169. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

362/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak eta 2017-2018 ikasturtean Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez goi mailako arte ikasketak arautu ziren, eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak ikasketa horien antolamendua ezarri zuen. Bestalde, maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak diseinuko goi mailako arte ikasketen plan berriaren oinarrizko edukia arautu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Nafarroan, Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 5ean emandako 30/2013 Foru Aginduaren bidez (gero Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 6ko 39/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua), diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Arte Ikasketen Atalak 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak onestearen aldeko txostena egin du.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onestea, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibide horiek eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta Corellako Arte eta Goi Mailako Eskolara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 1ean.–Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Ander Domblás García (Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ordez, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 10eko 115/2015 Foru Aginduaren indarrez).

ERANSKINA

2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean diseinuko goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

I.–Urteko programazio orokorra.

1.–Urteko programazio orokorraren edukia.

Corellako Arte eta Goi Mailako Eskolak, ikasturtearen hasieran, urteko programazio orokorra eginen du; programazio horrek hezkuntzako jarduera guztiak modu koordinatuan garatzen direla bermatuko du, eta, orobat, eskolaren eskumenak zuzen betetzen direla eta hezkuntza-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

Urteko programazio orokor hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE) eta abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan (LOMCE) ezartzen denari jarraikiz prestatuko da.

Urteko programazio orokorrean honako hauek jasoko dira:

A.–Diseinuko goi mailako ikasketen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

B.–LOEn araututako diseinuko goi mailako arte ikasketei dagozkien irakaskuntzako jarduerak, kasuan kasuko ikasketa planetarako.

C.–Diseinuko goi mailako ikasketetako irakasleen prestakuntza plana.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E.–Memoria administratiboa.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

G.–Curriculum proiektua edo hari egiten zaizkion aldaketak.

A.–Diseinuko goi mailako ikasketen ordutegia eta hura prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak.

Ordutegia zuzendaritza taldeak prestatuko du, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko.

Honako hauek bilduko ditu, gutxienez:

a) Ikasleen eskola-ordutegia.

b) Ikasleek eskolakoak ez diren jarduerak egiteko izanen duten ordutegia.

c) Urtarrileko, maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan probak eta azken ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, bai eta kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 20a baino lehen, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak aipatu jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

d) Irakasleen ordutegi orokorra.

e) Irakasleen banakako ordutegia.

B.–Irakaskuntzako jarduerak.

Klaustroak, departamentu didaktikoen bidez, diseinuko goi mailako ikasketen irakaskuntzako jarduerak programatuko ditu eta zuzendaritza taldeari igorriko dizkio. Programazio didaktikoen adostasun agiriak, zuzendaritzak ikus-onetsiak, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

Irakaskuntzako jardueren programazioa egiteko, ordutegiak egiterakoan erabilitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta, gutxienez, honako hauek bilduko ditu: tutoretza plana, ebaluazioak eta errekuperazio sistemak, eta programazio didaktikoak.

C.–Diseinuko goi mailako ikasketetako irakasleen prestakuntza plana.

Programazioan prestakuntza plan bat gehituko da diseinuko goi mailako ikasketetako irakasleentzat. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleak prestatzeko planaren proposamena aurkeztuko dio klaustroari. Proposamen hori egiteko, aintzat hartuko ditu Hezkuntza Departamentuak aurkezten duen prestakuntza planeko eskaintza eta ikastetxeak proposatzen dituen prestakuntza jarduerak. Nolanahi ere, irakasleek egindako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.

Atal honetan aipatzen den planean kontuan hartuko dira curriculum proiektua egin eta berrikusteko prozesuan ikusten diren beharrak, bai eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan irakas-praktikari buruzko hausnarketaren eta berriztapenaren emaitza direnak ere.

D.–Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

Diseinuko goi mailako ikasketetarako programatzen diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak irakaskuntzako ekintzak osatu edo garatzeko izanen dira.

E.–Memoria administratiboa.

Zuzendaritza taldeak eginen du eta bertan sartuko da, besteak beste, ikastetxea antolatzeko dokumentua.

Ikastetxea antolatzeko dokumentua Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeari bidaltzen dizkien inprimakiak erabiliz beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beterik, zerbitzu horretara bidaliko dira, ikasturteko eskolak hasi eta 20 eguneko epean.

F.–Hezkuntza proiektuaren zehaztapena.

Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako organoek 2017-2018 ikasturtean beteko duten jarduketa planaren barnean diseinuko goi mailako ikasketen honako alderdi hauek gehitu beharko dira, gutxienez:

–Programazio didaktikoak prestatzea eta berrikustea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak indarrean dagoen araudian ezarri denari egokitzen zaion egiaztatuko du, ikasturtean zehar horren garapenaren jarraipena eginen du, eta era egokian betetzeko behar den laguntza eskainiko du.

