1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko abuztuaren 23an hartua. Honen bidez adierazten da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, honako plan hau gauzatzeari dagokionez: Atarrabiako “Errondoa kaleko 4 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Proiektua Atarrabiako Udalak sustatu du.
Atarrabiako Errondoa kaleko 4 zenbakiko eraikinaren jabeen elkarteko buruak eskaturik, Atarrabiako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko uztailaren 28an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Atarrabiako “Errondoa kaleko 4 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik igogailu bat aipatu higiezinean instalatzea.
Osoko bilkuran 2016ko urtarrilaren 26an hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Atarrabiako “Errondoa kaleko 4 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”. Halaber, hasiera batean onetsi zen oztopo arkitektonikoak kentzeko desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, Atarrabiako “Errondoa kaleko 4 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan bereziari” jarraituz.
Jendaurreko epea iraganik eta planteatutako alegazioak ebatzirik, Atarrabiako Udalak 2017ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatu plan bereziak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeak eskatzen dituen argitalpenak egin ziren.
Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen elkarteen onurarako, betiere haien helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) batez ere bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.
Atarrabiako Udalak aurkeztutako espedientean dago Errondoa kaleko 4ko jabeen elkarteko buruak sinatutako idazkia, non adierazten baitute konpromisoa hartu dutela desjabetze prozesuak ukitutako lokalaren titularrei bidezko diren kalte-ordainak ordaintzeko.
Horrenbestez, Atarrabiako Udalak eskatuta, dagokion txostena ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Atarrabiako “Errondoa kaleko 4 zenbakia duen etxeko oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” gauzatzeko ukitzen diren ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Plana Atarrabiako Udalak sustatzen du.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Atarrabiako Udalari jakinaraztea.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1709984