163. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, Animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2017ko apirilaren 27an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

2017ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik eta alegazioak ezetsi ondoren, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.

Uharten, 2017ko uztailaren 5ean.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

ETXEKO ANIMALIAK, BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Uharteko udal mugartean, pertsonen eta etxeko animalien arteko harremanetan izan behar diren baldintza eta osasun arauak ezartzea, bai eta, Udalaren eskumenen barrenean, haien inguruko jarduera guztiak arautzea ere.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskutsuak ez badira, hirugarrenik gogaitzen ez bada, egokiro edukitzen badira eta higienearen aldetik bizilekuan behar diren baldintzak betetzen badira.

Animalien inguruko merkataritzako produkzio edo zerbitzuen jarduerek ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete eta Udalaren nahitaezko baimena izan beharko dute, eta ondotik nahitaezkotzat jotzen diren zuzenketak aplikatu beharko dituzte; udal zerbitzu teknikoek noiznahi ikuskatzen ahal dute.

II. KAPITULUA

Etxeko animaliei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatzetik sortzen diren ondorioetarako, “etxeko animalia eta/edo lagun egiteko animalia” da gizakiarekin bizi dena, harengandik irabaziak ateratzeko asmorik gabe.

4. artikulua. Etxeko animalien edo lagun egiteko animalien jabeek dute haien zaintza etengabearen ardura. Etxeko edo lagun egiteko animaliak etxebizitzetatik at libre ibiltzen badira, abandonatutzat hartuko dira eta udal zerbitzuek biltzen ahalko dituzte. Udal agintaritzak haiekin zer egin erabakiko du jabeek erreklamatzen ez badituzte harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epean. Epe hori iragandakoan, ez dago ez erreklamatzeko ez kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, eta bidezko administrazio-zehapena aplikatuko da.

Lehen-lehenik, animalia udal zerbitzuen eskutan utzi edo agintaritzaren agenteei salatu zienari eskaintzen ahalko zaio eta, bigarrenik, animaliak babesteko elkarteei; bertze aukera bat da hura saltzea, hiltzea edo dohaintzan ematea esperimentaziorako. Ez da izanen gero erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak zakurraren jabeak edo erosleak ordaindu beharko ditu.

5. artikulua. Debeku da animaliarik sartzea pertsonen garraio publiko kolektiborako ibilgailuetan.

Debeku da lagun egiteko animaliak aparkatutako ibilgailuetan 4 ordu baino gehiago edukitzea, eta haiek ezin dute inolaz ere animalien bizileku izan. Udan, barruan animaliaren bat duten ibilgailuak itzalean aparkatu beharko dira, eta denbora guztian aireztatuta egon beharko dute.

6. artikulua. Debeku da animaliak honako toki hauetan sartzea: jakiak fabrikatu, prestatu, bildu edo saltzen diren lokaletan eta horretarako erabiltzen diren ibilgailuetan; kirol nahiz kultur ikuskizun publikoak egiten diren tokietan; erabilera publikoko igerilekuetan; eta gizakiendako osasun etxeetan eta ikastetxeetan. Eraikinetako igogailuetan, berriz, sartzen ahal dira, baina animaliak daramatzaten erabiltzaileak eta ez daramatenak elkartzen badira, azken hauek igogailuan aurrenak eta bakarrik joateko eskubidea izanen dute. Animaliak daramatzatenek igogailua garbitu beharko dute, erabili ondotik beharrezkoa baldin bada.

Jendeari ostatu ematen dioten etxeen eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, baina halakoetan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Debeku hauetatik salbuetsiak daude ikusmen urria duten pertsonekin joaten diren gida zakurrak.

7. artikulua. Eritasun kutsagarri baten aztarnak baldin badira eta lagun egiteko animalia batek pertsona edo animalia bati ausiki egiten badio, osasun ikuskaritzako zerbitzuei eta udal zerbitzuei jakinaraziko zaie.

Lagun egiteko animalia batek, arriskugarri gerta daitezkeenen artean hasieran sailkatua ez izan arren, bertze animalia bati edota pertsona bati eraso egiten badio, titularra behartua dago arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia tramitatzera 15 eguneko epean eta, halaber, horrelakoak edukitzeko arautegi berariazkoa betetzera. Bertzenaz, animalia bahituko da eta Udalaren esku geldituko.

Bertzalde, animalia erasotzailearen jabea edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasoa jasan duen pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, hala eskatuz gero. Gainera, beharturik daude animalia eurekin edukitzera, albaitaritza zerbitzu eskudunek zehazten dituzten denbora eta baldintzetan.

