Iragarkia
161. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MAÑERU
Ordenantza, eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Mañeruko Udalak, 2017ko martxoaren 16an egin osoko bilkura arruntean, legez eskatutako gehiengoarekin onetsi zuen hasiera batean Eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duen udal ordenantza.
Iragarkia 2017ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 2an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Mañerun, 2017ko ekainaren 21ean.–Alkate udalburua, Javier M.ª Zugaldía Aldaba.
ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOA TERRAZEKIN OKUPATZEA ARAUTZEN DUENA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1. Ordenantza honek eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen du.
2. Ordenantza honen aplikaziotik kanpo dago ostalaritzako jarduerekin eremu publikoa okupatzea feria, festak, kirol, kultur eta antzeko jarduerak egiten direnean.
2. artikulua. Baimentzeko moduko instalazioak.
Ordenantza honen ondorioetarako, terrazak baimentzeko moduko instalazioak dira baldin eta ostatu, kafetegi, jatetxe, ostatu-jatetxe, kafetegi-ostatu, taberna, txokolategi, izozki denda, te gela eta beste antzeko establezimendu nagusi baten osagarri izanik, beren jarduerak egiten badituzte, lurzoru publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan. Kasu guztietan, zein establezimenduren mende dauden, haren jarduera bera izanen dute eta haren produktu berak salduko dituzte.
3. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza hau Mañeruko udal mugartean dauden erabilera publikoko lurren okupazio guztiei aplikatuko zaie.
II. KAPITULUA
Eremu publikoa okupatzeko baimena
4. artikulua. Baimena.
Ordenantza honetan araututako eremu publikoaren gaineko okupazioak baliatu ahal izateko, Udalaren lizentzia beharko da aldez aurretik. Ordenantza honetan aurreikusitakoari jarraikiz eskuratuko da.
5. artikulua. Baldintzak.
Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Onuradunak ez du haietara joko bai lokalean bai terrazek okupatutako eremu publikoaren zatian aritzean duen erantzukizun zibila edo penala kentzeko edo gutxitzeko.
Lizentziak pertsonalak dira eta eskuz aldatu ezinak, debekatua baitago errentan ematea edo hirugarrenei modu batez edo bestez lagatzea.
Baimena emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak ez dira erabiliko edo konponduko.
6. artikulua. Ukatzeko arrazoiak.
Udalak terrazak paratzeko baimena ukatzen ahal du interes publikoak hala nahi duenean, dela trazadura, kokalekua, bide segurtasuna, herri lanak nahiz lan pribatuak (teilatu edo fatxada konponketak etab.) edo bertze edozein inguruabar. Baimena emateko edo ukatzeko, kontuan hartuko da, bertzeak bertze, zehapen espedienteak izatea, ingurunearen balio turistikoa, instalazioaren tradizioa, terrazen instalazioen norgehiagoka edo ingurunean mugitzeko duen eragina, edo aldi baterako den, aitzineko auzoek obrak eginez gero (fatxadak, teilatuak etab.).
Jarduerari lotutako zerga edo tasak ordaintzen ez badira, lizentzia ukatu eginen da.
7. artikulua. Baliogabetzea.
Interes publikoko inguruabarrak direla eta, hala nola ekitaldi publikoak, larrialdiak edo bertze edozein, lurzorua ezin bada erabili, baimenak eragina galduko du, harik eta inguruabar horiek desagertu arte.
Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, edozein unetan kentzen ahal dira baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.
Kasu horietan, ukitutakoek ez dute kalte-ordainerako edo konpentsaziorako eskubiderik izanen, salbu eremu publikoa okupatzeagatik ordaindutako zenbatekoaren zati proportzionala atzera eskuratzeko, erabili ez den denboragatik.
8. artikulua. Okupatu daitezkeen eremuak.
Terrazak jartzeko lizentzia ematen ahalko da jabari publikoko ondasunak diren tokietan nahiz erabilera publikoa duten jabari pribatukoetan; betiere, ibilgailuen edo oinezkoen harat-honatak galarazi gabe, eta inguruko etxebizitza eta lokaletarako eta bertzeen erakusleihoetarako sarbideetan traba egin gabe.
