169. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

363/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2017-2018 ikasturtean “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onesten dituena.

Arte Ikasketen Atalak aldeko txostena aurkeztu du, 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren eta Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onets daitezen.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturtean Iruñeko “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak onestea. I. eranskinean jaso dira.

2. 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Dantza Eskolaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak onestea. II. eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta ukitutako ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 1ean.–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Ander Domblás García (Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ordez, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 10eko 115/2015 Foru Aginduaren indarrez).

I. ERANSKINA

2017-2018 ikasturtean “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalaren antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

I. Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak, ikasturtearen hasieran, Urteko Programazio Orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, Kontserbatorioaren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.–Musikako lanbide ikasketei dagozkien hezkuntza jarduerak.

C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.–Memoria administratiboa.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

G.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

A.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ikastetxearen ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du ikastetxeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxearen ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat irekita egonen den ordutegia.

b) Ikasleen eskola orduak.

c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan, probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, bai eta kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 12a baino lehen, ikastetxeak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxearen ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz eta Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak ezarritako jarraibideez gain, honako irizpide hauek:

–Kontserbatorioaren ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 21:00ak arte. Larunbatean 9:00etatik 14:00ak arte.

–Larunbatak ikasteko eskola egunak izanen dira Kontserbatorioan, eta zuzendaritza taldeak, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko sistema ezarriko du.

–Bulegoko buruak, zuzendaritza taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, edota arte ikasketen ordutegia eta lehen eta bigarren hezkuntzenak bateratzeak ikasleei sortzen dizkien beharren kontrakoak.

B.–Irakaskuntzako jarduerak.

Irakasleen klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, ikastetxearen irakaskuntza-jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntzako jardueren programazioa egiteko, ordutegiak egiterakoan erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, diziplinarteko koordinazio proiektuak eta departamentu didaktiko bakoitzaren lan plana, II. atalean ezarritakoaren arabera. 3.1 E.

C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

Kontserbatorioak ikastetxeko irakasleentzako prestakuntza plan bat sartuko du bere programazioan. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ikastetxeko irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari. Proposamen hori egiteko, aintzat hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza eta ikastetxeak proposatzen dituen prestakuntza jarduerak. Nolanahi ere, irakasleek egindako kontzertuak eta bestelako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira hezkuntza proiektua eta curriculum proiektua egin eta berrikusteko prozesuan ikusten diren beharrak, bai eta irakas-praktikari buruzko berriztapenaren eta hausnarketaren emaitza direnak ere.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Kontserbatorioak programatzen dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira. Jarduera horiek Eskola Kontseiluak aurrez ematen dituen jarraibideei egokituko zaizkie.

E.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskolak hasi eta 20 eguneko epean.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Ikastetxearen barne egoera eta inguru sozioekonomiko eta kulturala aztertu ondoren, eta haren irakaskuntza- eta hezkuntza-jardueraren koherentzia eta jarraipena bermatzearren, ikastetxeko hezkuntza proiektuak helburuak, lehentasunak eta jarduteko prozedurak finkatuko ditu.

G.–Curriculum proiektua.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak curriculum proiektuari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu dagozkion irakaskuntzak, haietan zehaztuko baita martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan araututakoa. Foru dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezartzen da.

Curriculum proiektuak, curriculumeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die, betiere ikastetxearen beraren egoeratik abiatuta. Gainera, irakasleen jarduketa guztien koherentzia ziurtatu behar du eta hezkuntza proiektuan oinarritzen da.

Curriculum proiektu horrek honako hauek izanen ditu barnean:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Ematen diren irakaskuntzen helburu orokorrak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakaslana, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berraztertzeko irizpideak.

f) Aukerako irakasgaien eskaintza.

g) Tutoretza plana ezartzea.

h) Ikasketa horietan sartzeko probaren edukia eta ebaluazioa.

Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta haien prestaketa departamentuei dagokie. Sei kurtsoetako irakasgai bakoitzerako honako hauek sartuko dira:

a) Helburuen sekuentzia.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Eska daitezkeen gutxieneko edukiak.

d) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

e) Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

f) Kalifikazio irizpideak.

g) Errekuperazio jarduerak.

h) Errepertorioa, erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

i) Beste departamentuekin batera jarduerak antolatzea, baldin eta horiek espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago hartzen badituzte, esate baterako Ganbera Musika.

j) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera prestatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

Irakasleek curriculum proiektua eta programazioak egin ahala ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren ale bat ikastetxearen idazkaritzan geldituko da, eskuragarri irakasleentzat, Eskola Kontseiluko kideentzat eta, halakorik badago, legez eratutako ikastetxeko guraso elkarteetako lehendakarientzat.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatu eginen dute urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Ikastetxeko jarduna.

1.–Alderdi orokorrak.

Kapitulu honetan aipatzen diren organo guztien zeregina da eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, ikastetxearen hezkuntza helburuak modu eraginkorrean lortzeko.

2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.

“Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalak honako gobernu organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:

a) Gobernu organoak: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako alboko ikasketaburua eta idazkaria.

b) Kide anitzeko organoak: Kontserbatorioko Eskola Kontseilua eta irakasleen klaustroa.

Gobernu organoen eta kide anitzeko organoen ardura da Kontserbatorioko jarduerak Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin bat egiten direla begiratzea, hezkuntzaren helburuak lortu eta hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.

Ikastetxeko gobernu organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, ikasleek, irakasleek, ikasleen gurasoek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek aitorturik dituzten eskubideak beteko direla, eta begiratuko dute dagozkien betebeharrak bete ditzaten. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.

2.1. Gobernu organoak: Zuzendaritza taldea.

Kide bakarreko kargu hauek osatuko dute zuzendaritza taldea: zuzendaria, ikasketaburua, musika eskoletarako alboko ikasketaburua eta idazkaria.

A.–Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren zuzendaritza taldearen eginkizunak, baita zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eskumenak ere. Zuzendariaren kasuan, eskumenak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.

B.–Musika eskoletarako alboko ikasketaburuaren eskumenak.

