Iragarkia
164. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
531E/2017 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, POCTEFA Europako programen proiektu kofinantzatuen inbertsio, dinamizazio edo sustapen turistikoko jarduketetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Nafarroak helmuga turistiko gisa duen irudia sustatze aldera alboko autonomia erkidegoekin lan egitea Nafarroako Gobernuaren 2015-2019ko legegintzaldirako Akordio Programatikoaren puntuetako bat da; Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak puntu hori txertatu du osorik bere lan-ildoetan, eta, halaber, aintzat hartu da Turismo Plan Estrategikoan (2017-2025).
Lan-ildo horrekin bat etorrita eta turismoaren garapenean esku hartzen duten Foru Komunitateko gainerako entitateentzat irizpide bera aplikatuta, beharrezkotzat jotzen da toki entitateek, partzuergoek eta elkarte turistikoek beren artean eta beste autonomia erkidego batzuetako entitateekin batera lan egiten lagundu eta sustatzea, lurralde kohesio handiagoa lortzeko eta Foru Komunitateari azpiegitura, eskaintza edo zerbitzu turistiko berriak emateko, Nafarroaren irudi turistikoa hobetzen dutenak.
2014-2020 aldiko POCTEFA programa (INTERREG V-A Espainia-Frantzia-Andorra POCTEFA Programaren akronimoa) lurralde lankidetzarako Europako programa bat da, hiru herrialderen mugaldean garapen jasangarria sustatzeko sortua, eta mugaz gaindiko lankidetzarako proiektuak kofinantzatzen ditu, Pirinioetako bi aldeetako eragileek diseinatzen eta kudeatzen dituztenak.
Interes turistikoko mugaz gaindiko proiektuak garatu nahi dituzten Nafarroako toki entitateek, partzuergoek eta elkarte turistikoek programa horren esparruan egiteko aukera daukate, deialdien bidez. Deialdi horiek berekin dakarte hautaketa prozedura bat egin beharra; prozedura horren ondoren, POCTEFA programak onartu diren jarduketen aurrekontu osoaren %65 finantzatzen du, gehienez, EGEF (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) funtsen bidez, estatuko laguntzei lotu gabeko jarduketetan (adibidez, hizpide ditugunak).
Hala ere, batzuetan, zailtasunak daude Europako funtsek estali gabeko zatia finantzatzeko behar diren funtsak lortzeko, eta horrek murriztu egiten ditu entitate horien interesa eta lan egiteko asmoa. Eta, nahiz eta programak eskatzen duen %10, gutxienez, entitate sustatzaileen funts berekien bidez finantzatu dadila, aukera ematen du beste finantzabide batzuk bilatzeko geratzen den %25erako.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak uste du oso interesgarria dela proiektu horien egikaritzapena ahalik eta arrakastatsuena izatea. Horregatik, diru-laguntzen deialdi hau proposatu du, 2014-2020 aldiko POCTEFA programaren deialdien barnean sartzen diren eta Nafarroako toki entitateek, partzuergo turistikoek eta elkarte turistikoek sustatzen dituzten interes turistikoko proiektuen zatia batera finantzatzeko helburua duena.
