17. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

12/2017 FORU AGINDUA, urtarrilaren 11koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, abenduaren 15eko 305/2015 Foru Agindua aldatzen duena. 305/2015 Foru Aginduaren bidez, departamentu horretako eta haren erakunde autonomoetako bulegoen eta atala baino maila beheragoko unitateen egitura garatu zen.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 15eko 305/2015 Foru Aginduaren bidez, departamentu horretako eta haren erakunde autonomoetako bulegoen eta atala baino maila beheragoko unitateen egitura garatu zen. V. kapituluaren 3. atalean Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari dagokion araudia dago, eta VI. kapituluan, berriz, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokiona.

Foru agindu hori onetsi zenetik urtebete igaro delarik, erakunde autonomo horien egitura erronka eta behar berrietara egokitzeko eta haren eraginkortasuna hobetzeko asmoz, bidezkoa da egitura hori aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 24.4 artikuluan, ezartzen du bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzea, unitate horiek non sartuko diren, departamentu horretako kontseilari titularrak eginen duela, foru aginduaren bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 15eko 305/2015 Foru Aginduaren 5.1.c), 6.1, 32., 33., 34., 35., 39., 40., 42., 49., 50., 51., 52. eta 53. artikuluak aldatzen dira. Foru agindu horren bidez, departamentu horretako eta haren erakunde autonomoetako bulegoen eta atala baino maila beheragoko unitateen egitura garatu zen.

Lehenbizikoa.–5.1. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“5.1. artikulua. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak bulego hauek ditu bere egituran:

a) Balorazioen eta Zerbitzuen Zuzendariordetzaren mende:

–Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zentroen Bulegoa.

–Zorren Kudeaketa eta Kontrolaren Bulegoa.

–Banakako Arreta Programen Bulegoa.

b) Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzaren mende:

–Entitateekiko Koordinaziorako Bulegoa.

–Programetarako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

–Horniduren Bulegoa.

c) Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren mende:

–Familia Bulegoa.

–Administrazio Aferetarako Bulegoa.

–Babesgabetasun Egoeren Balorazio Bulegoa.

–Neurri Judizialak Betearazteko Bulegoa.

–Zaintza Kudeatzeko Bulegoa.

–Nazioko eta Nazioarteko Adopzioen Bulegoa.

Bigarrena.–6.1. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bulego hauek ditu bere egituran:

a) Kudeaketako Zuzendaritzaren mende:

–Zuzendaritza Idazkaritzaren Bulegoa.

b) Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren mende:

–Kontrol Administratiboaren Bulegoa.

–Prozesuak Koordinatzeko Bulegoa.

–Erregistro eta Langileriaren Bulegoa.

–Zentroak Koordinatu eta Egiaztatzeko Bulegoa.

c) Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren mende:

–Energia Berriztagarrien eta Efizientzia Energetikoaren Erreferentziako Zentro Nazionalaren Bulegoa - Enplegurako Prestakuntzaren Arloa.

–Programazioa Diseinatzeko Bulegoa.

–Neurriak Hedatzeko Bulegoa.

–Jarraipen eta Ebaluazio Bulegoa.

–Gaitasunak Egiaztatzeko Bulegoa.

–Informatika Bulegoa.

d) Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren mende:

–Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoa.

–Enplegu eta Prestakuntza Programen Bulegoa.

–Kontrataziorako Pizgarrien eta Ekonomia Sozialaren Bulegoa.

–Kontratuen eta Enplegu Eskaintzen Bulegoa.

–Ekintzailetza Bulegoa.

–Nazioarteko Programen Bulegoa.”

Hirugarrena.–32. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“32. artikulua. Babesgabetasun Egoeren Balorazio Bulegoa.

Babesgabetasun Egoeren Balorazio Bulegoa Babesgabetasun Egoeren Balorazio Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Babesgabetasun Egoeren Balorazio Atalari laguntzea haurrak eta nerabeak babesteari loturiko eginkizun guztietan.

b) Laguntza eskatzen duten Nafarroako “gizarte sareko adabegi” guztiei aholku ematea adingabeen babesaren arloan, hots, oinarrizko gizarte zerbitzuei, auzoko unitateei eta haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeei.

c) Babesik gabeko egoeran edo babesik gabe gelditzeko arriskuan dauden adingabeen espedienteak baloratzea, kasu bakoitzaren larritasuna finkatzeko.

d) Babesik gabeko egoeran edo babesik gabe gelditzeko arriskuaren egoeran esku hartzea, eta kasuan-kasuan behar diren babeserako baliabideak aplikatzea.

e) Adingabeen babeserako neurriak eta baliabideak abian jartzeko administrazio ebazpenak emateko txostenak prestatzea.

