2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Udal ordenantza, Futbol zelaiaren erabilera arautzen duena,
tarifak barne. Behin betiko onespena
Orkoiengo Udalak, 2017ko apirilaren 20an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Futbol zelaiaren erabilera arautzen duen udal ordenantza, tarifak barne.
Onesteko erabakia 2017ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.
Orkoienen, 2017ko uztailaren 26an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.
ERANSKINA
ORKOIENGO UDALEKO FUTBOL ZELAIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA, TARIFAK BARNE
Xedapen orokorrak
Ordenantza honen xedea da futbol zelaia eta horren instalazio osagarrien erabilera arauak eta baldintzak arautzea, kolektiboek bai pertsona taldeek hura erabiltzeko bidea izan dezaten, lagapen edo alokairu bidez.
Erabiltzaile motak
Ordenantza honi dagokionez, Udalaren aipatu kirol instalazioaren erabiltzailetzat joko da hura erabiltzen duen pertsona edo entitate oro, bai kirol eskoletako parte-hartzaile bai hitzartu edo lagapen-hartzaile bai laguntzaile edo ikusle gisa.
Bi erabiltzaile mota bereiziko dira:
–Kirol elkarte eta klubak.
Udalaren mugartean kirol jarduerak sustatu eta egiten dituzten tokiko klubak eta elkarteak, betiere Orkoiengo Udalaren Elkarteen Erregistroan inskribaturik badaude. Afizionatu izaerakoak eta irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira, eta herrian erroldaturik eduki behar dute, gutxienez, kideetako %40.
Horrek barnean hartzen ditu Udalarekin hitzarmena duten klubak, instalazioa erabiltzeko lehentasuna dutenak erabileraren plangintza Udaleko zerbitzu teknikoetan aurkeztu ondoren (Kirol teknikariari eta Udalaren Kontu-hartzailetzan).
–Lehiazko ez diren taldeak.
Kirol jarduera jolaserako egin nahi dutenak, arautu gabekoa eta lehiazko ez den helburuarekin. Derrigorrezkoa da taldekideetako %70 herrian erroldaturik egotea. Salbuespen gisa, ontzat emanen da Orkoiengo bizilagunen kopurua taldeko %50 izatea, betiere beste herri batzuetako taldeen aurkako lagunarteko partidak baldin badira.
Erabilera motak
–Arruntak.
Erabilera hauek denboraldi osoetarako finkatuko dira.
–Bereziak.
Erabilera hauek noizbehinkako emakidetarako eta emakida zehatzetarako finkatuko dira.
Tarifen araubidea
Elkarteak, kirol klubak eta lehiazko ez diren taldeak.
–Erabilera arrunta, zelai osoa:
- 2 ordu: 90 euro. Argiarekin: 110 euro.
- Ordubete eta 30 minutu: 80 euro. Argiarekin: 95 euro.
–Erabilera berezia, zelai osoa: 2 ordu: 120 euro. Argiarekin: 140 euro.
- Ordubete eta 30 minutu: 105 euro. Argiarekin: 125 euro.
–Erabilera arrunta, futbol 7ko zelaia:
- Ordubete: 40 euro. Argiarekin: 45 euro.
–Erabilera berezia, futbol 7ko zelaia:
- Ordubete: 65 euro. Argiarekin: 75 euro.
Erabilera anitzeko gela: 7 euro orduko.
Hitzarmena duten klubak:
Klub hauentzako tarifarik izatekotan, ezarria egonen da erreferentziako hitzarmenetan.
Erregelamendu honetan ezarritako tarifak ondoko irizpide hauen arabera ordainduko dira:
–Erabilera berezietarako: Udalaren bulegoetan hartu bekarreko erabilera baimenarekin batera, horren likidazioa ere aurkeztuko da.
–Erabilera arruntetarako: hiruhileko likidazioa eginen da, horretan dauden Udaleko langileek egiaztatu eta oniritzia eman ondoren.
Instalazioa eskatzeko, emateko eta erabiltzeko baldintzak
Eskabidea Orkoiengo Udalaren administrazioan tramitatuko da.
Erabilera arrunta eskatu nahi duten kolektibo, elkarte edo klubek ekainaren 1tik abuztuaren 30era bitarte egin behar dute. Eskabidean, erabilera mota eta plangintza azaldu behar dituzte, bai eta arduradunen izen-abizenak eta Orkoienen erroldatutakoen zerrenda ere.
