2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IGANTZI
Ezkontza zibilak egiteko ordenantza. Behin betiko onespena
Igantziko Udalak, 2017ko apirilaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Igantzin ezkontza zibilak egiteko eta hauen tasak arautzen dituzten ordenantza fiskalak.
Erabaki hori argitara eman zen 2017ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 23an, eta iragarki oholean. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu dira, ondotik ematen den testuari jarraikiz.
Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.
Igantzin, 2017ko uztailaren 11n.–Alkatea, Juankar Unanua Navarro.
EZKONTZA ZIBILAK EGITEKO ORDENANTZA
Atarikoa
Gizarteak oro har badaki estatu ez-konfesional eta laiko batean pertsonen eta komunitateen askatasun ideologikoa, erlijiosoa eta gurtzakoa bermatu behar dutela erakundeek, ordena publikoa mantentzea izanik horretarako muga bakarra. Era berean, badakigu ideologia, erlijio eta kulturaren aldetik aniztasun handiko gizartea dela gurea, eta gizarte anitz honetan bere ohitura eta ekitaldi sozialak adierazteko modua aldatzen ari dela etengabe.
Gaur egungo gizartean ezinbertzekoa da ezkontza zibilak egiteko aukera ematea. Udalak gizarteak egunetik egunera gehiago eskatzen duenari erantzuna emateko obligazioa du.
Ordenantza honen helburua da, beraz, arautzea ezkontza zibilak, Igantzin eginen direnak.
EZKONTZA ZIBILAK
I. KAPITULUA
Prozeduraren hasiera
1. artikulua. Herritar guztiek, Igantzin erroldaturik egon edo ez, eskatzen ahalko diote Alkatetzari ezkontza zibilak egitea Igantziko dermioan.
Eskaerak zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen; horregatik, Igantziko Udaletxearen barnean ezkontza zibila egin ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da lehenago titularrek organo judizial eskudunaren (Erregistro Zibila, bake epaile etab.) aldeko auto irmoa lortzea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen espedientea aldez aurretik haren aitzinean tramitatuta.
Eskaera Igantziko Udalak horretarako ematen duen inprimakian egin beharko da; hura, baldintza guztiak bete ondoan, Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hilabete lehenago, gutxienez. Halaber, arlo hau arautzen duen ordenantzan tasarik balego, hau ordaindu izanaren ordain-gutuna aurkeztuko da.
Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horri hertsiki loturik eginen dira erreserbak. Udalak lokal horien erabilerari dagokionez dituen premien arabera emanen da baimena, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.
Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimenduko dira eguna eta ordua, baita ezkontza zibila egitea zer zinegotziren eskutan utziko den, hala eginen bada.
2. artikulua. Ezkontza egiteko ordutegi finkorik egonen ez bada ere, ezkontza ospakizuna eginen duen alkate edota zinegotziarekin adostu beharrekoa izanen da.
3. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko Udalak jarri duen lehentasunezko tokia Herriko Etxeko bilkura aretoa da. Areto hori okupaturik badago, bertze toki bat utziko da ezkontzen direnen eskura; bertzela, bertze egun batean egiteko aukera izanen dute. Ezkontideek hala eskatzen badute, bertzelako instalazio bat erabili ahal izanen da alkateak espresuki hala onartzen badu.
Ezkontza eginen den aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak etab.) ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, udalak emanen dizkien oharrei segitu beharko diete.
Udal jarduera dela eta edo aurreikusi gabeko bertze arrazoiren bat dela eta ezin bada ezkontza egin finkaturiko egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkontzen direnei, Alkatetzarekin aitzinetik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.
Eskatzaileetariko batek erabakitzen badu ezkontza zibila ez egitea, arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean xedatuari jarraituko zaio.
4. artikulua. Debeku da arroza eta gisakoak jaurtitzea Herriko Etxearen barnean, arkupeetan zein haren inguruetan, arriskua ekartzen baitie jendearen ohiko joan-etorriei; betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da batere erantzulea izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela. San Juan Xarrean izaten bada ezkontza, baldintza berdinak errespetatuko dira, kontuan hartuz eremu babestua dela.
Udaletxearen barnea erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei pasatzen ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aitzinetik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.
II. KAPITULUA
Zeremonia nola gauzatuko den
5. artikulua. Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo zinegotzi batek, haren eskutan utzi bada; horiek, ezkontzen direnekin mintzatuta, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den finkatzeko. Hala ere, ezkontza zibilak izan ditzan legeak ematen dizkion ondorioak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoen irakurketa. Udalak zeremonia euskaraz hasteko eskubidea erreserbatzen da, ondoren, hitzartutako hizkuntza segitzeko (euskara edo erdara).
6. artikulua. Ekitaldia jasota gera dadin, ezkontzen direnek, lekukoek, alkateak edo zinegotziak, ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako jasotzen dena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehena.–Igantziko Udaleko Alkateari baimena ematen zaio araudi hau aplikatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak egin ditzan.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.
EZKONTZA ZIBILAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenaren babesean ezarri da, baita Lege hori aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen eta 6/1990 Foru Legearen babesean ere.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko zerbitzu publikoa ematea da zergapeko egintza, Kode Zibilaren aldaketari buruzko 35/1994 Legearen babesean.
Zerga ordaindu beharra eta tasaren sorrarazpena
3. artikulua. Ezkontza zibila egiten den unean berean sortuko da ordaindu beharra. Tasa ordaindu ondoren emanen du Udalak agiri bat, ezkontza zibilaren zeremonia Udalaren aretoetan egiteko eguna eta ordua zehaztuko dituena.
Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, ordenantza fiskal orokorreko 8. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoak, ordenantza honetako zerbitzu publikoa eskatzen badute edo hartaz baliatzen badira.
Salbuespenak
5. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.
Arau-hausteak eta zehapenak
6. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagokien guztian, indarra duen legeriari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta dagozkion gainerako xedapenak aplikatuko dira.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.
TARIFEN ERANSKINA
1.–Ezkonberritik bat Igantzin erroldatua dagoenean, gutxienez urte batez, eta zeremonia Udaletxean egiten denean: 0,00 euro.
2.–Ezkonberritik bat Igantzin erroldatua dagoenean, gutxienez urte batez, eta zeremonia Udaletxetik kanpo egiten denean: 250,00 euro.
3.–Ezkonberriak ez daudenean Igantzin erroldatuak eta zeremonia Udaletxean egiten denean: 150,00 euro.
4.–Ezkonberriak ez daudenean Igantzin erroldatuak eta zeremonia Udaletxetik kanpo egiten denean: 400,00 euro.
Iragarkiaren kodea: L1708546