165. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

54/2017 FORU AGINDUA, abuztuaren 11koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programaren oinarriak, haren sariak emateko modua arautzen duten oinarriak eta 49.020 euroko gehieneko gastua (BEZa barne) onesten dituena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua (f) letra), adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela “artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Zehatz-mehatz, 24. artikulua Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunei buruzkoa da, eta d) apartatuan honako hau dio: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: diru-laguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea, Coworking guneak bultzatzea, arte egoitzak eta gazteen arte laborategia sortzea”.

Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Horretarako, helburu horiei erantzuten dieten programak antolatzeaz arduratzen da, hala nola artista gazteak hedatu eta sustatzea diziplina arteko jarduera artistikoak, edozein sormen eta ekoizpen artistiko antzezten eta trukatzen laguntzen dutenak eta artista gazteen lanbide eta prestakuntza garapena ahalbidetzen dutenak, eginez.

Nafarroako Foru Komunitateko “Arte Gaztearen Topaketak” programa hogeita hamaika urteetan egin da, eta hainbat arte modalitate bildu ditu: musika, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak, eta arte eszenikoak. Hori guztia egin da, “gorantz doan arte berria” deritzonaren bilakaera gisa eta kultura ezberdinak bateratu eta integratzearen ondorioz eta elementu berriak, arte eta kultura arloko kanonen artean egon ohi ez zirenak, gehitzearen ondorioz.

Asko dira edizio horietan guztietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu, eta artistak gure mugetatik kanpo hedatzen lagundu du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

2. Sariak emateko modua arautzen duen deialdiaren oinarriak onestea.

3. 49.020 euroko (berrogeita bederatzi mila eta hogei euro) gastua baimentzea “Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programaren antolaketa orokorrari buruzko gastu guztiei aurre egiteko.

Gastua honela banakatuko da:

20.520 euro (BEZa barne) hiru modalitateak (musika, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak, eta arte eszenikoak) gauzatu eta kudeatzeko, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Sustapen programak: Arte gaztea, Elkartasuna, Kontsumoa eta Bestelakoak” izeneko A50003 A5220 2269 232104 partida ekonomikoaren “Topaketak” izeneko 277. erreserbaren kargura.

13.500 euro (BEZa barne) hiru modalitateetako epaimahaia osatzen duten pertsonei ordainketa egiteko, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Sustapen programak: Arte gaztea, Elkartasuna, Kontsumoa eta Bestelakoak” izeneko A50003 A5220 2269 232104 partida ekonomikoaren “Epaimahaiak” izeneko 278. erreserbaren kargura.

15.000 euro hiru modalitateei dagozkien sariak ematea finantzatzeko, Nafarroako Gobernuaren 2017rako Aurrekontuetako “Sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232100 partida ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/encuentros-de-arte web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 11n.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ordez, Nafarroako Gobernuko kideen zenbait ordezpen ezartzen dituen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 5eko 20/2017 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

I. ERANSKINA

“Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programaren XXXII. edizioaren oinarri arautzaileak

1. Atarikoa.

Nafarroako Gobernua, Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez, Arte Gaztearen 2017ko Topaketak antolatzen ditu honako modalitate hauetan: arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musika.

“Arte Gaztearen Topaketak” programak onespena eman nahi die ekoizpen artistikoaren estrategia eta iguripen berriei, eta haren helburuak honako hauek dira: ekoizpen artistikoaren bitartekotzaren eta prozesuaren arteko lotura sortzeko mekanismoak ematea, sareko lana sustatzea, gogoeta, lankidetza, prestakuntza eta tutoretza.

Laburbilduta, artearen eta gizartearen artean lotura hobea bilatzea.

Haren garapenean erabili beharreko estrategiek berekin dakarte erakusketak, antzezpenak, kontzertuak, topaketak eta eztabaidak egitea; horietan epaimahaiek, komisarioek eta bitartekariek parte hartzen dute, programan beren burua aurkeztu duten artistekin batera.

“Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programaren esparruko laguntzek eredu berri bat sortu dute, eredu lehiakorretik pixkanaka-pixkanaka aldentzen dena eta, ahal den neurrian, partaidetzezko topaketa batera hurbiltzen dena.

Asmoa artista bakoitzaren prozesu artistikoa hedatzea eta horien artean konektatzea da, horrela sare artistikoa sortzeko.