Erabilera publikoa duen jabari pribatuko ondasunetan terrazak instalatuz gero, ukitutako jabeen elkarteen baimena beharko da, elkarteburuak edo legezko ordezkariak, behar bezala akreditatuta, sinatua.
III. KAPITULUA
Prozedura
9. artikulua. Baimena eskatzea.
Interesdunak Alkatetzari igorritako eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokorrean, dokumentazio hau erantsita:
a) Paratu gogo diren hiri-altzari homologatuen zerrenda, haien mota, ezaugarriak eta kopurua adierazita; haize-babesen edo bertzelako hiri-altzarien kasuan, haien kokalekua oinplanoan.
b) Erantzukizun zibileko eta suteetako aseguruen polizaren indarraldia frogatzen duen dokumentua.
c) Terrazako osagaiekin hartu nahi den azaleraren krokisa eta azalera horrek zenbat metro karratu neurtzen dituen.
Udalak ofizioz egiaztatuko ditu establezimenduaren lizentziak, baita jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan egotea eta hura ordaindu izana ere. Gainera, eskatzaileak proposatutako terrazaren azaleraren aldean bestelakoa baimentzen ahal du hala iruditzen bazaio, kasu bakoitzean suerta daitezkeen goiti-beheitiak kontuan hartuta.
10. artikulua. Ebazpena.
Toki Araubidearen gaineko legerian zehaztuko da Udalaren zein organok izanen duen eskumena terrazak eta bertze elementuak instalatzeko lizentzia emateko.
Eskabidea ordenantza honetan zehaztutako moduan eginik, eta kasu bakoitzean beharrezko diren edo hala jotzen diren bidezko txosten teknikoak prestaturik, legez ezarritako epeetan emanen da ebazpena. Dokumentazio guztia Udalaren Erregistro Orokorrean aurkezten denetik hasiko da epea kontatzen.
Ebazpena eman aitzin, terraza eta mahaitxoak nola kokatuko diren erakusteko eskatzen ahal diote Udalaren zerbitzuek titularrari.
Udaleko zerbitzu teknikoek edonoiz egin ditzakete beharrezkoak iruditzen zaizkien egiaztapenak edo behar diren zuzenketak, okupatuko den eremua mugatzeari dagokionez.
11. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren babesak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu. Halaber, okupazioa baimendu ondoren, polizaren kopia aurkeztu beharko du Udaletxean.
12. artikulua. Indarraldia eta berritzea.
Ematen diren baimenen indarraldia bat etorriko da funtzionamendurako baimentzen den epearekin. Betiere, ezin da terraza instalatu baimenaren dokumentua eskuratu arte. Baimena erdiesteko baldintza izanen da aitzineko urteei dagozkien tasak ordaindu izana.
Terrazak instalatzeko aurreko aldian emandako baimenak bertzerik gabe berrituko dira ez bada aldaketarik izan eta bi aldeek, Udalak eta titularrak, berritzearen aurkako borondatea azaltzen ez badute aldi berria hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez.
Berritzea erabaki baina interesdunek aurreko urtean baimendutakoa aldatu nahi izanez gero, propio eskatu beharko dute, baimen berriak eskatzeko emandako epe berean, aldatu gogo dena baimentzeko behar den informazioa erantsita.
Bertzerik gabe berritzeko, tasa borondatezko epean ordaindu izana egiaztatu beharko da, baita aseguruen poliza eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu direla eta indarrean daudela frogatu ere.
Udalak berritzearen aurkako borondatea agertuko du, bertzeak bertze, kasu hauetan:
–Prozeduraren bat hasirik, jarduera nagusiaren edo osagarriaren funtzionamenduak eragozpenak edo kaltea eragiten duela pentsarazten denean.
–Baimenaren edo ordenantzaren baldintzak betetzen ez direla ikusten denean.
–Baimendutako aldian jarduketa publikoak egin gogo direnean, baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuz.
–Tasa ordaintzen ez den kasuetan.
13. artikulua. Funtzionatzeko aldia.
Aldi hauetarako egiten ahal da eskaera:
–Urterako; urte naturalerako, alegia.