Honako hauek dira musika eskoletarako alboko ikasketaburuaren eskumenak:

a) Musika eskoletako zuzendaritzekin etengabeko komunikazioa izatea, interesatzen ahal zaien informazio oro igortzea, eta elkarrekin ebaluatzea, ikasturte hasieran, aurreko ikasturtea, bai funtzionamenduari dagokionez bai sarrera probarako azkeneko deialdiari dagokionez.

b) Bermatzea ezen musika eskoletako irakasleek eta beste edozein interesdunek informazio guztia izan dezatela sarrera probari, Kontserbatorioaren antolamenduari eta haren ikasketa planari buruz, eta horien gainean izan daitezkeen zalantza guztiak argitu daitezela.

c) “Pablo Sarasate” Kontserbatorioko irakasle bakoitzaren eta musika eskoletako espezialitate bereko irakasleen artean zuzeneko komunikazioa, bi norabidekoa, izan dadila sustatzea eta erraztea.

d) Ikastetxeko webgunea eguneraturik izatea, sarrera probari dagokion guztian (araudia, probaren egitura, instrumentuen atalerako obren errepertorioa, espezialitateen eta kurtsoen arabera, inskribatzeko epea eta proben datak, etab.), eta, horrez gainera, ikasturte bakoitzean, musika eskolei buruzko eta espezialitate bakoitzeko irakasleei buruzko datu-basea eguneratzea, eta biak ala biak Kontserbatorioko klaustroari, musika eskolei eta Arte Ikasketen Atalari igortzea.

e) Kontserbatorioko klaustroaren barnean, ikastetxeko eta musika eskoletako irakasleen eta ikasleen arteko baterako jarduerak sustatzea eta garatzea: kontzertuak Kontserbatorioan eta/edo musika eskoletan, ikastaroak, bilerak... Jarduera horiei ahalik eta zabalkunde handiena ematea, ikastetxeko komunikazio bideen bitartez: webgunea, mezu elektronikoak, prentsa eta sare sozialak.

f) Sarrera probak antolatzea eta gainbegiratzea.

g) Gogotik parte hartzea Kontserbatorioko zuzendaritza taldean, eta zuzendaritzari laguntza ematea, irakaskuntzakoak ez diren orduek uzten duten neurrian.

h) Zuzendaritzak haren esku uzten dituen beste eginkizun guztiak.

2.2.–Kide anitzeko organoak.

2.2.1. Eskola Kontseilua.

Ikasleek, gurasoek, irakasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta udalak Eskola Kontseiluaren bidez hartuko dute parte Kontserbatorioaren kudeaketan.

Sortzen diren postu hutsak Eskola Kontseiluen urteroko deialdiaren ondorioz berrituko dira.

Honako hauetan ezarritakoak dira Eskola Kontseiluaren eskumenak: Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 80. atala eta Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua, betiere, 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badie.

2.2.2. Irakasleen Klaustroa.

A.–Alderdi orokorrak.

Klaustroak, irakasleek Kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa denez, irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu, koordinatu eta erabakitzeko ardura du, eta, hala behar denean, horiei buruzko txostena ematen du.

Ikastetxean irakasten duten irakasle guztiek osatuko dute klaustroa, eta burua zuzendaria izanen da.

B.–Klaustroaren eskumenak.

Hauek dira klaustroaren eskumenak:

a) Zuzendaritza taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.

b) Curriculum zehaztua onestea eta ebaluatzea, baita proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza alderdi guztiak ere.

c) Orientabideari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazio eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzaren eremuan.

e) Eskola Kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea eta zuzendariaren hautaketa prozesuan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.

f) Zuzendaritzarako hautagaiak ezagutzea, baita hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza proiektuak ere.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera, eta ikastetxearen parte-hartzea izan duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.

h) Ikastetxearen antolaketaren eta jardunaren arauei buruzko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zuzenketa neurriak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.

j) Ikastetxeko bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntza arloko administrazioak edo antolaketa eta funtzionamendu arauek esleitzen dizkioten beste edozein.

l) Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta 8/2013 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badiete.

3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak ikastetxean: koordinazio didaktikoko departamentuak, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.

Organo horien guztien zeregina da irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea, ikastetxearen helburuak era eraginkorrean lortzeko.

3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.

A.–Alderdi orokorrak.

Departamentu didaktikoak irakasleak ikastetxeko bizitzan integratzeko bidea ematen duten lantaldeak dira, eta haien eginkizuna da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien irakaskuntzak antolatu eta garatzea, bai eta, beren eskumenen esparruan, agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.

Irakasleek irakaslanaren antolaketan parte hartzeko daukaten ohiko bidea dira, eta, halaber, haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako etengabeko baliabidea. Kideen aldizkako bilera-sistemaren bidez jarduten dute.

Departamentu bakoitzaren zuzendaritza eta erantzukizuna departamentuburuari dagozkio, eta, hori ez dagoenean, ikasketaburuari.

B.–Departamentu didaktikoen osaera.

Ikastetxean departamentu didaktiko hauek izanen dira:

–Harizko Instrumentuen Departamentua (hari igurtzia eta hari sakatua): Harpa, Kontrabaxua, Gitarra, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

–Haizezko Instrumentuen eta Perkusiozkoen Departamentua: Klarinetea, Fagota, Moko-Flauta, Zeharkako Flauta, Oboea, Perkusioa, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Tuba eta Txistua.

–Teklazko Instrumentuen Departamentua: Akordeoia, Klabea, Organoa, Pianoa eta Piano Osagarria.

–Konposizioaren, Musikologiaren eta Musikaren Teoriaren Departamentua: Akonpainamendua, Analisia, Harmonia, Konposizioaren Oinarriak, Musikaren Historia eta Musika Hizkuntza.

–Kantuaren Departamentua: Kantua, Hizkuntzak Kantuari Aplikatuta, Korua eta Errepertorioa.

–Instrumentu Taldeen Departamentua: Ganbera Musika, Orkestra, Jazzaren Hastapenak, Antzinako Musikaren Lantegia, Banda eta Taldea.

Taldea irakasgaia kasuan kasuko taldea osatzen duten instrumentuetako bateko irakasleek emanen dute.

Aurreko zerrenda horretan ageri ez diren espezialitateak edo irakasgaiak ematen dituzten irakasleak kasuan-kasuan egokien den departamentu didaktikoari atxikiko zaizkio, ikastetxeko zuzendaritzak erabakita, kontuan harturik ikastetxearen ezaugarriak eta irakasleen espezialitateak.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleak, horren ondorioz, ikastetxe horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Halakoetan, irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.

C.–Departamentuen eginkizunak.

Honak hauek dira departamentu didaktikoen eginkizunak:

1. Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen ikasketak garatuz.

2. Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai edo espezialitateen programazio didaktikoak egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.

Departamentu guztiek indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte beren programazioak.

Irakasgai/espezialitate bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, eskolako komunitateko kide guztiek horren berri izan dezaten.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du ikastetxera edo departamentu bakoitzera.

3. Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, irakasleen klaustroaren irizpideei jarraikiz.

4. Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.

5. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

6. Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

7. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari curriculum proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.

8. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari onarpen probei eta mailara heltzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.

9. Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezarri dituzten irizpideak eta klaustroak zuzendaritza taldeari aurkeztu dizkion proposamenak betez eta artea garatu eta sustatzeko arduradunarekin eta ikasketaburutzarekin elkarlanean arituz.

10. Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, artea garatu eta sustatzeko arduradunarekin eta ikasketaburutzarekin koordinatuta.

11. Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.

12. Departamentuko irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

13. Ikasturtearen bukaeran memoria egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

Ikasturte bukaerako memoriak atal hauek izanen ditu:

a) Emaitzen balorazioa.

–Kalifikazioen estatistikak, talde eta kurtsoen arabera.

–Ikasleen errendimenduaren azterketa, errendimendu horren faktoreak adierazita.

b) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioa nola garatu den.

–Helburuen, edukien eta egindako jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere. Agertutako desbideraketen zergatiak azalduko dira, egoki diren zuzenketak ezarri, eta hurrengo ikasturterako hobekuntzak proposatuko.

–Baldin eta programazio pertsonalizaturik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietariko bakoitzerako, eta konparazio azterlan bat egin.

–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.

–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak, eta abar.

c) Curriculum proposamena berrikusi eta eguneratzeari buruz egin den lanaren balorazioa.

14. Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.

15. Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun hori aurrera eramateko, departamentuak, besteak beste, irizpide hauei begiratuko die: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien aberastasuna, errealitatearekin izandako harremana eta ikaskuntza prozesuaren esperientzien antolaketa.

16. Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.

Ikasleek eta gurasoek eta, hala denean, ikasleen legezko ordezkariek araudian ezarri diren kalifikazio akademiko partzialak jasotzeko aukera izan dezaten, irakasleek ikasleen etengabeko ebaluazioa eginen dute.

Ebaluazio hori hiruhilekoa izanen da, eta idatziz jasoko da, horren berri izan dezaten ikasleek eta, adingabeak badira, gurasoek edo legezko ordezkariek.

D.–Departamentu didaktikoen bilerak.

Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Departamentuko kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.

Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.

Eskola garaian, gutxienez ordu bat errreserbatuko da astean departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen ikastetxeko ordutegiaren barruan; ordu hori ikastetxeko eskola ordutegiaren barruan agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.

Bilera horietako bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko erabiliko da, eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Ekainean, departamentuko kideak bildu eginen dira lan plangintzaren eta lorpenen analisia egiteko eta hurrengo ikasturterako behar diren zuzenketak aztertzeko; gainera, azken memoria idatzi, eta ikastetxeko zuzendaritzari emanen diote, ekainaren 30a baino lehen, urteko programazio orokorrari buruzko memorian sartu, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igor dezan uztailaren 10a baino lehen.

Departamentu didaktikoen bilkura guztietako akta eginen da akta liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.

Akta liburuaz gainera, departamentuek inbentarioaren liburua ere eguneratu beharko dute, non material inbentariagarri guztia agertuko den.

Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gordeko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.

E.–Departamentuko buruaren izendapena eta eginkizunak.

Departamentu didaktikoetan elkarlanean jarduten da, talde lanean, kide guztiek lagundu eta parte hartzen baitute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta bere esku egonen da departamentuaren ardura; bera izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.

Departamentuburuak izendatzea ikastetxeko zuzendariari dagokio. Irailean izendatuko ditu, eta karguak ikasturte bat iraunen du.

Zuzendariak buru bat izendatuko du departamentuko kideen artetik, haiei entzunaldia eman ondoren. Honako irakasle hauek lehenetsiko dira: departamentuko espezialitateetakoak izanik, musika eta arte eszenikoko irakasleen kidegokoak direnak eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenak. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.

Departamentuburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko lana zuzentzea.

b) Departamentuko bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akten liburuan jasoko da nahitaez.

c) Akta liburua zaintzea eta inbentarioaren liburua eguneratzen dela bermatzea.

d) Curriculum proiektuak prestatu beharraren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar duen ekarpena koordinatuz, eta, orobat, honako hauek erredaktatzea: departamentuan dauden irakasgaien programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta kasuan-kasuan egin beharreko curriculum egokitzapenak.

e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.

f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

g) Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntzako jardueren plangintzan.

h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak altxatzea.

j) Departamentuan aurkitzen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari edo ikasketaburuari.

k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta ongi mantentzen direla begiratzea.

l) Departamentuak berariazko material eta ekipamendua eskuratzeari buruz egiten dituen proposamenak bideratzea.

m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.

n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikarekin aldetik eguneratzeko.

ñ) Departamentuak ikasturterako izanen duen lanerako plana egitea eta aurkeztea.

Lan plangintza hori, curriculum proiektua osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien adostasun dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari erantsiko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.

Lan plangintzak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan: bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren jarraipena eginen dute etenik gabe, eta, horretarako, departamentuko kide guztiekin lan hori egiteko astero dauden bi orduetan egindako asteko saio guztien aktak idatziko dituzte.

3.2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

A.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea eratzea.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendariak, batzordeburua izanen baita, ikasketaburuak, musika eskoletarako alboko ikasketaburuak eta departamentuburuek.

Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artetik hautatuta.

B.–Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Curriculum proiektuaren prestakuntza zuzendu eta koordinatzea, bai eta egin litezkeen aldaketak ere, eta proiektua idazteko ardura hartzea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua egiteko ildo orokorrak ezartzea. Departamentu didaktikoek beren lana egitean kontuan hartu beharko dituzte iritzi horiek. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia ziurtatzea.

d) Curriculum proiektua eta bere aldaketak klaustroari proposatzea, ebaluatu eta onets ditzan.

e) Curriculum proiektua ikastetxeko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta ebaluazioa egiten den ere.

f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburuarekin bat.

g) Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

h) Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum proiektua, hezkuntza proiektuko eta urteko programazio orokorreko irakaskuntza arloak, ikastetxeko ikasleen errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

i) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.

j) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena Eskola Kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturteko azken memorian sartuko da.

3.3. Tutorea/ak.

A.–Tutorea izendatzea.

Ikasleen tutoretza eta orientazio akademiko eta profesionala egin beharreko irakaslanaren parte izanen dira.

Ikasle guztiak irakasle-tutore baten ardurapean egonen dira, beren instrumentuko irakaslea ere izanen dena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezko bilerak egitea.

b) Ikasketaburutzak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru egitea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei, 18 urtetik beherako ikasleen gurasoei edo legezko ordezkariei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntzako jarduerei eta eskolako errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Irakasleen eta gurasoen edo legezko ordezkarien arteko hezkuntzako lankidetza erraztea.

g) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

h) Beren ikasleen ebaluazioaren etengabeko segimendua egitea.

C.–Tutoretza orduak.

