164. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

887/2017 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2017ko deialdia.

Industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, neurri hau onesten da: diru-laguntzak ematea produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten Nafarroako industriako ETE-ei (enpresa txiki eta ertainak). Zehazki, neurri horretan inbertsioetarako laguntzak ematen dira, betiere helburu hauek badituzte: hazkunde ekonomikorako merkaturatze eta produkzioa gauzatzea, produktuak eta merkatuak dibertsifikatzea, prozesu eta teknologia berriak ezartzea eta kostuak murriztea.

Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan. Laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean emanen dira, Gobernuak 2017ko ekainaren 21ean hartutako Erabakiarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT

1. Industriako ETE-etan inbertsioetarako laguntzak emateko 2017ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 14.000.000 euroko gastua baimentzea, “Industrietako inbertsioetarako diru-laguntzak. Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea” izeneko 810007 81210 7701 422206 partidaren kargura, betiere kreditu erabilgarria badago, ondoko muga hauekin:

URTEA

ZENBATEKOA (EUROAK)

2018

6.000.000,00

2019

8.000.000,00

GUZTIRA

14.000.000,00

Zenbateko horiek E-15/000114-01 PEP elementuaren kargura kontabilizatuko dira, eta aldaketak izan ditzake, EGEFen (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) kofinantzaketarik gabe ematen diren laguntzen arabera.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 11n.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako ETE-ek produkzio-inbertsioko proiektuak egin ditzaten sustatzea, merkatuan lehiatzeko duten gaitasuna hobetzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira diru-laguntzen onuradunak:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

c) Jarduera hauetako batean aritzea:

–Manufaktura-industriak (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala: C sektorea), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskineko nekazaritzako elikagaien industriak.

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Informazio jarduerak eta komunikazioak (EJSN-2009: J sektorea).

–Logistikako jarduerak, hala nola gordetzea eta biltzea, salgaiak maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak (EJSN-2009: H saileko 52.1, 52.24 eta 52.29).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (EJSN-2009: M saileko 71.12 eta 71.20).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009: M saileko 72).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN 2009: M saileko 74.10).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

e) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

f) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta aitorpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. oinarria.–Inbertsio proiektuak: helburua, gauzatzeko aldia eta gutxieneko aurrekontua.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagun daitezke, betiere honako helburu hauetako bat badute:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

c) Establezimendu baten produkzioa dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

d) Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

2. Proiektuak laguntza eskatzen den egunetik 2019ko martxoaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, 2016ko abenduaren 31ko langile kopuruaren arabera:

LANGILEAK

GUTXIENEKO AURREKONTUA

10 baino gutxiago

15.000 euro

10 eta 49 artean

50.000 euro

50 eta 249 artean

100.000 euro

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuak dira diruz lagungarriak:

a) Zuzenean proiektuaren helburua lortzeko izanik (3.1 oinarria) honako xede hau dutenak:

I) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, betiere gastua ez bada inbertsio diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

II) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

III) Makinak, ekipamendua eta beste aktibo ukiezin batzuk erostea edo erosteko aukerarekin errentan hartzea (finantza-errentamendua).

Ondasun horiek finantza-errentamenduaren bidez hartzen badira, edo bigarren eskukoak badira, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

IV) Bestelako gastuak, II) eta III) puntuei lotuta, hala nola arkitektura eta ingeniaritzako enpresen ordainsariak, betiere horietako balioaren %10 gainditzen ez badute.

b) Nafarroan egitea, eta laguntza jasotzen duen establezimenduan erabiltzea, salbu molde eta trokelen kasuan, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahal baitira.

c) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, inbertsio proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

d) Inbertsio diruz lagungarriren gastu bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunen hornidura egiten dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea aukeratu dela efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, eta, horretarako, “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, eta gutxienez hiru eskaintza aurkeztu.

Baldin eskaintza merkeena ez den beste bat aukeratzen bada, eta aukeraketaren justifikazioa nahikoa ez bada laguntzak kudeatzen dituen organoaren arabera, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

Azkenean hautatzen den hornitzailea ez bada laguntzak eskatzean aurreikusitako bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

Kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

I) Justifikatzen duenean ezen, merkatuaren edo aktiboaren ezaugarrien berezitasunak direla eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

II) Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin lotutako aktiboak direnean, frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

III) Aktiboa hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

Kasu hauetan, enpresak hiru eskaintzak ez aurkezteko erabakia modu fede-emailean justifikatu beharko du aipatu inprimakian. Bestela, inbertsioko elementu horrek ez du diru-laguntza jasoko.

e) Aktibo ukiezinek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

I) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.

