168. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

72/2017 FORU DEKRETUA, abuztuaren 23koa, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 59. artikuluko 3. apartatuan xedatzen duenez, langile funtzionarioei eskuarki ezarririko lanaldiaren murrizketa onartzeko kasuak eta baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira, kasuan kasuko lansariak hein berean gutxiturik.

Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan dago jasota aipatu lege aurreikuspenaren erregelamenduzko garapena.

Langileen lanaldiaren murrizketari dagokionez, zenbait aldaketa gehitu ditu, gerora, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak.

Kontuan hartuta araudi orokorrean langileen lan bizitza eta familia bizitza ahalik eta gehien bateratzeko aurreikusitako neurriak jaso nahi direla, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutua garatuz, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzeko erregelamenduan, beharrezkoa da hura arautzen duen testua aldatzea, zeina, arestian aipatu denez, apirilaren 4ko 27/2011 baita, Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

Bidezkoa da, halaber, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua aldatzea, zeinak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen baititu, zertarako eta aldi baterako kontratatutako langileen kasuan lanaldi murrizketa lanaldi osotan pilatzeko aukera zer-nola aplikatu arautzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren XI. kapituluan xedatuarekin bat, proiektua negoziazio kolektiboan aztertu da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko negoziazio mahai orokorreko sindikatuen ordezkariekin.

Kontuan hartuz erregelamendu berriak Nafarroako administrazio publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, Toki Araubideko Foru Batzordeak proiektuaren txostena egin du.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abuztuaren 23ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretua aldatzea.

Bat.–2. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“Foru dekretu honetan arautzen diren lanaldi murrizketetan lanaldiari zortziren bat, seiren bat, laurden bat, heren bat, bi bosten, erdia edo bi heren kenduko zaizkio, hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituz.”

Bi.–3. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“1. Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek, honako kasu hauetan, lanaldiari heren bat, bi bosten, erdia edo bi heren kentzeko eskubidea izanen dute:

a) Legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu duenean hamabi urtetik beherako haurren bat, arreta berezia behar duen adineko pertsonaren bat edo legez aitortutako desgaitasuna duen pertsonaren bat.

b) Funtzionarioaren ezkontideak edo bikotekide egonkorrak edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasunen bat badu.

c) Zuzenean zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua, eritasuna edo legez aitortutako desgaitasuna dela-eta bere buruaz baliatzen ez dena.

2. Unibertsitatekoak ez diren irakasleek aukera izanen dute, halaber, ehuneko berrogeita bosteko lanaldi murrizketa eskatzeko, betiere zerbitzua ematen duten ikastetxeko antolaketarekin bateragarria izanez gero.

3. Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko funtzionarioek, egiaz babestuak izan daitezen edota gizarte laguntza osoa izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, beharrezkoa izanez gero.”

Hiru.–4. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“1. Lanaldia heren bat, bi bosten, erdia edo bi heren murriztea onartzen ahalko da honako kasu hauetan, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute:

“a) Funtzionarioak berrogeita hamabost urte edo gehiago baditu.

b) Funtzionarioak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, lan arriskuen prebentziorako unitate organikoak hari buruz emandako txostenaren arabera.

c) Funtzionarioak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu hamabi eta hamasei urte (biak barne) bitarteko adingaberen bat.

d) Funtzionarioaren interes partikularrengatik.

2. Unibertsitatekoak ez diren irakasleek aukera izanen dute, halaber, ehuneko berrogeita bosteko lanaldi murrizketa eskatzeko, betiere zerbitzua ematen duten ikastetxeko antolaketarekin bateragarria izanez gero.”

Lau.–5. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“Lanaldiari zortziren bat, seiren bat edo laurden bat kentzea onartu ahal izanen da foru dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan azaltzen diren kasuetan, baldin eta zerbitzua betetzeko ordezko langilerik ezinbestean jarri beharrik ez badago.”

Bost.–7. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“1. Lanaldi murrizketak hiru hilabete iraunen du gutxienez eta interesdunak bere eskaeran adierazitako datara arte emanen da edo, bestela, lanaldi murrizketa onartzeko arrazoia amaitu arte.

2. Lehen hiru hilabeteetan, arrazoi hauek baino ez dira onartuko lanaldi murrizketaren amaiera aurreratzeko:

a) Hura onartzeko arrazoia epe hori bete aurretik amaitzea.

b) Funtzionarioak, erditze, adopzio edo harreragatik, ordaindutako lizentziari ekitea.

c) Funtzionarioari jardunaz besteko administrazio egoera bat deklaratzen bazaio.