8. artikulua. Udal zerbitzuek pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak egin edo behin eta berriz haiek gogaitzen dituzten animaliak bahituko dituzte, baita honako arau hauek lehenagotik hautsi dituztenak ere, fakultatibo eskudunaren ikuskapenarekin.

9. artikulua. Debeku da eta, hortaz, udal agintaritza eskudunak zehatuko du, animaliak abandonatzea, bai aire zabalean bai finka edo eremu itxietan, eta debeku, orobat, abandonaturik dauden animaliei jatera ematea.

Agintariek eta herritarrek jakiten badute udal mugartean animalia abandonaturik badela, udal zerbitzuei jakinarazi beharko diete.

10. artikulua. Etxeko kontsumorako hegaztiak, untxiak edo antzeko animaliak etxebizitza partikularretako terraza edo patioetan hazi ahal izateko baldintza izanen da bizitokiaren egoerak, instalazioen egokitasunak eta animalia kopuruak horretarako bidea ematea, bai alderdi higieniko-sanitarioari, bai auzokideentzat edo beste pertsona batzuentzat enbarazurik edo arriskurik ez eragiteari dagokienez.

11. artikulua. Etxebizitzetan animalia basatiak edukitzeko Udalaren berariazko baimena beharko da, betiere ondoko baldintzak betez gero:

Bertako espezieetakoak ez diren animaliak: Espainiak berretsitako nazioarteko itunek baimendutako espezieetako animaliak dituzten jabeek egiaztatu beharko dute animalien jatorria legezkoa dela. Ez da inolaz ere baimenduko hozka egitearen ondorioz pozoidura eragin dezaketen animaliak edukitzea, ezta alarma sozial arrazoizkoa eragiten dutenak ere.

Bertako espezieetako animaliak: debeku da halako animaliak izatea Animaliak Babesteko Legeak debekatzen badu edo alarma sozial arrazoizkoa eragiten badute.

12. artikulua. Animalien jabeek eta edukitzaileek utzi beharko diete udal agintaritzako agenteei eta/edo osasun arloko ikuskariei beharrezkoak diren bisitak egiten, ikuskapenak egin eta aurreko artikuluetan zehazten diren baldintzak betetzen direla egiazta dezaten. Betiere aplikatu beharko dira udal agintaritzak ezarritako neurri higieniko-sanitarioak.

Udal agintaritzak animaliak kentzeko eskatu ahalko du, arrisku fisiko edo sanitariorik izanez gero, edota irizten bada auzokideei behin eta berriz enbarazu egiten dietela, eta betiere hori egiaztatzen bada.

III. KAPITULUA

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

13. artikulua. Zakurrei ere aplikatuko zaizkie animaliei aplikatzen zaizkien arau orokorrak eta, zehazkiago, lagun egiteko animalien gainekoak.

14. artikulua. Nahitaezkoa da udal mugartean bizi diren zakur guztiak erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan inskribatzea. Titulartasunaren edo helbidearen gaineko edozein goiti-beheiti, baja edo alta gertatzen bada, jabeak erakunde eskudunei jakinarazi behar die dena delakoa, gertatu eta gehienez ere 15 egunean, edo goragoko legerian ezartzen den epean. Udalak tasa bat kobratzen ahalko die udalean erroldaturiko zakurren jabeei, eta tasa horren xedea zakurrentzako guneak edo haientzako zerbitzuak mantentzea izanen da. Urtero onesten diren zerga-tasak, tasak eta prezio publikoak onestean ezarriko da tasa hori.

Zakurren alta egiteko, legezko arauetan ezarritako epean eta horren araberako baliabideekin identifikatuko dira.

Era berean, udal mugartean bizi diren zakur guztien eta udal mugartean dagoen beste edozein zakurren kasuan, zakurraren ADN laginak hartzea errazteko betebeharra dute administrazioak edo agintaritzako agenteek eskatuz gero, dela jasotako beste lagin batzuekin alderatzeko edo dela udal mugartean erroldaturiko zakurren datu basea osatzeko. ADNaren bidez egiaztatuko balitz kalean jaso gabeko gorozki bat zakur zehatz batena dela, ADN analisien gastuak zakur horren jabearen kargura izanen dira, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal den zehapena.