–Sasoirako, hau da, martxoaren 15etik urriaren 31ra bitarte.
Urte bakoitzeko otsailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira terrazetarako eskabideak.
Aitzineko epeek ez dute galarazten establezimendu berriek eskaera egin ahal izatea, hirigintzako, jarduerarako eta irekitzeko lizentziak eskuratu ondoan, sasoirako edo urterako edo horren hondarrerako.
IV. KAPITULUA
Baldintza teknikoak okupazioa baimentzeko
14. artikulua. Baldintza orokorrak.
Terrazarako baimenak bidea emanen du dokumentazioan espresuki adierazten diren altzariak paratzeko, ez bertzerik, betiere ez bada elementu horietako bat edo batzuendako baimena espresuki ukatu. Erdiko oina duten eguzkitakoak eta fatxadari lotutako olanak izan ezik, berariaz debeku dira udalerri osoan gainerako estalgarrien euskarriak, desmuntatzen diren egiturak badira ere.
15. artikulua. Hornigarriek bete beharreko baldintzak.
Ezarriko diren hiri altzariek manu hauek bete beharko dituzte:
1. Ezin da zoru estaldurarik edo apaingarririk ezarri, ez badaude baimenean propio aipatuta.
2. Baimenean ezartzen ahal diren beladoreen (mahai eta aulkien) gehieneko kopurua eta gehieneko azalera adieraziko dira; azken hori lehenetsiko da. Ondotik deskribatzen dira mahai eta aulkien gehieneko kopurua kalkulatzeko moduluak, teorian okupatzea dagokien azalera adierazita:
a) Modulu karratua (1,80 x 1,80 m). < 0,80 m-ko aldea edo diametroa duen mahaia eta lau aulki, bi eta bi elkarren parean. Mahaiaren aldea edo diametroa > 0,80 m-koa bada, soberakinaren arabera handituko da azalera.
b) 1. modulu errektangeluarra (1,80 x 1,30 m). < 0,80 m-ko aldea duen mahai karratua eta hiru aulki. Mahaia biribila bada, diametro berekoa, 2,50 m-ko aldea eta 2,70 m²-ko azalera dituen triangelu aldekidea izanen da okupazio teorikoa. Aurreko kasuan bezala, mahai handiagoak badira, soberakinaren arabera handituko da azalera.
c) 2. modulu errektangeluarra (0,80 X 1,80 m). < 0,80 m-ko aldea edo diametroa duen mahaia eta bi aulki. Diametro handiagoko mahaiak, aurrekoetan bezala.
3. Terrazaren azalerak aukera ematen badu mahai eta aulkien lerro bat baino gehiago paratzeko, hobekien komeni den moduan kokatzen ahal dira; betiere, mahai eta aulkietan aise sartzeko maneran; horretarako, korridore bat utzi beharko da tartean, zerbitzariak mahaietara ailegatzeko. Korridore horren luzera ilara tikienaren parekoa izanen da eta zabalera, berriz, 0,50 m gutienez ere. Korridoreak okupatzen duen azalera terrazak okupatzen duen azaleraren barnean kontatuko da.
4. Zilegi da erdiko oina duten eguzkitakoak paratzea; irekita daudela, ez dute baimendutakoa baino azalera handiagorik hartuko eta 2,20 m garai izanen dira, gutxienez ere. Alkatetzak ebazpenaren bidez eman dezake baimena espaloian finkatutako oinak ezartzeko zenbait eremu edo multzotarako.
Olanak ere paratzen ahal dira, baina debeku da haien ingurua goitik behera ixtea. Haien egituraren gutxieneko altuera 2,20 m-koa izanen da eta gehienekoa, 3,50 m. Olanak zoladuran bermatzen diren sistemen bidez eutsiko dira, baina ez dira inola ere lurzoruari lotuko. Fatxadari lotu nahi bazaizkio, eraikinaren jabeek berariaz emandako baimena izan beharko da. Lurrean bermatutako olanak eremu publikotik kendu beharko dira, sasoia bukatutakoan, kasu guztietan.
Eguzkitakoak eta olanak ehunezkoak izanen dira, lauak eta hiriaren inguruko koloreekin bat datozela; betiere, aise biltzeko modukoak izanen dira.
