iraun bitartean. Bere kontura egingo ditu behar diren desinfekzioak, baita garbiketak ere. Betiere, errentamendualdia bukatuta, errentariak garbi utziko du ukuilua, bereak diren gauzak aterata.

14. Artikulua. Artegi berriak.

Belarraren aprobetxamendu aldian Udalak loteetan artegi berriak egiten baditu, Udalak zehaztuko duen portzentaje batean igoko da, artegi berria amortizatzeko kostuaren arabera.

15. artikulua. Osasun ziurtagiria.

Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 30. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

16. artikulua. Administrazio arloko betebeharrak.

1.–Aziendak Nafarroako Gobernuko Abeltzaintzako Erregistroan izatea adjudikazioak iraun bitartean.

2.–Larreak errentan ez ematea, ezta lagatzea ere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 161. artikuluari jarraituz.

3.–Belarraren aprobetxamenduari uko eginez gero, adjudikazio-hartzaileak horren berri emango du 8. artikuluak dioen moduan, eta Udalak hartuko du erabakia; hark egokia iruditu arte ez dio fidantza itzuliko.

4.–Artegi, hesi, ataka, putzu eta gainerako instalazioak behar bezala zaintzea, fidantza edo abalarekin ordainduz egiten diren kalteak.

5.–Galarazita dago behi azienda aspertsio bidezko ureztalurretan sartzea.

17. artikulua. Lurrak eta hobekuntzak.

Udalak badu ahalmena lurra edozein unetan zernahitarako erabiltzeko, baita belarraren aprobetxamendua urrituta ere azpiegiturako obrak egiteko, basoberritzeko, lehorlurrak birmoldatu edo ureztalur bihurtzeko. Hilabete lehenagotik, gutxienez, jakinaraziko zaio lotearen adjudikazio-hartzaileari.

Kasu horretan, urritutako azalerari dagokion kopurua kenduko da aprobetxamenduaren preziotik. Harrobiren bat behin betiko adjudikazioaren ondotik ustiatzen hasiz gero, hartutako erreguen prezioa deskontatuko zaio abeltzainari.

18. artikulua. Arau-hausteen tipifikazioa.

Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

1.–Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

b) Loteak esleitzeko epeak ez errespetatzea.

c) Belarra aprobetxatzeko diru kopuruak edo ezartzen ahal diren bestelako tasa edo kanonak ez ordaintzea epe barrenean.

d) Adjudikatutako lotea errentan ematea, lagatzea edo eskuz aldatzea.

e) Urtebetean bi arau-hauste larri egitea.

2.–Arau-hauste larriak dira:

a) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

b) Esleitu ez zaion lotean aziendak sartzea.

c) Ordenantza honetan debekatzen den garaian eta tokietan aziendak sartzea.

d) Kalte egitea artegi eta putzuetan.

e) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea.

3.–Arau-hauste arinak dira:

a) Behar bezala ez mantentzea eta konpontzea eskortak eta instalazioak.

b) Ez egitea eskortetan egin beharreko desinfekzioak eta garbiketa.

c) Errentamenduaren bukaeran, ez uztea eskorta hutsik eta garbi.

19. artikulua. Zehapenak zehaztea.

1.–Arau-hauste oso larriak egiteagatik, honako zehapen hauetakoren bat edo batzuk ezartzen ahal dira:

a) 1.501,00 eurotik 3.000,00 eurora bitarteko isuna.

b) Lotearen adjudikazioa iraungitzea.

c) Herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzaile izateko gaitasunik gabe uztea.

d) Jarritako fidantza edo abala galtzea.

2.–Arau-hauste larriak egiteagatik:

a) 751,00 eurotik 1.500,00 eurora bitarteko isuna.

3.–Arau-hauste arinak egiteagatik:

a) 100,00 eurotik 750,00 eurora bitarteko isuna.

20. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Zehapenak jartzeko orduan arau-haustearen larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren arteko beharrezko egokitasuna zainduko da, eta honako irizpideei adituko zaie zehapenaren graduazioa finkatzeko:

a) Arau-haustea egiteko asmoa.

b) Arau-haustea jarraitzea.

c) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta, administrazio bideko ebazpen irmoz hala erabaki denean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo lau urteetan.

21. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapena ezarri aurretik, dagokion prozedura instruitu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat.

22. artikulua. Zenbait laboreri dagokionez.

Mahastietan sartzeko, 5 urte baino gehiago izan beharko dituzte; denetan errespetatu beharko dira euriondoko 3 egunak, eta ezin da bakar batean ere sartu martxoaren 1etik aitzina.

