169. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRATI HIRI HONDAKIN SOLIDOEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Irati Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak, 2016ko abenduaren 1ean egin batzarrean, hasiera batean onetsi zuen Mankomunitateko hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzako aldaketa, II. tituluko III. kapituluko 19 eta 20. artikuluetan, “materia organikoaren” erreferentziak ezabatzeari buruzkoa. Espedientea eta hura hasiera batean onesteko erabakia jendaurrean egonen dira, hogeita hamar egunetan, iragarkia paratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitateko iragarki oholean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.a) artikuluan xedatuarekin bat. Epe horretan erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitaratu.

Agoitzen, 2017ko uztailaren 30ean.–Mankomunitateko burua, María Isabel Cañada Zorrilla.

IRATI MANKOMUNITATEAN HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Ordenantzaren aurkibidea

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

II. TITULUA.–Hiri hondakinen bilketa.

I. kapitulua.–Baldintza orokorrak.

II. kapitulua.–Bilketa edukiontzien bidez.

III. kapitulua.–Bilketaren baldintzak eta erabiltzaileen betebeharrak.

I. atala.–Bilketa arrunta.

II. atala.–Bilketa bereziak.

III. atala.–Garbiguneak.

III. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.

IV. TITULUA.–Erreklamazioak.

AZKEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

ERANSKINA.

ORDENANTZA, HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Irati Mankomunitatea (hemendik aurrera Mankomunitatea), toki entitatea da eta horren xedea da hiri hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua ematea, Mankomunitateak zerbitzu horren titulartasuna duenean toki entitate eta jarduketa eremu horietan, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko asmoz.

2. artikulua. Mankomunitatearen eta hiriko hondakinak aipatutako lurralde esparruan kudeatzeko zerbitzuaren erabiltzaileen arteko harremanak arautzea da ordenantza honen xedea, bi alderdietako bakoitzak dituen eskubide, betebehar eta egitekoak zehaztuz.

Kudeaketatzat hartzen da hiriko hondakinak murriztu, berrerabili, birziklatu, bildu eta tratatzearekin zerikusia duen guztia.

Zerbitzu horiek emateagatiko prezioei dagokienez, unean-unean indarra duen zaborren tasei buruzko ordenantzari jarraituko zaio, Mankomunitateak onetsia.

Halaber, etxeko konpostajearen zerbitzuaren erabiltzaileei (eta konpostaje kolektiboaren zerbitzuaren erabiltzaileei, hori ezartzen denean), sistema hori behin betikoz jarri badute, bilketa eta tratamenduaren gaineko tasa murriztuko zaie, Zaborren tasak arautzen dituen ordenantzan urtero agertuko baita.

3. artikulua. Ordenantza hau, bere eskumeneko eremuan, hiri hondakinen kudeaketa zerbitzuetan aplikatuko da oro har, bai eta delako eremutik at ematen direnetan ere, osoki edo partez.

Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

Mankomunitateak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko komenigarria iruditzen zaion interpretazioa ezarriko du.

4. artikulua. Ordenantza honen erregulazioa Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen printzipioei eta hondakinen kudeaketari buruz aplika daitezkeen gainerako xedapenei jarraikiz egin da.

5. artikulua. Apirilaren 21eko 10/1998 Legearekin bat, definizio hauek ematen dira:

“Hondakina” da edozein gai edo gauza, lege horren eranskinean agertzen diren kategorietan sartutakoa, bere jabeak botatzen badu, bota nahi badu edo, botatzera beharturik badago. Betiere halakoxeak dira Europako Hondakinen Katalogoan (EHK) bildutakoak ere, Europar Batasunaren erakundeek onetsiak;

“Hiri edo udal hondakinak” dira etxebizitza partikularretan, saltokietan, bulegoetan eta zerbitzuetan sortutakoak, bai eta arriskutsuaren kalifikazioa ez dutenak eta haien izaera edo osaketa dela-eta, aipatutako toki edo jarduerek sortutakoekin parekatu daitezkeenak ere. Era berean, hiri hondakinak dira honako hauek:

Eremu publikoak, berdeguneak, jostetaguneak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak.