Onartua dago establezimenduaren izena eta logotipoa olana eta eguzkitakoen hegaletan, 0,60 × 0,20 m bitartekoak olanetan eta 0,20 × 0,20 m-koak eguzkitakoetan.
5. Onartuta dago haize-babesak paratzea; terrazak oinplanoan hartzen duen poligonoaren aldeetako batean kokatuko dira, baina inoiz ere ez bertze batekin izkina eginez; betiere, instalazioa haize nagusietatik babestuko dute eta ez dira oztopo bihurtuko terrazan sartzeko edo inguruan dabiltzan oinezkoendako.
6. Lore-askak paratzea ere zilegi da, karratuak, errektangeluarrak edo zirkularrak izan. Betiere, Hirigintzako Zerbitzuen Alorrari kontsulta egin eta hark bertzerik propio baimenduta izan ezik, hauek dira gehieneko luze-laburrak:
–Errektangeluarra: luzera, 1200 mm; zabalera, 600 mm; altuera,
500 mm.
–Karratua: aldea, 900 mm; altuera, 500 mm.
–Zirkularra: diametroa, 900 mm; altuera, 500 mm.
7. Kanpoan gasezko berogailuak jartzea ere zilegi da, klimatologiak behartuta terrazen tenperatura egokitzearren. Urteko baimena beharko da. 2,20 m altu baino gehiagokoak izanen dira.
8. Terrazetako edozein altzariren kokalekuak ez du trabarik eginen finketako atarietatik galtzadara joateko, eta ez du zailduko gau eta eguneko pasabideetan barna sartu eta ateratzea.
9. Terraza argitzeko instalazio elektrikoa dagoenean, lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Gidariak edozein pertsonarengandik urrun geldituko dira, eta ezin dute espaloi gainean ibili, ezta arboladia edo hiri altzariak euskarritzat hartu ere. Fokoek ez dute inoiz itsutuko edo bertzelako ongiezak eraginen bizilagun, oinezko edo ibilgailuei. Urtero, paratzaile baimendu batek berrikusi beharko du instalazioa, eta adostasunaren txostena egin.
10. Gau eta egun bermatu beharko da Udalaren zerbitzu eta ekipamendu guztiek sarbidea izan dezaten, baita zerbitzuen konpainiek ere.
11. Irisgarritasuna eta oztopo arkitektonikoak kentzea sustatzen duen araudian agindutako guztia beteko da.
16. artikulua. Terrazak hartu gogo duen eremuko baldintzak.
1. Eremu publikoan terrazak paratzen direnean, haien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez da oztopo izanen oinezkoendako, ez dio kalterik eginen haien segurtasunari edo ibilgailuenari, ez da traba izanen inguruko finketako atarietatik galtzadara sartu nahi dutenendako, eta ez ditu zailduko garaje eta etxabeetako sarrera-irteerak.
Uko eginen zaio instalazioaren eskaerari toki hauetan ezarri gogo bada:
–Galtzadan, aparkalekuan edo lorategian.
–Oinezkoen pasabideetan, seinalatuta egon edo ez, eta elbarrientzako espaloi-janguneetan.
–Lokalaren eta terrazaren artean ibilgailuendako irekitako galtzada bada eta hartaz arduratzeko galtzada hori zeharkatu behar bada, oinezkoen karriketan edo “bizitegiko karrikan” izan ezik.
–Bide segurtasunari kalte egiten bazaio (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu.
–Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina badu.
–Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak, etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.
2. Terrazak hiri altzariekin eta zuhaitzekin integratuta kokatuko dira, eremu publikoan ezarrita dauden elementuak ikustea eta haien behar bezalako erabilera zaildu edo trabatu gabe. Ahal dela, terrazak multzo trinkoa osatuko du, oinezkoen pasabide nagusitik aparte; zatitzekotan, oinezkoen bigarren mailako sarbideek zatituko dute.
3. Eremu batek terraza jartzeko baldintza guztiak beteta ere, baimena ukatzen ahalko zaio edo eskatutakoak baino neurri txikiagoak baimendu, oinezkoen joan-etorria zailtzen badu, nahiz ordu batzuetan baino ez izan.