Gurasoei edo, hala denean, ikasleen legezko ordezkariei kasu egiteko eta ikasleak zaintzeko eta aurreko paragrafoan aipatu diren ikasketaburuarekiko bileretara joateko orduak irakasleen banakako ordutegietan jasoko dira, eta gurasoei edo, kasua bada, ikasleen legezko ordezkariei eta ikasleei horren berri emanen zaie, ikasturtea hastean.

Ordutegia egiten denean ahaleginak eginen dira ikasleen ordu libreak eta tutoreari esleitu zaizkion orduetariko bat bateratzeko, tutoreak ikasleekin biltzeko aukera izan dezan.

4. Beste eginkizun batzuk.

4.1. Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradun horrek, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du, eta zuzendaritza taldeari aurkeztuko, onets dezan. Plana urteko programazio orokorrean sartuko da, “Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa” atalean. Plan horretan jaso beharko dira ikastetxeko orkestrak ikastetxea bera ordezkatzeko lanean urtean eskainiko dituen hainbat emanaldi, bai zuzendaritza taldeak eskatuta bai Hezkuntza Departamentuak eskatuta. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria prestatu beharko du, eta ikasturte bukaerako memorian sartu.

Orkestraren arduraduna izendatzeko (espezialitateko irakasle bat), eranskin honen IV. ataleko (Irakasleak) 3. puntuan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez gero.

Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilpen hori dagozkion irakasgaien helburu didaktikoetarako izanen dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.

4.2. Teknologia berrien arduraduna.

Teknologia berrien arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatu eta mantentzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea, betiere mantentze-lanetako langileekin elkarlanean.

4.3. Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Artea garatu eta sustatzeko arduradunak zeregin hauek izanen ditu, besteak beste, bere ardurapean: ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatu eta garatzea. Honako zeregin hauek hartuko ditu bere gain, ikasketaburuaren menpe zuzenean:

a) Ikastetxeko curriculum proiektuaren prestakuntzan parte hartzea.

b) Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan gainerako departamentuen, irakasleen eta ikasleen proposamenak bilduko dira.

c) Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ezagutaraztea, parte har dezaten dinamizatu eta bultzatzeko.

d) Beste departamentuen, klaustroaren eta ikasleen ordezkarien laguntzarekin programatutako jarduerak sustatu, koordinatu eta antolatzea.

e) Kontzertuak, hitzaldiak, ikasleen emanaldiak ikastetxetik kanpo, eskolen arteko trukaketak eta, oro har, ikasleentzat antolatzen den edozein txango edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.

f) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartzea kudeatzea.

g) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko baliabide ekonomikoak banatzea.

h) Egindako jardueren ebaluazioa jasoko duen memoria egin eta urteko programazio orokorraren azken memorian sartzea.

4.4. Erasmus+ programaren arduraduna.

Figura hau sortuko da baldin eta Erasmus + programan aurkeztutako proiektu europarra onartzen bada.

Erasmus+ programaren arduraduna, ikasketaburuak gainbegiraturik, ikastetxean egiten diren prozesuen koordinatzaile gisa ariko da, Erasmus+ programa eta ezar daitezkeen beste batzuk garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ezarri, abiarazi eta burutzen. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek parte hartzea kudeatzea.

b) Urriaren 31 baino lehen, Arte Ikasketen Atalari jakinaraztea, 2017-2018 ikasturtean, Kontserbatorioko ikasle eta irakasleentzat aurreikusita dauden mugimenduak, baita 2016-2017 ikasturtean gertaturikoak ere, behar diren ondorioetarako.

5.–Zaintza.

Eskola orduetan, ikasleen arduraduna ikastetxea da, eta, bereziki, zuzendaria, ikastetxearen ordezkaria den aldetik; beraz, ikastetxean behar adina irakasle izan behar da uneoro zaintza-orduez egoki arduratzeko.

Ikastetxeko ordutegi orokorraren barnean, 8:30etik 21:00etara, ordu batzuetan ikasle asko biltzen dira, batez ere ikasle gazteenak; ordu horietan zaintzako irakasleak izanen dira, lehentasunez, haien arduradunak. 16:00etatik 21:00etara arteko tarte osoan, astelehenetik ostiralera, zaintzako irakasleak beharko dira; ahal dela, zaintzako bi irakasle egonen dira beti.

Ordu guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei kasu egitea.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Bere zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten direla eta puntual iristen direla jakinaraztea idatziz.

Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen dena beti. Gutxienez honako datu hauek jasoko dira bertan:

–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

–Ikastetxeko edozein egoitzatan izan diren gorabeherak.

–Gertatu diren istripuak.

–Zaintzako irakasleen sinadurak.

III.–Ikasketen ordu banaketa.

Ikasleak irakaskuntza hauetan sartzeko modua, irakasle-ikasle ratioa eta irakaskuntzen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

Instrumentu eta ahots taldeekin zerikusia duten irakasgaiak aisago antolatzea helburu, eskola-denborari eta ratioei buruz kasuan kasuko araudian ezarritakoaz gainera, kontuan hartuko da bakarkako irakaskuntza behar ez duten nahitaezko irakasgaiak taldekako eskoletan antolatuko direla, ratio hauekin bat:

Akonpainamendua: 4. eta 5. mailetan, 1/4, 90 minutuko eskoletan.

Analisia: 5. eta 6. mailetan, 1/10, 90 minutuko eskoletan.

Harmonia. 3. eta 4. mailetan, 1/10, 60 minutuko bi eskolatan.

Musikaren Historia: 5. eta 6. mailetan, 1/15, 60 minutuko bi eskolatan.

Musika Hizkuntza: 1. eta 2. mailetan, 1/15, 60 minutuko bi eskolatan.

Ganbera Musika: 4. mailan, 1/3, 60 minutuko eskoletan.

Ganbera Musika: 5. eta 6. mailetan, 1/3, 90 minutuko eskoletan.

Piano Osagarria: 1., 2., 3. eta 4. mailetan, 1/2, 30 minutuko eskoletan.

Abesbatza, Orkestra, Banda eta Taldea: irakasle/ikasle ratioa matrikulatutako ikasle kopuruaren eta kasuan kasuko talde motaren arabera zehaztuko da.

Bestalde, 5. eta 6. mailetan 60 minutuko eskoletan garatu beharreko aukerako irakasgaiak kasuan kasuko araudian ezarritako ratioen arabera antolatuko dira.

IV.–Irakasleak.

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean Kontserbatorioan egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Irakastorduak.

Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.

Oro har, astean Hezkuntza Departamentuak ezarri eta indarra duen araudian finkatzen diren irakastorduak beteko dira.

Irakastorduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere irakastorduetatik gehienez ere 48 irakastordu erabiliko ditu bere karguei dagozkien zereginetarako, eta bere irizpideen arabera banatuko ditu ordu horiek taldeko karguen artean: zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria eta musika eskoletarako ikasketaburu albokoa.

b) Ikastetxeko orkestraren arduraduna.

Orkestraren arduradunak bere eskola ordutegitik astero 6 ordu emanen ditu lan horietarako, eta, ikastetxeko beharrek hala uzten badute, 3 osagarri bitarte.

c) Teknologia berrien arduraduna.

Bere zereginak betetzeko, teknologia berrien arduradunak astean 4 irakastordu izanen ditu, eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 4 ordu osagarri bitarte.

d) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.

Artea garatu eta sustatzeko arduradunak astean 3 irakastordu izanen ditu bere eginkizunetarako, eta, ikastetxearen beharrek horretarako aukera ematen badute, 3 ordu osagarri bitarte.

e) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian irakastordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

f) Departamentuko burutza.

Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait irakastordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.

g) Erasmus+ programaren arduraduna.

Erasmus+ programaren arduradunak, baldin eta proiektua onartzen bada, bere eskola ordutegitik astero 2 ordu emanen ditu kargu horren eginkizunetarako, eta, ikastetxeko beharrek hala uzten badute, 3 ordu osagarri bitarte.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Zaintzarako orduak.

b) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

Zaintzetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.

Irakasleek zaintza lana eginen dute asteko zenbait ordutan, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen direla astean guztira, ikasturtean irakastegunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Irakasleren baten zaintza-orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza-ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.

Halaber, zaintza-orduak eta aurreko b) eta c) ataletan aipatutako ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala egiten badira, irakasleek, bakoitzaren ordutegi pertsonalean agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:

f) Irakasle Praktikak irakasgaiaren goi mailako ikasleen tutore diren irakasleentzat, ordu erdi tutoretzapeko ikasle bakoitzeko.

g) Ikastetxeak erakundeekin batera parte hartzen duen proiektuetan irakaskuntza taldeek lan egiteko orduak.

h) Orkestrako, bandako eta abesbatzako arduradunekin elkarlanean aritzeko orduak.

i) Beste batzuk.

Ikastetxeren batean, zaintza-orduak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.

C.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

c) Irakasle guztiek batera, planifikazio instituzionaleko tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko orduak. Hala behar denean, Hezkuntza Departamentuak sor ditzakeen lan plangintzei erantzunen zaie. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu irakasle guztiek parte hartzeko jarduera horretan.

d) Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk.

Jarduera jakin batzuk egiteko, astean goiz bat gordeko da, eta irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoen bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ikasketaburuak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatuko da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna ikastetxearen beharrek izanen dute beti.

Ikastetxeko matrikula bukatu ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.

Ordutegiak prestatzean kontuan izanen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere irakasten duten irakasleen egoera, bi ikastetxeetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.

Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Irakasleek beren espezialitateko ikasle taldeak hautatu beharko dituzte, horrelakorik badago; gero, ordutegia osatuko dute beren departamentukoak izanik antzekoenak diren irakasgaietakoak hautatuz, eta, departamentuko ordu guztiak bete ondoren, artean ordu librerik badute, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dute ordutegia, beste departamentuetakoak hautatuz.

Departamentuko kideak ikasle eta taldeak hautatzerakoan ados jartzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; aktaren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio.

Arestian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko duten lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa.

2. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.

3. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

4. Lan edo administrazio araubideko aldi baterako lan-kontratudunak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko bi atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Ikastetxean antzinatasun handiena.

–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

4. atalean, lehentasuna ezarriko da, irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Departamentuari esleitutako irakastorduak kideen ordutegien bidez bete daitezkeenak baino gehiago badira, hautaketa egin baino lehen zehaztuko da zein irakasgai eta ikasmaila emanen dituzten antzeko espezialitateetako irakasleek, aipatu hautaketan sar ez daitezen. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle espezialista batek ezin dituela behe mailako taldeak hartu goi mailakoak espezialistak ez diren irakasleentzat utzita.

Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan izanik baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta horien titular ez den irakaslearenak hurbilak diren.

Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kide guztien irakastorduak eta nahitaez ikastetxean egon beharrekoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du, batetik, ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta emanen zaien, eta bestetik, orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.

Irakasleen eskola ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 5 irakastordu izanen dituzte gehienez.

Bestalde, ikastetxeko irakasle guztiek ikastetxean egon beharreko orduetatik bi gutxienez gorde beharko dituzte klaustroaren bileretan, ebaluazio saioetan, gurasoekin egiten diren bileretan eta ikastetxearen funtzionamendu egokirako programatzen diren bestelako jardueretan parte hartzeko, eta ordu horiek berberak izanen dira irakasle guztientzat, batera egon daitezen.

Ordutegi orokorraren barnean, ikastetxeak ezartzen duen ordu tarte egokienean, egunean 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera, zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

–Denbora hori beste ikasle batzuei arreta emateko erabil daiteke: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko, etab.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste eginkizun batzuetarako.

Instrumentuen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da murriztu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.

Zuzendariak onetsiko du Kontserbatorioko ordutegia. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du horri buruzko edozein erreklamazio, eta gehienez ere 15 eguneko epea izanen du horretarako. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Ikastetxearen egoera agertzen duen informazioak iragarki oholeko toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta ikastetxeko estamentu guztien eskura dagoen beste edozein tokitan egon beharko du denbora guztian. Informazio horretan, bereziki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, zehazki, bakoitzaren irakastorduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.

Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den adieraziko da.

Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten irakasleek ikastetxe horretako departamentu didaktikoetarako ezarritako hautapen ordenan parte hartu beharko dute.

Funtzionarioek, 2017-2018 ikasturtean espezialitatea aldatzeko eskubidea erabili eta/edo musikako goi mailan irakatsi nahi badute eta hala adierazi badiote idatziz ikasketaburuari, eta aukera hori hartzeagatik jatorrizko departamentu didaktikoan ez beste batean jardun behar badute, egin behar duten lanari dagozkion departamentuetako bileretara joan beharko dute.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak Kontserbatorioan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko zaio: http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Irakaslea agertzen ez bada, falten egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.

Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Baja-agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

5.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.

Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitatez kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak hornitzeko modua arautu zen), Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.

Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren musikako eta dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, “Instrumentu arloko prestakuntza osagarria” eta “Musikako hizkuntza eta teknika osagarriak” jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikasleek eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta horren ondorioak ikastetxeko Bizikidetzaren Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio-irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.

Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI.–Onartzeko irizpideak eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk.

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Administrazioak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola-informazioaren kudeaketa: EDUCA.

Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

3.–Irakasgaien baliozkotzea.

Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren 5.2 artikuluari dagokionez, bertan adierazten baita baliozkotzeak eskatzeko epea “kurtsoaren hasiera” izanen dela, kurtsoa azaroaren 15ean hasten dela ulertu behar da.

4.–Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren baimen espresa beharko dute bai irakasleek bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

5.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Kontserbatorioak sustatu beharko du ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta eskola komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Xede horrekin, ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea proposatzen da, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean litxarreriak eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), ariketa fisikoa egitea, gorputzaren garbitasuna eta jarrerena (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, droga-menpekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.

Era berean, ikastetxeko Eskola Kontseiluak begiratuko du ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua betetzen dela, egungo legerian jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko ditu ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.

6.–Bizikidetza.

Ikastetxeetan bizikidetza arautzen duen araudiak ezartzen duenez, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapenak egin eta abian jarri behar ditu.

Araudi hori bizikidetza kudeatzeko osoko eredu batean dago oinarritua. Eredu horrek hezkuntza-komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatzen du, bizikidetzarako giro positiboa eratu eta mantendu nahi du, gatazkan dauden alderdien arteko komunikazioa sustatzen du eta hezkuntza neurriak eta eragindako kaltea konpontzeko neurriak aplikatzea aurreikusten du, hartutako portaeraren beharrezko ondorio gisa.

Irakasleentzako Arretaren Bulegoa dute irakasleek orientazio eta laguntza jasotzeko.

7.–Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.

Kontserbatorioan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori idatziz agertuko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

8.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak ardura hartuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

II. ERANSKINA

Nafarroako Dantza Eskolaren jarduna 2017-2018 ikasturtean
arautzeko jarraibideak

Nafarroako Dantza Eskolak balio akademikorik eta profesionalik ez duten dantza ikasketak ematen ditu, Nafarroako Foru Komunitateko musika eta dantza eskolen funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Dantza Eskola Berariazkoak, ikasturtea hasi aurretik, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak koordinatuko ditu, eta beren eskumenak zuzen betetzen direla eta eskola komunitateko sektore guztiek esku hartzen dutela bermatuko du.

Urteko programazio orokorra Nafarroako Dantza Eskolan balio ofizialik gabe eskaintzen diren ikasketei buruzkoa izanen da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.–Irakaskuntzako jarduerak, Nafarroako Dantza Eskolaren plan pedagogikoan ageri diren ikasketei dagozkienak.

C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.–Memoria administratiboa.

A.–Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ikastetxeko ordutegi orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du ikastetxe bakoitzeko urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, ikastetxeko ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Ikastetxea eskola komunitatearentzat irekita egonen den ordutegia.

b) Ikasleen eskola orduak.

c) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.

d) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Ekainaren 12a baino lehen, ikastetxeak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

e) Irakasleen ordutegi orokorra.

f) Irakasleen banakako ordutegia.

Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:

–Nafarroako Dantza Eskolako ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:30era arte eta 15:30etatik 22:00ak arte.

–Ikastetxeko zuzendaritzak neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.

–Irakasleek ordutegien arloan izaten ahal dituzten nahiak ezin dira inoiz izan klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak, edota arte ikasketen ordutegia eta araubide orokorrekoena bateratzeak ikasleei sortzen dizkien beharren kontrakoak.

–Ahal dela, saiakera eginen da ikasleen ordutegia bateragarri izan dadin araubide orokorreko irakaskuntzekin.

B.–Berariazko Nafarroako Dantza Eskolaren Plan Pedagogikoan ageri diren irakaskuntza jarduerak.

Irakasleen klaustroak ikastetxearen irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Programazioak plan pedagogikoan ezarritako irakaskuntzei jarraikiz prestatuko dira. Espezialitate bakoitzeko irakasleak arduratuko dira prestatzeaz eta zuzendaritza taldeari aurkezteaz, azken horrek urteko programazio orokorrean sar ditzan.

C.–Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana.

Nafarroako Dantza Eskolak prestakuntza plan bat izanen du ikastetxeko irakasleentzat.

Zuzendaritza taldeari dagokio irakasleen klaustroari prestakuntza plan bat proposatzea, irakasleen beharretatik abiatuta.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Proposatzen diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek irakaslana osatu edo garatzeko asmoa izanen dute. Jarduera horiek irakasleen klaustroak ematen dituen jarraibideetara moldatuko dira.

E.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskolak hasi eta 20 eguneko epean.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra egoki prestatzeko jarduketa-egutegi bat ezartzea.

Dantza Eskola Berariazkoaren urteko programazio orokorra ikastetxeko zuzendariak onetsi behar du, urrian. Nolanahi ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da, urriaren 31 baino lehen; beste ale bat ikastetxearen idazkaritzan jasoko da, irakasleek aztertu ahal izateko. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzen den ale horretan ez dira programazio didaktikoak osorik sartuko, baizik eta horiei dagozkien adostasun agiriak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Urteko programazio orokorra ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharrekoa izanen da.

Ikasturtea bukatutakoan, urteko programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko du zuzendaritza taldeak. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko baita uztailaren 10a baino lehen.

II.–Ikasketen ordu banaketa.

Talde bakoitzean gehienez ere 20 ikasle izanen dira oinarrizko mailan, eta irakasgai bakoitzaren asteroko eskola-orduen kopurua jarraian ezartzen denari egokituko zaio:

Plan pedagogikoa:

–Irakaskuntzen ordu banaketa.

a) Hastapenak:

Hastapenak-a: 2 ordu.

Hastapenak-b: 2 ordu.

b) Oinarrizko maila-Irakasgai komunak bi espezialitateetarako.

Oinarrizko mailako 1. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 2 ordu.
  • Folklorea: Ordu 1.
  • Sormen Mugimendua: Ordu 1.

Oinarrizko mailako 2. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 2 ordu.
  • Dantza Espainiarra: 2 ordu.
  • Sormen Mugimendua: Ordu 1.

Oinarrizko mailako 3. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 3 ordu.
  • Dantza Espainiarra: 2 ordu.
  • Sormeneko Dantza: Ordu 1.

Oinarrizko mailako 4. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 4 ordu.
  • Dantza Espainiarra: 3 ordu.
  • Sormeneko Dantza: Ordu 1.

c) Erdiko maila-Dantza Klasikoa.

Erdiko mailako 1. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 6 ordu.
  • Bariazioak-Oin Puntak: 2 ordu.
  • Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
  • Dantza Garaikidea: 2 ordu.

Erdiko mailako 2. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.
  • Bariazioak-Oin Puntak: 2,30 ordu.
  • Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
  • Dantza Garaikidea: 2 ordu.

