Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
401/2017 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara futboleko espezialitatean sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena, 2017-2018 ikasturterako.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan xedatzen denez, kirol ikasketak araubide bereziko ikasketatzat hartuko dira hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da ikasketa ezberdinen curriculumaren ezarpena, eta horretarako, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartu behar dira.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol ikasketetarako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. atalean xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak, hala badagokio, egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen duenez, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarri ziren kirol espezialitateetako titulu eta ikasketa berriak sortu artean, horiek titulu eta gutxieneko ikasketa bakoitza arautzen duen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko dira, salbu aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiak.
Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol ikasketetara sartzea arautzen du, eta 1. atalean xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol ikasketetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol ikasketetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako ikasketen indarraldia ezartzen du, eta 2. atalean, berriz, adierazten du honako hauek ikasketa horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat kalifikatutakoak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak edo sailkatuak izan direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. ataleko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.
Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du ikasketa horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifikoa gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. atalarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol ikasketetan sartzerakoan.
Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol ikasketak ezartzeak berarekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen ereduaren alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin elkarlanean aritzea ere.
Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol-teknikariaren eta goi mailako kirol-teknikariaren tituluak ezartzen ditu futboleko eta areto-futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
Ikusita Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara futboleko modalitatean sartzeko proba espezifikoak, 2017-2018 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiaren alde Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara futboleko modalitatean sartzeko proba espezifikoak, 2017-2018 ikasturteari dagozkionak, arautzea eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoaren arabera.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 31n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
ERANSKINA
Oinarriak
ALDERDI OROKORRAK
1.–Xedea eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen bidez, 2017. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2017-2018 ikasturterako.
2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol ikasketa hauetarako egiten dira:
a) Futboleko erdi mailako lehen ikasmaila.
2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.
1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako aurreikusitako atalean. Horretarako, halaber, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.
2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain:
–LOGSEko ikasketetarako (Mendi-kirolak eta Eskalada, Neguko Kirolak eta Futbola): urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorran aurreikusitako arrazoiak, harik eta ezarritako modalitate eta espezialitateetan titulu eta ikasketa berriak sortzen diren arte, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean.
3. Ebaluazio epaimahaiak ebatziko ditu salbuesteko eskabideak.
3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.
1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.
2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak balora dezan izangaiak gai ote diren beren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriekin ikasketa hauek aprobetxamenduz egiteko, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.
3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol ikasketetarako finkatzen diren helburuak ere.
INSKRIPZIOA
4.–Sarrera proba espezifikoetarako inskripzioa.
1. Inskripzioa honela egiten ahalko da:
a) Bertaratuta: aukeratutako kirol ikasketak ezarrita dauden ikastetxeko bulego administratiboetan.
b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:
–“Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak: Futbola”.
c) Posta elektronikoaren bidez, ondotik adierazten diren posta helbideetara zuzendua:
IKASTETXEA / HELBIDE ELEKTRONIKOA | KIROL IKASKETAK |
Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorra (Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari zuzendua) ilergaay@navarra.es (mezu elektronikoaren gaia: futboleko espezialitaterako sarrera proba 2017) | Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
3. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, arestian aipatutako kirol espezialitate edo modalitateari dagozkion tramiteen fitxan agertzen den ereduaren arabera.
Inskripzioa zer ikastetxetan egiten den, ikastetxe horiek inskripzio eskaeraren frogagiria emanen dute.
4. Ondoko taula honetan ageri da kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:
EPEA | KIROL IKASKETAK |
2017ko irailaren 11tik irailaren 14ko 14:00etara | Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila |
5.–Dokumentazioa.
Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena.
–Erdi mailako edo goi mailako kirol ikasketetara sartzeko baldintza akademikoak betetzen direla frogatzen duen dokumentuaren fotokopia.
–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.
6.–Inskribatzeko tasak:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua) 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hauek dira probetan izena emateko tasak:
a) Futboleko erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko proba:
–Tarifa arrunta: 45 euro.
–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 22,50 euro.
–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doan.
ONARTUEN ETA BAZTERTUEN ZERRENDA
7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.