4. Terrazak, ahal dela, establezimenduaren fatxadaren ondoko espaloian kokatuko dira, edo establezimenduaren ondoan. Ez da inoiz terrazarako baimenik emanen establezimenduaren fatxada bakar batek ez badu hura ezartzeko eremura ematen.
5. Plazetan kokatzeko, haietara eman beharko du establezimenduaren fatxadak edo sarrera plazatik izanen du. Terraza gisa erabiltzen ahal den plazaren zatia, inoiz ere ez oinezkoen azaleraren %50 baino gehiago, eskatzaile guztien artean banatuko da, haien kopuruaren eta eskatzen diren beladoreen arabera, eskaerak batera kontuan hartuta.
Plaza edo eremu jakin bateko terrazen kopuruak haren zeregin naturala aldatzen badu edo eragin larria badu ingurumenean, batera hartuko da erabakia instalazio berrien edo zaharren eskaeretan, aurreikusitako tramitazio epeen barrenean, eta egokitzat jotzen diren baldintza edo murrizketak ezarriko dira.
6. Eremuko gainerako erabilerekin bateragarriak diren ingurumenaren hots mailak ez gainditzeko maneran erabakiko da zenbat terraza kokatu, gehienez ere, plazan edo karrikan.
17. artikulua. Okupatzeko moduak.
Lurzoru publikoa edo erabilera publikoa duen lurzoru pribatua terrazekin okupatzeko, modu eta baldintza hauek bete beharko dira:
1. Terraza eraikinaren fatxadaren ondoan badago, establezimenduak hartzen duen fatxadaren zatia bezain luze izanen da, gehienez ere.
2. Terraza espaloiaren zintarriaren ondoan badago, bere erakinaren fatxada-frontea eta ondokoena bezain luze izaten ahal da; horretarako, artikulu honetan eta aurrekoetan aipatu baldintzez gain, parean izanen dituen establezimenduetan eraginik ez duela frogatu beharko da.
3. Eraikin bereko establezimendu batek baino gehiagok terrazarako baimena eskatuz gero, bakoitzak bere fatxada-frontearen zabalera hartzen ahal du, eta bere fatxadaren luzeraren gainerakoa eta ondokoena parte berdinetan banatu. Kasu horretan, gutzienez ere 1,50 m-ko tartea utziko da haien artean, bi terrazen artean banatzeko.
4. Oinezkoen karrika edo pasealekuak direnean, terraza establezimenduaren fatxadari atxikita kokatuko da, haren muturrak gainditu gabe.
5. Oinezkoendako plazak direlarik, terraza establezimenduaren fatxadari atxikia paratzen ahalko da, edo haren paraleloan, eta bereizteko korridore bat izanen dute gutienez ere 3 m-koa eta gehienez ere 4koa. Lehen kasuan terrazaren luzera establezimenduaren fatxadarena izanen da; bigarrenean, zer eraikinetan dagoen kokaturik, ez dituzte gaindituko harexen mugak.
Establezimenduak bata bestearen parean badaude, bi terrazen azaleren artean ez da baimendutako gehienekoa gaindituko. Terrazen multzoa homogeneoa izanen da plaza bakoitzean.
18. artikulua. Eremu publiko bateko terrazak.
Aitzineko artikuluan xedatuagatik ere, eremu publiko berean eragina duten eskaeren kopurua hartuko da kontuan; horrek lehendik baimendutako terrazak aldatzea ekartzen ahal du.
V. KAPITULUA
Araubide juridikoa
19. artikulua. Terrazaren titularraren betebeharrak.
1. Terrazen titularrek segurtasun, osasungarritasun eta apainketa baldintzak bete beharko dituzte haien elementu guztietan. Horretarako, ezinbertzekoa da hondarrak bildu eta pilatzeko elementuak izatea.
Estetikagatik eta higieneagatik, ez da zilegi jardueran sortutako produktuak, materialak edo hondarrak terrazen ondoan bildu edo pilatzea.
2. Terrazako lizentziaren titularra behartua dago hura osatzen duten eta eremu publikoan pilatzen diren elementuak egunero jartzera.
