Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2017ko irailaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AITZOAIN
Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen Kontzejuaren ordenantza. Behin betiko onespena
Aitzoaingo Kontzejuak, 2017ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Aitzoaingo kontzejuko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2017ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 25ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Aitzoainen, 2017ko abuztuaren 8an.–Kontzejuko burua, Koldo Huarte Ros.
ORDENANTZA, AITZOAINGO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Aitzoaingo Kontzejuko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta erabilerak
5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Aitzoaingo Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri ondasunen inguruan Aitzoaingo Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aitzoaingo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, karga horiek ezartzera eraman zuten xedeak edo lagapenaren edo kargaren baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Aitzoaingo Kontzejuaren ondarera itzuliko litzateke herri ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritako prozedura erabiliko da.
III. TITULUA
Herri-ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Aitzoaingo Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.
8. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.
10. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, hirugarrenek epaileengana joz bidezko deklarazioa lortzea ukatu gabe.
13. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Aitzoaingo Kontzejuak sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua.
1. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
–Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua.
–Herri-larreen aprobetxamendua.
–Etxerako egurraren aprobetxamendua.
–Herri-lurretako bertzelako aprobetxamenduak.
2. Nolanahi ere, Aitzoaingo udal mugapeko administrazio espedienteek (lurzati berrantolamendukoek, konparaziorako) arestian aipatutako aprobetxamenduak uki ditzakete, eta hortaz, errentan emanen dira baldin eta herri-lurrak benetan eskuragarriak badira.
3. Aitzoaingo Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
15. artikulua.
1. Orokorrean, Aitzoaingo herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua.
1.2. Aitzoaingo Kontzejuaren Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere bi urteko antzinatasunez.
1.3. Aitzoainen urtean bederatzi hilabetez bederen jarraian bizitzea.
1.4. Berriobeitiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat.
Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Aitzoaingo Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.
16. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Aitzoaingo Kontzejuaren idatzizko baimena. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera itxi.
17. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan ezean.
18. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino hiru hilabete lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.
Aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.
19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aurrera, kontsumoko prezioen igoera gehituz eta metatuz (KPI), hain zuzen ere prezio horri aplikatuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea.
II. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
20. artikulua. Betiere 14.2 artikuluan aipatzen den benetako eskuragarritasunak baldintzaturik ere, laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira:
a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Aitzoaingo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Aitzoaingo Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
21. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldataren azpitik egon.
2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.
Baldintza ekonomikoak baldin badira lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua emateko oinarria, baldintza horiek mantendu beharko dira adjudikazioak indarra duen bitartean.
22. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honetan, ereduko lotearen azalera behar den tenorean zehaztuko du Aitzoaingo Kontzejuak.
23. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendu modu honetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Aitzoaingo Kontzejuak interesdunen gogoa betez eta indarra duen legeriari jarraikiz konponduko du arazoa.
24. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.
25. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona jarraian datorrena izanen da, 2016an zonaldean azken adjudikazioetan ezarritako prezioen arabera.
–Lehorreko lurrak: 272 euro/hektarea/urtea.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira. Nolanahi ere, kanonak Aitzoaingo Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.
26. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.
Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
27. artikulua. Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.
Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Aitzoaingo Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Kontzejuaren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
28. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Aitzoaingo Kontzejuak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez.
Aitzoaingo Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.
Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek partzuergoa edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Diruzaintzan.
29. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:
–Nekazaritzako makineria izanik, esleituta dituen herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
–Kontzejuko zerbitzuen, landazaintza zerbitzuaren, herri-lurren alorra atxikirik duen udal batzordearen edo Alkatetzaren txostenaren arabera esleitutako lurzatiak lantzen ez dituztenean, ordenantza honetako 26, 27 eta 28. artikuluei jarraituz.
–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.
–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.
–Esleitutako loteko lurzati guztien berri ematen ez bada B.N.P. aitorpenean.
2. ATALA
Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak
30. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.
31. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, Kontzejuak behar den tenorean zehaztuko du lotearen azalera.
32. artikulua. Adjudikazio epea 24. artikuluan adierazitako bera izanen da.
33. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek ordaindu beharreko lur-saria izanen da enkanteko prezioaren %90.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.
34. artikulua. Adjudikazio hartzaileak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 26, 27, 28 eta 29. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, halako diru-sarrera batzuetatik gorakoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira.
Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 21.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.
3. ATALA
Enkante publikoan esleitzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea
35. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, jendaurreko enkantean eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.
Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.
Enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko da, enkantearen eguna baino hamabortz egun natural lehenagotik gutienez ere.
Herri-lurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Aitzoaingo Kontzejuaren iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez ere.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Aitzoaingo Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.
4. ATALA
Esleitzeko prozedura
36. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak osoko bilkuran hala erabaki eta Kontzejuko iragarki oholean ediktua paratu ondotik, hamabost (15) egun naturaleko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten. Eskaria Kontzejuak onesten duen ereduan gauzatu beharko da.
37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:
a) Aitzoaingo Kontzejuko bizilaguna izatea, gutxienez ere bi urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Aitzoaingo Udalarekin zerga arloko beharkizunak beteak edukitzearena.
c) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar badu, ondare aitorpena ere bai.
38. artikulua. Batzarrak edo Alkatetzak proposatuta, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikazio era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
Ordenantza honetako 15, 21 eta 26. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Kontzejuak, osoko bilkuran, ordenantza honetako 20 b) eta c) artikuluan ezarritako adjudikazio moduen artean esleituko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.
39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.
40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen du eta adjudikazio modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.
41. artikulua. Adjudikazioa zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko adjudikazio zuzenekoetarako, era honetan:
1. Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.
2. Herri-lurretako lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.
3. Ondoren, zakutik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duten herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena, eta horrela segituko da bukatu arte.
4. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Kontzejuaren iragarki oholean argitara emanen da adjudikazio hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herri-lurretan.
III. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
42. artikulua. Kontzejuaren belarrak eta artzaintzarako eremua arautuko dira.
43. artikulua. Larreen aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aitzina, kontsumoko prezioen igoerarekin (KPI).
44. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.
45. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
46. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:
a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoaren bidez esleituz.
Aprobetxamendua, bai herritarrendako adjudikazio zuzenaren bidezkoa, bai enkante bidezkoa, eginen da ordenantza honen 30 eta 31. artikuluetan laborantzako herri-lurrendako ezarri diren baldintza beretan, eta bertako 3. eta 4. ataletan ezarritako prozedurari jarraituz.
47. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen ari ulertuko da kasu hauetan:
a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.
b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.
c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.
d) Eskatu arren, ondoko agiriak ezarritako epean aurkezten ez badira: zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.
48. artikulua. Kanona Kontzejuak adjudikazioa egiteko momentuan zehazten duena izanen da, bai herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduarena, bai izendatutako artzaintzarako eremuaren enkantearena.
Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (KPI) kontuan hartuz.
Adjudikazioaren prezioa aprobetxamenduaz baliatzen hastean ordainduko da.
49. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
IV. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
50. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Aitzoaingo Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
51. artikulua. Aitzoaingo Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
52. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
53. artikulua. Egurra banatzerakoan Aitzoaingo Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.
54. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Aitzoaingo Kontzejua irizpide objetiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.
55. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Aitzoaingo Kontzejuak aurrekontu arruntean.
56. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
57. artikulua. Adjudikazioaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetan zer agindu, huraxe egin beharko da.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
58. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta, betiere, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera.
59. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Aitzoaingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan
60. artikulua. 1. Aitzoaingo Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:
a) Aitzoaingo Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
61. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuan ebatzi beharko dira.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
62. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:
1. Esleituriko lurzatiak pertsonalki ez lantzea.
2. Esleituriko lurzatien %80 bederen ez lantzea.
3. Herri-lurrak Kontzejuaren adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, larre utziak edo beste norbaiti esleituak izan.
4. Lur-sarien edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasen zenbatekoak ezarritako epeetan ez ordaintzea.
5. Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.
6. Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.
7. Bideak nahiz altxonbideak lantzea.
8. Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
9. Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.
10. Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
11. Herri-lurren aprobetxamenduak Kontzejuaren adjudikaziorik gabe ustiatzea edo baliatzea.
12. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
63. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
–1, 2, 4, 5 eta 9. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.
8. arau-haustea bada, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen halako 5etik 10era bitarte ordainaraziz zehatuko dira. Zenbateko hori zehaztu ezin bada, 60 eta 1.200 euro arteko zehapena ezarriko da. Gainerako arau-hausteengatik, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225, 226, 227 eta 228. artikuluekin bat (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluari jarraituz, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.
Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egotzi ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu; horiek modu egokian eskatuko zaizkio.
Xedapen indargabetzailea
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.
Iragarkiaren kodea: L1709498
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
