17. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

118/2016 FORU DEKRETUA, abenduaren 28koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretua aldatzen duena.

ATARIKOA

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren.

Onetsi zirenetik urtebete igaro delarik, erakundearen egitura erronka eta behar berrietara egokitzeko eta haren eraginkortasuna hobetzeko asmoz, bidezkoa da estatutuetan aldaketa batzuk egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearekin bat, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamaseiko abenduaren hogeita zortzian hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak aldatzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 6., 12., 13., 14., 17., 18., 19., 23., 24., 25., 26., 27. eta 28. artikuluak aldatzen dira, eta 17.bis artikulua eransten. Artikulu horiek honela idatzita gelditu dira:

Lehena.–6. artikuluaren d) eta e) idatz-zatiak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak aldatzea proposatzea kontseiluburuari, Nafarroako Gobernuak onets dezan, salbu eta estatutuen aldaketa horrek erakunde autonomoaren egitura organikoari baizik ez badio eragiten; izan ere, kasu horretan Gobernu Kontseiluari aholku eskatu beharko zaio.

e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritza bete behar duen pertsona titularraren izendapenaren gainean kontsultatua izatea, baita estatutuen aldaketen gainean ere, aldaketa horrek erakunde autonomoaren egitura organikoari baizik ez badio eragiten.”

Bigarrena.–12. artikulua aldatzen da, m) idatz-zatia gehitu baitzaio, eta honela idatzita agertuko da:

“m) Erakundearen diru-laguntzen deialdiak onestea”.

Hirugarrena.–13. artikuluaren lehenengo lerroaldea aldatzen da, eta n) eta ñ) idatz-zatiak gehitzen zaizkio. Honela idatzita agertuko dira:

“Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua unitate organiko horizontal bat da, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin koordinaturik eginkizun hauek beteko dituena:

(...)

n) Enpleguaren arloan zerbitzuak ematen dituzten entitateak aitortzea.

ñ) Erakundearen unitate guztien arteko barne komunikazioa, kanpo komunikazioa, eta parte-hartzearekin, antolaketarekin eta informazio sistemekin zerikusia duen beste edozein eginkizun”.

Laugarrena.–14. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“14. artikulua. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren egitura.

Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.

b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.

c) Programen Jarraipenerako Atala.

d) Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atala.

Bosgarrena.–17. artikulua aldatzen da, e) idatz-zatia gehitu baitzaio, eta honela idatzita agertuko da:

“e) Enpleguaren arloan zerbitzuak ematen dituzten zentro eta entitateak aitortzea eta inskribatzea”.

Seigarrena.–17.bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“17. bis artikulua. Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atala.

Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakundeko langileentzako parte-hartze eredu bat sustatu eta kudeatzea, kanpoko zein barreneko zerbitzuak hobetzeko plan edo jarduketak prestatzeko.

b) Zerbitzuak hobetzeko plan edo jarduketak prestatu, sustatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea, erakundeko administrazio unitate guztiekin koordinatuta.

c) Erakundeko administrazio unitate guztien koordinaziorako eta barne komunikaziorako sistemak garatu eta bultzatzea.

d) Programak kanpoan hedatzeko behar diren ekintzak diseinatu eta garatzea, erakundeko administrazio unitate guztiekin koordinatuta.

e) Erakundearen komunikazioa koordinatzea.

f) Lanbide gaitasunak garatzeko eskaintza guztia hedatzeko sistemak prestatu eta sustatzea.

g) Lanbide gaitasunak garatzeko eskaintza eta enplegu arloko beste programa batzuk behar bezala hedatzeko behar diren euskarriak eta edukiak prestatzea.

h) Erakundearen ezagutzaren ataria (Extranet) kudeatu, koordinatu eta sustatzea.

i) Enplegu Atariaren edukiak eta zerbitzuak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea, baita Administrazio Elektronikoarekin zerikusia duten beste zerbitzu batzuk ere.

j) Eskubide Sozialetako Departamentuarekin eta kanpo komunikazioaren, parte-hartzearen, antolaketaren eta informazio sistemen inguruko gaietan eskudantziak dituzten Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuekin koordinatzea.

k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.