Erabilera berezietarako eskabideak erabilera noiz den baino astebete lehenago tramitatuko dira, eta instalazioaren okupazioaren mendean egonen dira. Eskabidearekin batera, instalazioa erabiliko duten erroldatutakoen zerrenda aurkeztuko da.
Erabiltzeko kontzesioa eman baino lehen, kolektibo, talde, elkarte eta abar guztiek fidantza eta/edo tarifa ordaindu eta/edo jarri behar dute, eta agiria bete ere instalazioa erabiltzeagatik izaten den erantzukizuna beregain hartuz, besteak beste, sor litezkeen kalteez eta egin litekeen sartzeko giltzen erabilera okerraz.
Eskatu eta baimena jaso ondoren, instalazioaren erabilera anitzeko gela ere erabiltzen ahalko da. Instalazioaren erabilera ordutegian baizik ezin da erabili aipatu gela.
Salbuespen gisa, aipatu gela doan lagatzen ahalko zaie Orkoiengo lagun edo kolektiboei, elkartasunezko eta ororen intereseko ekitaldiak egiteko, Orkoiengo biztanle guztientzakoak.
Erabiltzaileek bete beharreko arauak
–Erabiltzeko ordutegia.
Astegunetan, erabiltzeko ordutegia 16:30etik 21:30era bitarte izanen da. Eta asteburuetan eta jai egunetan, 9:00etatik 21:00etara bitarte.
Udalak erabilera baimentzen ahalko du beste ordutegi batzuetan ere, kontu bereziak edo interesekoak direla medio.
Erabiltzeari dagokionez, instalazioa uztailean egonen da itxita.
–Esparrura sartzeko arauak: aldagelak eta harmailak.
Kirol jarduerarekin lotura zuzena dutenek, ez beste inork, izanen dute aldageletan sartzeko baimena (jokalariak, epaile taldeak eta kirol jarduerarekin harremana duten teknikariak edo osasun arloko langileak).
Behar izanez gero, Udaleko langileek edo garbiketako edo mantentze-lanetako enpresen langileek ere sar daitezke aldageletan erabilera ordutegian.
Ikusleak egoteko izanen dira harmailak.
–Jokalekua.
Kirol jardueretan parte hartzen dutenak baizik, hau da, jokalariak, talde teknikoa, osasun arloko langileak eta epaile taldeak, ezin dira sartu jokalekuan. Jokalekuan sartzeko, oinetako egokiak jantzi behar dira, kalean erabili ezin direnak.
Debeku da ikusleak jokalekura sartzea.
Udalaren berariazko baimena duten klub, elkarte eta taldeek, ez beste inork, ahal izanen dute kirol esparrura sartzen.
Etxeko taldeak begiratuko du bere jokalariek eta kanpoko taldekoek arauak betetzen dituztela.
Erabiltzaileek kasu egin behar diete Udalaren ohar eta eskakizunei, eta derrigorrez bete behar dituzte arau hauek. Instalazioko elementuen eta erabiltzaileen aurkako jokaera ezegokiek eta/edo bandalikoek egileen kanporaketa ekarriko dute.
Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
Instalazioak erabiltzean, erregelamendu honen xedapenak eta Orkoiengo Udalaren jarraibideak betetzea.
Instalazioa eta bere ekipamendua behar bezala erabiltzea.
Edozein andeatze edo anomaliaren berri ematea Udalari, pertsonen osotasunerako edo instalazioaren behar bezalako funtzionamendurako arriskua ekartzen badu.
Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi edukitzen eta paperontziak erabiliko dituzte.
Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen aldageletan edo futbol zelaiaren beste instalazioetan utzitako gauzen gainean. Baliozko gauzarik ez uzteko gomendatzen da.
Beste erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, batik bat instalazioetarako erreserbetan eta lagatako gune komunetan.
Erabiltzaileek betiere behar bezalako jokamoldea izanen dute, instalazioak eta gainerako erabiltzaileak errespetatuz.
Instalazioa erabiltzeko eskatzen diren prezio publikoak ordaintzea.
Instalazioko funtzionamendu orduak errespetatzea.
Indarrean dagoen legerian edo ordenantza honetan ezarritako beste betebehar guztiak.
Arau-hausteak eta zehapenak
Arau-hausteak.
1.–Arau-hausteak ordenantza honetan debekaturiko jarduerak dira, baita instalazioak erabili eta baliatzeko arau oinarrizkoen kontra doazen jarduerak ere.
2.–Hona hemen arau-hauste oso larriak:
–Futbol zelaiaren instalazioetan Udalak horietarako baimenik eman gabeko jarduerak egitea, baimen hori beharrezkoa denean ordenantza honetan ezartzen denarekin bat.
