2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANGUREN
Aldaketa, Mutiloako kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Aranguren Ibarreko Udalak, 2017ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa 8. Ordenantza fiskalean, Mutiloako kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituena.
Jendaurrean jartzeko iragarkia 2017ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 23an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua:
Mutiloan, 2017ko uztailaren 14an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.
ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA.
1. artikulua. Ordenantza honetako tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu egin zuen lege hori).
2. artikulua. Aranguren Ibarreko udal kiroldegia erabiltzen duten pertsona naturalek dituzte ordainarazpen hauek ordaindu behar.
3. artikulua. Instalazio horretarako sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena eskuratzen denean sortzen da ordaindu beharra.
4. artikulua. Instalazioetako abonatuak izaten ahalko dira Aranguren Ibarrean erroldaturiko bizilagun guztiak eta Udaleko plantilla organikoan agertzen diren langileak, baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere.
Erroldatu gabeak aldi baterako abonatuak bilaka daitezke, horretarako ezarritako tasak dituztela. Abonamendu hori bukatuko da Udalari instalazioaren saturazioa dela-eta komenigarria iruditzen zaion momentuan.
14 urtetik beheitikoek ezin izanen dute izenik eman abonatu gisa, gurasoak abonatuak ez badira, edo gutienez ere aita-ametariko bat.
Salbuespenez, Udalak aztertuko ditu Aranguren Ibarrean bizirik bertan arrazoi bereziengatik erroldaturik ez daudenen kasuak.
Udal kiroldegiko instalazioak erabiltzeko abonatuei luzatzen zaien herritar txartela pertsonala eta besterenezina da, eta haren titularrari baizik ez dio ematen instalazioak erabiltzeko eskubidea.
5. artikulua. Orobat, abonatu izateko eskaera egiten ahalko dute, erroldaturik ez egonik ere, ibarreko klubekin lotura zuzena dutenek monitore edo jokalari gisa edozein kirol motatan ibarra ordezkatzen duten talde federatuetan egoteagatik; halakoei erroldatuen tasak aplikatuko zaizkie. Eskaera hori urtero berritu beharko da eta ukatuko da horretarako aukera eman zuen egoera bukatzen denean.
Eskaera hori zuzenean dagokionari baizik ez zaio kontuan hartuko; ez zaie, beraz, haren ezkontideei, gurasoei eta seme-alabei zabaltzen ahalko.
6. artikulua. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Erabiltzaile bakoitzak inskripzioa egiteko kuota ordainduko du, gehi urteko kuota kirol instalazioak erabiltzeagatik.
–Inskripzio kuota.
Inskripzio kuota instalazioetako abonatu gisa alta egiten den momentuan ordainduko da, eta bakarra izanen da abonaturik gelditzen den urte guztietarako. Instalazioko abonatu gisa baja eginez gero, berriz ere inskripzio kuota ordaindu beharko da gero alta egin nahi izanez gero.
4 urtetik beheitikoek, beren gurasoak abonatuak badira, abonatu egiten ahalko dira inskripzio kuota ordaindu gabe.
Honela finkatu da inskripzio kuota:
- 4 urtetik 13 urtera bitarte: 12,00 euro.
- 14 eta 17 urte bitarte: 34,00 euro.
- 18 urtetik goiti: 67,00 euro.
–Udarako kuota bereziak.
Instalazioetara abonaturik egonik Aranguren Ibarrean erroldaturik daudenek udako abonamendua eskatzen ahalko dute Iruñerritik kanpora bizi diren ahaideendako, harreran edo trukean dauden adingabeendako, etxeetako langile edo zaindariendako eta behar bezala justifikaturik dagoen bertze edozein goiti-behititarako. Eskaera idatziz eginen da, eskabidea eginez Kirol Zerbitzuan, eta kasu bakoitzean aztertuko da udako tasa bereziak aplikatzea bidezkoa ote den.
Hona hemen egoera hauetarako ezarritako kuotak:
- 18 urtetik goiti: 95,00 euro/hilabeteko abonamendua.
- 14 eta 17 urte bitarte: 71,00 euro/hilabeteko abonamendua.
- 4 urtetik 13 urtera bitarte: 48,00 euro/hilabeteko abonamendua.
Eskatzen ahalko dira 15 eguneko abonamenduak, hilabetekoak, hilabete eta erdikoak, bi hilabetekoak eta bi hilabete eta erdikoak; kasu bakoitzean dagokion kuota aplikatuko da.