1. Deitutako probetan gehienez 60 izangai onartuko dira.
2. Izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda osatzeko ondoko hurrenkera irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Futboleko lehen ikasmailara sartzeko probak:
–Lehenbizikoa: Nafarroako Futbol Federazioak emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak.
–Bigarrena: Beste futbol federazio batek emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak.
–Hirugarrena: federazio lizentzia indarduna ez duten izangaiak.
Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2017-2018 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitza aplikatuz.
3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.
Orobat, zerrenda horietan salbuespenei emandako ebazpena eta izangaiek eskatutako proba egokitzapenak adieraziko dira.
4. Erreklamazioak aurkezten ahalko dira kasuan kasuko ikastetxean, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio.
5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.
6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:
KIROL IKASKETAK | PROZEDURAREN FASEA | EGUNAK |
Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila | Behin-behineko zerrenda | ostirala, 2017ko irailaren 15a |
Erreklamazioak | 2017ko irailaren 18tik 20ra arte | |
Behin betiko zerrenda | osteguna, 2017ko irailaren 21a |
SARRERA PROBA ESPEZIFIKOAK
8.–Futboleko kirol-teknikarien ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.
Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto Futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.
9.–Izangaientzako argibideak eta orientazioa.
Kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta behar diren kirol modalitateetara sartzeko proba espezifikoak.
10.–Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordua eta tokia.
Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.
Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak egiteko egunak honako hauek izanen dira:
EGUNAK (1) | KIROL IKASKETAK |
asteazkena, 2017ko irailaren 27a | Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila |
(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, garaiz eginen da horietarako deialdia, eta horretarako, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean eta “Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori). | |
Proba egiteko eguna, ordua eta tokia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean jakinaraziko da, garaiz, edo bestela, kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan.
Proba bakoitza egiteko deia horiek hasi baino ordu erdi lehenago eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, bai eta ariketak egiteko beharrezkoak diren materiala eta ekipoa ere.
11.–Proba espezifikoak garatzeko epaimahaiak eta betebehar espezifikoak baloratzea.
1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.
2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 11. oinarrian xedatutakoaren arabera.
3. Kiroleko modalitate eta espezialitateak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak izenda ditzake behar den Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak.
4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da sarrera probaren garapena ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz egiten dela bermatzea.
5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probaren garapenari buruzko aktak egitea eta egiaztatzea garapen hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat datorrela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.
6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hori modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak proba osatzen duten ariketetan ebaluatzea, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, berek bakarrik baloratuko dute proba.
7. Epaimahaiek proposamena egiten ahalko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina probak prestatu eta egiterakoan aholkularitza eta laguntza ematea izanen da. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aipatu aholkulariak izendatzeaz.
8. Epaimahaien esku egonen da sarrera proba espezifikoak abiaraztean eta garatzerakoan sortzen diren auzi tekniko eta logistikoak ezagutzea eta ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute, proben garapenarekin lotutako alderdietan eta oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.
9. Salbuesteko eskaerak ebaztea, orobat, epaimahai ebaluatzaileei dagokie.
10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.
PROBEN EMAITZAK ETA ERREKLAMAZIOAK
12.–Azken kalifikazioa.
Sarrera proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideekin bat.
13.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.
1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki oholean eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.
Proba bakoitza bukatu ondoko hiru egunetan argitaratuko dira sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.
2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Santo Domingo kalea, 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.
3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko ezarritako epea bukatu ondoko bi egunetan argitaratuko dira, kasuan kasuko ikastetxeen iragarki oholean eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan.
Behin betiko emaitzen argitalpena epaimahai ebaluatzaileak aurkeztutako erreklamazioen aurrean hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura izanen da.
AKREDITAZIOAK
14.–Proba espezifikoen baliozkotasuna eta egiaztapena.
Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak luzatuko du egiaztagiri hori.
Interesdunek zegokien inskripzioa egin zuten ikastetxean hartzen ahalko dituzte ebazpen honen xedeko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak gainditu izanaren egiaztagiriak, behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik hasita zazpi eguneko epea igaro ondoren.
Ez da inolaz ere proben zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk luzatuko.
Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F1710352
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