II) Amortizagarriak izanen dira.

III) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erostea, merkatuko baldintzetan.

2. Eskaera egunetik 2019ko martxoaren 31ra bitarte egin beharko dira gastu diruz lagungarriak. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena, salbu finantza-errentamenduaren bidez finantzatutakoa, kasu horretan 5. oinarrian eta 13.2.b oinarrian xedatutakoari jarraituko baitzaio.

3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Eskaeraren eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak.

f) Lurrak eskuratzeko fidantzak, eskaeraren eguna baino lehen ezarriak. Horrenbestez, egun horren ondoko eskuratze gastuek bakarrik jasoko dute diru-laguntza.

g) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

h) Hauetarako inbertsioak: aktiboak berritzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak. Salbu teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

i) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

j) Zorraren eta BEZaren interesak.

k) Lurrak eta eraikinak eskuratzea, betiere deialdi honen argitalpen egunaren aurreko 5 urtean diru-laguntzaren bat jaso badute.

l) Lotutako edo elkartutako enpresei erositako bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak.

5. oinarria.–Bigarren eskuko ondasunen finantza-errentamendua eta erosketa.

1. Finantza-errentamenduaren bidez aktiboak eskuratzea diruz lagungarria izanen da baldin eta eragiketa 4.2. oinarrian adierazitako aldian egiten bada eta erosketaren xedea bada makinak, ekipamendua eta beste aktibo ukiezin batzuk erostea.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du. Aurreko lerroaldean aipatutako epean eginen dira bi tramiteak, salbu 2018. urtearen kargura diruz lagundutako proiektuak; horien kasuan, 2018ko ekainaren 30erako egin beharko dira.

Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

2. Lurrak eta ondasun higiezinak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hau betetzen badute:

Balioa ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa, eta hori tasatzaile independente baten ziurtagiriaren bidez frogatuko da. Tasatzaileak behar den akreditazioa izanen du, eta behar den erregistro ofizialean inskribaturik egonen da, edo behar bezala baimendutako erakunde publikoan. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, betiere prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko diru-laguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handien gisa kontabilizatzen badira.

6. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa enpresaren eta inbertsioko proiektuaren ezaugarrien arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.

Aipatutako portzentajeak batuko dira laguntzaren intentsitatea lortzeko, eta intentsitatea inbertsio proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuen oinarrian aplikatuko da, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritako muga gainditu gabe.

a) Enpresaren tamaina eta mota, laguntza eskaeraren egunean:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

LAGUNTZA (%)

Enpresa txiki eta ertainak

8

Ekonomia sozialeko enpresa

9

b) Enpresaren kokapena:

ENPRESAREN KOKAPENA

LAGUNTZA (%)

Iruñeko metropolialdetik kanpo(Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10.4 azpieremua)*

1

Deialdi honen argitalpen egunean, garapen ekonomikorako plan estrategikoa gauzatzeko hitzarmena onetsirik duen eremu baten barnean

2

*Iruñeko metropolialdeak udalerri hauek biltzen ditu: Antsoain, Aranguren Ibarra, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Galar Zendea, Iruña, Noain (Elortzibar), Oltza Zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Zendea eta Zizur Nagusia.

c) Enpresa berria Nafarroan: %15. Ondorio horietarako, hara zer den enpresa mota hori:

–Nafarroan jarduera 2017tik aurrera hasten duena.

–Inbertsioko proiektuaren xedea izatea berreraikitzea nabeak, makinak eta instalazioak, hondatu direnak uholde, sute edo beste natur hondamendi edo istripu baten ondorioz, enpresak hala nahi gabe. Kasu horietan, kontuan hartu behar da ezen berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi onartutako laguntzek ez dituztela kostuak gaindituko.

d) Nafarroan jarduera 2016an edo lehenago hasi zuten enpresen enpresa-hazkundea:

ENPRESAREN 2016KO SALMENTAK / ENPRESAREN 2015EKO SALMENTAK

LAGUNTZA (%)

≥ 1,10 eta < 1,20

1

≥ 1,20 eta < 1,50

2

≥ 1,5

3

e) Enpresa batzuek bat egitea eta integratzea, 2012. urtearen eta eskaera egunaren artean, hau da, ETE batzuek bat egitearen ondoriozko enpresa edo beste ETE batzuekin enpresa integrazioko akordioa duen enpresa: %4.

f) Enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2016ko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABE KOPURUA / KONTRATUAK GUZTIRA

LAGUNTZA (%)

≥ %85 eta < %90

1

≥ %90 eta < %95

2

≥ %95

3

g) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea: %1.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat egin izana. Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismenaren eta edukiaren arabera prestatu eta aplikatu beharko da.

–Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

–Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

h) Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

LAGUNTZA (%)

≥ %25 eta <%50

1

≥ %50 eta <%75

2

≥ %75

3

i) Fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoari dagokionez:

FABRIKAZIO AURRERATUKO (4.0 INDUSTRIA) SISTEMETAKO INBERTSIOEN %

LAGUNTZA (%)

≥ %5 eta <%10

1

≥ %10 eta <%20

2

≥ %20

3

Fabrikazio aurreratuko sistemetan egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika korporatiboa

–Ikusmen artifiziala

–Fabrikazio gehigarria

–Sentsorizazioa

–Simulazioa

–Errealitate areagotua

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligent

–Gauzen Internet

–Cloud computing

–Zibersegurtasuna

2. Ez dira inola ere gaindituko Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 14.12 eta 17.6 artikuluetan ezarritako laguntzen gehieneko intentsitate hauek (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz):

ENPRESAREN TAMAINA

ESKUALDEKO LAGUNTZEN 2014-2020 MAPAN SARTUTAKO EREMUA* (%)

MAPAN SARTUTA EZ DAUDEN EREMUAK (%)

Ertaina

20

10

Txikia

30

20

Mikroenpresa

30

20

–Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dauden udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es) kontsulta daiteke, tramiteen katalogoaren fitxan.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2017ko azaroaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua egun hori baino lehen agortzen bada, eskaerak aurkezteko epea aldez aurretik itxi dela komunikatuko da laguntzen fitxaren bidez.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, lehen aipatutako laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidea.

b) Enpresa eta inbertsioko proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia, eta, hala bada, 4.1.d) oinarrian eskatzen diren 3 eskaintzak.

e) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatutako lan bizitzaren txostena (2016ko abenduaren 31 artekoa).

f) Hala bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehazten dena).

4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Inbertsioa Sustatzeko Atalak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–2016ko deialdian aurkeztutako eskaeraren berrespena.

1. Aurrekontuan aski kreditu ez izateagatik 2016ko deialdian laguntza lortu ez duten enpresek aurreko eskaera berrets dezakete. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, aurreko oinarrian adierazitako epean eta moduan:

a) Aurreko eskaera berresten duela dioen adierazpena, hots, enpresa txiki eta ertainetarako inbertsioetarako laguntzen 2016ko deialdirako (2016ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

2016. urtean zer inbertsio proiektutarako eskatu zen laguntza, berrespenak hari bakarrik eginen dio aipamena. Enpresak aurreikusia baldin badu beste inbertsio batzuk egitea, eskaera berri bat aurkeztu beharko du, oinarri arautzaile hauen araberakoa.

b) 7.3. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

2. Inbertsio proiektu horiek oinarri arautzaile hauetan xedatutakora egokituko dira, salbu 3.2 oinarrian aipatutako gauzatze aldiari dagokionez, zeren, kasu horretan, hasiera data 2016ko deialdian ezarritakoa izanen da.

Espedienteak ebazteko ordenari dagokionez, hurrengo oinarrian ezarri baita, 1. atalean aipatutako dokumentazioa aurkezteko eguna hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazioaren ondoriozko intentsitatearen arabera diru-laguntza esleitzeko irizpideak 3., 4., 5. eta 6. oinarrietakoak dira.

10. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Inbertsioa Sustatzeko Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Aldez aurretik, aipatutako organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntza ukatuko dela.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik sei hilabetera eman eta jakinaraziko da.

Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean honako hau adieraziko da:

a) Inbertsioa justifikatzeko epea, hurrengo oinarrian adierazitakoaren arabera.

b) Zer aurrekonturen kargura ematen den laguntza: 2018ko aurrekontua, baldin proiektuaren bukaera eta justifikazioa 2018ko uztailaren 1a baino lehen aurreikusia badago, eta 2019ko aurrekontua baldin egun horren ondotik bukatzea aurreikusten bada.