3. Establezimenduaren barrenean, kanpotik agerian dela, eremu publikoa okupatzeko sasoiko baimena egonen da.
4. Altzariak ez dira 09:30ak baino lehen ezarriko, udal zerbitzuek ohiko funtzionamendua izan dezaten.
5. Titularrak ez du terraza paratuko edo bildu eginen du udal agintariak edo udaltzainek beren eginkizunen barrenean hala agintzen diotenean ekitaldi sozial, erlijioso edo kirolekoa egiteko, terraza ibilbidean, eraginpeko eremuan edo jendetza biltzeko tokian dagoelako. Kasu horietan, Administrazioak garaiz emanen dio gertaeraren berri titularrari; horrek, jakinarazitako ordua baino lehen kendu beharko du terraza, eta ez du berriz paratuko ekitaldia bukatu arte.
6. Terrazaren titularra behartua dago hura berehala kentzera larrialdiak edo ebakuazioak hartara behartzen dutenean.
7. Denboraldiko jarduera burututakoan kenduko da terraza, eta garbitze lan guztiak eginen dira.
8. Lizentziaren indarraldia bukatuta, titularrak garbi aski utzi beharko du okupatua duen lurzoru publikoa, bertan ezarrita dauden elementu egonkor guztiak kenduta, jarduera bukatu ondoko bortz egunean. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.
9. Erantzukizun zibileko asegurua eta suteena indarrean izatea.
10. Jardueraren ondorioz eremu publikoan eta hiri-altzarietan eragindako kaltea konpontzea.
20. artikulua. Debekuak.
1. Ez da zilegi mostradoreak edo terrazan zerbitzatzeko bertze elementu batzuk paratzea, establezimendutik beretik aritu beharko baita.
2. Baimendutako terraza paratzeko beharrezko direnak bakarrik, ez da elementu gehiagorik izanen eremu publikoan. Betiere, debeku da billarrak, mahai-futbolak, josteta makinak, saltzekoak edo ausazkoak, publizitatea egitekoak eta antzeko bertze edozein paratzea.
3. Debeku da Udalak baimendutakoaz bertzelako altzariak paratzea.
4. Debekatua dago edozein ikuskizun eta musika ekitaldi egitea terrazan, baita bozgorailuak edo soinua nahiz bibrazio akustikoak handitu edo erreproduzitzen dituen bertze edozein tresna ere, edo irudiak ematen dituztenak.
5. Debeku da eremu publikoan edariak, elikagaiak edo bertzelakoak saltzen dituzten makinak paratzea, baita haurrendako erakargarri txikiak edo publizitatekoak.
21. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honetan jasotako beharkizun, betebehar eta debekuak ez betetzeari erraten zaio arau-haustea, baita ordenantzaren babesean emandako lizentzietako baldintzak ez betetzea ere.
Emandako lizentzien pertsona fisiko edo juridiko titularrak dira arau-hausteen arduradunak.
Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskua duen organoari dagokionez, Toki Araubideko legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
1. Arau-hauste arintzat joko dira:
a) Okupazio eremua edo haren ingurua egunero behar bezala ez garbitzea.
b) Udalaren baimena ikusteko moduan ez erakustea.
c) Hasteko edo ixteko orduak 15etik 30 minutu bitartean ez betetzea.
d) Terraza behar bezalako segurtasun baldintzetan ez izatea.
e) Produktu, ontzi edo hondarrak terrazan edo eremu publikoaren bertze edozein tokitan bildu eta pilatzea.
f) Larritzat edo oso larritzat jo gabe, ordenantza hau ez betetzea.
g) Lizentziaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko altzari eta apaingarrietan kalte arina egitea.
