161. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Udalaren bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Erriberriko Udalak, uztailaren 3an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Erriberriko Udalaren bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen udal ordenantza.

Erriberrin, 2017ko uztailaren 5ean.–Alkatea, Andoni Lacarra García.

ORDENANTZA, ERRIBERRIKO UDALAREN BAZKALEKUETAKO LARREEN ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Erriberriko herri larreetako bazkalekuen esleipena eta aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluan eta harekin bat heldu den araudian ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua. Orokorrean, herriko bazkalekuetako larreak erabili ahal izateko, familia unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udalaren Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez sei (6) urteko antzinatasunez.

c) Erriberrin urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Erriberriko Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzean sor litezkeen zalantzak Udalbatzak ebatziko ditu, osoko bilkuran, Nekazaritza Batzordeak txostena egin ondotik.

3. artikulua. Erriberriko Udala bazkaleku hauen titularra da, eta hauek, gutxi gorabehera, haien edukiera gordin eta garbia, eta mugak:

Monte Encinar-Berico.–8.730 erregu gordin eta 7.929 garbi dauzka (Monte, 4.640 erregu gordin eta 4.082 garbi, eta Berico, 4.090 gordin eta 3.847 garbi). Mugak: iparraldean eta mendebaldean Tafallako udal mugapea, hegoaldean Torres, Paulino de Miguel, Caya Díez eta Montplanet bazkalekuak, eta ekialdean Salve Regina bazkalekua.

San Antón.–4.191 erregu gordin eta 3.987 garbi. Mugak: iparraldean Caya Díez, Paulino de Miguel eta Jeringa bazkalekuak, hegoaldean La Plana eta Araiz bazkalekuak, ekialdean Parralla eta Pistolas bazkalekuak, eta mendebaldean García, Goyena eta Torres bazkalekuak.

Pistolas.–4.550 erregu gordin eta 4.381 garbi. Mugak: iparraldean La Jeringa, hegoaldean Baretón eta Parralla, ekialdean Estremad, eta mendebaldean San Antón.

Falconera, Lotes eta Llecos del Prado.–4.400 erregu gordin eta 3.447 garbi. Mugak: iparraldean Tafallako udal mugapea, hegoaldean San Martin Unxeko errepidea eta Valoriako mugapea, ekialdean San Martin Unxeko mugapea, eta mendebaldean Erriberriko Saso eta Pradoko ureztalurrak.

Baretón.–3.590 erregu gordin eta 3.507 garbi. Mugak: iparraldean Pistolas, hegoaldean La Plana, ekialdean Pitillasko eta Murillo el Cuendeko udal mugapeak, eta mendebaldean La Plana eta La Parralla.

Egin diren basoberritzeen ondoriozko deskontuagatik dira aldeak, eta Falconeraren kasuan, berriz, sakanak eta baratze-loteek hartzen dituzten lurrengatik.

Ehizarako erreserba eta hazte eremuak ere deskontatu dira.

4. artikulua. Erriberriko Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

5. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun.

6. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak lehentasunez, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Erriberriko Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatu behar:

a) Erriberriko Udalean beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazka ekoizteko lurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenean edo zuzenean ustiatzen ez dituztenean.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu arren (artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak), ezarritako epean aurkezten ez direnean.

Udal bazkalekuen esleipena hartu duen familia unitateko titularrak abeltzaintza ezarritako epea baino lehen uzten baldin badu, Udalak erabakiko du larre horiek nola erabili, esleipen epea burutu arte.

7. artikulua. Esleipen epea zortzi (8) urtekoa izanen da, dagokion urteko uztailaren lehenetik hasita, eta ez da berez luzapenik izanen, arrazoi justifikaturen bat eta Osoko Bilkuraren aldez aurreko erabakirik izan ezean.

8. artikulua. Aprobetxamenduaren prezioa Erriberriko Udaleko Nekazaritza Batzordeak edo legez ordezten duen organoak ezarriko du.

Prezioa desberdina izaten ahalko da sartzen den azienda motaren eta aprobetxamenduaren intentsitatearen arabera.

Esleipenaren prezioa urtero berrikusiko da, kontsumoko prezioen goiti-beheitien arabera.

9. artikulua. Aprobetxamenduaren esleipeneko urteko zenbatekoa ordainduko dute esleipen-hartzaileek, Udalak aldez aurretik jakinarazita.

Jakinarazi eta 15 egun pasatuta ordaintzen ez bada, premiamendu bidez kobratuko da.

10. artikulua. Onuradunak, esleipena gertatu eta hurrengo 5 eguneko epean, esleipen prezioaren %4 utzi beharko du, behin betiko fidantza gisa.

Fidantzaren partez, arauek agindu bezala egindako banku abala ere aurkez daiteke.