POCTEFA programak ezaugarri bereziak dituenez eta diru-laguntzen deialdi hau programa horretara egokitu behar denez, Gobernuaren 2017ko uztailaren 5eko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusiari POCTEFA Europako programak kofinantzatutako proiektuen inbertsio, dinamizazio edo sustapen turistikoko jarduketetarako diru-laguntzen deialdia tramita dezan, banakako ebaluazioaren araubidearen bidez, eta deialdi horren diru-laguntzak ematetik datozen urte anitzeko gastu-konpromisoak har ditzan 2017, 2018, 2019 eta 2020ko ekitaldietarako Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. POCTEFA Europako programen proiektu kofinantzatuen inbertsio, dinamizazio edo sustapen turistikoko jarduketetarako diru-laguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 658.300 euroko gastua baimentzea deialdiaren ondoriozko konpromisoak betetzeko, banaketa ekonomiko eta denborazko honen arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
830001 83220 7609 432100: Europako programen proiektu kofinantzatuak | 2017 | 73.300 |
2017ko partidaren baliokidea | 2018 | 100.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2019 | 100.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2020 | 100.000 |
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
830001 83120 4609 432102: Toki entitateentzako eta partzuergoentzako laguntzak Europako programen jarduketa kofinantzatuetarako | 2017 | 50.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2018 | 60.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2019 | 60.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2020 | 60.000 |
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
830001 83120 4819 432102: Elkarteentzako laguntzak Europako programen jarduketa kofinantzatuetarako | 2017 | 10.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2018 | 15.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2019 | 15.000 |
2017ko partidaren baliokidea | 2020 | 15.000 |
Diru-laguntzen banaketa ekitaldi ekonomiko bakoitzean helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2017ko abuztuaren 1ean.–Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA
POCTEFA Europako programen proiektu kofinantzatuen inbertsio, dinamizazio edo sustapen turistikoko jarduketetarako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da toki entitateentzako, partzuergo turistikoentzako eta elkarte turistikoentzako diru-laguntzak emateko araubidea arautzea, 2014-2020 aldiko POCTEFA programaren deialdien barnean sartzen diren eta entitate horiek sustatzen dituzten proiektuen interes turistikoko jarduketei dagokienez.
Deialdiaren helburua eta interes publikoa justifikatzen dira, eragin turistikoa duten proiektu guztiak ahalik eta arrakasta handienarekin gauzatu behar direlako, haien interesa argi eta garbi frogatu baita POCTEFA programaren hautaketa prozesuaren bidez.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 658.300 eurokoa da, diruz lagundu daitekeen jarduketa motaren eta entitate onuradun motaren arabera honako xehetasun honi jarraikiz eta honako banakapen ekonomiko eta denborazko honi jarraikiz:
a) Azpiegitura edo baliabide turistikoetan inbertitzen duten jarduketak.
–373.300 euro toki entitateentzat eta partzuergo turistikoentzat, denborazko honako banaketa honen arabera:
- 2017. urtea: 73.300 euro.
- 2018. urtea: 100.000 euro.
- 2019. urtea: 100.000 euro.
- 2020. urtea: 100.000 euro.
b) Dinamizazio, komunikazio eta sustapen turistikoko jarduketak.
–230.000 euro toki entitateentzat eta partzuergo turistikoentzat, denborazko honako banaketa honen arabera:
- 2017. urtea: 50.000 euro.
- 2018. urtea: 60.000 euro.
- 2019. urtea: 60.000 euro.
- 2020. urtea: 60.000 euro.
–55.000 euro elkarte turistikoentzat, denborazko honako banaketa honen arabera:
- 2017. urtea: 10.000 euro.
- 2018. urtea: 15.000 euro.
- 2019. urtea: 15.000 euro.
- 2020. urtea: 15.000 euro.
3. oinarria. Entitate onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak eskuratzen ahalko dituzte irabazi-asmorik gabeko honako entitate hauek, baldin eta bazkide parte hartzen badute 2014-2020 aldiko POCTEFA programaren deialdien barnean onetsi diren Europako proiektuetan:
a) Azpiegitura edo baliabide turistikoetan inbertitzen duten jarduketak:
- Udalak eta gainerako toki entitateak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen direnak eta 50.000 biztanle baino gutxiago dituztenak. Ondorio horretarako, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz zehaztuko du biztanleen kopurua, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak oinarri harturik (eskaera aurkezten den egunean indarra dutenak).
b) Dinamizazio, sustapen edo komunikazioko jarduketak:
- Udalak eta gainerako toki entitateak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen direnak.
- Helbidea Nafarroan duten partzuergo turistikoak, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 11. artikuluan ezarrita daudenak eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta daudenak.