Zazpigarrena.–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“18. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren eginkizunak.

Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegurako prestakuntza garatzen laguntzea.

b) Esperientzia egiaztatzeko prozesuak eta kualifikazioen sistema garatzea.

c) Enplegura bideratutako lanbide prestakuntza ezartzen aktiboki parte hartzea.

d) Langileen lanbide kualifikazioa hobetzera bideratutako prestakuntzaren lehentasunak eta beharrak aztertzea, horren gaineko prospekzio eta diagnostikoak egitea eta prestakuntza programak egokitzea.

e) Foru Komunitatean garatzen diren enplegurako lanbide prestakuntzako programa eta ekimenak prestatu, koordinatu, kudeatu eta sustatzea.

f) Beste administrazio, erakunde publiko, antolakunde, entitate eta enpresa batzuekin batera aritzea eta haiekin koordinatzea enplegurako lanbide prestakuntzaren eremuan.

g) Nafarroako Kualifikazioen Institutuarekin batera lan egitea lan merkatuak eskatzen dituen kualifikazioak zein diren zehazten.

h) Europar Batasuneko edo nazioarteko ekintza eta proiektuetan, bere kudeaketaren eremuko gaiei lotuak direnetan, parte hartzea.

i) Enplegu politika aktiboen arloko informazio estatistikoa prestatu eta koordinatzea.

j) Enplegu agentzien kudeaketa koordinatu eta kontrolatzea.

k) Enplegu zerbitzu publikoetako informazio sistemen (SISPE) aplikazio informatikoak koordinatzea, kolaboratzea eta haien jarraipena egitea.

l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

Zortzigarrena.–19. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“19. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren egitura.

1. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Programak Garatzeko Atala.

b) Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atala.

c) Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atala.

d) Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atala.

2. Orobat, unitate organiko hauek atxikitzen zaizkio Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari, atal maila dutela:

a) Iruñeko 2. Zabalguneko Enplegu Agentzia.

b) Iruñeko Yamaguchiko Enplegu Agentzia.

c) Iruñeko Arrotxapeko Enplegu Agentzia.

d) Tuterako Enplegu Agentzia.

3. Orobat, aipatu zerbitzuari atxikitzen zaizkio Altsasu, Agoitz, Lizarra, Lodosa, Doneztebe eta Tafallako Enplegu Agentziak, ezarriko diren mailarekin eta eginkizunekin”.

Bederatzigarrena.–23. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

23. artikulua. Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalaren eginkizunak.

Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eremu geografiko bakoitzean identifikatutako enplegu baliabideak dinamizatzea, koordinatu eta hobetzeko asmoz.

b) Erakundeak aurrera eramaten dituen zerbitzu eta programetarako irizpide komunak ezarri eta koordinatzea.

c) Zerbitzuak lurralde bakoitzean aurrera eramateko behar diren baliabide material eta ekonomikoak planifikatu eta horren gaineko azterlanak egitea.

d) Lurraldeentzako parte-hartze sistema sustatzea, zerbitzuak hobetzeko asmoz.

e) Enplegu agentziak koordinatzea.

f) Enplegu agentzietako langileen prestakuntza beharrak identifikatzea, eta prestakuntza plan berariazkoak prestatzea, Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalarekin koordinatuta.

g) Bitartekaritza prozesuan aplikatutako sistema informatikoen erabileraren ardura duten pertsonen prestakuntza beharrak koordinatzea. Bitartekaritza prozesuari buruzko sistema informatikoak diseinatu, mantendu eta ustiatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak”.

Hamargarrena.–24. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“24. artikulua. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren eginkizunak.