Foru dekretu honen 4. artikuluaren d) letran jasotako kasuan, hots, lanaldi murrizketa funtzionarioaren interes partikularrengatik izan bada, lehen hiru hilabeteetan amaiera aurreratua onartzeko arrazoi bakarrak aurreko b) eta c) letretan aurreikusitakoak izanen dira.

3. Gertatuko balitz, salbuespenezko egoeretan, zerbitzuaren beharrak direla-eta ezin izatea murrizketa hartu eskatutako ordutegian, edo ezin izanen balitz murrizketa lanaldi osotan pilatu, zilegi izanen da, lehen hiru hilabeteetan, lanaldi murrizketa garaia baino lehen amaitzea.

4. Lanaldia murrizteko epea bukatu baino lehenago interesdunak luzapena eskatzen ahalko du, baldin eta murrizketa emateko inguruabarrak aldatu ez badira.

5. Lanaldi murrizketaren luzapenik ez bada, foru dekretu honen 4. artikuluan azaldutako kasuetan, ez da arrazoi beragatik lanaldia murrizteko baimenik emanen harik eta aurreko murrizketa amaitu zenetik hiru hilabete igaro arte.

6. Unibertsitatekoak ez diren irakasleen lanaldiaren murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen da betiere, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen bada. Eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

7. Baldin eta lanaldi murrizketa duen pertsona beste atxikipen eremu batean hasten bada zerbitzu ematen, lanaldi murrizketa onartu zaion atxikipen eremua utzita, edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 24.2 artikuluarekin bat, atxikipen eremu berriko langileen arloko organo kudeatzaileak berretsi egin beharko du aurrez onartutako lanaldi murrizketa edo, gertatuko balitz zerbitzu berriaren beharrak direla-eta murrizketa ezin berretsi ahal izatea, amaitutzat eman beharko du.

Baldin eta lanaldi murrizketa duen pertsona eszedentziako egoera administratiboan badago, edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 24.1 artikuluarekin bat zerbitzu berezietako egoeran badago edo eginkizun gabetua baldin badago, egoera administratibo berria deklaratzeak berarekin ekarriko du aurrez emandako lanaldi murrizketa bertan behera geratzea.”

Sei.–8. artikulua aldatu da. Hona testu berria:

“1. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

2. Edonola ere, eta zerbitzuaren funtzionamenduarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osotan pilatu daiteke, hiruhilekoz behingo kontaketarekin gehienez ere.

3. Betiere zerbitzuaren funtzionamenduarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osotan pilatzeko aukera izanen da lan egutegian langile guztientzat ordutegi murriztu finkoa ezarritako egunetan.

4. Aurreko idatz-zatietan ezarritako pilaketa ezin izanen zaie aplikatu unibertsitatekoak ez diren irakasleei.”

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Hirugarren xedapen gehigarri bat gehitu da Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan. Hona haren idazketa:

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Genero neutraltasuna.

Foru dekretu honetan funtzionarioei edo enplegatuei buruz aipatzen den terminologiak gizonezko zein emakumezko funtzionario guztiak biltzen dituela ulertuko da, testu osoaren idazketari genero neutraltasuna emateko asmoz.”

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Aukeratutako lanaldi murrizketa aldatu ahal izatea.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenean lanaldiaren seiren bateko, heren bateko edo lanaldi erdiko murrizketa daukaten funtzionarioek aldaketa eskatu, eta zortziren bateko, laurden bateko, bi bosteneko edo bi hereneko murrizketa mota berrietako bat aukeratu ahal izanen dute, horretarako ezarri diren baldintzak betetzen badituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 12. artikulua aldatzea. Foru dekretu horren bidez arauak ezarri ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko.

Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 12. artikuluko 3. apartatua gehitu da (foru dekretu horren bidez arauak ezarri ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko). Hona hemen haren idazketa berria:

“3. Gutxienez hiru hilabeteko epea duten kontratuetan, administrazio araubidean kontratatutako langileek aukera izanen dute lanaldi murriztua lanaldi osotan pilatzeko apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuaren 8.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Ez bada hala, pilaketa hilabeteko kontaketarekin egin ahal izanen da gehienez ere.

Administrazio araubidean kontratatutako langileei aurreko idatz-zatiko pilaketa onartzeak ez die inola ere eraginen ez kontratuaren iraupenari ez hura iraungitzeko arrazoiei eta, hala balegokio, nominan dagokion erregularizazioa eginen da, lanaldi murriztua zer alditan pilatu den, aldi horretan benetan egindako ordu kopuruaren arabera.”

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1709979