169. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Joaquín Larregla Musika Eskolako Patronatuaren estatutuak. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2017ko maiatzaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Joaquín Larregla Musika Eskolako estatutuak. Erabakia 2017ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu estatutuak behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Irunberrin, 2017ko abuztuaren 9an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

JOAQUÍN LARREGLA MUSIKA ESKOLAKO
PATRONATUAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Helburua, izaera eta xedeak

1. artikulua.

Irunberriko Udalaren –Joaquín Larregla– Musika Eskolako Patronatuak, aurrerantzean Patronatua, bere nortasun juridiko propioa izanen du, Irunberriko Udaletik bereizia, eta erabateko ahalmena izanen du zentroko kudeaketa eramateko, eta agintari, erakunde eta partikularrekin zuzenean harremanetan jar daiteke bere helburuak lortu ahal izateko; bestetik ere, gaitasuna izanen du ekintza administratibo eta jurisdikzionalei ekiteko edota demandatu gisa agertzeko, betiere bere interesak defendatzeko.

Nolanahi ere, ondasun higiezinak eskuratu, besterendu edo kargatzeko, Irunberriko Udalaren baimena beharko du aldez aurretik.

2. artikulua.

Patronatuaren xedea edo helburu nagusia izanen da Udalaren –Joaquín Larregla– Musika Eskola sortu, sustatu, bultzatu eta kudeatzea.

Musika Eskolaren funtzionamendu egokiak eskatzen dituen ekintzak egitea da Patronatuaren helburua. Delako helburua irabazi asmorik gabeko zerbitzu publikoa ematearekin lotuak dauden inguruabarren barrenean garatuko du Patronatuak, betiere herriarentzat errentagarri izatea saiatuz.

3. artikulua.

Patronatua administrazio publikoen ekarpenen eta zerbitzuak emateko tasen bidez finantzatuko da.

4. artikulua.

Patronatuaren helbidea Irunberriko Herriko Etxearena bera izanen da, Kale Berria, 46an.

5. artikulua.

Patronatuak iraunen du Musika Eskolak berak irauten duen bitartean, baina desegin daiteke eta iraungitzat eman estatutu hauetan adierazitako moduan.

6. artikulua.

Aurreko artikuluetan eta, bereziki, Musika Eskolako jardueren koordinazio lanetan ezarritako eginkizun orokorrez gain, hona hemen zein diren Patronatuak dituen eginkizun zehatzak:

Zentroaren funtzionamendu egokiaren kontrola eta zainketa, administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta behar bezalako neurriak hartzea.

Bere helburuak betetzeko, urteko aurrekontua gorpuztea, gastuak eta diru-sarrerak zehaztuta.

Behar diren memoriak eta balantzeak prestatu ahal izateko, urtean egin diren gastuak gainbegiratzea.

Musika Eskolako irakasleak kontratatzea, aldez aurretik horretarako irizpideak emanda.

Erakunde publikoetan kudeatzea bilatzen den xederako laguntzak.

Ikasleek eginiko sartzeko eskabideak jasotzea, eta haiek onartzeko erabakiak hartzea, oinarri izanik egungo legediak araututako irizpideak eta Patronatuak aldez aurretik onesten dituen irizpide objektiboak, hain zuzen ere eskatzaileen kopurua postuena baino handiagoa denean.

II. KAPITULUA

Gobernu organoak

7. artikulua.

Zuzendaritza Batzorde baten esku utziko da Patronatuaren gobernua eta zuzendaritza; Batzorde horrek bere gain hartuko du Patronatuaren goi mailako kudeaketa eta gobernua, eta kide hauek osatuko dute:

Batzordeburuak: Irunberriko alkatea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

Musika Eskolako zuzendaria.

Udaleko hiru ordezkari.

Ikasleen gurasoen ordezkari bat, batzarrean izendatua.

18 urtetik gorako ikasleen ordezkari bat.

8. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeko kideak hauek izendatuko dituzte:

Irunberriko Udalaren ordezkariak toki entitate horrek izendatuko ditu.

Gurasoen ordezkaria, gurasoen batzar batek izendatuko du, Patronatuak propio horretarako deitzen duen bilerara bertaratzen diren gehiengo soilaz.

