168. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2017 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abuztuaren 23koa, tributu harmonizazioari buruzkoa. Honen bidez aldatzen da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu araubidea Estatuko tributu araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, lege testu horren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

2017. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legeak aldatu egin zuen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide arruntari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea, eta ezarri zuen ezen zerga horretatik salbuetsiko zirela bildumetako txanponak entregatzea, baldin igorleak entregatzen baditu txanponen ageriko balioan gehienez.

Zerga-tasen arloan, 2017. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legeak %10eko tasa murriztuaren aplikazioa ezartzen du orain arte %21eko tasa orokorreko karga zuten hiru kasutarako.

Lehenbiziko kasua dira ostalaritza, ikuskizun, diskoteka, dantzaleku, barbakoa eta horien parekoen zerbitzu mistoak, orain arte salbuetsirik baitzeuden tasa murriztua aplikatzetik.

Bestalde, kulturaren hedapena eta eskuragarritasuna sustatzeko, murriztu egiten da antzerki, zirku, zezenketa jaialdi, kontzertu eta zuzeneko gainerako kultur ikuskizunetarako aplikatzekoa den zerga-tasa, eta orain %10ekoa izanen da.

Gainera, betaurrekoei eta lente graduatuei aplikatzekoa zaien tributazioarekin bat egiteko, hemendik aurrera %10eko tributazioa izanen dute betaurreko graduatuen monturek.

Horrenbestez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez, Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abuztuaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, 2017ko ekainaren 29tik aurrerako ondorioekin, eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat.–17.1.14. j) artikulua.

“j) Erosketa, salmenta edo truke eragiketak eta antzeko zerbitzuak, xede dutenak ordaintzeko legezko bitartekoak diren dibisak, bankuko billeteak eta txanponak, salbu bildumetako txanponak eta billeteak eta urrezko, zilarrezko eta platinozko piezak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, bildumetakotzat hartuko dira txanponak eta billeteak baldin ordaintzeko legezko bitarteko gisa erabili ohi badira edo interes numismatikoa badute, salbu bildumetako txanponak entregatzea, baldin igorleak entregatzen baditu txanponen ageriko balioan gehienez; kasu horretan, zerga horretatik salbuetsita egonen dira.

Ez zaie salbuespen hori aplikatuko inbertsioko urretzat hartzen diren urrezko txanponei, betiere foru lege honen 85. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoarekin bat”.

Bi.–37. artikulua. Bat.2. 2.

“2. Bigarrena. Ostalaritza, kanpaleku, bainuetxe eta jatetxe zerbitzuena eta, orokorrean, berehala hartzeko jaki eta edariena, baita hartzaileak aldez aurretik eskatuta prestatzen badira ere”.

Hiru.–37. artikulua. Bat.2.6.

“6. Honako hauetarako sarrera: liburutegiak, artxiboak eta dokumentazio zentroak, museoak, arte galeriak, pinakotekak, antzokiak, zirkuak, zezenketa jaialdiak, kontzertuak eta zuzeneko gainerako kultur ikuskizunak”.

Laugarrena.–Eranskina. Bederatzigarren atala, lehenbiziko gidoia.

“–Betaurrekoak, betaurreko graduatuetarako monturak, ukipen-lente graduatuak eta haiek erabili, zaindu eta mantentzeko behar diren produktuak.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1709996