G.–Curriculum proiektua.

Ikastetxeak ikasketa planari eta programazio didaktikoei jarraikiz emanen ditu diseinuko goi mailako ikasketak, eta horietan martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan (foru agindu horren bidez diseinuko goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko) eta hori aldatzeko Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 6an emandako 39/2015 Foru Aginduan araututakoa zehaztuko da.

Curriculum proiektuak, ikasketa planeko elementuei buruzko erabaki multzo bat den aldetik, ikasleen prestakuntza behar profesionalei erantzun nahi die. Gainera, irakasleen jarduketa guztiak koherenteak direla ziurtatu behar du. Curriculum proiektuak hezkuntza proiektua du abiapuntu.

Curriculum proiektuan honako hauek sartuko dira:

1.–Curriculumaren gaineko koordinazioari buruzko erabaki eta neurriak, ondotik heldu direnak:

a) Diseinuko goi mailako ikasketen gaitasunak ikastetxearen eta ikasleen inguruabarrei egokitzea, helburu horiek benetan lortzeko hartu behar diren neurriak zehaztuta.

b) Metodologiari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko irizpideak.

d) Erabiliko diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

e) Irakasleen irakaskuntza prozesuak eta irakas-praktika, baita curriculum proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, kasua bada, berraztertzeko irizpideak.

2.–Tutoretza planaren ezarpena.

3.–Curriculum proiektuak irakasgai bakoitzerako programazio didaktikoa ere izanen du. Irakasleek ikasgelan gauzatuko dituzte programazio didaktikoak, gelako programazioen bidez.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak curriculum proiektuaren prestakuntza koordinatuko du, honako hauei jarraikiz: ikasketa plana, hezkuntza proiektua, klaustroak ezarritako irizpideak eta departamentuek egindako proposamenak. Proiektuaren erredakzioaren ardura ere izanen du. Curriculum proiektua prestatzeko aldian Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak irakasleen parte-hartzea sustatuko du.

Curriculum proiektua irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsiko du, eta jendaurrean jarriko. Irakasleek curriculum proiektuaren garapena eta programazioak ebaluatu beharko dituzte, ikasleen hezkuntza beharrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Programazio didaktikoak curriculum proiektua garatzeko baliabideak dira, eta haien prestaketa departamentuei dagokie.

Irakasleek beren departamentuetako programazio didaktikoen arabera prestatuko dute irakaslana. Irakasleren batek erabakitzen badu gelako programazioan aldaketaren bat egitea bere departamentuko baterako programazioan, aldaketa hori eta behar den justifikazioa departamentuko programazio didaktikoan sartuko dira.

LOEren ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak ikasketa horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Horietan, honako hauek jasoko dira:

a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.

b) Edukiak eta haien denbora banaketa.

c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.

d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera neurtzeko modukoak diren ebaluazio-irizpide eta prozedura objektiboak.

e) Kalifikaziorako irizpideak.

f) Erabiliko diren materialak eta baliabide didaktikoak.

g) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.

Ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatuko du programazioak jarraibide hauetan ezarritakoarekin bat prestatu diren. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak programazio didaktikoen gaineko adostasun agiriak berrikusiko ditu, eta egin beharreko aldaketak bilduko dituen txostena igorriko du zentrora edo departamentu bakoitzera.

2.–Urteko programazio orokorra prestatu, onetsi eta ebaluatzea.

Urteko programazio orokorra zuzendaritza taldeak eginen du, klaustroaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta, eta, behin onarturik, ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio urteko programazio orokorra era egokian egiteko jarduketa egutegia ezartzea.

Irakasleen klaustroak urteko programazio orokorrari buruzko txostena egin ondoren, Eskola Kontseiluak ebaluatu beharko du, eta zuzendariak onetsi; betiere, klaustroaren eskumen diren irakaskuntzako alderdiak errespetatuko dira. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da, urriaren 31 baino lehen. Ale horretan ez dira irakasgaien programazio didaktiko osoak sartuko, baizik eta dagozkien adostasun agiriak bakarrik. Urteko programazio orokorraren beste ale bat ikastetxearen Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eskura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du urteko programazio orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaiola, eta zer zuzenketa egin behar den adieraziko du, bakarren bat egin behar bada.

Ikasturtea bukatutakoan, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta Eskola Kontseiluak ebaluatu eginen dute urteko programazio orokorra zenbateraino bete den. Ondoriorik aipagarrienak memoria batean jasoko dira, eta hura Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da uztailaren 10a baino lehen.

II.–Diseinuko goi mailako arte ikasketen jarduna.