Etxeko animalia hilak, bai eta bazter utzitako altzariak, trasteak eta ibilgailuak.

–Etxeetako eraikitze eta berritze obra txikietatik heldu diren hondakin eta zaborrak.

“Hondakin arriskutsuak”: 952/1997 Errege dekretuko zerrendan hala agertzen direnak, baita horiek eduki dituzten ontziak ere, Europako Batasunak bere araudietan arriskutsutzat jotzen dituenak ere araudi horretan edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoarekin bat Gobernuak erabaki ditzakeenak.

6. artikulua. Erabilitako kontzeptuen zerrenda.

“Ekoizlea”: pertsona fisiko edo juridikoa oro, haren jarduerak, etxeko kontsumoaren ondoriozkoa kenduta, hondakinak sorrarazten baditu edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten baditu, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bertzelakoak. Europako Batasuneko edozein estatutatik hondakinak inportatzen edo erosten dituena ere ekoizletzat hartuko da.

“Edukitzailea”: hondakinen ekoizlea edo hondakinak dituen pertsona fisiko edo juridikoa, hondakinen kudeatzailea ez bada.

“Kudeatzailea”: pertsona edo entitatea, publikoa nahiz pribatua, hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein egiten duena, haien ekoizlea izan ala ez.

“Kudeaketa”: hondakinen bilketa, biltegiratzea, garraioa, balorizazioa eta deuseztapena, jardunbide horien zaintzea barne, hala nola hondakinak utzi edo botatzeko tokien zainketa, itxi eta gero.

“Murrizpena”: hondakinen isurpena murriztera zuzendua den prozedura oro, giza osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

“Berrerabilpena”: produktu bat berrerabiltzera zuzendua den prozedura oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

“Birziklapena”: hondakinaren zati bat berriro erabiltzera zuzendua den prozedura oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe.

“Deuseztapena” da bai hondakinak botatzera, bai haien suntsipen oso nahiz partzialera zuzendua den prozedura oro, giza osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurumenari kalterik egin liezaiokeen metodorik erabili gabe. Zalantzak 1996ko maiatzaren 24ko Komisioaren erabakiaren (96/350/CE) arabera ebatziko dira, baita, kasuan kasu, Gobernuak onesten duen zerrendaren arabera ere.

“Bilketa”: hondakinak bildu, sailkatu, elkartu edo garraiorako prestatzea helburu duten jarduketak oro.

7. artikulua. 10/1998 Legearekin bat, hiriko hondakinak behar bezala uzten direnetik aurrera Mankomunitatearenak izanen dira.

8. artikulua. Hiri hondakinen edukitzaileek erantzukizunik ez dute izanen hondakin horiek egin ditzaketen kalteengatik, betiere haiek ematean ordenantza hau nahiz aplikatzeko diren gainerako arauak begiratu badira.

9. artikulua. Debeku da hiriko hondakinak estolda-saretik behera botatzea (zigarrokinak, pixoihalak, janari hondarrak eta abar), baita aldez aurretik xehatuta badaude ere.

II. TITULUA

Hiri-hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

10. artikulua. Kapitulu honek arautuko du Mankomunitateak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan jasoko dituen hiriko hondakinak biltzeko zerbitzuak.

11. artikulua. Zerbitzu hauek emateari dagokionez, erabiltzaile izaera dute zerbitzu horiek, onuraz edo kaltez, ukiturik dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek, beren helbidea une bakoitzean halako eremuaren barnean dauden udal eta kontzejuetan dutenak, bertan Mankomunitateak hiri-hondakinen bilketa, tratamendu eta aprobetxamenduaren eskumenaren titulartasuna baitu.

