Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 8a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Deialdia, kirol amateurrerako diru-laguntzena. Norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, 2017. urtean kirol ekitaldiak antolatzeko eta txapelketa nazionalen eta nazioartekoen azken faseetan parte hartzeko
Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko uztailaren 26an egin bilkura arruntean, erabaki hau hartu zen, bertzeak bertze:
Ikusirik norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen diren diru-laguntzen deialdiaren oinarriak, kirol amateurrerako, 2017. urtean kirol ekitaldiak antolatzeko eta txapelketa nazionalen eta nazioartekoen azken faseetan parte hartzeko.
Ikusirik Jarraipen eta Kontrol Batzordearen data honetako irizpena,
ERABAKI DA:
Lehendabizikoa.–Onestea kirol amateurrerako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak; norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira diru-laguntzak, 2017. urtean kirol ekitaldiak antolatzeko eta txapelketa nazionalen eta nazioartekoen azken faseetan parte hartzeko.
Bigarrena.–9.000 euroko gasturako baimena onestea.
Hirugarrena.–Erabakia iragarki oholean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta web orrian argitaratzea, eta Tafallako Kirol Udal Patronatuari eta Tafallako Udaleko Ekonomia Alorrari eta Kontu-hartzailetzari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Tafallan, 2017ko uztailaren 27an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.
KIROL AMATEURRERAKO AURTENGO DIRU-LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK; NORGEHIAGOKAKO ARAUBIDEARI JARRAIKIZ EMANEN DIRA DIRU-LAGUNTZAK, KIROL EKITALDIAK ANTOLATZEKO ETA TXAPELKETA NAZIONALEN ETA NAZIOARTEKOEN AZKEN FASEETAN PARTE HARTZEKO
Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, Tafallako Udaleko diru-laguntzen ordenantza orokorrean ezarritako manuak aplikatuko dira.
1. artikulua. Entitate deitzailea.
1. Administrazio deitzailea: Tafallako Udala.
2. Organo emailea: Tokiko Gobernu Batzarra.
3. Alor kudeatzailea: Kirol Alorra.
4. Instrukzio organoa: Udaleko kirol teknikaria.
2. artikulua. Diru-laguntzaren xedea eta helburua.
2.1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea diru-laguntzen araubidea ezartzea da, aurten kirol ekitaldiak antolatzeko eta Kirolaren Kontseilu Nagusiak aitortutako kirol modalitateen Espainiako txapelketen azken faseetan parte hartzeko; kirol elkarteei, elkarteei, klubei, kirol sozietateei eta/edo irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoei emanen zaizkie diru-laguntzak.
2.2.–Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua Tafallan kirol ekitaldien antolaketa bultzatzea da, eta egoitza soziala eta fiskala Tafallan duten klubei eta kirol elkarteei laguntzea Espainiako txapelketen azken faseetan eta nazioarteko txapelketetan parte har dezaten, betiere antolatzailea Kirolaren Kontseilu Nagusiak aitortutako kirol federazio bat bada.
3. artikulua. Pertsona edo entitate onuraduna izateko baldintzak.
3.1.–Pertsona edo entitate onuraduna izateko baldintzak.
Onuradun izan daitezke diru-laguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, jarraian azaltzen diren baldintzak betetzen badituzte eta ezarritako debekuetakoren bat ere ez badute. Diru-laguntzaren izaera dela-eta, azken baldintza horretatik salbuetsita egon daitezke, betiere dagokion atalean hala adierazten bada.
Berariazko baldintzak:
3.1.1.–Legearekin bat eraturik izatea, eta dagokien erregistroan izena emanda, eskaera aurkezteko mugaegunean, baldintza hori indarra duen legediari jarraikiz eskatu behar denean.
3.1.2.–Pertsona fisikoen, kluben edo kirol elkarteen kasuan, egoitza soziala eta fiskala Tafallan izatea.
3.1.3.–Diru-laguntza zer kirol jardueratarako eskatzen den, jarduera hori egitea aurten.
3.1.4.–Kirol federazioen kasuan, Kirolaren Kontseilu Nagusiaren aitorpena izatea.
3.1.5.–Diru-laguntzaren xedeko jarduera Tafallan egitea. Jarduerak Tafallako udal mugarteaz gaindikoa badira, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du, zuzenean edo zeharka izan ere, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, diru-laguntza eman baino lehen.