–Ordenantza honetan ezarritako xedapenak jakinaren gainean eta nahita ez betetzea, futbol zelaiaren gainerako erabiltzaileen segurtasuna edo osasuna modu larrian kolokan jartzen bada.
–Instalazioko edozein elementu ebatsi, hondatu edo suntsitzea.
–Bi urteko epean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea, administrazio ebazpen irmoaren bidez zehatu badira.
3.–Hona hemen arau-hauste larriak:
–Duintasunari eta begiruneari modu larrian kontra egiten dioten jokamolde eta jarrerak.
–Erabiltzaileen lasaitasun eta erosotasunari modu larrian traba egiten dieten jokamolde eta jarrerak.
–Baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea, arau-hauste oso larria ez denean.
–Bi urteko epean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea, administrazio ebazpen irmoaren bidez zehatu badira.
4.–Hona hemen arau-hauste arinak:
Arau-hauste arina da ordenantza honetako edozein arau urratzea, oso larria edo larria izan gabe, futbol zelaiaren instalazioen erabilera arruntarentzako kalte edo erabiltzaileentzako traba ekartzen badu.
Zehapenak.
–Ordenantza honetako xedapenen kontra egiten diren arau-hauste guztiak zehatuko dira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 141. artikuluan aurreikusitako mugen barnean.
–Hona hemen zehapenak, aitzineko artikuluan tipifikatu arau-hausteengatik:
A.–Arau-hauste oso larriak.
a) 750 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.
b) Instalazioak erabiltzeko baimena etetea urtebete eta bost urte bitarteko aldirako.
c) Instalazioan sartzeko debekua, urtebete eta bost urte bitarteko aldirako.
B.–Arau-hauste larriak:
a) Instalazioak erabiltzeko baimena etetea, gehienez urtebeterako.
b) Instalazioan sartzeko debekua, hilabete eta urtebete bitarteko aldirako.
c) 150 eurotik 750 eurora bitarteko isuna.
C.–Arau-hauste arinak:
a) Arau-hauste arinak idatzizko ohartarazpenez eta 150 euro arteko isunarekin zehatuko dira.
b) Futbol zelaiaren esparrutik bidaltzea edo hara sartzeko debekua, gehienez ere zazpi egunez.
–Zehapen bakoitza mailakatzeko, inguruabar hauek baloratuko dira, denak batera:
a) Arau-haustearen nolakoa.
b) Pertsona edo ondasunentzako arrisku maila.
c) Nahitakotasun maila.
d) Berrerortzea.
e) Egindako kaltearen larritasuna.
f) Kontuan hartzeko moduko gainerako inguruabarrak.
–Aipatutako erantzukizunak eta zehapenak administrazio bidean bideratu eta gauzatuko dira, administrazio prozedura erkidea arautzen duen legeriari jarraikiz.
–Zehapenengatik ere, egindako kaltea konpondu beharko da eta indarrez kendutakoa itzuli, eta beste erantzukizunik baldin bada, horiei ere egin beharko zaie aurre.
–Erantzuleak.
Erabiltzaileak, kirolariak, entrenatzaileak, taldeak eta taldeetako kideak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Organo eskuduna.
Ikuskapena, zaintza eta kontrola Orkoiengo Udalaren langileei dagozkie.
–Zehapen espedienteak tramitatzea.
Salatzen diren ekintzen ondorioz zehapen espedientea irekiko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako printzipio eta prozeduren arabera tramitatuko da.
–Behin-behineko neurriak.
Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartu ahal izanen dira behin-
behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapenaren prozedura bermatzeko edo arau-hauste gehiago egin dadin eragozteko.
–Behin-behineko neurriak:
Egindako arau-hausteen ezaugarrien eta larritasunaren araberakoak izanen dira, eta aurreneurriak ere izan daitezke, bereziki honakoak:
a) Instalaziora sartzeko debekua.
b) Hitzarmenik bada, hori etetea.
–Presako kasuetan, arau-haustea larritzat edo oso larritzat jo ahal denean, prozedura hasteko eskumena duen organoak edo instrukzio organoak behar diren behin-behineko neurriak hartu ahalko dituzte.
–Ordaina ematea eta kalte ordainketa.
Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:
a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.
b) Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.
–Ekintza zibil eta penalak. Arestian azaldu den diziplina araubide aplikatuagatik ere, Udalak ekintza zibil eta penalak erabiltzen ahalko ditu jurisdikzio eskudunean.
Iragarkiaren kodea: L1709188