Zainzurien alorretan eta urtebetetik gorako laboreetan, nekazariak baimena eskatu beharko dio Udalari zer labore nahi duen, hura landatzeko. Udalak baimena ematen ahal dio, baina hartzen dituen erreguei dagokien zenbatekoa ordainduta, hau da, belarra esleitzetik abeltzainak erregu bakoitzeko ordaindu beharreko prezioan, azken horri kendutako azalera konpentsatzeko.

Uraza, osterzuri eta abeltzainak belarra aprobetxatzerik ez duen bestelako laboreetan, nekazariak baimena eskatu beharko dio Udalari zer labore nahi duen, hura landatzeko. Udalak baimena ematen ahal dio, baina hartzen dituen erreguei dagokien zenbatekoa ordainduta, hau da, belarra esleitzetik abeltzainak erregu bakoitzeko ordaindu beharreko prezioan, azken horri kendutako azalera konpentsatzeko.

Barazkien alorretan, uzta bildu ondoren izango du abeltzainak sartu eta 5 egunez belarra erabiltzeko eskubidea; nekazariak aldez aurretik emango dio abisua belarra esleituta duen abeltzainari.

Luzerna alorretan, abeltzainak badu eskubidea azaroaren 1etik otsailaren 1a arte sartzeko, baina urriaren 31n ebakitakoa errespetatu beharko da. Nekazariak azaroaren 15a arteko epea izango du, gehienez ere, hura jasotzeko, eta data hori iraganik, abeltzainak libre izango du aprobetxatzea.

23. artikulua. Laborantza lanetako egunak eta beste batzuk.

1.–Uztondoak ezin dira goldatu abuztuaren 20a arte, urtero.

2.–Ureztalurretako uztondoak ere urte bakoitzeko abuztuaren 20tik aurrera goldatuko dira; nekazariak bigarren uzta izateko erein behar baldin badu, behar adinako denborarekin emango dio abisua abeltzainari, belarra aprobetxatzeko aukera izan dezan.

3.–Uztondoak ez dira urteko martxoaren 1a baino lehen goldatuko; nekazariak hori betetzen ez badu, alkateak zehapena ezarriko dio, aldez aurretik Osoko Bilkurak erabakia hartuta.

4.–Abeltzainak ez du lastoa ukituko uzta bilketaren ondoko 10 egun igaro arte, lastoa paketatu ahal izateko.

5.–Abeltzaina ezin da inola ere lugorrietan sartu, euria bukatu ondotik 48 ordu iragan baino lehen.

6.–Abeltzaina ezin da bere aziendekin alorretan sartu euri jasa handiak egin ondotik, eta sartu nahi badu euri ondoko 3 egun errespetatu beharko ditu.

Debeku da herbizidak botatzea bideetan, uztondoetan, lur larre utzietan eta altxonbideetan. Nekazariak luberritze lanak egin ordez herbizidak aplikatzen baditu, abeltzainari emanen dio horren berri, behar den denborarekin.

24. artikulua. Zuzeneko ereintza.

Nekazariak zuzenean erein behar baldin badu, abeltzainari abisatuko dio, gutxienez ere bost egun lehenago; abeltzaina ez da lurzati horietan sartuko lurra bigun dagoen bitartean, bestela zehapena jarriko baitzaio, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

25. artikulua. Arto bilketa.

Arto landetan, nekazariak artaburuak biltzeko aukera izan dezan, 8 egun izango ditu belarra erre gabe, eta behin epe hori pasaz gero, abeltzainak 15 egunez erabiltzen ahalko du belarra, eta denbora hori pasa ondotik berriz ere nekazariaren esku geldituko da.

Nekazariak arto-zuztarrak biltzen ahalko ditu lehenbiziko 8 egunetan.

Nekazariak artaburuak biltzen ez baditu, abeltzainari jakinarazi beharko dio uzta bildu ondoren, hark belarra 20 egunez aprobetxa dezan.

Nekazariak bigarren uzta egiteko asmoa badu, abeltzainari 5 egun utzi beharko dizkio belarra aprobetxatzeko, eta epe hori errespetatzen ez badu, eragindako kaltearen ordaina eman beharko dio abeltzainari, alde batera utzi gabe arau-hausteari dagozkion zehapenak ezartzea.

26. artikulua. Soberako larreak.

Herritarren arteko banaketan soberan gelditzen diren larreak adjudikatzeko enkante publikoa egingo da, herritarren arteko banaketan finkatutako denbora bererako, eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan ezarritakoari loturik.

Iragarkiaren kodea: L1710050