- Helbidea Nafarroan duten elkarte turistikoak, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 25. artikuluan ezarrita daudenak eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta daudenak.
Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du entitate onuradunen izaera, eta izaera horri heldu beharko zaio diru-laguntza emateko espedientea zabalik dagoen aldi osoan eta diru-laguntzaren azken ordainketa egiten den egunera arte.
4. oinarria. Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak eta erreferentziako epealdia.
Diruz lagungarritzat jotzen dira POCTEFAren deialdien barnean onetsitako interes turistikoko proiektuetako jarduketen garapenari dagozkion gastuak, programa horrek finantzatzen ez duen zatian, honako kontzeptu hauei lotuta badaude:
a) Aholkularitzagatiko eta kanpoko zerbitzuengatiko gastuak, dinamizazio, sustapen edo komunikazioko jarduketei lotuta daudenak.
b) Azpiegitura edo baliabide turistikoetako inbertsioak.
Ez dira kontuan hartuko langileria, bulego eta administrazioko gastuak, bidaia-gastuak edo ekipo edo prestaketa gastuak, programa horiek aipa ditzaketenak.
Ulertuko da proiektu batek interes turistikoa duela azpiegitura edo baliabide turistikoen garrantzia nabarmentzen denean, proiektuaren memorian berariaz horren helburu turistikoa islatu eta argudiatzen denean eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak POCTEFA deialdietako baten batean emandako aldeko txostena jasotzen dutenean, horiek onartu baino lehen.
Nolanahi ere, deialdi honek ikuspegi eta interes turistiko argiak dituzten jarduketak baino ez ditu bilduko, helburu zabalagoak dituzten edo turismotik harantzago doan jarduketa-eremu handiagoa (ingurumena, kultura, aisia eta kirola edo hezkuntza) duten proiektuei dagokienez.
Eskaerak bat etorri beharko dira eskaera aurkezten den urteko urtarrilaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean egiten eta/edo aurreikusten diren jarduketekin.
5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa, jarduketa motaren araberakoa.
Jarduketa motaren arabera proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau da:
a) Azpiegitura edo baliabide turistikoetan inbertitzen duten jarduketak:
–%25, gehienez ere 5.000 biztanle dituzten toki entitateek azpiegitura edo baliabide turistikoetan inbertitzeko sustatzen dituzten proiektuetan.
–%20, gutxienez 5.000 biztanle eta gehienez 10.000 biztanle dituzten toki entitateek azpiegitura edo baliabide turistikoetan inbertitzeko sustatzen dituzten proiektuetan.
–%15, gutxienez 10.000 biztanle eta gehienez 50.000 biztanle dituzten toki entitateek azpiegitura edo baliabide turistikoetan inbertitzeko sustatzen dituzten proiektuetan.
b) Dinamizazio, sustapen edo komunikazioko jarduketak:
–POCTEFA programan onartutako aurrekontuaren %25.
Deialdiaren aldi diruz lagungarri osoan entitate batek metatzen duen diru-laguntza ezin izanen da 80.000 eurotik gorakoa izan, proiektu bat edo gehiago aurkeztuta ere.
6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira.
Eskaerak aurkezteko epea zabalik egonen da, aurkezten diren eskaerei aurre egiteko aurrekontuko diru-izendapen egokia eta nahikoa dagoen bitartean eta, bestela, epe hori berariaz itxiko da.
7. oinarria. Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko modua.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren atarian (http://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Turismo/sector) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzaren fitxa); fitxan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da.
Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.
Eskaerak deialdiaren fitxan ageri den berariazko eskabide-inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.
Deialdi honen babesean diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek eskaera bakarra aurkeztuko dute urteko, eta honako dokumentazio hau erantsiko diote eskabide-inprimakiari:
a) Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.
–Entitate eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek diru-laguntza eskatzea dakarten jarduketetarako emandako edo haiei eskatutako diru-laguntzen zenbatekoei buruzkoa.