Kirolaren Kontseilu Nagusiak aitortutako modalitateen Espainiako txapelketen azken faseetan parte hartzeko eskaeren kasuan, baldintza hau ez da aplikatuko.
3.2.–Pertsona edo entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen direla frogatzeko modua.
Diru-laguntza lortzeko eskabidearekin batera eman beharreko agiriak eta argibideak aurkeztuz, deialdi honen 10.4 atalean eskatu bezala.
4. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.
Deialdi honen ondorioetarako, pertsona edo entitate onuradunak honako betebehar hauek ditu:
–Berariazko betebeharrak:
a) Diru-laguntzak jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea aurten.
b) Emandako diru-laguntza diru-laguntzaren xede diren gastuak finantzatzeko baizik ez erabiltzea.
c) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.
d) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
f) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak eta Foru Ogasuneko zerga-betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea. Tafallako Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela egiaztatzea ofizioz eginen da.
g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala egiaztatutako bestelako agiriak edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkion legeetan xedatu bezala.
h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
i) Behar bezala iragartzea diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak edo jarduketak Tafallako Udalak finantzatu dituela, diruz lagundutako jardueraren hedapen formatu guztietan.
j) Euskararen eta berdintasunaren arloko udal xedapen indardunak errespetatu eta betetzea, bai publizitatea eta materialak erabiltzean bai jarduerak gauzatzean.
k) Dirua itzultzea, bidezko delarik.
5. artikulua. Laguntzak emateko prozedura: norgehiagoka.
Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidea izanen da.
6. artikulua. Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Eskaerak baloratzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
A) Puntuazioak:
–Jarduera doakoa bada: 5 puntu.
–Jardueraren hartzaileen adina kontuan hartuta:
- Zaharrak badira: 3 puntu.
- Gazteak (12-25 urtekoak) badira: 3 puntu.
- Beste adin tarteetakoak badira: 2 puntu.
–Jardueran emakumeek parte hartzen badute: 3 puntu.
–Ekitaldiaren maila kontuan hartuta:
- Espainiako txapelketa bada: 10 puntu.
- Autonomia erkidegoko txapelketa bada: 5 puntu.
- Autonomia erkidegoko ekitaldia bada: 3 puntu.
- Tokiko ekitaldia bada: puntu 1.
B) Kalifikazio sistema.
Eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa norgehiagokako araubideari jarraikiz zehazten denez, eskaera guztiak aztertu ondoren eginen da banaketa ekonomikoa, formula honen arabera:
Gehieneko kopuru eskuragarria, guztira | |
–––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––– | = Puntuaren balioa |
Puntuen batuketa, guztira |
Puntuaren balioa × jarduera bakoitzak lortutako puntu kopurua = esleitutako diru kopurua
7. artikulua. Aurrekontuko kredituak, gehieneko zenbatekoa guztira eta diru-laguntzaren banakako zenbatekoa.
7.1.–Deialdiko gehieneko zenbatekoa, guztira, aurtengo aurrekontuan zehaztutakoa izanen da.
Ez da deialdian ezarritako zenbatekotik gorako diru-laguntzarik emanen.
7.2.–Aurrekontuko partida: Udalaren aurrekontuan zehaztutakoa.
7.3.–Banakako zenbatekoa gehienez, eta zenbateko hori zehazteko irizpideak:
Entitate onuradun bakoitzari gehienez ematen ahal zaion zenbatekoa, diru-laguntzaren xedeko jarduera bakoitzeko, jardueraren kostuaren %100eraino irits daiteke.
8. artikulua. Balorazio batzordea.
Balorazio batzorde bat eratuko da eskaerak ebaluatzeko.
Tafallako Kirol Patronatuko Batzarrean parte hartzen duten bi zinegotzik eta Udaleko kirol teknikariak osatuko dute batzordea. Batzordekideak ezin dira klub edo kirol elkarte bateko kideak izan, ez eta deialdira aurkezten den pertsona fisiko edo juridikoak ere.
Batzorde horren funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoei ezartzen dien araubideari jarraituko dio.
9. artikulua. Kontabilitateko erregistroak.
Onuradunek diru-laguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko erregistroak zehazten dituzten agiriak eduki beharko dituzte.
