Iragarkia
172. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOBEITI
Deialdia, zerrenda bat osatzeko, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren
OINARRIAK
Lehena.–Arau orokorrak.
Deialdia egiten da zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Berriobeitiko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.
Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanposturako aldi baterako kontrataziorako.
1.1. Lanpostuek D mailako ordainsariak izango dituzte, bat etorririk uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan xedatuarekin eta Berriobeitiko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenekin.
1.2. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira.
Mantentze-lan orokorren eta obren lantaldearen berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, baita udal instalazioetakoak ere, haiek egoki funtziona dezaten begiratu eta haien artatze eta mantentze-lanak eramatea; hona hemen haietako batzuk besteak beste, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe:
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak.
–Zerbitzuaren berezko makineriaren, lanabesen eta tresnen maneiatzea, mantentze-lana eta konpontzea.
–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak etab.
–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea.
–Ibilgailuak gidatzea eta obrako makineria arina eta ertaina maneiatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).
–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.
–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, betiere beren mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuetako artatze eta mantentze-lan oinarrizkoa egitea.
–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izango dira honako eginkizun orokorrak:
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.
–Bere lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.
–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea.
–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.
Bigarrena.–Betebeharrak.
2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B motako gidabaimena.
Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta f) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 8.4 atalean ezarritakoarekin bat.
2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira (salbu 2.1. f) atalean adierazitakoa; hori kontratazio egunerako bete beharko da), baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Berriobeitiko Udaleko Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza, 1, Berriobeiti) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Halaber, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Berriobeitiko Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.berrioplano.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.
3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.berrioplano.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:
–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia. Fotokopia konpultsatua.
–Azterketarako eskubideen tasa ES78 3008 0078 4107 0326 6023 kontuan ordaindu izanaren frogagiria.
Ordaindu beharreko zenbatekoa:
–6,04 euro, oro har.
Azterketarako eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, frogagiria aurkezten ez bada, kasua zein den, izangaia baztertu egingo da.
Arintasuna helburu, kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek bakarrik aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.
3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Seigarrena.–Izangaien onarpena.
4.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriobeitiko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emango du, eta aginduko du Berriobeitiko Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian (www.berrioplano.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.
Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.
4.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, alkateak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.berrioplano.es Udalaren webgunean eta iragarki oholean bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
Bosgarrena.
5.1. Lehiaketaldia: lehiaketaldia oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie, eta 5 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:
–Euskara: euskara ezagutzea nahitaezko ez den lanpostuetan baloratuko da.
–Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat, euskaraz jakitea deialdiaren puntu guztien (oposizioa gehi lehiaketa) %5 baloratuko da jendearekin harreman zuzena daukaten lanpostu guztietarako.
Hortaz, euskararen ezagutza gehienez ere 5 puntu baloratuko da EGA edo C1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emango zaizkie: A1 tituluak 1 puntu izanen ditu, A2 tituluak 2 puntu, B1 tituluak 3 puntu eta B2 tituluak 4 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia konpultsatua erantsi behar zaio.
Izangaiak ez badauka entitate eskudunak emandako egiaztagiri ofizialik, NAPIn proba egiteko aukera dauka. Erakunde horrek zehaztuko du lortutako puntuazioa, atal honen hirugarren lerroaldean ezarritako irizpideari jarraikiz.
Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Berriobeitiko Udalaren iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.
Probak.
Hautapen prozesua bi proben bidez egingo da. Bata teorikoa izango da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izango dira. Plika sistema erabiliko da.
Probak Bideko Ama Birjina ikastetxe bateratu politeknikoaren instalazioetan egingo dira.
Proba teorikoaren eta praktikoaren datak behin betiko zerrendarekin batera iragarriko dira.
5.1. Proba teorikoa.
Proba teorikoa, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 40 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordubetez. Galdera bakoitzak hiru erantzun izango ditu aukeran, baina bat bakarra izango da zuzena.
Aldi hau gehienez ere 40 punturekin baloratuko da, eta okerreko erantzunei 0,20 puntuko zigorra ezarriko zaie. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (20 puntu). 20 puntu lortzen ez dituztenek ezin izango dute hurrengo proba egin.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.
Epaimahaiak Udalaren iragarki oholean eta web-orrian jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.
5.2. Proba praktikoa.
Proba praktikoa: I. eranskineko gaiekin lotuta, proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan egingo diren, bai eta zenbat denbora iraungo duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Ariketa honetan gehienez ere 55 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala egingo da, alegia, 55 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izango da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 lortu behar da gutxienez (18 puntu), proba praktiko guztiak kontuan harturik.
5.3. Probetarako dei bakarra egingo da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
5.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
Seigarrena.–Epaimahaia.
6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Juan M.ª Albizu Andueza, Berriobeitiko Udaleko alkatea.
Ordezko epaimahaiburua: Koldo Abrego Primo, Berriobeitiko Udaleko bigarren alkateordea.
Batzordekidea: Javier Muñoz Nieva. Iruñeko Bideko Ama Birjina IBPko irakaslea.
Ordezko epaimahaikidea: José A. Ardanaz Ulibarri, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Epaimahaikidea: José Luis Santesteban Iturri. Iruñeko Bideko Ama Birjina IBPko irakaslea.
Ordezko epaimahaikidea: Jesús M.ª López Goñi, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Epaimahaikidea: Luis Larrañeta Oyarzun, Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Roberto Leon Zaro, Udaleko langileen ordezkaria.
Epaimahaikide-idazkaria: Jesús María Llorens García, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: noren eskutan uzten duen, huraxe.
6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.
Halaber, zilegi da epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diete laguntza epaimahaikoei.
Zazpigarrena.–Emaitzak.
7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren probako (praktikoa) lehenbiziko zatian zein den puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak egingo duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Berriobeitiko Udaleko iragarki-oholean argitaratuko dira.
7.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren iragarki oholean eta webgunean (www.berrioplano.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.
Proba teorikoa gainditurik, proba praktikoan proba horretako gehieneko puntuazioaren (55 puntu) %30 (16,50 puntu) gutxienez lortzen duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako zerrendetan.
7.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.
Zortzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
8.1. Gainditu duten izangaiei Berriobeitiko Udalean gertatzen diren beharren arabera egingo zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
8.2. Lanean hasteko deiari dagokionez, kontuan hartuko da Berriobeitiko Udaleko kontratazio zerrenden kudeaketarako erregelamenduan ezarritakoa, 2016ko urriaren 4ko osoko bilkuran onetsi baitzen eta 2017ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urtarrilaren 19an.
8.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Berriobeitin, 2017ko abuztuaren 22an.–Alkatea, Juan M. Albizu Andueza.
I. ERANSKINA
1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.
3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.
4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.
5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak zutitzea.
6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.
7. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak airez betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzaren ezagutza.
II. ERANSKINA
Eskabide eredu ofiziala (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1709961
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