Fidantzak, modu batera edo bertzera emanda, larreen aprobetxamendurako baldintzak bete daitezen balio izanen du eta esleipen aldia burututakoan kitatu eginen da, Udalak bazkalekuaren eta haren instalazioen egoera aztertu ondotik.

11. artikulua. Herri larreak aprobetxatzen dituen aziendak indarra duen osasun legedia betetzen duela frogatzeko agiriak eduki beharko ditu.

Erriberriko Udalak aprobetxamenduaren edozein unetan eskatzen ahalko du agiri horiek aurkez daitezela.

12. artikulua. Udalak beretako gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena, belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen baldin badu ere, azpiegitura lanak, landaketak, oihan berritzeak eta bertzelakoak egiteko, betiere bazkalekuko esleipen-hartzaileari hilabete bat aurretik, bederen, haren berri eman ondotik.

Kasu horretan, urritutako azalerari proportzioz dagokion kopurua kenduko da aprobetxamenduaren preziotik.

13. artikulua. Belarren esleipen-hartzaileak saiatuko dira lugorrietan kalterik ez egiten azienda bertatik etengabe pasatzeagatik edo gehiegi erabiltzeagatik. Kalteak eragiten badira, udal zerbitzuek ebaluatuko dituzte, eta kaltea eragin duen esleipen-hartzaileak lurzatiaren titularrari horien ordaina emanen dio.

Hori betetzen ez bada, bidezkoa den kalte-ordainaz gainera, Udalak kasuan kasuko legezko zehapenak ezarriko ditu.

14. artikulua. Azienda ezin izanen da sartu besorako mahastiak landatuta dauden lurzatietan, hala herrilurretan daudenetan nola partikularretan, landaketak iraun bitarte; horregatik, bazkaleku bakoitzean dagoen labore horren azalera esleipen preziotik deskontatuko zaio abeltzainari, eta mahastiaren titularrari ordainaraziko zaio.

Ezin izanen da sartu ontzi itxurako mahasti landatu berrietan, harik eta landatu eta lau urte pasatu arte, eta beti errespetatu beharko dituzte euriondoko bi egun gutxienez.

Edonola ere, belarren aprobetxamendua murrizten duten labore iraunkorrak edo bizi luzekoak landatzeko, Udalaren baimena beharko da aldez aurretik, eta Udalak ezarritako baldintzak onartu beharko dira.

15. artikulua. Herrilurretan zerealetarako diren loteak (urte batean ereiten direnak baina hurrengoan ez) ezin izanen dira landatu erein eta hurrengo urteko apirilaren 15a baino lehen.

Ziklo jarraituko lurzatiak ezin izanen dira landatu, uzta bildu ondoren, irailaren 5a baino lehen.

16. artikulua. Ezin izanen dira erre bazkalekuak osatzen dituzten finketako eta herrilurretako uztondoak, mugak, lur landugabeak, erretenak etab., behar handiko kasuetan izan ezik, betiere behar hori frogatu eta Udalak baimena ematen badu, alde batera utzi gabe bidezkoak diren beste baimen batzuk.

17. artikulua. Zereal uzta bildu ondoren, urte batean ereinez eta hurrengoan atseden emanez lantzen diren herrilurretako lurzatietan uzta bildu ondotik geratzen den lastoa abeltzainak aprobetxatuko du, eta paketeak eginez biltzen ahalko du bere eskortan erabiltzeko soilik, eta ezin izanen da, inolaz ere, txikitu.

Ziklo jarraitukoak diren herrilurretako lurzatietan, horietako erdien lastoa, aldez aurretik abeltzainarekin adostuta, lurzatia esleitua duen nekazariak aprobetxatzen ahalko du; horretarako, lurzatien txandakatzea ezarriko da, urte guztietan berberak izan ez daitezen.

Abeltzaina arduratuko dagozkion lurzatien erdian lastoa kentzeaz, eta uzta bildu ondoko hogei egunean egin beharko du. Hala egin ezean, eta kentzeak dakartzan kostuez gainera, bidezkoa den zehapena ezarriko zaio.

18. artikulua. Debeku da bideetan, lur landugabeetan, altxonbideetan eta abarretan belar-hiltzaileak botatzea.

Era berean herrilurretako lurzatietan luberritzearen ordez, ereite zuzeneko kasuetan izan ezik, halakoetan gehienez ere erein baino bost (5) egun lehenago botako baitira produktuak, aldez aurretik abeltzainari esanda.

19. artikulua. Espezie kaltegarrien ugaltzea saihestearren (esate baterako larre-oloa edo bolanderak), behin bakarrik baimenduko da, udaberrian, arrisku gutxiko eta hondar eraginik gabeko belar-hiltzaile baimenduak botatzea luberritzearen ordez. Abeltzainari jakinarazi beharko zaio noiz botako den, zer produktu izanen den eta arrisku epea zein izanen den.