Artistek beren proiektuen aurkezpen publikoa gauzatuko dute epaimahaiaren eta gainerako artisten aurrean. “Topaketak” programak proiektuak banatzeko zirkuituetan txertatu nahi ditu artistak, horien errentagarritasun ekonomiko-soziala eta komunikabideetako ikusgarritasuna ezartze aldera.

Egun dugun kultur testuinguruaren barnean, loturak eta harremanak sortu behar dira gure Komunitatean sortzen diren eta sare finkoa sortzen lagun dezaketen beste jarduera batzuekin, ikus-entzuleen artean oihartzun handiagoa eskuratzeko asmoz.

Ekoizpen artistikorako laguntzaren aldeko apustua egiten da. Ekoizpenerako finantzaketak jarduera handiagoa izatera eta norberaren gaitasunak gainditzera behartzen du, erakundeen babes ekonomikoa baitago.

Amaitzeko, programan parte hartzen duten arloen arteko lotura estuagoaren aldeko apustua ere egin behar da, beste arlo korapilatsuago batzuetan dagoeneko nabarmen gainditu diren oztopoak desagerrarazten joan gaitezen pixkanaka-pixkanaka. “Topaketak” programa sormen programa bilakatu behar da, garrantzi handiagoa ematen diona egiten denaren kalitateari edo esan nahi denaren garrantziari “egiteko modua”ri baino (ekoizpen lana, obraren kontzeptua eta sare artistikoa).

“Arte Gaztearen Topaketak” programa urtero egiten da, eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen du.

2. Arau orokorrak.

Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez antolatzen duen “Arte Gaztearen Topaketak” programan parte hartzeak berarekin dakar jarraian adierazten diren oinarriak onartzea.

3. Xedea.

Oinarri hauen xedea da “Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programan parte hartzeko baldintzak ezartzea; programa horren bidez, Gazteriaren Zuzendariordetzak jardun artistikoa, artea ekoizteko espazioak eta haren prozesuak agertu eta horiei buruzko eztabaida egin nahi du. Horrez gain, lagundu nahi da arte komunitatearen sarea sortzen, elkarreragiten duena eta proiektuak eta ideiak trukatzen dituena.

4. Modalitateak.

“Arte Gaztearen 2017ko Topaketak” programaren XXXII. edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Arte eszenikoak:

Honako hauekin lotutako muntaketa eta lanak: dantza, antzerkia, zirkoa, balleta, performancea, edo gorputz adierazpenarekin lotutako beste edozein joera.

Konpainia, kolektibo edo artista batek gauzatutako edozein proiektuk hartzen ahalko du parte, haren lana lengoaia eszeniko garaikideekin eta mugimenduzko arteekin lotuta badago.

–Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak:

Obra edo proiektua, honako baliabide hauetako batean egindakoa: pintura, eskultura, grabatua, marrazketa, argazkigintza, obra grafikoa, instalazioa, soinuzko artea, hiriko artea, baliabide berriak, net.art, bideoa, 2Dko eta 3Dko animazioa, interaktiboa, diziplinarteko proiektuak edo modalitate horretatik datorren beste edozein teknika.

–Musika:

Musika taldeak, honako estilo hauetakoak: popa, rocka, jazza, bluesa, elektronika, kantautoreak, rapa, folka, heavya, new age-a, funkya, fusioa, indiea edo musika joera berriak eta bestelakoak.

5. Parte-hartzaileak

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

–Nafar izaera zibila izatea edo Foru Komunitatean bizi izatea, eta 18 eta 30 urte bitartekoa izatea, biak barne, eskaera aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %30 adin horretatik gorakoak izaten ahalko dira.

–Halaber, inskripzio-eskaera bakoitzean agertzen diren kideen %30 beste herrialde batean jaiotako pertsonak izaten ahalko dira.

–Taldeko edo kolektiboko ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

6. Inskripzio-eskaerak eta obren aurkezpena.

Inskripzio-eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskaera eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, programa kudeatzen duen organoari (Gazteriaren Zuzendariordetza) iragarri beharko dio mezu elektroniko baten bidez (juventud@navarra.es) eskaera igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada. Halaber, epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2017ko urriaren 15ean bukatuko da.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Inskripzio-inprimakia, behar bezala beteta. Inprimaki hori Gazteriaren web-orritik ere deskarga daiteke: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/encuentros-de-arte.

–Artistaren nortasun-agiri nazionalaren edo AIZren fotokopia, baita, hala bada, taldean edo kolektiboan parte hartzen duten pertsona guztien nortasun-agiriena.

–Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, egoiliarren kasuan nafar izaera zibila duela adierazten duena.