12. artikulua. Ondorengo hondakin motak izanen dira biltzekoak:

a) Elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz herritarrek beren etxebizitzetan sortzen dituzten hondarrak.

b) Herritarrek espaloiak ekortzearen ondorioz sortzen diren hondakinak.

c) Zuhaitzak kimatzean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

d) Saltokietako salgaien azalak, ontziak, bildukiak eta gainerako hondakin solidoak.

e) Zerbitzu, merkataritza edo industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeetako hondakinen gisako ezaugarriak dituztenak.

f) Jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe edo gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

g) Egoitza, hotel, ikastetxe eta bertze establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

h) Udal azoken jardueretatik heldu direnak.

i) Etxebizitzetako obra txikietan sorturiko hondakinak.

j) Etxebizitzetan eta saltokietan sortutako errautsak.

k) Altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak, baita arropa, zapatak eta hauek bezalako beste edozein produktu ere.

l) Etxeko animalia hilak.

m) Arriskugarritzat hartutako hondakinak, herritarrek beren etxebizitzetan bertan sortutakoak.

n) Ordenantza honen 32. artikuluan ezarritako I eta II. taldeetako klinika-hondakinak.

o) Beren izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri-hondakinekin parekatzen ahal direnak.

p) Bere izaeragatik edozein aldetan eta/edo modutan berrerabili, berreskuratu eta/edo birziklatzen ahal den bestelako edozein.

q) Beren izaera edo osaera direla-eta konpostatzen ahal den edozein.

13. artikulua. Bilketan inolaz ere sartuko ez diren hondakinak:

a) Hondakin arriskutsuak, etxeetakoak izan ezik.

b) Industriako edo merkataritzako hondakinak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira hiri-hondakinekin parekatzen ahal.

c) Pneumatikoak.

d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietatik heldu direnak, animaliak barne.

e) 32. artikuluan ezarritako sailkapeneko III. taldean dauden klinika-hondakinak.

f) M.A.R. (Arrisku Handiko Materialak) eta M.E.R. (Arriskuko Material Espezifikoak) gisa sailkatutako hondakinak, haragi ustiategi eta harategietatik heldu direnak.

g) Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

h) Erradiaktiboak.

i) Beren izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri hondakinekin parekatzen ahal ez direnak.

14. artikulua. Nola Hondakinen 10/1998 Legeak, hala Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 11/1997 Legeak, hondakinen berrerabilpen, birziklapen eta hondakinen bestelako balorazio helburuak ezarri dituzte, ingurumena eta bizilagunen osasuna babesteko xedeari jarraikiz.

15. artikulua. Aurreko artikuluaren ondorioetarako, Mankomunitateak gaikako bilketa egiteko sistema dauka. Horren ondorioz, erabiltzaileek bereiz utzi behar dituzte modu batean edo bestean aprobetxatzen ahal diren hondakinak, edo haien berariazko bilketa egokitzat hartzen denean.

16. artikulua. Halaber, Mankomunitateak hainbat gai biltzen ahalko du atariz atari, bilketaren maiztasuna, ordutegia eta baldintzak zehaztuz, hala nola papera, trapuak, altzariak, tresnak, traste zaharrak eta abar.

17. artikulua. Mankomunitateak urtero ezarriko du dagokion prezioa hondakinak biltzeko zerbitzua emateagatik, baita ondorengo tratamenduagatik ere, horri dagokionez, Prezioei buruzko ordenantzak zehazten duenaren arabera.

II. KAPITULUA

Bilketa edukiontzien bidez

18. artikulua. Mankomunitateak hondakinak biltzen ditu edukiontzien bidez, erabiltzaileak behar bezala erabili beharko baititu. Hondakinak biltzeko zerbitzuaren barnean honako jarduketa hauek izanen dira:

–Edukiontziak uzteko tokietatik bilketa ibilgailuetara eramatea.

–Edukiontziak hustea.

–Hustu eta gero edukiontziak beren lehen lekuetara itzultzea.

–Lan hauek direla medio eremu publikoan botatako zaborrak biltzea.