–Inbertsioko jarduketei dagokienez, entitateak frogatu beharko du jarduketa jasotzen duten higiezin, lur edo azpiegituren erabilgarritasuna.
b) Jarduketei buruzko dokumentazioa.
–Diru-laguntza jasotzen duen entitatearen eta POCTEFAren kudeaketa agintaritzaren artean sinatutako EGEF hitzarmenaren kopia eta haren eranskin guztiena; diru-laguntzaren lehenengo eskaerarekin batera baino ez dira aurkeztuko.
–Zein jarduketatarako eskatzen den diru-laguntza, haien memoria teknikoa, horietako bakoitza zehaztuta.
–Kontzeptuka eta urteko kuotaka zehaztutako aurrekontua, formalizatutako eskabide-inprimakian ezarritako eskeman argi eta garbi islatuko dena, urte bakoitzeko jarduketen justifikazioa dena delako urteko urriaren 30ean aurkezten dela kontuan hartuta.
–Inbertsioko proiektuei dagokienez, obra-lizentzia edo udalak obra-lizentziarik behar ez izateari buruz egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
–Jarduketak gauzatzeko egutegia.
–Obra bat gauzatzen den kasuetan (zaharberritzeko edo egokitzeko obrak edo irudia berritzekoak), diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresek zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan (aktibo finkoak eskuratzea edo zerbitzu tekniko profesionalak kontratatzea), 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Adierazpen hori diru-laguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartua dago.
Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada diru-laguntzaren eskaera aurkeztu aurretik, edo, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.
c) Bestelako dokumentazioa.
–Aurreikusitako diru-laguntzaren aurrerakina eskatuz gero, eskaera egiten den urteko aurrekontuetan deialdi honetan aurkeztutako jarduketen gastuei aurre egiteko diru aski ez dutela frogatzen duen dokumentazioa (adibidez: aurreko urteko kontuen balantzea, entitateko idazkariaren ziurtagiria, etab.) eta diru-laguntzaren helburuak betetzeko funts-hornidura behar dela egiaztatzen duena.
–”Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz lortu ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik.
Aurretik adierazitako berariazko inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baizik ez dira onartuko, eta uko eginen zaie diru-laguntzaren eskaerarekin batera “Jarduketei buruzko dokumentazioa” izeneko aurreko b) idatz-zatian eskatu eta zerrendatzen den dokumentazio osoa erantsita aurkezten ez duten eskaerei; ez da horiek zuzentzerik izanen. Kasu horietan, entitate eskatzaileak eskaera berri bat aurkezteko aukera izanen du, hala denean.
8. oinarria. Izapidetzea eta deialdiaren ebazpena.
Diru-laguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez tramitatzen da. Gauzak horrela, espedienteak eskaeren aurkezpen ordenaren arabera tramitatu eta ebatziko dira, deialdiaren oinarrien arabera eta aurrekontuan dagokion partidan kreditu nahikoa eta egokia dagoen bitartean, 2. oinarri arautzailean ezarritako aurrekontuko zuzkiduraren arabera.
Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun naturaleko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
Zuzentzeko epea amaitutakoan, espedientearen behin betiko ebaluazioa, ondoriozko diru-laguntzaren kalkulua, eta dagokion diru-laguntzaren esleipena eginen dira honela:
–Kontzeptu diruz lagungarriak ebaluatu eta baloratuko dira diruz laguntzen ahal den jarduketa motaren arabera, 4. oinarri arautzailearen a) eta b) letretan ezarritako jarduketetatik (dinamizazio, sustapen edo komunikazioko jarduketei buruzko aholkularitza eta kanpoko zerbitzuak edo azpiegitura edo baliabide turistikoetako inbertsioak).
–Urteko kuota bakoitzeko eta jarduketa mota bakoitzeko aurreikusitako egikaritzapen aurrekontua hartuko da kontuan, 2. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.
–Urteko kuota bakoitzeko aurreikusitako aurrekontuaren gainean diru-laguntzaren ehuneko zehatz bat aplikatuko da, 5. oinarri arautzailean xedatutakoaren arabera.