15. artikulua. Udal mugartean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak zakurrei paratzea, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasi eta berritua. Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko gisa ezarritako txerto eta tratamendu guztiak paratzea ere. Zakurra daramanak beti eraman beharko du aldean animaliaren identifikazio txartela eta txertoen kartilla, eta horiek eskatzen dizkioten agintaritzako agenteei erakutsi beharko dizkie.

Zakurrak identifikatu eta haiei txertoak paratzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren egiaztagiria eta haren berri emanen zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

16. artikulua. Uharteko udal mugarteko alderdi guztietan debeku da zakurrak aske ibiltzea, horretarako hesitu eta seinalatu diren tokietan izan ezik, erran nahi baita, “zakurren aisialdirako eremuetan” izan ezik.

Arriskutsu gerta daitezkeen zakurrak beren titularrari, beharrezko lizentzia edukiko duenari, loturik ibiliko dira nahitaez, gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo katea erabiliz horretarako, eta beren arrazarako egokia den muturreko homologatua ezarria dutela. Mota horretako zakur bakar bat eramaten ahalko du pertsona bakoitzak.

Arriskutsutzat jotzen ez direnendako baimena ematen da hede luzagarriak erabiltzeko, gehienez ere 2 metrokoak, betiere arduradun batek eramaten baditu.

Udal mugarteko alde guztietan, artikulu honetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta behar den zerbitzuak bildu edo konfiskatu eta atxikiko ditu, eta ordenantza honetan ezarri bezala jokatuko da haiekin.

17. artikulua. Debeku da animaliarik edukitzea arduradunak behar bezala kontrolatu ezin dituen lekuetan, esaterako, haurrendako parkeetan bai eta berariaz debekua seinalaturik dagoen leku publikoetan ere. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

18. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonen ardura izanen da zakurrek espaloietan eta galtzadetan kaka egitea galaraztea. Era berean, debeku da animaliek pixa egitea iragazkorrak ez diren eremuetan, esaterako, espaloiak, atariak, etab., eta bereizi egin beharko da pixa egitea animaliarenak diren beste portaera batzuetatik.

Zakurraren gidari edo arduraduna behartua dago hark egindako gorotzak jaso, kendu eta bilduta deuseztatzera (zakurren aisialdirako eremuetan egiten direnak barne). Jabearen ardura izanen da gorozkiak nahiz pixa egin diren lekua garbitzea.

Debeku da animalien gorozkiak uztea eremu publikoetan (lorategiak eta landa bideak barne). Horrenbestez, animalien jabeek gorozkiak jasotzeko poltsak eraman, poltsak itxi eta udal agintariek espresuki horrexetarako jarritako lekuetan utzi beharko dituzte edo, halakorik ezean, zaborrontzi egokietan. Inolako zaborrontzirik aurkitzen ez badute, besterik ezean, beren etxera eraman eta etxeko zakarrontzian bota beharko dute. Gorozkiak dituen poltsa kalean uztea ez jasotzea bezala ulertuko da.

19. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edan dezaten, bai eta animaliak kalean edo iturri horietan garbitzea ere.

20. artikulua. Atari zakurrak libre uzten ahalko dira bakar-bakarrik jabetza partikularreko esparruetan, baldin eta eremu publikotik behar bezala itxirik badaude, alegia, kanpora ateratzea ezinezkoa dutela, eta jabea beharturik dago babestutako esparru horren sarbide guztietan seinaleak paratzera, argi ikusteko lekuan eta irakurtzeko maneran, zakurra bertan dela ohartarazteko, 2. artikuluan aipatzen diren trabak inola ere gerta ez daitezen.

Zaintzarako zakurrak eta oro har, loturik edo eremu txikian edukitzen diren animaliak, ezin dira etengabe eduki egoera horretan. Halaber, etxola bat izan beharko dute, babesean egon ahal izateko. Txakurtegia egiteko ezin izanen da erabili animalia zauritu dezakeen materialik, behar bezala aireztatua egon beharko du eta beti garbi eta egoera onean mantendu beharko da.

21. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

Debeku da norberaren etxeko balkoiak, terrazak, etab. txakurren egoitza finko moduan erabiltzea, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez handik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo eremu publikoa.

22. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen “gida zakurtzat” hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsu izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gida zakurraren egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

23. artikulua. Hirigunean, hiru hilabete baino gehiagoko lau zakurri ematen ahal zaie, gehienez ere, ostatu, jarduera bat kaltegabetzat hartzeko eta, beraz, jarduera sailkatuaren espedientea behar ez izateko.

24. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Uharteko Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatuak biltzea.

b) Lagun egiteko animaliak konfiskatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

25. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

Arau-hausteak

26. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du, eta ondoko artikulu hauen arabera zehatuko da:

Zehapen prozedurari ofizioz emanen zaio hasiera, erakunde eskudunak erabakirik, bai beraren ekimenez bai salaketa baten ondorioz.

27. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

28. artikulua. Zehapenaren tramitazioa eta prozedura Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorrari eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duenari atxikiko zaizkie.

29. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta hura garatzen duen araudia, eta Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legea eta araudi osagarriak.

Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

1.–Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak eginen dira jardueretarako ordenantza honen xedapenak ez betetzean, arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badute. Zehatz-mehatz, hauek dira hutsegite arinak:

a) Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea, arriskutsu izan daitezkeen zakurrak izan ezik, orduan berariazko araudia ezarriko baita.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

d) Animaliak garraio publiko kolektiborako ibilgailuetan sartzea eta baimendu gabeko tokietan ibiltzea zakur gidariak direlarik izan ezik.

e) 17. artikuluko arau-hausteak, animaliak egoteko tokiei eta eragiten dituzten trabei buruz.

f) Arriskutsu gerta daitezkeen motakoak ez diren zakurrak edo 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

g) Zikintzea eta animalien gorozkiak edo pixa ez garbitzea edo bildu gabe uztea iragazkorrak ez diren eremu publikoetan. Gorozkiak jasotzen ez badira, zehapenetan aurreikusitako kopuruen erdi handiena aplikatuko da beti.

h) Animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea, bai eta animaliak kalean edo iturri horietan garbitzea ere.

i) Agintaritzako agenteek animaliaren dokumentazioa eskatzen dutenean haiei ez erakustea.

2.–Arau-hauste larriak dira:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animalia behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin edo erabiltzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

g) Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.

h) Arau-hauste arinetan hiru aldiz berrerortzea.

i) Atari-zakurra dagoela ez adieraztea hura dagoen esparruko sarbideetan, baita, halakoetan, behar bezalako babesik ez izatea ere.

j) Zakurraren ausikia gertatzen denean, 7. artikuluaren aurkako arau-hausteak, jakinarazteko eta protokoloa betetzeko betebeharrari dagokionez.

k) Zakurraren ADN laginak hartzea ez erraztea halakorik eskatzen denean.

l) Lagun egiteko animaliatzat hartzen ez diren etxeko animaliak eta animalia basatiak izatea, baimen espresurik gabe.

m) Udal agintaritzak ezarritako baldintzak edo neurriak ez betetzea.

3.–Arau-hauste oso larriak dira:

a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

c) Arriskugarri gerta daitezkeen edo pozoitsuak diren animalia basatiak edukitzea.

d) Arau-hauste larrietan hiru aldiz berrerortzea.

Arau-hausteak kalifikatzean, asmoa, egindako kaltearen tamaina, osasun arriskua izatea, pertsonen osasunerako edo animaliaren beraren osasunerako arrisku egoera, izandako partaidetza maila eta lortutako irabaziak, egindako kaltearen konponezina eta, oro har, Udalaren agintaritza eskudunak atzemandako aringarriak eta astungarriak ere hartuko dira kontuan.

Zehatz-mehatz, aringarritzat hartuko da zakur batek ihes egiten duenean bere arduradun edo jabeak nahi gabe, jabeak hori ez gertatzeko neurriak hartu ondoren.

30. artikulua. Ordenantza honetako aurreko artikuluari jarraikiz kalifikatutako arau-hausteak honela zehatzen ahalko dira:

–Arinak, 60 eta 200 euro bitarteko isunarekin.

–Larriak, 201 eta 600 euro bitarteko isunarekin.

–Oso larriak, 601 eta 3.000 euro bitarteko isunarekin.

Arau-hausleak isuna ordaintzen badu jakinarazpenaren ondoko 15 eguneko epean, %50eko hobaria izanen du, betiere zehapen horren kontrako errekurtsorik aurkezten ez badu.

31. artikulua. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:

Zehapen espedienteak ebazteko ahalmena alkateari dagokio.

32. artikulua. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan honako hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea, Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legea, eta alor honetan aplikatzen ahal diren arau guztiak.

I. ERANSKINA

2018. urteko tasa

Udalean erroldaturiko zakurren jabeek ordaindu beharreko tasa. Tasa horren xedea zakurrentzako guneak edo haientzako zerbitzuak mantentzea izanen da.

Urteko tasa: 6 euro zakur bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L1708422