17. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

2/2017 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, foru dekretu hauek aldatzen dituena: Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretua, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretua eta urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretua, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen garapen partzialerako Erregelamendua onesten duena.

Abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen. 3.2.b) artikuluan, departamentu horri atxikitzen dio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia erakunde autonomoa.

Irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onetsi zituen.

Aipatu arauak onetsi zirenetik urtebete baino gehiago iraganik, esperientziak on dela dio unitate batzuen antolaketaren banaketa eta egitura egokitzea, bai Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian, bai Agentzian, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzan, eraginkorra izan dadin esleituta dituzten eskumen eta eginkizunen erabilera.

Bestetik, ondoriorik ez badu ere proposatzen den egitura berrian, urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuan aurreikusitako Balorazio Batzordearen osaera egokitzea planteatzen da, gaur egun Agentziaren parte ez diren unitateak sartuz, uste baita Batzorde horretako kide izan behar dutela. Aipatu Foru Dekretuaren bidez, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen garapen partzialerako Erregelamendua onetsi zen.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamazazpiko urtarrilaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehen artikulua.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren aldaketa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren 21. artikulua aldatzen da, testu hau izanen baitu:

“21. artikulua. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren Atalak.

1. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:

a) Familien Atala.

b) Babesgabetasun Egoeren Balorazio Atala.

c) Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atala.

2. Familien Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Familientzako zerbitzuak eta prestazioak kudeatzea eta koordinatzea, hau da: familia orientaziorako zerbitzua, familia bitartekaritzarako zerbitzua eta familia elkartzeko guneak.

b) Familientzako diru-laguntzak tramitatzea eta horiek birformulatzeko proposamena egitea, familia ereduen bilakaeraren arabera, gizartearen errealitatearen arabera eta prestazio horiek zainketen ardurakidetzan (arlo publikoan zein pribatuan) duten eraginaren arabera.

c) Haur eskolak kudeatu eta koordinatzea, bere eskumen esparruaren barrenean.

d) “Etxe lagunak” baliabidea koordinatzea eta baliabide horrentzako diru-laguntzak kudeatzea.

e) Familientzako politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren eginkizunei loturik bere esku utzitako edozein.

3. Babesgabetasun Egoeren Balorazio Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Izan daitezkeen babesgabetasun kasuak hartzea.

b) Zailtasunetan eta gatazka sozialean diren adingabeei buruzko espedienteak baloratzea, haien babesgabetasun egoera (arriskua, babesgabezia, nahita utzitako zaintza) zehaztu eta babes neurria hartzeko.

c) Egitatezko zaintzan edo antzeko egoera batean dauden eta familietan hartzeko aukera duten adingabeen espedienteen balorazioa.

d) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuekin eta adingabeak babesteko sistemaren esparruko bestelako zerbitzuekin koordinatzea.

e) Zehazten diren departamentuko, departamentuen arteko edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

f) Balorazio prozesuan dauden adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea, prozesu horiek behaketa eta harrera zentroetan zein larrialdiko familietan egin.

g) Familietan Esku Hartzeko Programa Espezializatuaren, Familia-hezkuntza Programaren eta Eguneko Zentroaren Programaren onuradun diren adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

h) Haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeetara bideratutako adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

i) Banakako babes plana prestatzea haurraren edo nerabearen zaintza kudeatzen duen lantaldearekin batera, hura, zein den kasua, berriz familian txertatzeko programan sartzeko.

j) Haurren babesgabetasunari aurrea hartzeko sentsibilizazio kanpainak garatzen laguntzea.

k) Familientzako laguntza ekonomikoak baloratu eta kudeatzea.

l) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

m) Bere eskumenen esparruko kontratuak eta entitateak kontrolatu eta gainbegiratzea.

n) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jarduerei loturik bere esku utzitako edozein.

4. Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Babeseko etxebizitza funtzionaletan eta egoitzetan sartutako adingabeak gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

b) Atal honi esleitutako eskumenen esparruko kontratuak eta entitateak kontrolatu eta gainbegiratzea.

c) Organo judizialek babesik gabe edo gatazka sozialeko egoeran eta zentzatzeko bidean dauden adingabeei buruz agindutako neurriak betearaztea.

d) Guraso eginkizunak berreskuratu ahal izateko programak garatzea.

e) Familietan Esku Hartzeko Programa Espezializatuaren onuradun diren adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

f) Familia-hezkuntzaren Programa Espezializatuaren onuradun diren adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

g) Eguneko Zentroaren Programa Espezializatuaren onuradun diren adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

h) Nerabeen Hezkuntza Programaren onuradun diren adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

i) Haurrei eta nerabeei laguntzeko taldeetara bideratutako adingabeak baloratzea, gainbegiratzea eta haien jarraipena egitea.

j) Harrera eta adopzio familiak hautatzea eta haiei informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea eta balorazio psikosoziala eta jarraipena egitea.

k) Hala badagokio, egokitasunaren ziurtagiriak eta jarraipena egiteko konpromisoa ematea.

l) Familia harrerak formalizatzea, eta, kasua bada, epaitegian adoptatzeko proposamenak egitea, eta harreren jarraipena egitea.

m) Familia-harrerei buruzko datu-basearen eta Nafarroako Adopzioen Erregistroaren mantentze- eta eguneratze-lanez arduratzea.

n) Adingabeen familia-harreraren edo adopzioaren arloko koordinazioa eta lankidetza teknikoa departamentuan, autonomia erkidegoan, autonomia erkidegoen artean eta nazioartean.