–Hondakien garraioa eta hustuketa Mankomunitateak horretarako prestaturiko tratamendu zentroetan.

–Edukiontziak garbitzea eta mantentzea.

Edukiontzi mota, erabiliko den edukiontzi kopurua eta haien kokapenak, Mankomunitateko zerbitzuek zehaztuko dituzte. Une berezietan bertatik kendu ahal izanen dituzte.

Mankomunitateak edukiontzien kokalekua halako toki batean finkatuz gero, ez da aldatzen ahalko berak espresuki oniritzia ematen ez badu.

Erabiltzaileek ez dituzte edukiontziak haien tokitik mugitzen ahalko, ezta aldi baterako ere.

Jabetza publikoko edukiontziak direnez gero, Mankomunitateko zerbitzuek haiek berrituko dituzte, erabiltzaileentzat inolako kosturik gabe, erabilera egokiagatik ere matxura konponezinik dutenetan edo desagertu izan direnetan, zerbitzurako erabili ezinak erabilera okerragatik suertatu direnetan (pisu gehiegi sartu izana, indarkeriaz erabili izana eta abar) dagokion ordaindu beharra erabiltzaileari egotzi ahal izanen zaiolarik.

Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatu ahal izanen du, zamalanetarako eta zerbitzua era egokian emateko gainerakoak egiteko.

Titularrak eskatuta, edukiontziak jabego pribatuen barnean paratzen ahalko dira, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada, eta bilketako ibilgailua trabarik gabe ailegatzen ahal bada haietara.

III. KAPITULUA

Bilketaren baldintzak eta erabiltzaileen betebeharrak

I. ATALA

Bilketa arrunta

19. artikulua. Bilketa eredua Mankomunitatearen esparruan bilketa arrunterako ezarritako ereduak behartzen ditu erabiltzaileak beren hondakinak lau zatitan aurkeztera:

1. Gainerakoa.

2. Ontziak.

3. Papera-kartoia.

4. Beira.

5. Gai organikoak (etxeko konpostajea eta komunitarioa, eta etxez etxeko gaikako bilketa).

Zein bere edukiontzi berezian utzi beharko baita.

20. artikulua. Errefusa edukiontzietan biltzea. Errefusa hondakinen hondarrak dira, materia organikoa izan gabe, bilketa berezian sartzen ez direnak eta edukiontzi berariazkoetan sartu behar ez direnak.

Errefusa hondarrak horretarako diren edukiontzietan sartuko dira, alegia, “Errefusa” idazkuna dutenetan.

Edukiontzi horietan uzten diren hondakin guztiak poltsa arrunt ongi itxietan sartu beharko dira, eror ez daitezen eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen.

Debeku da poltsak edo kuboak herrestan eramatea. Hondakinak, gaizki aurkezteagatik, kanpora erortzen badira, erabiltzaile eragilea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak pakete edo kaxa barnean uzteko.

Mankomunitateak baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu, hala nola edukiontzietan poltsa paratzea, sortzen diren hondakinen kopuru edo motaren kariaz neurri bereziak komenigarriak baldin badira zerbitzu teknikoen iritziz.

21. artikulua. Gai organikoa berreskuratzea etxeko konpostajerako.

1481/2011 Errege Dekretuak ezarri du 2016. urtean zabortegira bideratu direla 1995. urtean hara bideratu ziren udal hondakin biodegradagarrien %35, gehienez ere.

Errege Dekretu honetan oinarrituta, Mankomunitateak abian jarri du etxeko konpostajerako plana. Horren arabera, zerbitzu honen erabiltzaile bakoitzak konposta egiteko ontzi bat eskatzen ahalko du, Mankomunitateak doan emanen baitio, baita informazioarekin eta jarraipen teknikoarekin zerikusia duen guztia ere, nahi duten erabiltzaile guztiek beren gai organikoa berreskuratzea lortu arte herriaren eta, oro har, ingurumenaren mesederako.