Agiri horiek kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala egiaztatutako bestelako agiriak izanen dira, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkion legeetan xedatu bezala.
10. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modu balioduna.
10.1.–Eskaerak aurkezteko tokia:
Eskaerak Tafallako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira. Aurrez aurre edo erregistro telematikoaren bidez aurkeztuko dira.
10.2.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
10.3.–Eskaerak eta agiriak aurkezteko modua.
Eskaerak egiteko eskabide orria aurkeztu beharko da, interesdunak berak sinatua edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza hori; horretarako, deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliko da. Eskaerarekin batera, deialdi honen 10.4 atalak aipatzen dituen agiriak eta jakingarriak aurkeztuko dira.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Galdatutako agiriak Tafallako Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude jada, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago pasatu ez badira kasuan kasuko prozedura bukatu zenetik.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarri guztiak onartzea.
10.4.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, hari dagozkionak.
IFK eta dagokion erregistroan inskribatutako entitatearen estatutuen kopia, eta haren izenean diharduen ordezkariaren NANa.
b) Inprimakia, eta diru-laguntzaren xedeko proiektua edo jarduera deskribatzen duen memoria. (II. eranskina).
c) Erantzukizunpeko adierazpena, non agertuko baita eskatzaileak betetzen dituela onuradun izateko eskatzen diren baldintza orokorrak, baita deialdi honetako berariazko baldintzak ere, eta onuradun izateko debekurik ez duela diru-laguntzen ordenantza orokorrean aipatutakoaren arabera. Deialdi honen III. eranskinean ageri den eredua erabiliko da.
d) Pertsona edo elkarte eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete dituela frogatzea, dagozkion administrazioek egindako ziurtagiriak aurkeztuz.
Udalak ofizioz egiaztatuko du onuradunak eguneratuak ote dituen Administrazio honekiko zerga-betebeharrak, eta behar den eginbidearen bidez jasoko da inguruabar hori.
e) Beste edozein administrazio, entitate edo pertsona publiko zein pribaturi helburu bera lortzeko eskatutako eta/edo harengandik jasotako diru-laguntzen aitorpena, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, entitateen izena eta lortutako zenbatekoa. (IV. eranskina).
11. artikulua. Diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzeko epea eta modu balioduna.
11.1.–Frogagiriak aurkezteko tokia:
Frogagiriak Tafallako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira. Aurrez aurre edo erregistro telematikoaren bidez aurkeztuko dira.
11.2.–Frogagiriak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, jarduera bukatzen denetik hasita, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean aurkeztu baino lehen gauzatzen diren jarduerak kenduta. Jarduera horien kasuan eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
11.3.–Frogagiriak aurkezteko modua:
Frogagiriak eskabide baten bidez aurkeztuko dira, interesdunak berak sinatua edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza hori. Eskabidean diru-laguntzaren ordainketa eskatu beharko da, eta onuradunaren izena eta izen soziala eta transferentziaren xedeko banku entitatearen kontu zenbakia adierazi beharko dira. Horretarako, deialdi honen V. eranskinean ageri den eredua erabiliko da. Eskaerarekin batera, deialdi honen 11.4 atalak aipatzen dituen agiriak eta jakingarriak aurkeztuko dira.
11.4.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
a) Onuradunaren zinpeko aitorpena, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla dioena. (VI. eranskina).
b) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko memoria zehatza, emaitzak adierazita. (VII. eranskina).
c) Fakturak eta merkataritzako trafikoan eta trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak aurkeztuko dira. Faktura elektronikoak aurkezten ahalko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte. Dokumentuak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira, eta diru-laguntzaren xede den aldian dataturik egonen dira.
Hala ere, gastu justifikatuaren zati bat (%5, gehienez) egozten ahalko zaie gastu orokorrei, justifikatu beharrik gabe.
11.5.–Baldintzak ez betetzea.
a) Diru-laguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, osorik edo partez.
b) Jarduera egin ondoren, balorazio batzordeak emandako puntuak lortu behar dira. Puntu gutxiago lortzen badira, jaso beharreko zenbatekoa murriztuko da, lortutako puntuazioaren proportzioan. Balorazio batzordeak emandako puntuazioa gainditzen bada, ez da handituko jaso beharreko zenbatekoa.
c) Diru-laguntzaren xedeko jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantzea justifikatu ondoren, ezin du emaitza positiboa izan, deialdi honen helburua ez baita beharrezkoak ez diren laguntzak ematea. Superabita lortzen bada, ez da diru-laguntzarik emanen.
d) Ezin da jarduera azpikontratatu.