Kasu horretan, lurzatia ezin izanen da luberritu ekainaren bata baino lehen.

20. artikulua. Udal bazkalekuen esleipen-hartzaileek haietan bazkatzen diren aziendak bertako eskortan sartzeko eskubidea izanen dute, aprobetxamenduak iraun bitartean. Hartan sortzen den simaurra haiena izanen da eta esleipenaren azken eguna arte erabiltzen ahalko dute; egun hori iragan ondoan, Udalarena izanen da.

Esleipen-hartzailearen kontura izanen dira eskorten eta instalazioen mantentze-lanak eta konponketak aprobetxamenduak iraun bitartean, hondamena denean edo behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Aprobetxamendua bukatu ondoan edo titularrak jarduera utziz gero, Nekazaritza Batzordeak eskorta eta instalazioak aztertuko ditu, eta irregulartasunak eta kalteak aurkitzen baditu, Udalak konponduko ditu, fidantzatik dirua hartuz.

21. artikulua. Bazkaleku bakoitzean aziendak edateko dauden putzuak xede horretarako baizik ez dira erabiliko, eta debekatuta dago horietatik ura ateratzea belar-hiltzaileak eta pestizidak botatzeko, ureztatzeko etab.

Belarren esleipena hartua duena arduratuko da putzuak mantentzeaz.

Putzuren bat urik gabe gelditzen bada, Udalak erabakiko du beste bazkalekuetako zeinetan edanen duen aziendak aldi batez; horretarako, pasabidea markatuko du aldez aurretik, eta bidezkoa den kalte-ordaina finkatuko.

Udalak konpromisoa hartzen du putzuak behin garbitzeko esleipen aldian, abeltzain esleipen-hartzaileak egoki ikusten duenean.

22. artikulua. Alkatetzak ebazpena eman eta iragarki oholean paratu ondotik, 15 egun balioduneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek udal bazkalekuetako larreen aprobetxamendua esleitzeko eskaera egin dezaten.

Eskabideetan adieraziko dute, lehentasuneko hurrenkeran jarrita, zein bazkaleku erabili nahi duten, eta agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1. Eskatzailearen aitorpena, zenbat azienda buru dituen frogatzeko.

2. Ordenantza honen 14. artikuluan aipatzen den osasun dokumentazioa.

3. Gizarte Segurantzako Abeltzaintza sailean alta emanda dagoelako ziurtagiria, eta Abeltzaintzako Erregistro Liburuko kopia.

4. Zinpeko aitorpena, honako hauen gainekoa:

a) Erriberriko biztanlea izatea, sei (6) urteko antzinatasunarekin gutxienez, eta udalerrian urtean bederatzi (9) hilabetetan gutxienez bizi izatea.

b) Udal honekiko mota guztietako betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Nor diren familia unitateko kideak, eta baten batek desgaitasun fisikoa edo burukoa baldin badu, horren berri ematea.

d) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Erriberriko udal mugapean bai beste batzuetan.

e) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat azienda buru dituen udal honetan eta beste batzuetan, eta zer espezietakoak diren.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo beste errenta batzuetakoak.

Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Erriberriko Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzeko.

23. artikulua. Erriberriko alkateak, Nekazaritza Batzordeari kontsulta egin ondoren, herritarrei esleipena egiteko onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da hamar egun balioduneko epean, akatsak zuzentzeko edo bidezkoak diren alegazioak egin ahal izateko.

Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, bertzerik gabe.

24. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

25. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, hamabost eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko esleitutzat joko dira.

26. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

27. artikulua. Herri larreetarako eskubidea edukitzeko baldintzak galtzen dituenak eskubide hori ere galduko du. Orobat, azienda kopuruak nabarmen beheiti egiten badu, esleipena ere berrikusten ahalko da.

28. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ez betetzeak berarekin ekarriko du zehapenak aplikatzea, alde batera utzi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Udalak peritazioa egin ondoren, gehi horrek sortzen dituen gastuak.

29. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Esleipen-hartzaileak aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen esleipen prezioa Udalak dioen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua egoki eta osoki ez egitea.

d) Aprobetxamendua bere xede ez bertze baterako erabiltzea.

e) Zehazturiko epeak ez errespetatzea.

f) Herri larreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia.

g) Animalia hilak beren hartan utzirik, osasun arauak haustea.

h) Kasuan kasuko bazkalekuaren mugak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion bertze edozein egintza.

30. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a, b, c, d eta f letretan adierazten direnek esleipenaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bertzelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

e letrakoak Udalaren larreen esleipen-hartzailea izateko ezgaitasuna ekarriko du.

Gainerako arau-hausteengatik 150etik 3.000 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

Arau-hausteetan berreroriz gero, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

Arau-hausteak elkarren segidan gertatzen baldin badira, Udalak esleipena deuseztatzea ere erabaki dezake.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1708408