–Urteko erabilera kuota.
Urteko erabilera kuota huruhilekotan zatiturik kobratuko da; hiruhileko bakoitzean bertzerik gabe berrituko da abonamendua, betiere adierazten ez bada abonatu gisa baja egiteko nahia hiruhileko naturala bukatu baino 15 egun lehenago , edo, erroldatu gabeendako aldi baterako abonamenduen kasuan, betiere Udalak uste badu ez dela posible abonatu izaera berritzea, instalazioak mukuru beterik egoteagatik.
Erroldatu gabeek, aldi baterako abonamendua eskatzen duten momentuan, kasuan kasuko urtean falta diren hiruhileko naturalak ordaindu beharko dituzte, ordainketa bakarrean, txartela eskuratu aitzin; ez dute baja egiteko aukerarik izanen urtea bukatu arte.
Ikus tarifen eranskina.
- 4 urtetik beheitikoek doako sarrera izanen dute, betiere gurasoetako bat ere baldin bada.
- Alargun-pentsioa baizik kobratzen ez duten emakume alargun erroldatuak kuota ordaintzetik salbuetsirik egonen dira, baldin eta hura lanbide arteko gutieneko soldata baino gehiago ez bada.
- 65 urtetik goitiko erroldatuen kuota 110,00 euro izanen da urtean, baldin eta, eskabide baten bitartez, instalazioa neguan goizez soilik 17:00ak arte erabiltzeko konpromisoa hartzen badute. Orobat, kuota bera aplikatuko zaie 65 urtetik goitikoei, erroldaturik ez egonda ere, beren seme-alabak bai erroldaturik badaude.
- Familia ugarietan, gutxienez ere beren hiru seme-alaba abonatuak badira eta 4 urtetik 18ra bitarte badituzte, haien kuotak %25eko murriztapena izanen du, betiere pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarria ez baldin bada familia unitate bakoitzeko lanbide arteko gutieneko soldata baino gehiago.
7. artikulua. Egun bateko balioa duten txartel edo sarrerak instalazioetan sartzeko unean luzatuko dira. Horretarako arau berezia izanen da instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaintzea prezioa. Haiek luzatuko dituzte txartelak, ordainketaren frogagiriak izanen direnak.
8. artikulua. Instalazioak abonamenduaren bitartez erabili nahi dituztenek, Udalak finkatzen duen moduan eta finkatzen dituen baldintzetan eskuratuko dute.
9. artikulua. Urtero Udalak zehaztuko du udako eta neguko denboraldiak noiz hasiko eta noiz amaituko diren, igerilekuak erabiltzeari dagokionez, baita zer ordutegi izanen den urtaro bakoitzean irekitzeko eta ixteko, eta instalazioa zer egunetan egonen den itxirik.
10. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bertzenaz kanpora bidaliko baitituzte.
11. artikulua. Instalazioen erabiltzaileek aldiro errespetatuko dituzte instalazioak erabiltzeko arauak; horiek instalazioak erabiltzeko erregelamenduan bildurik daude eta ikusgai daude haien esparru bakoitzean.
12. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko nahitaez eduki beharko dira ordainduta tarifen eranskineko kuotak.
13. artikulua. Udalaren kiroldegian sarrera-txartelik edo erabiltzeko baimenik gabe sartze hutsa iruzurtzat joko da.
14. artikulua. Urteko erabilera kuotek KPIaren gorakada izan dute, betiere gorantz biribilduta, alegia, ateratzen den zatikiaren partez goragoko hurrengo osoko zenbakia emanez.
15. artikulua. Taldeek, bai bertakoek bai kanpokoek, instalazioak erreserbatzeko egin nahi dituzten eskaerak Udaleko Kirol Zerbitzuan aurkeztuko dituzte, erreserbarako eskaeraren edo horretarako prestatutako eskabidearen bitartez. Tasa hitzartua izanen da, kirol motaren batean ofizialki lehiatzeko antolaturiko abonatuen taldeen kasuan izan ezik, haiendako Udalak kuota berezi murriztuak ezartzen ahalko baititu.
16. artikulua. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan, instalazioak erabiltzeko dagoen araudiari jarraituko zaio.
17. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, edo, bertzenaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan agindutakoari.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
TARIFEN ERANSKINA
Urteko erabilera kuota (erroldatuak).
