1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
327/2017 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez deialdia egiten da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak 2016-2017 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, aurkezturiko txostenean, adierazi du komenigarria dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia argitaratzea, izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2016-2017 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.
2. 750 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 420005 42800 2268 321100 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2017ko uztailaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
I. ERANSKINA
DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO SARI BEREZIETARAKO DEIALDIA, 2016-2017 IKASTURTEKOA
Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2016-2017 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen
OINARRIAK
Lehena.–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak emateko deialdia egin du 2016-2017 ikasturterako. Gehienez ere hiru sari emanen dira.
Bigarrena.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako izangai izan daitezke, aldez aurretik inskribaturik, honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:
–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa Espainiako ikastetxeetan egin izana, dela araubide presentzialean, dela urrutiko araubidean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren esparruan ezarritako aukeretako edozeinetan.
–Ikasketa horiek deialdian zehazten den ikasturtean bukatu izana Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, etapako irakasgai guztiak gaindituta dituela amaierako ebaluazio arruntean.
–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetan, orokorki, 8,75ko batez besteko nota edo handiagoa izatea. Batezbestekoa ateratzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetako irakasgai guztietako kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da. Kalkulu horretan, ez dira kontuan hartuko “gai”, “salbuetsia” edo “baliozkotua” adierazten duten kalifikazioak.
–Azken kalifikazioa “bikain” lortu izana Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailan, probaren xedeko irakasgai hauetan: Gaztelania eta Literatura edo Euskal Hizkuntza eta Literatura D ereduan, Lehen Atzerriko Hizkuntza eta Matematika.
Hirugarrena. Aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. ikasmaila zein ikastetxetan egin duten, hartantxe, 2017ko irailaren 14ko 14:00ak baino lehen. Eskabidea II. eranskinari jarraikiz beteko da.
Laugarrena.–Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2017ko irailaren 21eko 14:00ak baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, III. eranskinaren araberakoa, behar bezala beteta. Baliozkoak izanen dira EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez jasotako ziurtapen akademikoak, edo ikastetxe itunduen sarean erabiltzen diren aplikazioen bidez jasotakoak, betiere III. eranskinean eskatutako informazioa behintzat baldin badute, eta behar bezala sinaturik eta zigilaturik badaude. Bai eskabideak bai ziurtagiriak telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.
Bosgarrena.–1. Indarreko araudian ezarritako curriculum elementuak hartuko dira erreferentziatzat probetan, eta hiru ariketa izanen dira:
a) Lehenbiziko ariketan, hizkuntza komunikazioan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak izanen dira, Gaztelania eta Literatura irakasgaiarekin loturik, edo Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiarekin loturik D ereduko ikasleen kasuan. Ariketak honako hauek izanen ditu: gaztelaniazko testu baten edo, D ereduko ikasleen kasuan, euskarazko testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa, eta hizkuntzari edo literaturari buruz planteatzen diren galderetarako erantzunak.
b) Bigarren ariketan, Matematikan eskuratu den gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak izanen dira. Galderei erantzun beharko zaie eta/edo ariketa praktikoak ebatzi eta/edo problemak ebatzi, irakasgai hauek berezkoak dituen edukiekin loturik: Irakaskuntza Akademikoetara bideratutako Matematika edo Irakaskuntza Aplikatuetara bideratutako Matematika, segun zer irakasgai ikasi duen ikasleak, inskripzioan hala jasota.
c) Hirugarren ariketan, hizkuntza gaitasun maila egiaztatzeko alderdiak izanen dira, Atzerriko Lehen Hizkuntza irakasgaiarekin loturik. Kulturako, literaturako edo dibulgazioko testu bat eman eta ulermeneko eta idatzizko adierazpeneko eginkizunak bete beharko dira.
2. Probak 2017ko urriaren 3an eginen dira, Iruñeko Basoko BHIan.
3. Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.
4. Ariketa bakoitzak kalifikazio bakarra izanen du, 1etik 10era bitartean, gehienez bi dezimalekin. Probaren azken kalifikazioa izanen da haren hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa, bi dezimalekin adierazia, ehundar hurbilenera biribildua. Distantziakidetasuna izanez gero, goitiko ehunera biribilduko da nota.
5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzeko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dituzte ariketa bakoitzean.
6. Ariketetan, zuzenketa egitean izangaiak anonimo izateko moduko prozedura aplikatuko da.
Seigarrena.–Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan espezialistak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzearen ardura izanen du.
Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.
Zazpigarrena.–1. Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko ditu, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (http://www.educacion.navarra.es/) eta horretarako prestatutako web fitxa honetan: http://navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7049/Premios-Extraordinarios-de-Educacion-Secundaria-Obligatoria.
2. Ikasleek erreklamazioa aurkez dezakete, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.
3. Izangaiak azken kalifikazioaren arabera ordenaturik, handienetik txikienera banatuko dira sariak. Proposatzen den sari kopuruak ez du gaindituko deialdiko sari kopurua.
4. Berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, ezarritako ordenan, berdinketa hautsi arte:
a) Ariketa bakoitzean lortutako puntuazio hoberena, arau honen bosgarren oinarrian ezarritako ordenan.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota hoberena.
c) Izangaien ordena alfabetikoa, deituren arabera. Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketa egin zuen Nafarroako Foru Komunitateko hautapen prozesuetan izangaiak aritzeko, eta zozketa hartan ezarritako letratik hasiko da ordena alfabetikoa.
d) 2017ko urriaren 20rako, epaimahaiak bere lan guztiak bukatuak izan beharko ditu.
Zortzigarrena.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute, eta hori agerraraziko da bakoitzaren ikasketa-espediente pertsonalean.
Bederatzigarrena.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak 250 euro gordineko zuzkidura izanen du, 200 euro garbi PFEZaren %20ko atxikipena egin ondoren, eta ordainduko da 2017ko gastuen aurrekontuko “Sariak eta lehiaketak” izeneko 428000 42800 2268 321100 partidaren kargura.
Hamargarrena.–Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.
Hamaikagarrena.–Deialdi honen eta beronen ekintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Inskripzio orria, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdikoa, 2016-2017 ikasturtekoa (PDFa).
III. ERANSKINA
Ziurtapen akademikoa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezietarako deialdirako, 2016-2017 ikasturterako (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1709084