2. Arau-hauste larritzat joko dira:
a) Hiru hutsegite arin egitea.
b) Hasteko edo ixteko orduak 30 eta 60 minutu artean ez betetzea.
c) Baimenean aurreikusi gabeko hiri altzariak paratzea, edo baimenduta daudenak baino gehiago edo bertze kopuru bat, edo ordenantzan eskatzen diren baldintzak bete gabe.
d) Baimendua baino azalera gehiago hartzea, %25 bitarte, edo mugatuta dauden bertze baldintza batzuk ez betetzea. Titularraren ardura da bezeroek ez ditzatela altzariak baimendutako okupazio mugetatik kanpo eraman.
e) Okupazioa %10 baino gehiago eta %25 baino gutiago gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.
f) Instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz, bizilagunei eta oinezkoei eragozpenak sortzea.
g) Musika tresnak edo baimenduta ez dauden bertze instalazio batzuk paratzea.
h) Terrazako altzariak kendu edo bildu eta pilatzeko betebeharra huts egitea funtzionamenduko ordutegia bukatzean.
i) Lizentziaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko hiri-altzari eta apaingarriak larriki hondatzea.
3. Arau-hauste oso larritzat joko dira:
a) Hiru hutsegite larri egitea.
b) Terraza paratzea Udalaren baimenik gabe, edo baimendu ez bezalako toki edo denboraldi batean.
c) Funtzionatzeko ordutegia 60 minututik goiti ez betetzea.
d) Baimendua baino %25etik goitiko azalera hartzea.
e) Okupazioa %25etik goiti gainditzea, espaloiaren zabalera librea edo oinezkoen pasabidea hartuta.
f) Espresuki baimendu gabeko ikuskizun edo ekitaldiak egitea.
g) Terrazaren ustiapena edozein tituluren bidez lagatzea edo azpierrentamenduan ematea bertze batzuei.
h) Udal agintariak edo udaltzainek horren agindua eman ondoan, terraza biltzeari uko egitea, terraza dagoen tokian edo haren eraginpeko eremuan ekitaldiren bat dagoelako.
i) Terraza berehala ez kentzea larrialdietan eta/edo ebakuazioetan.
j) Terraza ez kentzea denboraldia bukatutakoan.
k) Baimendutako instalazioak sei hilabetetik goiti ez erabiltzea, arrazoi justifikaturik gabe, horrek nahaste larria dakarrenean era guztietako jardueren ohiko bilakaeran edo osasungarritasun edo apainketa publikoan, araudi aplikagarriaren arabera.
l) Instalazioa berehala kentzeko agindua ez betetzea, horrek nahaste larria dakarrenean elkarbizitzan, eragin larri, berehalakoa eta zuzenekoa badu lasaitasunean, bertzeen eskubideetan, era guztietako jardueren ohiko bilakaeran, osasungarritasun edo apainketa publikoan, edo zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten denean, edo ekipamenduak, azpiegiturak, zerbitzu publikoen instalazioak, eremu publikoak edo haietako edozein instalazio modu larrian hondatzen direnean.
22. artikulua. Zehapenak.
Hutsegiteei zehapen hauek ezarriko zaizkie:
a) Arinei, 300 euro bitarteko isuna.
b) Larriei, 301 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.
c) Oso larriei, 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.
Zehapenez aparte, huts egiteak jardueraren aldi baterako etendura ekartzen ahal du, edo baimena kentzea, zein den arau-haustearen larritasuna, egitatearen gizarte oihartzuna eta bertze inguruabar batzuk, baita astungarritzat edo aringarritzat hartzen ahal diren bertze elementu batzuk.
Arau-hauste larriak behin eta berriro errepikatuz gero, ez da baimena berrituko hurrengo urteetarako.
Orobat, eta zehapena alde batera utzita, Udalaren administrazioak elementu eta instalazioak kentzeko aginduko du, eta arau-haustea egin aitzin zegoen bezala uzteko.
Ematen den epearen barrenean bete beharko dute titularrek terraza kentzeko agindua. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.
23. artikulua. Prozedura.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren gaineko Erregelamenduan ezarritakoa da zehatzeko prozedura.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Eremu publikoan terrazak paratzeko baimenak eskatzeko epea, 2017rako, hilabetekoa izanen da ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betirako onartzen denetik, ordenantza honen 13. artikuluan hurrengo urteetarako xedatutakoa ukatu gabe.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzean hartuko du indarra.
TARIFEN ERANSKINA
I.1.–Mahaiak, aulkiak eta beladoreak. 2 euro/m² denboraldiko.
Iragarkiaren kodea: L1707648
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