Erdiko mailako 3. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.
  • Bariazioak-Oin Puntak: 3,30 ordu.
  • Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
  • Dantza Garaikidea: 3 ordu.

Erdiko mailako 4. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 7,30 ordu.
  • Bariazioak-Oin Puntak: 3,30 ordu.
  • Koreografia Lantegia: 1,30 ordu.
  • Dantza Garaikidea: 4 ordu.

d) Erdiko maila-Dantza Espainiarra.

Erdiko mailako 1. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 6 ordu.
  • Bolero Eskola: 2 ordu.
  • Dantza Flamenkoa: 2 ordu.
  • Dantza Estilizatua: Ordu 1.

Erdiko mailako 2. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 6 ordu.
  • Bolero Eskola: 2,30 ordu.
  • Dantza Flamenkoa: 3 ordu.
  • Dantza Estilizatua: 1,30 ordu.

Erdiko mailako 3. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 6 ordu.
  • Bolero Eskola: 2,30 ordu.
  • Dantza Flamenkoa: 3,30 ordu.
  • Dantza Estilizatua: 3 ordu.

Erdiko mailako 4. kurtsoa.

  • Dantza Klasikoa: 6 ordu.
  • Bolero Eskola: 2,30 ordu.
  • Dantza Flamenkoa: 3,30 ordu.
  • Dantza Estilizatua: 3 ordu.

e) Helduendako kurtso irekiak.

Dantza Klasikoa:

  • 1. maila: hastapenetan, 3 ordu.
  • 2. maila: maila aurreratuan, 3 ordu.

Dantza Garaikidea:

  • Hasierako maila: 2 ordu.
  • Erdiko maila: 2 ordu.
  • Maila aurreratua: 3 ordu.

Dantza Espainiarra:

  • Hasierako maila: 2 ordu.
  • Erdiko maila: 2 ordu.
  • Maila aurreratua: 3 ordu.

III.–Irakasleak.

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta batzorde eta epaimahaietan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Irakastorduak.

Ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.

Oro har, astean Hezkuntza Departamentuak ezarri eta indarra duen araudian finkatzen diren irakastorduak beteko dira.

Irakastorduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzendaritza taldea.

Zuzendaritza taldeak bere irakastorduen zati bat erabiliko du bere karguei dagozkien zereginetarako, dagokion arauari jarraikiz.

b) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian irakastordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren banakako ordutegia, astean, hogeita bost ordukoa izanen da, eskola orduak eta astean zenbateko beharreko ordu osagarriak batuta, ikasturtean eskolarik gabeko lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, zaintza-orduak sartzen ahalko dira.

Zaintza-orduak eta ordu osagarrietan egin beharreko jarduerak behar den bezala egiten badira, irakasleek, bakoitzaren banakako ordutegian agertu behar duten asteko 25 orduetara ailegatu arte, honako ordu hauek sartzen ahalko dituzte astean zenbatu beharreko ordu osagarrien artean, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera:

a) Bulegoko orduak, zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako.

b) Ikastetxeak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan aritzen diren irakasle taldeek lan egiteko orduak.

c) Astean bi ordu, gutxienez, tutoretza lanak egiteko.

C.–Zaintzak.

Eskola orduetan, ikasleen arduraduna ikastetxea da, eta, bereziki, zuzendaria, ikastetxearen ordezkaria den aldetik; beraz, ikastetxean behar adina irakasle izan behar da uneoro zaintza-orduez egoki arduratzeko.

Ordu guztiak behar bezala beterik baldin badaude soilik, zuzendariak zilegi izanen du zaintzako irakasleren bati beste zeregin batzuk ematea, adibidez, liburutegikoak, koordinazio lanak, etab.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei kasu egitea.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Bere zaintza-orduetan, irakasleak eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara joaten direla eta puntual iristen direla jakinaraztea idatziz.

Ikasketaburuak zaintza-orduei buruzko parte bat prestatuko du egunero, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura egonen dena beti. Gutxienez honako datu hauek jasoko dira bertan:

–Irakasleen hutsegite eta atzerapenak.

–Ikastetxeko edozein gunetan izan diren gorabeherak.

–Gertatu diren istripuak.

–Irakasle zaintzaileen sinadurak.

Zaintzetarako adierazten diren helburuak betetzen baldin badira, aurretik Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena emanik, ikastetxeak zilegi izanen du zaintzarako plan berariazko bat ezartzea.

Irakasleek behar adina zaintza-ordu eginen dituzte astero, ikastetxearen beharren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzaren asteko ordutegian, irakastorduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, hogeita bost ordu izanen direla guztira, ikasturtean eskola-egunak ez diren lanegunengatiko konpentsazio orduak alde batera utzita.

Irakasleren baten zaintza-orduak beste jarduera berariazko batzuekin trukatzen ahal dira, baldin zaintza-ordu guztiak beteta badaude eta jarduerak klaustroak onesten baditu.

Ikastetxeren batean, zaintza-orduak behar bezala betetzeko arazoren bat badago, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ordu banaketa egoki den moduan aldatzeko neurriak hartuko ditu, zuzendaritza taldearekin batera.

D.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

c) Programazio didaktikoak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan sartutako orduak. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu irakasle guztiek parte hartzeko jarduera horretan.

d) Beste jarduera osagarri eta ikasketez kanpoko batzuk.

Astean goiz bat gordeko da jarduera jakin batzuk egiteko; hala, irakasle guztiek gutxienez 4 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak, gurasoekin egin beharreko bilerak eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.

Ikasketaburuak, zuzendariarekin batera, hiruhilekotan banatuta planifikatuko ditu aurreikusitako jarduerak. Jarduera horien programazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da hiruhileko bakoitzaren hasieran.

3.–Ordutegiak egin, onetsi eta argitaratzea.

Ordutegiak ikasketaburutzak prestatuko ditu, irakasleen klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan bildu denari jarraikiz. Ikasleentzat ordutegi funtzionala izatea bermatuko da, baina lehentasuna, betiere, ikastetxearen beharrek izanen dute.

Iraileko matrikula egin ondoren, ikasketaburuak klaustroari jakinaraziko dio irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopurua, matrikulazio datuen arabera.

Ikastetxean ahal den guztietan, irakasleek ikasleak eta taldeak hautatuko dituzte. Lehenbizi, beren espezialitateko ikasle taldeak hautatuko dituzte, halakorik dagoen bitartean; gero, ordutegia osatuko dute antzekoenak direnak hautatuz, eta, ordu guztiak antzekotasun handieneko irakasgaiarekin bete ondoren, artean ordu librerik baldin badute, hain antzekoak ez diren beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dute ordutegia.