–Haurren urteko kuota (13 -18 urte): 74,00 euro.
–Gazteen urteko kuota (14 -18 urte): 104,00 euro.
–Helduen urteko kuota (18 urtetik goiti): 147,00 euro.
–Kuota +65 urte (6. artikuluaren arabera): 110,00 euro.
–Gimnasioko kuota, abonatuendako: 49,00 euro.
Urteko erabilera kuota, aldi baterako abonamendua dutenendako (erroldatu gabeak).
–Haurren urteko kuota (4 -13 urte): 147,00 euro.
–Gazteen urteko kuota (14 -17 urte): 219,00 euro.
–Helduen urteko kuota (18 urtetik goiti): 293,00 euro.
–Gimnasioko kuota, abonatuendako: 283,00 euro.
Eguneko sarrera, neguko denboraldian (abonatu gabeak).
–Haurren sarrera (4 - 13 urte): 3,50 euro.
–Gazteen sarrera (17 -18 urte): 6,00 euro.
–Helduen sarrera (18 urtetik goiti): 10,00 euro.
Eguneko sarrera, udako denboraldian (abonatu gabeak).
–Haurren sarrera (4 - 13 urte): 5,00 euro.
–Gazteen sarrera (17 -18 urte): 7,00 euro.
–Helduen sarrera (18 urtetik goiti): 10,00 euro.
Abonatu gabeek instalazioak erabiltzea.
–Pilotalekua (ordu bat): 6,00 euro.
–Tenisa (ordu bat): 6,00 euro.
–Squasha (ordu bat): 6,00 euro.
–Squasha (ordu erdia): 3,00 euro.
–Padela (ordu bat): 6,00 euro.
–Rokodromoa: 6,00 euro.
–Sauna lehorra: 7,00 euro.
Instalazioen alokairua (Kirol Zerbitzuak baimena eman ondoan).
–Frontoia, elkarteendako eta 4 pertsona baino gehiagoko taldeendako, kideen %50a baino gehiago abonatuak ez direnean: 26,00 euro.
–Kirol pistak (ordu 1), jokatzeko erreserbatu nahi duten kirol talde edo taldeendako. Erreserbarik egiten ez bada, pistak irekiak egonen dira nahi duten abonatu guztiek erabiltzeko: 26,00 euro.
–Pabilioia (pista osoa): 50,00 euro.
–Pabilioia (pista erdia): 35,00 euro.
–Futbol zelaia (zaharra), jokatzeko erreserbatu nahi duten kirol talde edo taldeendako. Erreserbarik egiten ez bada, zelaia irekia egonen da nahi duten abonatu guztiek erabiltzeko.
- 75,00 euro (ordu 1, zelai osoa).
- 105,00 euro (partida bakoitzeko).
- 35,00 euro (ordu 1, zelaiaren erdia).
- 52,50 euro (partida bakoitzeko, zelaiaren erdia).
–Futbol zelai berria:
- 105,00 euro (ordu 1).
- 155,00 euro (partida bakoitzeko)
–Salak (jarduera, bilera): 26,00 euro (ordu 1).
Bestelako tasak:
– Argia: frontoia, tenis, padel, squash, kanpoko pista (ordu 1): 2,70 euro.
–Squasheko argia (ordu erdi): 1,50 euro.
–Pabilioi osoko argia (ordu 1): 7,00 euro.
–Pabilioiko argia (pista erdia ordu betez) 3,50 euro.
–Futbol zelaiko argiak: 10,00 euro.
–Futbol zelai erdiaren argiak: 6,00 euro.
–Sauna lehorra (abonatuak): euro 1,00.
–Igerilekuko kale bakoitzeko (ordu 1), gehienez ere 10 pertsona: 35,00 euro.
–Herritar txartela luzatzea (galdu edo hondatzeagatik): 6,00 euro.
Ordubeteko 10 alokairurik edo 10 partidatik goiti futbol zelaian, %30eko deskontua aplikatuko zaie ezarritako tasei, argiaren tasan izan ezik.
–Urtebetetze ospakizunera gonbidatua, abonatua izan gabe:
- 1,50 euro lagun bakoitzeko.
- 15,00 euro (10-15 pertsona).
- 30,00 euro (15-20 pertsona).
- 20 lagunetik goiti, lagun bakoitzeko ezarriko da tasa (1,50 euro lagun bakoitzeko).
Iragarkiaren kodea: L1708700