22. artikulua. Gai organikoa berreskuratzea konpostaje kolektiborako.

1481/2011 Errege Dekretuak ezarri du 2016. urtean zabortegira bideratu direla 1995. urtean hara bideratu ziren udal hondakin biodegradagarrien %35, gehienez ere.

Arau berean oinarrituta, Mankomunitateak konpostaje kolektiborako eremuak sortuko ditu, konpostajerako banakako eremurik ez duten erabiltzaileentzat izanen baitira. Konpostaje kolektiboa eremu berezietan kokatuko da, erabilera hori besterik ez baitute. Horiek Mankomunitatearen kargu egonen dira, tartean dauden udalekin batera, horiek izanen baitira lurrak lagako dituztenak Mankomunitateak zerbitzu hori martxan jartzeko.

23. artikulua. Ontzien bilketa. Ontziak eta ontzien hondakinak (metala, plastikoa eta brik-ontziak) horretarako diren edukiontzietan utzi beharko dira, “plastikozko ontziak, latak eta brik-ontziak” errotulua ageri dutenetan.

24. artikulua. Papera eta kartoia edukiontzietan biltzea. Paperak eta kartoia gai horietarako diren edukiontzietan utzi beharko dira, “papera eta kartoia” errotulua ageri dutenetan. Kartoizko ontzi handietako hondakinak tolestu eta hautsi beharko dira utzi aitzin. Plastikorik, zurik, metalik eta abarrik gabe joanen dira papera eta kartoia.

25. artikulua. Beira edukiontzietan biltzea. Beirazko ontziak mota horretako hondakinak biltzeko diren edukiontzietan utzi beharko dira. Poltsa, estalki edo tapoirik gabe egonen dira.

II. ATALA

Bilketa bereziak

26. artikulua. Inausketako eta lorezaintzako hondakinak biltzea. Inausketako eta lorezaintzako hondakinak Mankomunitateak horietarako jarri dituen edukiontzietan utzi beharko dira, bestelako gairik gabe eta inoiz ere ez poltsatan sarturik. Enborrak ez dira 20 cm diametrotik gorakoak eta 1,5 metro baino luzeagoak izanen.

27. artikulua. Etxeko altzari, tresna eta traste zaharren bilketa. Mankomunitateak mota orotako altzarien, etxeko tresnen eta traste zaharren bilketa berezia egiteko zerbitzua antolatua dauka, etxez etxekoa eta aldez aurretik abisua emanda, salbu eta mugitzeko bitarteko mekanikoak, hala nola garabiak edo poleak, erabili beharra badago. Altzariak desmuntatu eta berehalako garraiorako prestaturik egon beharko dira.

Debeku da altzariak, tresnak eta traste zaharrak eremu publikoan abandonatzea, baita edukiontzietan sartzea edo haien ondoan uztea ere.

28. artikulua. Hondakinen bilketa aisialdi eta josteta pribatuko eremu kontrolatuetan. Mankomunitateak bilketa eremu batzuk jarriko ditu eremu horietako erabiltzaileentzat. Horren kostua urtero zaborren tasa arautzen duen ordenantzan txertatuko da eta aldi baterakoa izanen da.

29. artikulua. Arrandegietan sortutako hondakinen bilketa. Arrandegietan sortutako hondakin oro poltsatan sartu beharko da, poltsa horiek behar bezala itxiak eta behar bezain sendoak.

Ez dira inolaz ere edukiontzietan utziko hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak (esate baterako izotza, odola eta abar).