12. artikulua. Prozedura ebaztea, jakinarazpena eta ebazpena.
12.1.–Prozeduraren instrukzioa.
Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat eginen du, eta hori abiapuntutzat hartuta, txosten bat, non eskura daukan informazioaren arabera onuradunek halakoak izateko bete behar dituzten betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatuko baita. Gero balorazio batzordeari igorriko dio espedientea, deialdian aurreikusitako balorazio irizpideen arabera ebaluatu ditzan eskaerak.
Balorazio batzordeak proposamen-txosten arrazoitu bat eginen du, eta bertan agertuko da egindako ebaluazioaren emaitza. Ebazpen proposamena, behar bezala arrazoitua, instrukzio organoak emanen du, espedientea eta balorazio batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.
12.2.–Ebatzi eta jakinarazteko epea.
Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 2 hilabetekoa izanen da.
Laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta ondokoak adierazi beharko ditu espresuki: diru-laguntza jaso duen pertsona edo entitate eskatzailea, laguntzaren zenbatekoa eta, eskaeraren bat ezetsiz gero, horren pertsona edo entitate eskatzailea edo eskatzaileak.
Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoarekin bat jakinaraziko zaio pertsona edo entitate eskatzaileari.
Ebatzi eta jakinarazteko epea hasiko da deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
13. artikulua. Ordainketa.
13.1.–Oro har, zer jarduera egiteko edo zer jokabide hartzeko ziren diru-laguntzak, horiek egin eta hartu direla egiaztatu ondoan ordainduko dira.
13.2.–Aurrerakinak egin daitezke, baldin eta justifikatzen bada diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla. Organo kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, bestela, gastuaren justifikazioari, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua izan bada; txosten horren bidez egiaztatuko da diru-laguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura jasotzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.
Balorazio batzordeak jarduerak egiteko emandako zenbatekoen %80raino irits daiteke aurrerakina.
Gastu diruz lagunduen zenbatekoa justifikatu ezin bada, emandako aurrerakina itzuliko da, osorik edo partez. Balorazio batzordeak zehaztutako zenbatekoa itzultzen ez bada, eskatzailea beste diru-laguntza batzuk eskatzeko gaitasunik gabe utziko da, zenbateko hori itzuli arte.
13.3.–Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako diru-laguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko ditu.
13.4.–Diru-laguntzen kontrol finantzarioa Udaleko Kontu-hartzailetzak egiten ahalko du, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 44. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
13.5.–Epea.
Diru-laguntza hilabeteko epean ordainduko da, helburuak betetzen direla egiaztatzen duen balorazio-txostena egiten den egunetik hasita.
14. artikulua. Berme neurriak.
Ez da berme neurririk ezarri.
15. artikulua. Bateraezintasunak.
Ez da bateraezintasunik izanen xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, jatorria edozein izanik ere: administrazio edo entitate publiko edo pribatuak edo nazioko, Europako Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeak.
16. artikulua. Betebeharrak, jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.
Udalak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, eta ondoko datuak zehaztuko: deialdia, diru-laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren xedea.
Publizitatea Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren webguneko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.
17. artikulua. Ebazpenaren aldaketa.
Diru-laguntza eskatzean zegoen egoera aldatzen bada, edozein inguruabar dela eta, ebazpena aldatzen ahalko da.
18. artikulua. Diru-laguntzen itzulketa.
Oro har, diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.
19. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste eta zehapen administratiboei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.
20. artikulua. Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, Tafallako Udaleko diru-laguntzen ordenantza orokorrean ezarritako manuak aplikatuko dira.
21. artikulua. Errekurtsoen araubidea.
Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:
–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
Eskabidea eta jardueraren memoria.
III. ERANSKINA
Baldintza orokorrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
IV. ERANSKINA
Beste diru-laguntza batzuk eskatzeari edo jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
V. ERANSKINA
Diru-laguntza ordaintzeko eskaera.
VI. ERANSKINA
Zinpeko aitorpena. Fakturak eta frogagiriak.
VII. ERANSKINA
Egindako jarduerari eta gastuei buruzko memoria zehatza.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: L1709474
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