–Diru-laguntzak esleitzeko, onartutako aurrekontua eta urteko kuota bakoitzari dagokion diru-laguntza zehaztuko dira.
–Urteko kuotan eta dagokion partidan ez badago funts nahikorik aurreikusitako gastu-konpromisoa eskuratzeko, emakida proposatuko da aurrekontuan diru nahikoa eta egokia duen hurrengo urtearen kargura.
Deialdi honek dagokion diru-laguntza osoaren %25eko zenbatekoa, gehienez, hartzen duten aurrerakinak egiteko aukera aurreikusten du, betiere eskaera egiten den urtean aurrekontuko zuzkidura nahikoa badago aurrerakin horri aurre egiteko. Nolanahi ere, entitate eskatzaileak frogatu beharko du ez duela funts nahikorik bere aurrekontuetan deialdian aurkezten diren jarduketen ordainketei aurre egiteko.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Eskaeren ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.
Aurreko diru-laguntzak eman ahala baimendutako gastua gutxitzearen ondorioz, diru-funts erabilgarriak ez badira nahikoak eskaera bati egokitutako diru-laguntza osorik ordaintzeko, deialdia kudeatzen duen zerbitzuak aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren araberako diru-laguntzaren proposamenaren berri emanen dio entitate eskatzaileari.
Entitateak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion diru-laguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko. Entitateak ez badu ezer jakinarazten epe horretan, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.
Entitateak diru-laguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Diru-laguntzak lehen adierazitakoari jarraituz banatu ondoren, deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortu badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
9. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko asmoz, diru-laguntza eskatzeko inprimakian datorren adierazpenean aditzera ematen da entitateak baimena ematen diola Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsulta ditzan.
2. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, hala denean, diru-laguntzaren xede den/diren jarduketagatik/jarduketengatik emandako diru-laguntzari uko egin zaiola jarduketak justifikatzeko azken epea amaitu baino lehen.
Diru-laguntzaren xedeko jarduketaren bat gauzatzen ez bada, benetan egindako jarduketa guztiengatik emandako diru-laguntza osoa %20 murriztuko da, non eta ez den horren berri eman aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.
4. Diru-laguntza jaso duten jarduketetan dauden funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, aurreikusitako egikaritzapen aldietako aldaketena barne, haiek gauzatu baino lehen.
Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude, bermatzen bada betetzen direla bai diru-laguntzaren xedea, bai jarduketa diruz lagungarrien helburuak edo deialdian aurreikusitako gehieneko egikaritzapen eta justifikazio epeak, erreferentziako POCTEFA proiektuaren barnean aurreikusitako jarduketak badira eta aurrekontuan behar adina diru badago horretatik ondorioztatzen ahal den gastu-konpromiso berria egiteko.
Diru-laguntzaren xedeko jarduketak gauzatzen badira eskatutako zenbatekoaren %50 baino gutxiago gastatuta eta aurreko paragrafoan ezarritako aurretiko baimenik gabe, ondorioztatzen ahalko da diru-laguntza emateko aintzat hartutako arrazoia galdu dela eta deialdiaren xedea ez dela bete. Horrelakoetan, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
5. Diru-laguntzaren xedeko gastuak eta inbertsioak egin, justifikatu eta ordaintzea eskaeran adierazitako aurreikuspenaren arabera eta deialdian ezarritako epeen barnean, hau da, dena delako urteko urriaren 30era arte.
Dagokion urteko urriaren 30aren ondoren baina urte bereko abenduaren 1a baino lehen egindako justifikazioek %25eko zigorra ekarriko dute justifikazio horri dagokion azken ordainketaren gainean.
Dagokion urteko azaroaren 30aren ondoren egindako justifikazioek justifikazio horri dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko dute.