Diseinuko goi mailako arte ikasketek Corellako Arte eta Goi Mailako Eskolan jada dauden gobernu organoak eta kide anitzeko organoak partekatuko dituzte.

1.–Goi mailako arte ikasketetako koordinatzailea.

Diseinuko goi mailako arte ikasketetako irakasleak ikastetxean jada dagoen departamentu egituraren barnean sartuko dira. Hala ere, ikasketa horien abiaraztea ikuskatze aldera, goi mailako arte ikasketetako koordinatzailearen figura sortuko da, honako eginkizun hauek izanen dituena:

a) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazio didaktikoen prestaketa koordinatzea eta ikuskatzea.

b) Ikasketa plana osatzen duten irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, horien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko.

c) Zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari ikastetxearen hezkuntza proiektuari eta urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.

d) Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bidezko organoek ezarri dituzten gidalerroen arabera.

e) Ikasketa planeko irakasgaien programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea, eta ebaluazio horrek aholkatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.

f) Ikasturtearen bukaeran memoria egitea, eta horretan programazio didaktikoen garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea.

g) Ebaluazio eta kalifikaziorako irizpide komunak prestatzea.

Goi mailako arte ikasketetako koordinatzaileak bere eskola-ordutegitik astero 2 ordu eta asteko zenbaketako beste 2 ordu emanen ditu lan horietarako.

2.–Tutoreak.

A.–Tutorea izendatzea.

Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.

LOE/LOMCEren ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoak arautuko du Nafarroako diseinuko goi mailako ikasketetako tutoreen izendapena.

B.–Tutorearen eginkizunak.

Tutorearen eginkizunak hauek dira:

a) Ikasketaburutzak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezko bilerak egitea.

b) Ikasketaburutzak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntzako jarduerei eta eskolako errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.

f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren ahalbideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten aukerei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

g) Bere ikasleen ebaluazioaren etengabeko segimendua egitea.

3.–Zaintzak.

Kontuan harturik Nafarroako diseinuko goi mailako ikasketetako ikasleen ezaugarri bereziak, zaintza kontzeptuak esan nahi du ikastetxeak erantzukizuna duela eskola ordu guztietan irakasleen arretapean dauden eremuak izanen direla bermatzeko, horrela ikasleak, nahi badute, eremu horietan beren ikaskuntza prozesuaren zereginetan aritu ahal izateko. Irakaskuntzarako eremuen funtzionamendu egokia ere bermatuko da.

Zuzendaritza ikasleen arduraduna da eskola orduetan; beraz, ikastetxean uneoro zaintzako behar adina irakasle izan behar da.

III.–Ikasketen ordu banaketa.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleak ikasketetan sartzeko prozesua, irakasle-ikasle ratioa eta ikasketen iraupena indarra duen araudian ezarri denari egokituko zaizkio.

IV.–Irakasleak.

1.–Lanaldia.

Irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren menpeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunen ezaugarrietara egokitua. Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.

Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.

Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan, irakastorduetan eta ordu osagarrietan banatuta. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrik gabekoak, irakaskuntzako jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira.

2.–Orduen banaketa.

Ikastetxean bertan eman beharreko orduak honela banatuko dira:

A.–Irakastorduak.

Oro har, ikasleekin irakaslan zuzenean emandakoak jotzen dira irakastordutzat.

Astean Hezkuntza Departamentuak ezarri eta indarra duen araudian finkatzen diren irakastorduak beteko dira.

Irakaslana neurtzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.

Diseinuko goi mailako arte ikasketetan bost irakasgai baino gehiago ematen dituzten irakasleei ordu bat kenduko zaie irakastorduetatik.

b) 58 urtetik gorako irakasleak.

58 urtetik gorako irakasleei Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian irakastordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko zaizkie.

B.–Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzaren asteko ordutegian irakastorduak eta ordu osagarriak batuta hogeita bost ordu izanen dira astean guztira.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako eginkizunen arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat irakasle taldeko kide bakoitzaren eta goi mailako arte ikasketetako koordinatzailearen arteko koordinazio zereginetarako.

c) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko.

d) Astean ordu bat irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarientzat.

e) Zuzendaritza taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.

f) Zaintza-orduak.

g) Bestelakoak.

C.–Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez egin behar dituen asteko 30 orduak betetzeko, falta diren bost orduak hilean zenbatuko dira eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:

a) Klaustroaren bileretan parte hartzea.

b) Ebaluazioko eta irakaskuntza taldeko bileretara joatea.

c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan sartutako orduak.

d) Beste jarduera osagarri batzuk eta ikasketez kanpoko jarduerak.

3.–Ordutegiak prestatu, onetsi eta argitaratzea.