ñ) Adopzio espedienteak tramitatzea Espainiako zein atzerriko agintari eskudunen aurrean.

o) Jarraibideak eta egiaztagiriak prestatzea Nafarroako Foru Komunitatean nazioarteko adopzioaren arloan diharduten entitate laguntzaileentzat.

p) Erakundeen babespetik ateratzeko bidean dauden adingabeentzako laguntza ekonomikoak baloratzea eta kudeatzea.

q) Adingabeen jarraipena egitea erakundeen babespetik atera eta gero.

r) Harrera familiak lortzeko sentsibilizazio kanpainak garatzen laguntzea.

s) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

t) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren jarduerei loturik bere esku utzitako edozein.”

Bigarren artikulua.–Eskubide Sozialetako egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren aldaketa.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 24. eta 25. artikuluak kendu dira, eta 21.a eta 23.a aldatu. Testu hau izanen dute:

“21. artikulua. Plangintza eta Ebaluazio Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Plangintza eta Ebaluazio Atalak foru dekretu honetan gizarte zerbitzuei enpleguari eta etxebizitzari buruz aurreikusitako eskudantziak izanen ditu, eta, bereziki, honako hauek:

a) Nafarroako gizartean gertatzen ari diren eraldaketa prozesuak eta aldaketa joerak aztertzea eta analizatzea.

b) Unean-unean identifikatzen diren arazo sozialak aztertzea eta analizatzea.

c) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetan dagoen eskariaren gaineko azterlanak eta ikerketak egitea.

d) Gizarte zerbitzuen sistemako prestazioen eskaria, eraginkortasuna eta eragimena aztertu eta ebaluatzea.

e) Beharren, egoeraren eta baliabideen azterketak egitea, jarduketa plan eta programetarako jarraibideak eman ahal izateko.

f) Adierazle sozialak prestatzea, eta haien jarraipena eta balorazioa egitea.

g) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetan ikerketa jarduerak sustatzea.

h) Ikerketa proposamenak egitea eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren ikerketei laguntzea.

i) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetarako programak diseinatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea, kasuan kasuko unitate teknikoekin batera.

j) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetarako plan estrategikoak, plan sektorialak eta gizarte zerbitzu orokorren zorroa diseinatzea eta haien jarraipena eta ebaluazioa egitea.

k) Planak eta programak gauzatzeko baliabide-beharrak baloratzea eta haien kostu ekonomikoa ebaluatzea.

l) Lege-arauak eta erregelamenduak egiteko laguntza teknikoa ematea.

m) Gizarte prestazioen ereduen definizioak proposatzea unitate teknikoei.

n) Topaketak, biltzarrak, jardunaldiak eta bestelako ekitaldi profesional eta/edo zientifikoak antolatzea eta haiek egiteko laguntza ematea.

o) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako plangintzari buruzko azterlan eta dokumentuak prestatu, hedatu eta argitaratzea.

p) Gizarte zerbitzuen, enpleguaren eta etxebizitzaren arloen kudeaketa, koordinazioa, antolamendua eta arreta hobetzeko proposamenak prestatzea.

q) Departamentuetan planei buruzko informazio bilketa errazteko baliabideak koordinatzea eta haien jarraipena egitea.

r) Bere esparruko gaiei buruz Europako, Espainiako, autonomia erkidegoko eta tokiko iturrietan eskuratzen ahal den informazioa bildu eta aztertzea.

s) Zerbitzu-kartak prestatzea.

t) Kalitate Plana prestatu, aztertu eta ebaluatzea, eta nola gauzatzen den jarraipena egitea, bereziki adierazleen ebaluazioari dagokionez.

u) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.”

“23. artikulua. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuaren eskumenen esparru material eta funtzionala, eta haren egitura.

1. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu gizarte zerbitzuen, etxebizitzaren eta enpleguaren kalitatea eta ikuskapena sustatzeko lanari dagokionez eta, bereziki, honako hauek:

a) Gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzuen kalitate hobekuntza sustatzea eta hartarako aholkuak ematea, eta jardunbide egokiak zabaltzea.

b) Arretaren kalitatea sustatzea, eskubideak bermatzea eta pertsonari laguntzea oinarri izanik.

c) Kalitatea hobetzeko eta homologazio administratiboa eskuratzeko diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta haien gaineko jarraipena egitea.

d) Gizarte zerbitzuetako profesionalentzako prestakuntza ekintzak eta jardunaldiak antolatzea.

e) Fundazioen Babesletza kudeatzea.

f) Prozedura kudeatzea, mezenasgo sozialerako zerga pizgarriak lor daitezen.

g) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

2. Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak Ikuskapen Atala izanen du bere egituran.”

Xedapen iragankor bakarra.–Izendapenak.

Gertatu ziren baldintza beretan berresten dira Adingabearen Babes eta Sustapenerako Ataleko buruaren izendapena, orain Babesgabetasun Egoeren Balorazio Atala deitua, eta Adopzio Ataleko buruarena, orain Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atala deitua.

Azken xedapenetan lehena.–Urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren aldaketa; foru dekretu horren bidez onetsi zen Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzen duen erregelamendua.

5. artikulua aldatu da Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea hein batean garatzen duen erregelamendua onesten duen urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuan, eta testu hau izanen du:

“1. Adingabeak babesteko arloan eskumena duen organoko titularrak, ebazpen baten bidez, izendatuko ditu batzordeko kideak, honako hauek, hain zuzen ere:

a) Batzordeburua: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea.

b) Batzordekideak: Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren titularra, Babesgabetasun Egoeren Balorazio Ataleko eta Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Ataleko burutzen titularrak eta biei atxikitako Bulegoen titularrak.

c) Batzordekide-idazkaria: Administrazio Publikoko Arlo Juridikoko teknikari bat, adingabeak babesteko arloetan espezializatua.

2. Batzordeak kasuaz arduratzen den lantalde teknikoaren ordezkarien, teknikarien eta adituen laguntza eskatzen ahalko du. Horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.”

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1700466