f) Arazo sozialak dituzten adingabeak hartzeko zentroak kudeatzen dituzten entitate itunduen gainbegiratze teknikoa eta jarraipena egitea.

g) Arazo sozialak izanik, egoitzetan hartuak dauden adingabeak gainbegiratzea, laguntzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

h) Txostenak idaztea eta proposamenak egitea. Familia Epaitegiekin eta Adingabeen Fiskaltzarekin koordinatzea.

i) Egoitzetan hartuak dauden adingabeen familiekin, guraso-eginkizunak berreskuratzeko programak garatzea.

j) Adingabeen jarraipena egitea erakundeen babespetik atera eta gero.

k) Familietan Esku Hartzeko Programa Espezializatua baloratzea, gainbegiratzea eta haren jarraipena egitea.

l) Haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeetara bideratutako adingabeak baloratzea, ikuskatzea eta jarraipena egitea.

m) Eguneko zentroaren lana baloratzea, gainbegiratzea eta haren jarraipena egitea.

n) Adingabekoentzako Behaketa eta Harrera Zentroaren lana baloratzea, gainbegiratzea eta haren jarraipena egitea.

o) Familientzako diru-laguntzak baloratzea eta kudeatzea, egoitzetan hartzeko alternatiba gisara.

p) Erakundeen babespetik ateratzeko bidean dauden adingabeentzako diru-laguntzak baloratzea eta kudeatzea.

q) Kanpoko zentroetan hartuak dauden adingabeen egonaldietarako diru-laguntzak baloratzea eta kudeatzea.

r) Babespean dauden adingabeen datu-basearen eta Adingabeen Egoeren Erregistroaren mantentze eta eguneratze lanez arduratzea.

s) Beharrezkoa denean, espedienteak ixtea (adinez nagusi egitea, familian berriz txertatzea, etab.) edo berrirekitzea.

t) Bulegoaren lanaren euskarri diren prozesu tekniko eta administratibo guztiak garatzea.

u) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

Laugarrena.–33. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“33. artikulua. Neurri Judizialak Betearazteko Bulegoa.

Neurri Judizialak Betearazteko Bulegoa Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atalari laguntzea erreforma-sisteman dauden adingabeei loturiko eginkizun guztietan.

b) Erreforma-sistemako baliabideak abian jartzeko administrazio ebazpenak emateko txostenak prestatzea.

c) Barneratze neurri judizialak betetzeko zentroak kudeatzen dituzten entitate itunduen gainbegiratze teknikoa eta jarraipena egitea, baita barneratu gabeko neurri judizialena ere.

d) Erreforma-sisteman dauden adingabeak gainbegiratzea, laguntzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

e) Barneratu gabeko neurri judizialak betetzeko programak baloratzea, gainbegiratzea eta jarraipena egitea.

f) Txostenak idaztea eta proposamenak egitea. Adingabeen Epaitegiarekin eta Adingabeen Fiskaltzarekin koordinatzea.

g) Erakundeen babespetik atera ondoko segimendu egoeran dauden adingabeentzako diru-laguntzak baloratzea eta kudeatzea.

h) Balorazio Batzordean parte hartzea, beharrezkoa denean.

i) Erreformari buruzko datu-basearen eta Adingabeen Egoeren Erregistroaren mantentze eta eguneratze lanez arduratzea.

j) Espedienteak ixtea neurri judizialak bete direlako, edo espediente horiek berriz irekitzea bidezko denean.

k) Bulegoaren lanaren euskarri diren prozesu tekniko eta administratibo guztiak garatzea.

l) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

Bosgarrena.–34. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“34. artikulua. Zaintza Kudeatzeko Bulegoa.

Zaintza Kudeatzeko Bulegoa Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Harrera adingabearena ez den beste familia batek egiten duenean, familiak hautatzea, prestakuntza ematea, jarraipena egitea eta laguntzea.

b) Harrera adingabearen beraren familiak egiten duenean, familiak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

c) Familietan har daitezkeen adingabeei buruzko espedienteak baloratzea.

d) Familia harrerak formalizatzea.

e) Jaio ondoko lehenbiziko urteetan dauden adingabeei buruzko presako espedienteak tramitatzea.

f) Adingabeen babeserako neurriak eta baliabideak abian jartzeko administrazio ebazpenak emateko txostenak prestatzea.

g) Txostenak idaztea eta proposamenak egitea. Familia Epaitegiekin eta Adingabeen Fiskaltzarekin koordinatzea.

h) Adingabeak hartzen dituzten familientzako diru-laguntzak kudeatzea.

i) Familia harreran dauden adingabeen jarraipena egitea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen, haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeen, nerabeentzako hezkuntza programen eta abarren bidez.

j) Familia harrerari buruzko datu-basea mantentzea eta eguneratzea.

k) Beharrezkoa denean, espedienteak ixtea (adinez nagusi egitea, familian berriz txertatzea, etab.) edo berrirekitzea.

l) Beste autonomia erkidego edo herrialde batzuetako gizarte zerbitzuekin harremanak izatea harreran hartzeko adingabeei buruzko espedienteak lekuz aldatzeko.

m) Bulegoaren lanaren euskarri diren prozesu tekniko eta administratibo guztiak garatzea.

n) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

Seigarrena.–35. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“35. artikulua. Nazioko eta Nazioarteko Adopzioen Bulegoa.