–Ezin izanen dute obran parte hartu dokumentazioa aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

–Txostena (Interneten bidez aurkeztuz gero, pdf formatuan aurkeztu beharko da). Txostenak 15 orri izanen ditu, gehienez. Txostenaren espezifikotasunak modalitate bakoitzarekin bat etorriko dira, eta agiri honetan jaso dira.

–Dokumentazioa aurkezteko modua:

Hainbat euskarritan aurkezten ahalko da (USBa, CDa, DVDa, bestelakoak).

Proiektua deskargatzeko URL lotura eransten ahalko da. Halaber, proiektua WeTransfer edo Dropbox bidez bidaltzen ahalko da.

Epaimahaia

Gazteriaren Zuzendariordetzak izendatuko ditu modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten pertsonak. Entzute handikoak diren eta kultur kudeaketa, ekoizpen eta bitartekotza artistikoari eta/edo artea ekoizteko eta sustatzeko laborategi eta espazioei lotuta dauden adituen eta profesionalen artean hautatutako pertsonek osatuko dituzte epaimahaiak.

Modalitate bakoitzak hiru pertsonak osatutako epaimahai bat eta idazkaritza bat izanen ditu; azken hori Gazteriaren Zuzendariordetzari atxikitako pertsona batek hartuko du bere gain, eta ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen ahal diren kontu guztiak ebazteko.

Batzordekideak ez badaude edo eri badaude, Gazteriaren Zuzendariordetzak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak programan parte hartzen duten pertsona eta kolektiboen lanak eta proiektuak ebaluatuko ditu. Ondoren, erabakia hartuko du gehiengoari jarraituta, eta egokitzat jotzen duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du.

Hautapen prozesua.

Balorazioa kalitate artistikoan, aniztasunean, esperimentazioan eta ikerketan oinarrituko da.

Lehenik eta behin, epaimahaiak obrak hautatuko ditu, aurkeztu diren lanen artean.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak bere deliberazioen akta egin, eta sariak ematea proposatuko du, bere erabakia justifikatuta.

Lehenik eta behin hautatu diren artistek deialdian aurkeztu diren proiektuen aurkezpena eta jendaurreko defentsa eginen dituzte. Horrela, artistaren ikuspegia baloratu eta aintzat hartzen da bere lanetik bertatik, eta, horrela, eginkizunak, narrazioa eta autobiografia, eguneroko bizitza eta komunitate-identitatea jo daitezke autonomia ematen duten elementutzat.

Deialdiaren II., III. eta IV. eranskinek programaren modalitate bakoitzaren ezaugarriak eta espezifikotasunak arautzen dituzte, baita haren hautapen prozesua ere.

Sariak

Modalitate bakoitzean, sariek honako zenbateko hauek izanen dituzte.

1. saria: 2.500 euro

2. saria: 1.500 euro

3. saria: 1.000 euro

Ezin izanen da sari berdinik eman inolako modalitatetan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak.

Deliberazioak biltzen dituen akta eta epaimahaiaren epaia sariak emateko moduaren justifikazioak dira.

Sariak emateko ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko iragarki oholean (Emilio Arrieta kalea, 25, Iruña), bai Nafarroako Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa zabaltzearren bakar-bakarrik.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari lotuta egonen da %19an.

Programa egiteko datak eta espazioa

2017ko azaroa.

Jarduerak eta antzezpenak Uharte Zentroan eginen dira, arte plastiko eta ikus-entzunezkoen kasuan; arte eszenikoen kasuan eta musiken kasuan, berriz, Nafarroako Antzerki Eskolan eta Iruñeko erdiguneko kontzertu aretoetan, hurrenez hurren. Finala Iruñeko Canalla aretoan (Baiona etorbidea) eginen da.

Gorabeherak:

“Arte Gaztearen Topaketak” programan egon daitezkeen gorabeherak eta oinarri hauek aurreikusi gabeko kontu guztiak Gazteriaren Zuzendariordetzak ebatziko ditu.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egon daitezkeen kontuak ebazteko.

Gazteriaren Zuzendariordetza salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egin dezaketen edozein plagiogatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

Datuen babesa:

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan ezarritakoa betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, lehiaketarekin zerikusia duten gaitasunak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edonork bere eskumeneko informazioari buruzko datuetan sartu, zuzendu, ezereztu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko ditu. Horretarako, idatziz zuzendu beharko zaio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, agiri honen amaieran aipatzen den helbidera.

Harreman iraunkorrak.