30. artikulua. Osasun-hondakinen bilketa eta garraioa. Ordenantza honen aplikazioaren ondorioetarako eta 296/1993 Foru Dekretuarekin bat, osasun-hondakinak ondoko eran sailkatzen dira:

I. multzoa:

Hiri hondakinekin parekatzen ahal diren hondakinak: berariaz osasun-jardueretan sortu ez direnak dira, eta horrenbestez arrisku nabarmenik ekarri ez, eta beren kudeaketan arreta berezirik eskatzen ere ez dutenak. Talde honetan sartzen dira etxeko hondakinen gisakoak, hala nola papera, kartoia, janaria eta sukaldatze hondakinak, osasun-jardueraz aparte diren lorezaintza, bulego eta beste geletakoak, edo infekziorik ez duten gaixoengandik heldu direnak eta II. eta III. taldeetan sarturik ez daudenak.

II. multzoa:

Osasun-hondakin ez espezifikoak: osasun-jarduerako berezko material eta produktu biologikoak dira, hala nola aurreko hauekin ukipenean egondakoak eta suntsituak izateko direnak, III. taldean sarturik ez daudenak.

III. multzoa:

Osasun-hondakin espezifikoak: osasun-jarduerako berezko material eta produktu biologikoak dira, baita aurrekoak ukitu dituztenak eta suntsituak izateko direnak, baina, aurretik tratamendua izan gabe zuzenean suntsituko balira, bertan lanean ari direnentzat arrisku nabarmena ekarriko luketenak, edo, ingurumenaren bidez, Osasun publikoarentzat, oro har.

Ondokoak sartu dira talde honetan:

–Hondakin infekziosoak: 296/1993 Foru Aginduaren I. eranskinean ageri diren eritasunen eragile infekziosoetako bat egon daitekeelako, edo aipatutako infekzioek ukitutako eriengandik heldu direlako, eritasun horiek kutsatzen ahal dituztenak dira.

–Eragile infekziosoen kultiboak eta erreserbak, eta haiek ukitu dituzten hondakinak.

–Orratzak eta hondakin ebakitzaile eta zorrotzak.

–Gorputzeko isurkiak, odola eta hemoderibatuak, likido eran edo ontzitan, 100 ml baino kantitate handiagoan.

–Hondakin anatomikoak, haien garrantzi eskasagatik hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko araudian sartzen ez direnak.

Infektatutako animalien hondakinak eta/edo 296/1993 Foru Aginduaren I. eranskinean aipatzen diren eragile infekziosoetatik kutsatutakoak. Hilotzak, gorpuzkinak, hondakin anatomikoak, eta haien estabulaziotik heldu diren hondakinak.

I. taldeko hondakinak besterik ez dira bilduko modu arruntean.

II. taldeko hondakinak Tratamendu Zentroan bildu edo onartuko dira, kaxa itxiaren bidez, trinkotu gabe.

Ezin izanen dira inolaz ere bildu edo onartu Tratamendu Zentroan III. taldeko osasun-hondakinak.

31. artikulua. Saltoki eta industrietako papera eta kartoia biltzea. Papera eta kartoia kaleko edukiontzien bidez biltzea egokia suertatzen ez den egoera berezietarako, Mankomunitateak atez ateko bilketarako zerbitzu berezia antolatuko du. Horri atxiki beharko zaizkio ukitutako establezimenduak edo enpresak, ondorengo baldintzetan:

Papera/kartoia tolesturik egonen da, plastiko, zur, metal eta halako gai erantsirik batere gabe, lokaleko sarreratik hurbil, eskuragarri eta berehala bildu ahal izateko eran prestatua, kasu bakoitzean adierazitako egunean eta orduan.

32. artikulua. Beira biltzea. Mankomunitateak bilketa zerbitzua dauka “Ecovidrio” entitatearen bidez, eskualde osoan beira biltzeaz arduratzen baita.

33. artikulua. Pilen bilketa. Mankomunitateak pilak biltzeko zerbitzua dauka, establezimendu laguntzaileetan paraturiko edukiontzien bidez, eta horrekin bat egiten ahalko dute eskatzen duten guztiek.

34. artikulua. Hirikotzat har daitezkeen industria hondakinak bildu eta garraiatzea. Mankomunitateak, ekoizleak eskatu ondoren, hirikotzat har daitezkeen hondakinak bilduko ditu.