Nazioko eta Nazioarteko Adopzioen Bulegoa Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Familia adoptatzaileak hautatzea, prestakuntza ematea, jarraipena egitea eta laguntzea.

b) Adoptatzen ahal diren adingabeen espedienteak baloratzea eta jarraitzea.

c) Txostenak eta adoptatzeko proposamenak prestatzea.

d) Adopzioaren arloan interesa duten pertsonei informazioa eta aholku ematea.

e) Adopzioaren arloan interesa duten pertsonen prestakuntza diseinatzea, koordinatzea eta haren jarraipena egitea.

f) Eskaerak jasotzea eta tramitatzea, dela zuzenean, dela behar bezalako baimena duten entitateen bidez.

g) Adopzioa eskatzen duten pertsonen balorazio psikosoziala egitea eta, hala badagokio, egokitasunaren ziurtagiriak eta jarraipena egiteko konpromisoa luzatzea.

h) Nafarroako Foru Komunitatean bitarteko lana egiten duten nazioarteko adopziorako entitate laguntzaileak kreditatzeko eta jarduteko jarraibideak prestatzea.

i) Adopzio espedienteak tramitatzea Espainiako zein atzerriko agintari eskudunen aurrean.

j) Adopzioa egin nahi duten pertsonei laguntza eta aholku ematea Espainian eta atzerrian egin beharreko kudeaketei buruz.

k) Adopzioaren ondoko jarraipena egitea eta adoptatutako adingabeen jatorrizko herrialdeek finkatutako epeetan egin beharreko txostenak prestatzea.

l) Adoptatuek beraiek eta familiek dituzten beharretan aholku ematea.

m) Adopzioaren arloko koordinazioa eta lankidetza teknikoa, bai Nafarroan berean (hezkuntza eta osasun baliabideak, etab.) bai beste autonomia erkidego batzuekin.

n) Bere dituen arloei dagozkien espediente administratiboak instruitzea.

o) Adingabearen jatorrizko herrialde bakoitzean adopzioa egiteko eskatzen diren tramitazio baldintza eta eskakizun partikularrekin datu-base bat prestatzea eta eguneraturik izatea.

p) Nafarroako Adopzioen Erregistroa eguneraturik izatea.

q) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

Zazpigarrena.–36.bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“36. bis artikulua. Prozesuak Koordinatzeko Bulegoa.

Prozesuak Koordinatzeko Bulegoa Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundearen prozesu operatiboak diseinatzea, prestatzea, garatzea eta jarraipena egitea, erakundeko unitate administratibo guztiekin koordinatuta.

b) Erakundearen jarduketa adierazleak koordinatzea eta jarraipena egitea.

c) Erakunderako finkatutako ebaluazio prozesuak koordinatzea eta jarraipena egitea.

d) Sare sozialak eta erakundearen beste komunikabide batzuk kudeatzea eta koordinatzea.

e) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Zortzigarrena.–39. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“39. artikulua. Zentroak Koordinatu eta Egiaztatzeko Bulegoa.

Zentroak Koordinatu eta Egiaztatzeko Bulegoa Programen Jarraipenerako Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegurako eta prestakuntzaren espezialitateetarako lanbide prestakuntzako zentroak aztertzea, tramitatzea eta baimen daitezen proposatzea.

b) Lanbide-orientazioarekin eta ekintzailetzarekin lotutako zentro eta entitateentzako baimenak aztertzea, tramitatzea eta proposatzea.

c) Inskribatu eta egiaztatutako zentroen erregistroa kudeatzea.

d) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Bederatzigarrena.–40. artikuluko 1. lerroaldea aldatzen da. Hona testu berria:

Energia Berriztagarrien eta Efizientzia Energetikoaren Erreferentziako Zentro Nazionalaren Bulegoa - Enplegurako Prestakuntzaren Arloak, Programak Garatzeko Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu: (...)”.

Hamargarrena.–42. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“42. artikulua. Informatika Bulegoa.