Ikasleak eta taldeak hautatzerakoan adostasunik ez badago, honako prozedura honi jarraituko zaio:

Atal honetan ezarritako ordenaren arabera, lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta kurtsoko ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren irakastorduak osatu arte edo dauden irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.

Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta sinatua eginen da, eta ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.

Goian adierazi diren ondorioetarako, irakasleek hautatzeko lehentasun-ordena honako hau izanen da:

1. Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegoa.

2. Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa.

3. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen Kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.

4. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionarioak, zerbitzu eginkizunetan dihardutenak.

5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.

6. Lan edo administrazio araubideko aldi baterako lan-kontratudunak.

Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko hiru atalei dagokienez, antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan edo Administrazioan antzinatasun handiena izatea, eszedentzia urteak zenbatu gabe.

–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

6. atalean, lehentasuna ezarriko da, irakasleek Giza Baliabideen Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.

Ikasketaburuak egiaztatuko du klaustroko kide guztien irakastorduak eta nahitaez ikastetxean egon beharrekoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du, batetik, ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta emanen zaien, eta bestetik, orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.

Hori guztia egin ondoren, ikasketaburuak, irakasleen klaustroak ordutegiak egiteko ezarri dituen irizpide pedagogikoak kontuan hartuta, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du.

Irakasleen eskola-ordutegia astean bost egunetan banatuko da (astelehenetik ostiralera), lanaldi partzialerako kontratatutako irakasleen kasuan izan ezik. Nolanahi ere, egunean 5 irakastordu izanen dituzte gehienez.

Halaber, ikastetxeko irakasle guztiak tarte jakin batzuetan aldi berean egonen dira ikastetxean; denbora hori gutxienez lau ordukoa izanen da eta tarte horretan denek egon beharko dute bertan.

Ahaleginak eginen dira zuzendaritzako karguren bat ikastetxean egon dadin ahalik eta denbora gehien ordutegi orokorraren barruan.

Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, irakasleak hutsik duen denbora nola erabili zuzendaritzak erabakiko du:

–Denbora hori beste ikasle batzuei eskainiz: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sustatzeko, etab.

–Beste jarduera batzuk egiteko.

–Material pedagogikoa prestatzeko.

–Beste batzuk.

Dantza Eskolako zuzendariak onetsiko du eskolako ordutegia. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, 15 eguneko epea izanen du gehienez. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Ordutegia ikastetxeko iragarki oholeko toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta ikastetxeko estamentu guztien eskura dagoen beste edozein tokitan egon beharko du denbora guztian. Horrekin batera, ikastetxearen unean uneko egoera jakinaraziko da, eta, zehazki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, bakoitzaren irakastorduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar. Informazio hori guztia hezkuntza komunitatearen kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza ikastetxean zein ordutan egonen den adieraziko da.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak irakasleak Dantza Eskolan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko web orrian (http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal) ezarritakoari jarraituko zaio.

Baja-agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

Irakaslea agertzen ez bada, falten egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.

Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Baja-agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

IV.–Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleen asistentzia.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Ikasleek eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta horren ondorioak ikastetxeko Bizikidetzaren Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio-irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.

Irakasle titularrak ikasleek edo, hala behar denean, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

V.–Ikasleak onartzeko araubidea eta matrikulazioa.

1.–Onarpena eta matrikulazioa.

Ikasleak balio akademiko eta profesionalik ez duten dantza-irakaskuntza hauetan onartu eta matrikulatzeari dagokionez, ikastetxeko plan pedagogikoan horren gainean ezartzen denari jarraikiko zaio.

2.–Matrikulari uko egitea.

Ikasleek matrikula deuseztatzeko eska diezaiokete ikastetxeko zuzendariari, apirilaren 30a baino lehen, baldin eta agiri bidez eta zinez frogatzen badute inguruabar hauetako bat gertatzen dela:

–Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.

–Lanpostu batean hasi izana.

–Familia beharrak izatea.

–Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

Ikaslearen irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula deuseztatzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela medio, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.

Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, dagokion eginbidea agerraraziko da ikaslearen ikasketen espedientean eta kontuan hartuko da deuseztatze horrek baimendu den ikasturte horretarako bakarrik balio duela.

Matrikula deuseztatu arren, ordaindutako tarifak ez dira itzuliko.

Matrikula deuseztatzen duten ikasleek, hurrengo ikasturtean, beren ikasketak egiten segi dezakete ikastetxe berean. Hurrrengo ikasturteetan eskolan berriz sartzeko, ikastetxeko plan pedagogikoan ezarritako ohiko sarrera-prozedurari jarraikiko zaio.

VI.–Beste jarraibide batzuk.

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.

3.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Nafarroako Dantza Eskolak sustatu beharko du ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta eskola-komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Xede horrekin, ikastetxeetako hezkuntza planetan bizimodu eta ohitura osasungarriak sartzea proposatzen da, alderdi hauekin lotuta: elikadura (ez da gomendatzen ikastetxean litxarreriak eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), gorputzaren garbitasuna (larruazala, ilea, hortzak) eta jarrerena (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogamenpekotasunen prebentzioa, eta heziketa afektibo-sexuala.

Era berean, ikastetxeko zuzendaritza taldeak begiratuko du ikastetxeetan eta prestakuntza zentroetan erretzeko erabateko debekua bete dadin, egungo legerian hala jasota baitago, eta behar diren neurriak hartuko ditu ikastetxean edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.

4.–Bizikidetza eta berdintasuna.

Bizikidetzaren eta berdintasunaren baloreek ikastetxearen hezkuntza proiektuaren gakoak izan behar dute.

Bizikidetza plana urteko programazio orokorrean zehaztu beharko da. Indarreko araudian xedatutakoari jarraituko dio, eta haren azterketa eta ebaluazioa ikastetxearen azken memoriaren zati bat izanen dira. Dokumentazio hori guztia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren esku geratuko da.

Ikasketaburutzak gainbegiratuko du bizikidetza plana, eta haren garapenean irakasle guztiek parte hartuko dute. Halaber, hezkuntza-komunitate osoari hedatuko zaio.

Ikasleei arreta hobea emateko, beste administrazio batzuekin koordinatzeko ezarri diren prozedurak adierazi beharko ditu.

Irakasleentzako Arretaren Bulegoa dute irakasleek orientazio eta laguntza jasotzeko.

5.–Ikastetxeez kanpoko jendea sartzea.

Ikastetxean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek ikastetxeko zuzendariaren baimena beharko dute. Betiere, baimen hori idatziz agertuko da ikastetxearen artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

6.–Jarraibide hauen berri ematea.

Nafarroako Dantza Eskolako zuzendaritza taldeak begiratuko du hezkuntza-komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1709235