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegua sustatzeko berariazko programak prestatu eta kudeatzea.

b) Autoenplegua eta ekintzailetza sustatzeko programak prestatu eta kudeatzea.

c) Ekonomia soziala sustatzeko programak prestatu eta kudeatzea.

d) Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten berariazko kolektiboentzat enplegua sustatzeko programak prestatu eta kudeatzea.

e) Lan merkatuan sartzeko aukera-berdintasuna eta bazterkeria eza bultzatzeko neurriak prestatu eta kudeatzea.

f) Prestakuntza eta enplegu programak prestatu eta kudeatzea.

g) Lan bitartekaritzaren sistema kudeatu eta koordinatzea.

h) Lan merkatuaren prospekzioa.

i) Kalitate eta modernizazio irizpideak ezartzea enpleguaren arloan.

j) Enplegu zentro berezien beharrak detektatu eta aztertzea, eta horretarako laguntzak kudeatzea.

k) Laneratzeko enpresen beharrak detektatu eta aztertzea, eta horretarako laguntzak kudeatzea.

l) Lan munduan sartzearekin eta lan orientazioarekin zerikusia duten jarduketak bultzatu eta kudeatzea, eta entitate laguntzaileekin koordinatzea.

m) Eures sarea zuzentzea.

n) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

Hamaikagarrena.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“25. artikulua. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren egitura.

Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Orientazio Atala.

b) Enplegu Inklusiboko Programen Atala.

c) Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atala.

d) Enpresentzako Zerbitzuen Atala”.

Hamabigarrena.–26. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“26. artikulua. “Orientazio Atalaren eginkizunak:

a) Lanbide orientaziorako sistema oso bat planifikatu eta koordinatzea inplikatutako eragileekin batera.

b) Nafarroan lanbide orientazioa egiteko irizpide eta jarraibide komunak ezartzea.

c) Arlo honetan hobetzeko prozesuak diseinatu eta ezartzea.

d) Orientaziorako sistema bakarra ezartzea, arreta eta profesionalizazio maila ezberdinak dituena.

e) Orientazio arloko programak kudeatzea.

f) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiarekin eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin koordinatzea.

g) EURES sarea kudeatu eta koordinatzea.

h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.

Hamahirugarrena.–27. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“27. artikulua. Enplegu Inklusiboko Programen Atalaren eginkizunak.

Enplegu Inklusiboko Programen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden giza taldeak lan munduan sartzeko laguntza programak kudeatzea.

b) Departamentuarekin koordinatzea enplegu inklusiboko programen inguruko kontuetan.

c) Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko programak kudeatzea.

d) Legez ezarritako kontratu-erreserba betetzen dela kontrolatzea.

e) Prestakuntza eta enplegu programak kudeatzea.

f) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.

Hamalaugarrena.–28. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“28. artikulua. Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atalaren eginkizunak.

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Lanpostuak sortzeko eta mantentzeko laguntza programak kudeatzea.

b) Errenta bermatuaren jasotzaileentzako enplegua sustatzeko programak kudeatzea.

c) Gazteen enplegurako laguntza programak kudeatzea.

d) Nekazaritza arloko enplegu programak kudeatzea.

e) Toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek interes orokor edo sozialeko obrak edo zerbitzuak kontratatzeko laguntzak kudeatzea.

f) Ekonomia soziala sustatzeko programak kudeatzea.

g) Lan merkatuan sartzeko aukera-berdintasuna eta bazterkeria eza bultzatzeko neurriak kudeatzea.

h) Genero-berdintasuna sustatzeko neurriak kudeatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.

Xedapen Gehigarri Bakarra.–Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Ataleko buruaren izendapena, baina hemendik aurrera kargu horren izena Komunikaziorako eta Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Ataleko burua izanen da.

–Lurralde Antolaketaren, Zerbitzuen eta Entitateen Ataleko buruaren izendapena, baina hemendik aurrera kargu horren izena Lurralde Antolaketarako eta Agentzien Koordinaziorako Ataleko burua izanen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1614888