Informatika Bulegoak, Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundearen informazio sistemak eta aplikazio informatikoak aztertzea, garatzea eta mantentzea.

b) Programak edo jarduketak kanpoan hedatzeko beharrezkoak diren euskarriak eta sistemak diseinatzea, prestatzea eta sustatzea.

c) Enplegu Atariko edukiak eta enplegu arloari lotutako beste aplikazio informatiko batzuena koordinatzea.

d) Erakundearen baliabideak eta euskarri informatikoak koordinatzea.

e) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Hamaikagarrena.–49. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“49. artikulua. Enplegu eta Prestakuntza Programen Bulegoa.

Enplegu eta Prestakuntza Programen Bulegoa Enplegu Inklusiboko Programen Atalari atxiki zaio eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegurako lantegi-eskolen espedienteak tramitatzea eta kudeatzea.

b) Prestakuntzako eta enpleguko proiektu integratuak tramitatzea eta kudeatzea.

c) Enplegurako lantegi-eskolak eta prestakuntzako eta enpleguko proiektu integratuak sustatzen dituzten entitateekin koordinatzea.

d) Garatutako proiektuak nola gauzatzen diren, jarraipen teknikoa egin, lagun egin eta kontrolatzea.

e) Prestakuntza eta enplegu programen azterketa kualitatiboa eta hobekuntza proposamenak.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Hamabigarrena.–50. artikuluko 1. lerroaldea aldatzen da. Hona testu berria:

“Nazioarteko Programen Bulegoak, Orientazio Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu: (...)”.

Hamahirugarrena.–51. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“51. artikulua. Ekintzailetza Bulegoa.

Ekintzailetza Bulegoak, Enpresentzako Zerbitzuen Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekintzaileei eta langile autonomoei informazioa, aholkularitza eta laguntza ematea.

b) Ekintzailetza eta enplegu autonomoa sustatzeko neurriak eta programak diseinatzea eta prestatzea.

c) Entitate laguntzaileek ekintzailetza arloan eskaintzen dituzten zerbitzuak koordinatzea.

d) Toki garapena sustatzeko programak tramitatzea eta kudeatzea.

e) Enplegu autonomoa sustatzeko laguntzen espedienteak tramitatzea eta kudeatzea.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Hamalaugarrena.–52. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“52. artikulua. Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoa.

Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoak, Enplegu Inklusiboko Programen Atalari atxikita, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Desgaitasuna duten pertsonen enplegua, gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonena eta gizarteratzeko eragozpenak dituzten beste gizatalde batzuena sustatzeko laguntzen espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

b) Enplegurako zentro berezietan eta enpresa arruntetan laneratzeko eta enplegu lagundurako laguntzen espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

c) Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzeko enpresetan laneratzeko laguntzen espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

d) Garatutako proiektuak nola gauzatzen diren, jarraipen teknikoa egin, lagun egin eta kontrolatzea.

e) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatzea programa horiek diseinatu eta gauzatzeko.

f) Izaera sozialeko entitateentzat kontratuak erreserbatzearen koordinazioa eta kontrola egitea.

g) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Hamabosgarrena.–53. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“53. artikulua. Kontrataziorako Pizgarrien eta Ekonomia Sozialaren Bulegoa.

Kontrataziorako Pizgarrien eta Ekonomia Sozialaren Bulegoak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Toki entitateen kontrataziorako laguntzen espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

b) Gazteak eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten beste gizatalde batzuk kontratatzeko laguntzen espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

c) Nekazaritzako enplegua sustatzeko laguntzen espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

d) Gizarte ekonomia sustatzeko espedienteak kudeatzea eta tramitatzea.

e) Enplegua lortzeko aukera berdintasuna sustatzeko neurriak diseinatzea, prestatzea eta tramitatzea.

f) Gazteen enplegua sustatzeko neurriak diseinatzea, prestatzea eta tramitatzea.

g) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.”

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenak.

Bulegoetako buru hauen izendapenak berresten dira, baldintza berberetan: Toki Entitateei, Irabazi-asmorik gabeko Erakundeei eta Ekonomia Sozialeko Entitateei Laguntzak emateko Bulegoko burua, hemendik aurrera Kontrataziorako Pizgarrien eta Ekonomia Sozialaren Bulegoko burua izanen dena; Arazo Sozialak dituzten Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko burua, hemendik aurrera Babesgabetasun Egoeren Balorazio Bulegoko burua izanen dena; Gizartearekin Gatazkan eta Zentzatzeko bidean dauden Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko burua, hemendik aurrera Neurri Judizialak Betearazteko Bulegoko burua izanen dena; Familia Harreraren Bulegoko burua, Zaintza Kudeatzeko Bulegoko burua izanen dena; eta Adopzio Bulegoko burua, Nazioko eta Nazioarteko Adopzioen Bulegoko burua izanen dena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 11n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1700613