4. Aurrekoa gorabehera, behin 2018ko aurrekontua bukaturik, 2019ko aurrekontuaren kargura emanen dira laguntzak.

11. oinarria.–Inbertsioa justifikatzeko epea eta modua

1. Behin inbertsioa eginik, onuradunek 2017ko abenduaren 1etik 2019ko martxoaren 31ra bitarte justifikatzen ahalko dute. 2018ko aurrekontuaren kargura diruz lagundutako proiektuen kasuan, inbertsioa 2018ko uztailaren 1a baino lehen justifikatu beharko da.

Behar den epea igarota egiten bada justifikazioa, baina hurrengo hilabetearen barnean, onartutako diru-laguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

2. Ezarritako epeetan, onuradunek, telematika bidez, inbertsioa egin izana frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, zehazki laguntzen fitxan adierazitakoa.

Aurkezpen hori baino lehen, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak dokumentu bat igorriko die enpresa onuradunei, laguntzan sartzen diren inbertsioak zehaztuta, gainerako frogagiriekin batera osatu eta aurkeztuko dena.

3. 6.1 oinarriko h) eta i) letrei jarraikiz laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten onuradunek baldintza berak bete beharko dituzte frogatzeko orduan. Bestela, laguntzaren intentsitatea benetan frogatu denaren arabera murriztuko da ordaintzeko ebazpenean.

4. Proiektua gauzatzean aldaketak edo ebazpenean aurreikusten ez ziren inbertsioak egiten badira, enpresak frogatu beharko du proiektuaren helburuarekin lotuta daudela, bai eta hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa ere, 4.1.d) oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Ez dira diruz lagungarriak izanen laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez funtsezkoak diren aldaketak, ezta aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen ez dutenak ere.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hau betiere aurkeztuko da, bai gardentasun betebeharra izanik (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko beharkizunak betetzeagatik) bai izan gabe ere (kasu honetan, hori hala dela agertuko da adierazpenean).

Baldin gardentasun betebeharra duten onuradunek epez kanpo komunikatzen badute 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan eskatutako informazioa, onartutako diru-laguntza %10 murriztuko da, informazio hori hurrengo 10 egunetan aurkezten bada. Bestela, adieraziko da hura kobratzeko eskubidea galdu dela.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egin eta frogatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Diru-laguntza lortzen duen inbertsioa atxikita mantentzea enpresak Nafarroan duen jarduera ekonomikoari, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean diru-laguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Laguntzaren ebazpenean haren %50 Europar Batasuneko egitura funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 14. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.

g) Jasotako diru-laguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 3 urtez (laguntza pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2017ko deialdian”.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Baldin inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa, organo kudeatzaileak frogagiriak egiaztatu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako inbertsioaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Baldin portzentaje hori onartutako inbertsioaren %50etik beherakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

c) Baldin 11.1 oinarrian eta oinarri honen 1. ataleko a) letran ezarritako epeak betetzen ez badira, onartutako diru-laguntza %10 murriztuko da.

Ez da a) eta b) letretan xedatutakoa aplikatuko baldin onuradunak 2018ko apirilaren 1a baino lehen komunikatzen badu, laguntzen fitxaren bidez, egin beharreko inbertsioaren murrizketa.

13. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, Inbertsioa Sustatzeko Atalak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Hartan, agertuko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

2. Ordaindu aurretik, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Diru-laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotiko gorakoa bada, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da.

b) Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela, gutxienez diru-laguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Ordainketa agintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

14. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan eskatzen dena bete beharko dute proiektuek.

EGEFek (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Inbertsioko proiektua finantza errentamenduko eragiketen bidez ez finantzatzea.

c) Proiektuak bere baitan ez izatea lurrak edo ondasun higiezinak erostea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari edo hari zuzenean edo zeharka lotutako beste erakunde edo entitate bati.

2. Laguntza hauen onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:

a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) EB 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.

c) Onuradunak EGEFen ekarpenaren berri eman beharko du, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 3 urtez (laguntza pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

F1709629_0.pdf

Onuradunak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

d) Diru-laguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (www.dgfc.sgpg.meh.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

15. oinarria.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen duen best edozein laguntzarekin.

Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

Betiere, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

16. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan, 14. artikuluan (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) eta 17. artikuluan (“ETE-en aldeko inbertsiorako laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinak merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (http://www.dgfc.sgpg.meh.es/sitios/dgfc/eu-ES/Paginas/inicio.aspx).

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1709629