6. Diru-laguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak edo aurkezpenak barne) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela adierazi beharko da. Jarduketa horrek berak sortutako euskarri guztietan agertu beharko dira Nafarroako marka turistikoa eta Nafarroako turismoko web ofiziala (www.turismo.navarra.es), Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideekin bat.
Diru-laguntza honen xedeko inbertsioko jarduketetan kartel bat ezarriko da urtebetez aise ikusteko moduko toki batean, diru-laguntza ordaintzeko agintzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera; laguntzaren fitxan eskuratzen ahalko den ereduaren araberakoa izanen da kartel hori.
7. Hala denean, deialdi honen onuradun diren toki entitateek justifikatu beharko dute diru-laguntzaren xede diren jarduketen egikaritzapen espedienteak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoarekin bat tramitatu direla.
Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
10. oinarria. Justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, diru-laguntza eman dela jakinarazten denetik. Horretarako dokumentazioa aurkezteko azken eguna urte bakoitzeko urriaren 30a izanen da, egun hori barne.
Justifikazioa egiteko, deialdiaren fitxan eskuratzen ahal den justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko da, ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta.
a) Aurkeztutako fakturen zerrenda, justifikaziorako inprimakiaren xehetasun orrian ezarritakoaren arabera.
b) Diruz laguntzen diren jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, diru-laguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
Ez da inola ere onartuko entitate onuradunak itunak egitea diruz lagundutako jardueren egikaritzapena berarekin lotura duten pertsonen edo entitateen esku uzteko, osorik edo partez, salbu eta inguruabar hauek gertatzen badira:
–Kontratazioa merkatuko baldintza normaletan egitea. Hori justifikatzeko, beste bi eskaintza ezberdin aurkeztu beharko dira.
–Aurretik, diru-laguntza ematen duen organoaren baimena lortzea. Horretarako, laguntza-eskaeran inguruabar hori adierazi beharko da.
c) Ordaindutako guztia justifikatzen duten bankuko agiriak.
d) Diru-laguntzaren xedeko jarduketen memoria, zehaztapen hauei jarraikiz:
–Inbertsioko jarduketak. Aurreikusitako obren egikaritzapen mailari buruzko azalpena, eta dokumentu grafikoa, egindako lanak agertzen dituena.
–Dinamizazio, sustapen edo komunikazioko jarduketak. Egin diren jarduketa zehatzei buruzko memoria argi eta zehatza, hala denean, jarduketei buruzko dokumentu grafiko, editatutako material grafiko, irratiko iragarki, bideo edo antzekoekin batera aurkeztua.
e) Diru-laguntzaren xedeko jarduketarako lortutako diru-sarreren eta diru-laguntzen aitorpena.
f) Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.
g) Hala bada, udaleko idazkariaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren aginduak bete izana egiaztatzen duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.
11. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea eta aurrerakinak aurreikustea.
Urteko kuota bakoitzari dagokion diru-laguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako jarduketarekin edo jarduketekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta diru-laguntzaren xedea bete dela.
Diru-laguntzaren aurrerakina eskatu eta behar bezala justifikatzen duten entitateen kasuan, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu ondoren ordainduko zaie, eta aurrerakin hori diru-laguntzaren azken ordainketa egiten den unean erregularizatuko da.
12. oinarria. Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste administrazio publiko batzuek jarduketa berberetarako eman ditzaketen beste guztiekin, POCTEFA programan bertan ezarritakoekin izan ezik.
Entitate onuradunak hartutako diru-laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako diru-laguntza murriztu eginen da jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.
13. oinarria. Emakiden publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Halaber, emateari eta ordaintzeari buruzko ebazpenak igorriko zaizkio 2014-2020 aldiko programaren kudeaketa agintaritzari, hau da, Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
15. oinarria. Arau osagarriak.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Oinarri arautzaile hauen arabera onesten diren deialdien onespenaren eta ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, oinarriak argitaratzen direnetik hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute oinarri arautzaile hauen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iragarkiaren kodea: F1709388
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