Gazteriaren Zuzendariordetza. Yanguas y Miranda kalea, 27. 31003. Iruña.

Telefonoak: 848-423900 848-427841

juventud@navarra.es

Lotura: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/arte-topaketak

II. ERANSKINA

Arte eszenikoen lehiaketaren oinarriak

Xedea

Honako hauekin lotutako muntaketa eta lanak: dantza, antzerkia, zirkoa, balleta, performancea, edo gorputz adierazpenarekin lotutako beste edozein joera.

Konpainia, kolektibo edo artista batek gauzatutako edozein proiektuk hartzen ahalko du parte, haren lana lengoaia eszeniko garaikideekin eta mugimenduzko arteekin lotuta badago.

Lehiaketaren garapena

Lehenengo fasea (hautapena).–Artistek bideo bidez aurkezten dituzten lanak baloratuko ditu epaimahaiak, eta antzeztuko diren proposamenak hautatuko ditu.

Bigarren fasea.–Fase honek hautatu diren taldeak behartuko ditu lana benetan antzeztera. Emanaldiak hiru egunetan eginen dira Nafarroako Antzerki Eskolan, eta antzezteko ordena obren iraupenaren eta modalitatearen araberakoa izanen da.

Aldez aurretik bilera bat eginen da, talde bakoitzak antzeztu beharreko obraren datak eta ordua adosteko, baita antzezpenerako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek Nafarroako Antzerki Eskolan erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

Epaimahaiak taldeen emanaldiak ikusi, eta saritutako obrei buruzko epaia emanen du.

Nafarroako Antzerki Eskolaren eta hautatu diren taldeen arteko jarduera osagarriak garatuko dira.

III. ERANSKINA

Arte plastiko eta ikus-entzunezkoen lehiaketaren oinarriak

Xedea

Obra edo proiektu bat aurkezten ahalko da, honako baliabide hauetako batean egindakoa: pintura, eskultura, grabatua, marrazketa, argazkigintza, obra grafikoa, instalazioa, soinuzko artea, hiriko artea, baliabide berriak, net.art, bideoa, 2Dko eta 3Dko animazioa, interaktiboa, diziplinarteko proiektuak edo modalitate horretatik datorren beste edozein teknika.

Lehiaketaren garapena

Azaroaren 2tik 12ra.

Lehenengo fasea.–Epaimahaiak proiektuak baloratuko ditu, eta, lanak baloratzeko aldez aurretik ezarri diren irizpideei jarraikiz, hamabost lan hautatuko ditu, gehienez.

Bigarren fasea.–Hautatu diren parte-hartzaileek obra aurkeztu beharko dute Uharte Zentroan azaroan, antolatzaileek jakinarazten dizkieten egunetan, hain zuzen.

Hirugarren fasea.–Azaroko bigarren hamabostaldian, hautatu diren lanen egileek beren lanak defendatuko dituzte epaimahaiaren eta gainerako hautagaien aurrean. Halaber, harreman topaketak garatuko dira arte garaikidearen kontzeptuen (adibidez, hedapena, bitartekotza, ikerketa, ekoizpena eta abar) inguruan. Horietan, hautatu diren artisten interesen, beharren eta kezken bateratze-lana eginen da, sektoreko profesionalak diren gonbidatuekin batera.

Laugarren fasea.–Sarituen hautaketa.

Bosgarren fasea.–Jarduerak, eta sarituen eta epaimahaien arteko topaketak.

IV. ERANSKINA

Musika lehiaketaren oinarriak

Xedea

Musika taldeek aurkezten ahal dute beren burua, honako estilo hauetakoek: popa, rocka, jazza, bluesa, elektronika, kantautoreak, rapa, folka, heavya, new age-a, funkya, fusioa, indiea edo musika joera berriak.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, mp3 formatuan grabaturiko bi abesti aurkeztu beharko dituzte.

Lehiaketaren garapena

Lehenengo fasea (hautapena).–Aurkeztutako abestiak baloratu ondoren, epaimahaiak 12 talde hautatuko ditu, gehienez, zehaztu beharreko aretoetan zuzenean joko dutenak.

Bigarren fasea (finala).–Hiru taldek, gehienez, kontzertua emanen dute azaroan.

Kontzertuak amaitutakoan, epaimahaia eztabaidatzeko bildu, eta dagokion epaia emanen du.

Kontzertuetara sartzea doakoa izanen da. Proposamenak zuzenean entzun eta gero, epaimahaiak sariei dagokien epaia emanen du.

Iragarkiaren kodea: F1709914