Gainerako hondakinen kasuan, ekoizleak kudeatuko du horiek utzi ahal izatea Hiri Hondakinak Tratatzeko Gongorako Zentroan, edo haien tratamendua kudeatzaile baimenduaren bidez.

II. ATALA

Puntu garbiak

35. artikulua. Garbiguneak hiri hondakin batzuk hartu, bildu eta hautatzeko zentroak dira, eta bereziki biltzen dira beste modu batean bildu ezin daitezkeen etxeko hondakin arriskutsuak.

Garbigune mugikorra: Mankomunitatearen esparruaren barnean auzoak zein herriak hartzen dituzten ibilgailuak, egun eta ordu zehatzetan.

36. artikulua. Garbiguneen erabiltzaileak izaten ahal dira beren etxeko hondakinak era berezituan eman nahi dituzten herritar guztiak, baita onar daitezkeen haien hondakinak utzi nahi dituzten saltokiak, bulegoak eta zerbitzuak, betiere hurrengo artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

37. artikulua. Garbigunearen helburuak, besteak beste, honako hauek dira:

–Hondakinen kontrolik gabeko isurketa ekiditea.

–Etxean sortutako hondakin arriskutsuak behar bezala kudeatzea.

–Zarbortegietan tratatu edo suntsitu beharreko hondakinen bolumena gutxiagotzea.

–Balio izan dezaketen materialen bereizketa egokia egitea.

–Hondakinetan dauden materialak berreskuratzea, zuzenean birziklatzeko.

–Ingurumenari buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza programak sustatzea.

38. artikulua. Garbiguneak aurretik finkaturiko ordutegi baten barnean beteko du bilketa zerbitzua; erabiltzaile guztiei jakinaraziko zaie baliabide egokien bidez.

39. artikulua. Honako hondakin hauek onar daitezke Garbigunean, ondoko gehieneko kopuruetan:

–Papera-kartoia: 20 kg.

–Plastikoa: 20 kg.

–Beira. 20 kg.

–Metala: 20 kg.

–Pila arruntak: 2,5 kg.

–Pila arruntak: 0,5 kg.

–Iraungitako botikak: 1 kg.

–Erradiografiak. Mugarik gabe.

–Bateriak: 2 unitate.

–Hodi fluoreszenteak: 3 unitate.

–Telebistaren, ordenagailuaren pantailak 2 unitate.

–Altzariak, tresnak, zura: 100 kg.

–Koltxoiak: 2 unitate.

–Rpds ontziak: 5 unitate.

–Aerosolak. 3 unitate.

–Olio minerala: 20 litro.

–Landare olioa: 20 litro.

–Olio iragazkiak: 2 ale.

–Etxetresna elektriko txikiak: 2 unitate.

–Tonerra: 2 unitate.

Garbiguneetan ez dira hondakin hauek onartuko:

–Sailkatu gabeko materialak.

–Industriako hondakinen kopuru handiak.

–Hondar anatomikoak edo infekziosoak.

–Janari hondarrak.

–Konfiskatzen diren gauzak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Meatzaritzan edo erauzketa jardueretan sortzen diren hondakinak.

–Nekazaritzako edo abeltzaintzako hondakinak.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

40. artikulua. Arau-hausteak dira ondoko jarduera eta egoerak:

a) Bilketari dagozkionak.

Arau-hauste oso larriak:

–Erabiltzaileak berak sortutako hondakin solidoak, arrazoirik gabe, Mankomunitatearen esku uzteari uko egitea.

–Edukiontziei kalte egitea.

–Edukiontziak eremu publikoan paratzea trabatzea edo eragoztea.

Edukiontzien zamalanak eta mantentze eta garbiketa lanak eragotzi edo trabatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi trabatzea.

–Hondakin solidoak estolderia sarera botatzea.

–Hondakinen aurretratamendurako instalazioak etxean egitea (galkatzea, konparaziorako) Mankomunitatearen baimenik gabe.