Ikasleen ordezkaria, ikasleen batzar batek izendatuko ditu Patronatuak propio horretarako deitzen duen bilerara bertaratzen direnen gehiengo soilaz. Bilera horretan parte hartuko dute 18 urtetik gorako ikasleek.

9. artikulua.

Nork izendatu dituen, horiexek kentzen ahalko dituzte kargutik Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak, noiznahi kendu ere, baldin eta hautaketarako erabilitako prozedura eta sistema berak erabiltzen badira.

10. artikulua.

Zuzendaritza Batzordearen kideen agintaldia lau urtetakoa izanen da, nahiz eta berriz ere izendatzen ahal diren aurreko urteetako eta/edo agintaldietako ordezkariak. Udalaren ordezkarien berritzeak gertatuko dira toki hauteskundeak egin ondoko hiru hilabeteen barrenean, gehienez ere. Udal ordezkarien berritzea gertatu eta gehienez ere urtebeteko epean berritu beharko dira ikasleen, gurasoen eta irakasleen ordezkariak eta horien ordezkaritza karguak bi urtetakoak izanen dira, gutxienez, hautatu edo izendatzen direnetik; berritzeak ere gerta daitezke, baian betiere ikasturte akademikoaren hasierarekin batean.

11. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeko kideek karguak utzi beharko dituzte haiek izendatzaile ziren taldeetako kide izateari uzten dioten unean berean. Hala bada, kide bat baldin bada kide hori bakarra berrituko da, aurreko artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz. Horrelakoetan, hautatu berriaren agintaldia izanen da Patronatuko Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak berritu arte gelditzen den denborarako, Estatutu hauen 9.artikuluan ezarri bezala.

12. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeko burua Irunberriko Udaleko alkatea izanen da, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

Idazkari bat egonen da, Irunberriko Udalekoa izanen dena eta, diruzain bat, Irunberriko Udaleko diruzaina izanen dena.

13. artikulua. Batzordeko buruaren eginkizunak:

Patronatuaren ordezkaritza izatea eta ahalordeak egilestea. Batzordeko beste edozein kideren esku uzten ahal du bere ahalmena, kide hori Udalbatzakoa bada.

Bilkurak deitu, haien buru izan, bertan behera utzi eta zuzentzea.

Patronatuak sortzen duen dokumentazioa sinatzea, Batzordearen erabakiak betetzen direla kontrolatzea eta gastuak baimentzea.

Legeak esleitzen dizkion gainerakoak, modu osagarrian izanik Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Udaletako alkateei esleitzen dizkionak.

–Idazkariaren eginkizunak:

Batzarrak deitzen dituen bilkuretara agertzea eta haien aktak egitea.

Hartutako erabakien tramitazioaz arduratzea.

Espedienteak eta artxiboko agiriak zaintzea.

Legeak esleitzen dizkion gainerakoak, modu osagarrian izanik Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Udaletako idazkariei esleitzen dizkionak.

–Diruzainaren eginkizunak:

Eskubideak kobratzea eta obligazioak ordaintzea.

Patronatuko funtsak zaintzea.

Patronatuko Batzordeari Patronatuko diruzaintzako egoeraren berri ematea.

Legeak esleitzen dizkion gainerakoak, modu osagarrian izanik Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Udaletako diruzainei esleitzen dizkionak.

14. artikulua.

Zuzendaritzari Batzordeari, Estatutu hauen 2. eta 5. artikuluetan ezarritako eginkizun orokorrez gain eta dituen helburuak lortzearren, honako eginkizun hauek dagozkio:

Patronatuko gobernu, zuzendaritza eta administrazioari buruzko arauak finkatzea.

Musika Eskolako barne araubidearen erregelamendua onestea.

Musika Eskolako aurrekontu, plan, kontu eta memoriak onestea, eta Irunberriko Udalari igortzea, hark onets ditzan.

Zernahi ekintza zibil, penal, administratibo, lan-auzien arlokoak jartzea, edo demandatu gisa agertzea, baita Patronatuko eginkizun berariazkoak betearazteari buruz eskriturak eta agiriak formalizatzea, ezertan ukatu gabe atal honi dagokionez eta presako izaerakoak izateagatik Patronatuko buruak aurrera eramaten ahal dituen ekintzak, horiek Patronatuak onetsi beharko baititu egiten duen lehen bilkuran.

