2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MARTZILLA
Aldaketa, Kultura, hezkuntza, kirol, gazteria, laguntza, giza eta gizarte xedeetarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Martzillako Udalak, 2017ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Kultura, hezkuntza, kirol, gazteria, laguntza, giza eta gizarte xedeetarako Martzillako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan. Iragarkia 2017ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 24an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi eta testua argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
14. artikulua. Hauek dira onuradunen betebeharrak:
–Diru-laguntza jasotzeko oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo portaera izatea.
–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.
–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.
–Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan eta, halaber, diru-laguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.
–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diruak itzultzea.
–Onuradunek behar bezala zabaldu beharko dute finantzabide publikoa dutela diruz lagundutako programek, jarduerek, inbertsioek edo edozein motatako jarduketek. Horiek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan, Martzillako Udalaren diru-laguntza jaso dutela hedatu beharko dute. Martzillako Udalaren armarria paratuko dute zabalkunderako euskarrietan (aldizkariak, iragarkiak, liburuxkak eta abar), agerian, jardueraren elkarlaneko izaera islatzeko.
Martzillan, 2017ko uztailaren 21ean.–Alkate udalburua, Mario Fabo Calero.
Iragarkiaren kodea: L1709478