–Hondakin arriskutsuak uztea edota biltzen direnekin batera nahastea.

–Bildu behar ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek hondakin onargarriekin nahastea.

Animalia hilak edozein lurretan uztea edo jabetza publikokoak direnetan ehorztea.

Arau-hauste larriak:

–Hondakin mota bakoitzerako ordenantza honetan ezartzen diren edukiontzietatik kanpora uztea hondakinak.

–Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.

–Mankomunitatearen baimenik gabe edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea.

Mankomunitatea.

–Ordenantza hau bete ahal izateko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak galaraztea.

Iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

Arau-hauste arinak.

–Hondakin solidoak behar bezala utzi eta gero ebastea.

b) Zehapenei dagozkionak.

Arau-hauste arinak: 0 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste larriak: 600 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste oso larriak: 6.000 eurotik 60.000 eurora bitarteko isuna.

IV. TITULUA

Erreklamazioak

41. artikulua. Irati Mankomunitatearen egintzen aurka Mankomunitateko buruaren aurrean egiten ahalko da, hilabeteko epean, honako baldintza hauen arabera:

Mankomunitatearen ebazpen-egintza guztien kontra errekurtsoa aurkezten ahalko da, eta prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo babesgabezia galarazten duten izapide-egintzen aurka, interesdunak dira hori egitea zilegi dutenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen arabera.

42. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren errekurtsoak ebazten dituen Mankomunitateko buruaren egintzak bide administratiboa amaitzen du, eta haren aurka egiten ahalko da, edo zuzen administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, haren jakinarazpena jaso eta 2 hilabeteko epean.

Xedapen indargabetzailea

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

I. ERANSKINA

Etxeko hondakin arriskutsuak

Europako Hondakinen Zerrendako guztiak, hondakinei buruzko 75/442/CEE Zuzentarauaren 1. artikuluko a) atalaren arabera, eta hondakin arriskugarriei buruzko 91/689/CEE Zuzentarauaren 1. artikuluko 4 atalaren arabera (maiatzaren 3ko 2000/532/CE Erabakiaren bitartez Batzordeak onartu zuen, eta Batzordeak berak moldatu urtarrilaren 16ko 2001/118/CE eta uztailaren 23ko 2001/573/CE erabakien bitartez), 20. kapituluan ondorengoak agertzen baitira:

–20 01 13* Disolbatzaileak.

–20 01 14* Azidoak.

–20 01 15* Alkaliak.

–20 01 17* Gai fitokimikoak.

–20 01 19* Pestizidak.

–20 01 21* Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten bestelako hondakinak.

–20 01 23* Botatako ekipamenduak, klorofluorokarburoak dauzkatenak.

–20 01 26* Olioak eta koipeak, kodean adierazitakoak ez bezalakoak.

–20 01 25 (20 01 25 elikadurarako olioak eta koipeak).

–20 01 27* Pinturak, tintak, itsasgarriak eta erretxinak, gai arriskutsuak dituztenak.

–20 01 29* Gai arriskutsuak duten detergenteak.

–20 01 31* Botika zitotoxikoak eta zitostatikoak.

–20 01 33* Bateriak eta metagailuak, 16 06 01, 16 06 02 eta 16 06 03 kodeetan zehazturik ez daudenak eta sailkatu gabeko bateriak eta metagailuak, bateria horiek dauzkatenak.

–20 01 35* Botatako ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak, 20 01 21* eta 20 01 23* kodeetan zehaztu ez direnak, osagai arriskutsuak dauzkatenak (9)*.

–20 01 37* Gai arriskutsuak dauzkan zura.

(9)* Ekipamendu elektriko eta elektronikoen osagai arriskutsuetan 16 06 azpikapituluan arriskugarritzat sailkaturiko pilak eta metagailuak egon daitezke, hala nola merkuriozko etengailuak, hodi katodikoetako beira eta beste kristal aktibatuak.

Iragarkiaren kodea: L1710019