Azken batean, Patronatu hau sortzean aipatu diren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak.

Musika Zentroko zuzendaria izendatzea, aldez aurretik irakasleen klaustroak proposamen loteslea eginda, eta haren jarduna kontrolatzea.

Barne araubidearen erregelamendua eta haren aldaketak onestea.

Urteko jardueren memoria onestea.

Osoko Bilkurari estatutuen aldaketa proposatzea, ezertan ukatu gabe hark berez erabaki ditzakeen aldaketak.

Langileen plantillaren proiektua eta haren aldaketak eta lanpostuen zerrenda onestea, eta horiek igortzea Udalaren organo eskudunari, hark onets ditzan.

Musika Eskolaren funtzionamendu egokiaren kontrola eta zainketa, administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta behar bezalako neurriak hartzea.

Erakunde publikoen aitzinean beharrezko laguntzak kudeatzea nahi den xederako.

Ikasleak hartzeko irizpideak onestea.

Ikasle bakoitzak ikasturte osorako ordainduko duen ekarpen ekonomikoa arautzea eta finkatzea. Zuzendaritza Batzordeak urteko diru-sarrerak banatzeko arauak finkatuko ditu, familien egoera kontuan hartuta; banakako beken araubidea ere ezar dezake.

Udalaren Musika Eskolako proiektu pedagogikoa, Ikasketen Zuzendaritza Batzordeak prestatua, onestea.

Urtero Eskolako egutegia finkatzea eta onestea.

Irakasgai guztien eskola egutegia finkatzea eta onestea.

Irakasgai berriak eskaintzeko baimena aztertu eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuari onets dezan eskatzea.

Legeak esleitzen dizkion gainerakoak, modu osagarrian izanik Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Udaletako Osoko Bilkurei esleitzen dizkionak.

Falta eta zehapen oso larrien berrespena.

15. artikulua.

Patronatuko Batzordea seihilekoan behin bilduko da, gutxienez, bilkura arruntean, eta bilkura bereziak eginen ditu Patronatuko buruak edo Batzordeko edozein kidek hala eskatzen duen bakoitzean.

16. artikulua.

Bilkuretarako deia hura egin baino 48 ordu lehenago eginen da, gutxienez, salbu eta presazko kasua bada, baina betiere bilkuraren gai-zerrenda jakinarazita.

Bilkuren eguneko zerrenda Batzordeko buruak finkatuko du, salbu eta Batzordearen edozein kidek eskatuta bilkura berezia egiten bada, horrelakoetan hura eskatu dutenek zehaztuko baitute eguneko zerrenda.

17. artikulua.

Bilkurak ezin dira ez hasi ez egin, bertan Patronatuko burua eta idazkaria ez badaude, eta Zuzendaritza Batzordeko kideen legezko kopuruaren herena agertu behar da bertan, baina sekula ez hiru baino gutxiago.

Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.

Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira bere hartan diren pertsonen gehiengo soilaren botoen bitartez hartzen badira. Berdinketa gertatzen bada, buruaren kalitateko botoak ebatziko du.

III. KAPITULUA

Bitarteko ekonomikoak

18. artikulua.

Patronatuaren xedeak betetzeko eta sortzen diren gastu guztiak finantzatzeko, bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

Irunberriko Udalaren diru ekarpena.

Entitate publiko edo pribatuengandik, eta partikularrengandik biltzen dituen diru-laguntzak, sorospenak eta laguntzak.

Ikasleen diru-sarrerak: matrikularen kuota eta tasak.

IV. KAPITULUA

Desegitea eta iraungitzea

19. artikulua.

Patronatua desegin ahalko da:

Zuzendaritza Batzordeak proposaturik, gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez.

Irunberriko Udalak gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez, aldez aurretik Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari entzunda.

Patronatua deseginda, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Irunberriko Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain.

20. artikulua.

Estatutu hauetan jasotzen ez den hartan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta aplikatzen ahal diren beste lege xedapenetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Estatutu hauek indarra hartu eta hilabeteko epean eratuko da Patronatuko Zuzendaritza Batzordea, horretarako dauden arauei jarraikiz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indar hartzea.–Estatutu hauek behi betiko onetsi eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iragarkiaren kodea: L1709633