163. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

317/2017 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, argiteria publikoari dagokion atalean sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana osatzen dute arau horretan aurreikusitako jarduketek, Toki Programazioaren atalean jasotakoek, besteak beste. Zehazki, 11. artikuluko D) atalak ezartzen duenez, atal horretan sartuko dira, beste inbertsio batzuekin batera, kaleko argiei dagozkienak.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 15. artikuluak, II. kapituluko Toki Programazioa izeneko bigarren atalaren barnekoak, prozedura ezartzen du Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak onartzeko eta horietarako gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko.

Lehen atalean xedatzen duenez, Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartzeko eskaerak bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira foru lege honek indarra hartzen duen egunetik. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, inbertsioak hautatu eta lehenetsi ondoren, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda bat, honakoak bilduko dituena: aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzatzekoak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, erreserban gelditu diren inbertsio eskaeren behin-behineko zerrenda eta foru lege honen beharkizunak ez betetzeagatik onartu ezin diren eskaeren behin-behineko zerrenda. Era berean, ezartzen da inbertsioen behin-behineko zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dela, eta argitaratzen denetik hamabost egun balioduneko epe bat izanen dela alegazioak aurkezteko.

Espedientean dago Toki Azpiegituren Zerbitzuak 2017ko abuztuaren 4an emandako txostena, agertzen duena 305 eskaera aurkeztu direla, denak behar den epean, hots, 2017ko otsailaren 28a baino lehen, Untzuko Kontzejuaren eskaera izan ezik. 18/2016 Foru Legearen IV. eranskinari jarraikiz aurkeztutako dokumentazioa egiaztaturik, proposatzen da horietako 30 ez onartzea, ez dituztelako betetzen aipatutako legean ezarritako betebeharrak, eta aurkitu direlako, ofizioz edo toki entitateek igorritako eskabideetan oinarriturik, bikoiztasunak eta beste gorabehera batzuk, txostenean zehaztuak. Hala, 262 espediente proposatu dira denera. Gainerako eskaerek foru lege horren 18. artikuluko beharkizun orokorrak betetzen dituztela egiaztatu da.

Emandako puntuazioa esleitzeko, kontuan hartu da, lehenik, inbertsioa zenbateraino den beharrezkoa. Horretarako, arauetan xedatutakoarekin bat, aintzat hartu dira pertsona eta ondasunetarako arriskuak, aurreikusitako energia aurrezpena, eta instalazioa noizkoa den. 18/2016 Foru Legearen 13. D) artikuluaren araberakoak dira erabilitako hautaketa irizpideak. Bigarrenik, azkeneko puntuaziorako, kontuan hartu dira aipatutako foru legearen 13. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan araututako irizpideak. Txosten teknikoan, xeheki azaldu da nola eman den atal bakoitzari dagokion puntuazioa; hortaz, behar bezala arrazoitu da lehenesteko eta hautatzeko proposamena.

Zoladura eta sareak egiteko lanak egin behar dituen toki entitateak argiteria publikorako lur azpiko kanalizazio lanak egin behar baditu Toki Inbertsioen Planaren kargura, atal horrekin lotutako jarduketa guztiak argiteria publikoaren atalerako eskaera gisa sartuko dira, eta txostenean ukitutako espedienteen zerrenda jasoko da.

18/2016 Foru Legearen I. eranskinean jaso dira Toki Inbertsioen Planerako ekarpenak, toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura, 2017., 2018. eta 2019. urteetarako. Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostenak proposatzen du inbertsioen urtez urteko banaketa aldatzea argiteria publikoari dagokionez, aintzat harturik irizpide teknikoak eta aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarria.

Bestalde, 6.000.000 euroko erreserba bat proposatzen da txosten horretan, Toki Programazioaren atalaren baitan, 4.2 eta 4.3 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz; horietatik 3.850.000 euro larrialdietako eskaerei eta inbertsio osagarriei erantzuteko erabiliko dira, bai eta Inbertsio Programen eta Toki Programazioaren ataletako salbuespeneko araubidea finantzatzeko ere, eta 2.150.000 euro, berriz, Toki Programazioko inbertsioen gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko unean 100eko 10erainoko igoera ordaintzeko, kasua bada. Aurrekoarekin bat, argiteria publikoaren atalean 725.684,20 euroko erreserba proposatzen da.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak hauen proposamena egin du: aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 120 inbertsioren behin-behineko zerrenda, eta urtez urteko banaketa, gehienez ere 4.274.315,80 euroko ekarpenarekin (7.370.739,15 euroko inbertsioa, BEZa kanpo); erreserban gelditu diren 142 inbertsioren behin-behineko zerrenda, 5.318.200,18 euroko behin-behineko ekarpenarekin (9.371.845,87 euroko inbertsioa, BEZa kanpo); eta 30 inbertsio ez onartzea, 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. Hori dena, foru lege horren 15.2 apartatuan xedatutakoarekin bat.

18/2016 Foru Legearen V. eranskineko D) atalean jasotako baldintzei egokitzen zaie proposamena. Hartan, arautzen da zer oinarri erabili zenbateko lagungarria kalkulatzeko, argiteria publikoaren kontzeptuan. Foru lege horren 12. D) artikuluan araututako jarduketak hartuko dira lagungarritzat, eta proposamenean zehazten da gehieneko ekarpen ekonomikoa 150.000 eurokoa izanen dela toki entitate bakoitzeko.

18/2016 Foru Legearen 14. artikuluan ezartzen denez, argiteria publikoari dagozkion jarduketetan, zenbateko lagungarrirako gehieneko ekarpen ekonomikoaren ehunekoa, BEZa kanpo, %50 izanen da BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten inbertsioetan, eta %60, berriz, BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen ez duten inbertsioetan. Kasu honetan, inbertsio guztiei %60 aplikatuko zaie ez dutelako BEZaren kenkaria egiteko eskubidea.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Antolamendurako Zerbitzuaren txostenak daude, abuztuaren 9koak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten duena.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, argiteria publikoaren atalean, sartutako inbertsioen behin-behineko zerrenda eta urtez urteko banaketa onestea.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren atalean, argiteria publikoari dagokionez sartuta dauden eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 120 inbertsioren behin-behineko zerrenda, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa. Inbertsioa, guztira, 7.370.739,15 eurokoa da (BEZa kanpo). Zerrenda eta urtez urteko banaketa 1. eranskinean jaso dira.

2. Onestea erreserban gelditu diren 142 eskaeren behin-behineko zerrenda, argiteria publikoaren atalari dagokionez, 9.371.845,87 euroko behin-behineko inbertsioarekin (BEZa kanpo). 2. eranskinean jaso da zerrenda.

3. Onestea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren 30 eskaeraren behin-behineko zerrenda, 3. eranskinean jasotzen dena.

4. Behin-behinekoz 725.684,20 euro erreserbatzea, argiteria publikoaren atalean, 4.3 artikuluan Inbertsioen Planetako jarduketetarako eta Toki Programaziorako adierazitako erreserbei eta 4.2 artikuluan Toki Programaziorako adierazitakoei erantzuteko helburuarekin.

5. Hamabost egun balioduneko epea ezartzea, ebazpena argitaratzen denetik hasita, toki entitateek alegazioak aurkez ditzaten, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 48/2017 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera. Foru agindu horren bidez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeari buruzko eskaerak eta agiriak aurkezteko modua arautu zen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 10ean.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

1. ERANSKINA

Aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzatzekoak diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, eta horien urtez urteko banaketa.

2. ERANSKINA

Erreserbako inbertsioen behin-behineko zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera.

3. ERANSKINA

18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen behin-behineko zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1709542