Ikasketaburuak ordutegiak prestatuko ditu klaustroak ezarritako irizpide pedagogikoei eta jarraibide hauetan ezarri denari jarraikiz; halaber, bermatuko da ordutegia funtzionala izatea ikasleentzat, baina lehentasuna ikastetxearen beharrek izanen dute beti.

Ikastetxeko matrikula bukatu ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen kopuruaren berri emanen die departamentuei, eta irakaslana banatuko du.

Plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan izanik baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta horien titular ez den irakaslearenak hurbilak diren.

Zuzendaritzak onetsiko du ikastetxeko ordutegia. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du horri buruzko edozein erreklamazio, eta gehienez ere 15 eguneko epea izanen du horretarako. Epe hori bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, erreklamazioa ezetsitzat joko da.

Irakasle bakoitzaren ordutegia eta lantokia (bai irakastorduei dagokienez bai tutoretza orduei, zaintzei, departamentuko bilerei eta abarri dagokienez) agertzen dituen informazioak iragarki oholeko toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta sarbide guztietan egon beharko du denbora guztian.

4.–Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orria.

Zuzendaritza taldeak diseinuko goi mailako ikasketetako irakasleak bertan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber, kontuan hartuko du, eta horren berri emanen Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko dio:

http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Irakaslea agertzen ez bada, falten egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Falten egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko.

Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Baja-agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da lantokira, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean bakar-bakarrik, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

V.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.

1.–Alderdi orokorrak.

Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak ezarri eta ikastetxe horietako elkarbizitza arautzen duen abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez.

2.–Ikasleak eskoletara joatea.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 16an emandako 204/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako bizikidetza arautzen du, eta ikastetxe bakoitzak, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean, bere bizikidetza plana prestatu behar duela ezartzen du.

Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.

Eskoletara behin eta berriz huts egitea zer den eta horren ondorioak ikastetxeko Bizikidetzaren Erregelamenduan zehaztuko dira.

3.–Erreklamazioak egiteko prozedura.

Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio-irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko mailarena, ikasturtean erabiliko diren kalifikaziorako irizpideena eta ebaluazio-prozedurena ere.

Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.

Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

VI.–Onartzeko irizpideak eta matrikulazioa.

Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.

VII.–Beste jarraibide batzuk.

1.–Irakasleen erantzukizuna.

Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko ditu irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarriak; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.

2.–Eskola-informazioaren kudeaketa: Educa.

Ikasketa horiek sortzen duten eskola informazioaren kudeaketa Educa programaren bidez gauzatuko da.

3.–Diseinuko goi mailako ikasketetako langileen jarduerak.

Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egin ahal izateko, ikastetxeko Zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

4.–Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.

Ikastetxeak sustatu beharko du ingurune egokia sortzea, ikasle guztien eta hezkuntza-komunitatearen osasuna babestu eta sustatzeko baldintzak beteko dituena, eta bizimodu osasungarriak bultzatuko ditu.

Eskola Kontseiluak erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) zorrozki betearazi behar du eta neurri egokiak ezarri behar ditu edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko bizikidetza arauak prestatzerakoan.

5.–Bizikidetza.

Ikastetxeetan bizikidetza arautzen duen araudiak ezartzen duenez, ikastetxe bakoitzak bere bizikidetza plana eta horren urteko zehaztapenak egin eta abian jarri behar ditu.

Bizikidetza Plana 47/2010 Foru Dekretuan eta 204/2010 Foru Aginduan xedatutakoari egokituko zaio, eta 2017-2018 ikasturteko urteko programazio orokorrarekin batera bukaturik eta onetsirik egon behar du.

Araudi hori bizikidetza kudeatzeko osoko eredu batean dago oinarritua. Eredu horrek hezkuntza-komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatzen du, bizikidetzarako giro positiboa eratu eta mantendu nahi du, gatazkan dauden alderdien arteko komunikazioa sustatzen du, eta hezkuntza neurriak eta eragindako kaltea konpontzeko neurriak aplikatzea aurreikusten du, hartutako portaeraren beharrezko ondorio gisa.

Irakasleentzako Arretaren Bulegoa dute irakasleek orientazio eta laguntza jasotzeko.

6.–Diseinuko goi mailako arte ikasketekin zerikusirik ez duten pertsonak sartzea.

Diseinuko goi mailako ikasketetako ikasleen artean edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza taldearen baimena beharko dute. Kasu batean zein bestean baimen hori idatziz agertuko da ikastetxeko artxiboan.

Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.

7.–Jarraibide hauen berri ematea.

Zuzendaritza taldeak ardura hartuko du hezkuntza-komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.

Iragarkiaren kodea: F1709244