Iragarkia
161. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ITURMENDI
Ordenantza, Ondare Izaerako Udal Lokalen Erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Iturmendiko Udalak, 2017ko otsailaren 9an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ondare Izaerako Udal Lokalen Erabilera arautzen duen Ordenantza.
2017ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 6an, argitaratu zen aipatu ordenantzaren hasierako onespena, eta aditzera eman zen jendaurrean egonen zela hogeita hamar egunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen zenetik hasita, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.
2017ko apirilaren 19an idazki bat sartu zen Iturmendiko Udalaren erregistroan. Idazki horretan Unai Díez de Arizaletak, Aritzaga kultura eta jolas elkartearen izenean eta hura ordezkatuz, honako hau planteatzen du, laburbilduz:
–Iturmendiko Udalak eta Aritzaga kultura eta jolas elkarteak “Maixuen Etxea” lokala alokatzeko sinatutako kontratua indarrean dago, eta lokal hori ordenantzaren aplikazio-eremu objektiboan sartzen da.
–Horregatik, beharrezkotzat jotzen da xedapen gehigarri hau gehitzea:
“Ordenantza honen xedapenak aplikatzean, beti errespetatuko dira entitateek eta partikularrek indarrean dauden akordio, hitzarmen edo kontratu bidez eskuratutako eskubideak, betiere arau hau onetsi baino lehen sinatu baziren; horiek lehentasuna izanen dute ordenantzaren xedapenen gainetik”.
1. Hasiera batean onetsitako ordenantzan egin beharreko aldaketak, egindako alegazioak kontuan hartuta.
a) Entitate alegatzaileak proposatutako xedapen gehigarriak ez dio ezer gehitzen antolamendu juridikoan ezarritakoari, eta ez du gai berririk eransten, ez eta, ezarritakotik bereizteko, gaia berariaz arautzen duen xedapena gehitzeak merezi duen zerik ere.
Eskuratutako eskubideak dauden ala ez erabakitzeko edo indarreko akordio edo hitzarmenen eraginkortasuna zehazteko, ordenamendu juridiko osoan ezarritakoari jarraituko zaio. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen gai hori xedapen gehigarri batean arautzea, gaur egun lokal bakoitzak duen egoerari dagokionez.
b) Hala ere, eta aurreko atalean jasotako zioa kontuan hartuta, bidezkotzat jotzen da hasiera batean onetsitako ordenantzaren xedapen iragankorra kentzea. Hona hemen xedapen horren testua:
“Ordenantza hau onestean Udalaren higiezin, lokal, eraikin edo instalazioak erabiltzen ari diren entitateek, unean uneko edo behin-behineko beharretarako ez badira, erabiltzen ari diren lokalaren erabilera lagatzeko eskaera aurkeztu beharko dute 2 hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.”
Hau da, ordenantza onesten denean indarrean dauden lagapenen eraginkortasuna zehazteko, aplikatu beharreko araudiari jarraituko zaio; eta lagapenak ordenantza honen araubidera egokitzeko, kasu bakoitzari dagokion bezala eginen da.
Horregatik guztiagatik, Iturmendiko Udalak, 2017ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, ERABAKI DU:
1) Aritzaga kultura eta jolas elkartearen izenean aurkeztutako alegazioa ezestea.
2) Ondare Izaerako Udal Lokalen Erabilera arautzen duen Ordenantza behin betiko onestea, hasierako onespeneko testu berarekin, salbu xedapen iragankorra, kentzen baita.
3) Erabaki hau interesdunei jakinaraztea, eta Ondare Izaerako Udal Lokalen Erabilera arautzen duen Ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari, Udalaren osoko bilkurari, zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bestela,
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Iturmendin, 2017ko ekainaren 29an.–Alkatea, Victoriano Gabirondo Lanz.
ITURMENDIKO ONDARE IZAERAKO UDAL LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Herritarrek eskubidea dute udalerriaren lokal eta tokien arrazoizko erabilerarako eta aprobetxamendurako. Dena den, ordenantza honek muga batzuk ezartzen ditu, lokal horien erabilera egokia bermatzeko eta auzoei kalteak ez sortzeko.
Arau honen xedea da lokalak herritarren eskura jartzea, espazio bat izan dezaten haien jarduerak garatzeko eta, irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateen kasuan, estatutuen bidez ezarritako helburuak lortzeko eta, modu horretan, haien interes orokorreko jarduera susta dadin.
Udal titulartasuneko ondasunak dira edo Udalak eskubideren bat du haien gain, eta herriko elkarte anitzek erabil litzakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta zenbaterainoko lekua dagoen kontuan hartuz.
Orobat, helburu bat da lokal edo establezimendu hauen aprobetxamenduak erabiltzaileei eta auzoei kalterik edo arriskurik ez sortzea eta, gainera, komunitateari onura ekartzea.
Udalak du tutoretzarako ahalmena, eta horren arabera ezarriko dira antolaketarako neurri eta arau oinarrizkoak, galarazi gabe une bakoitzean lokalak erabiltzen dituzten entitateen autonomia.
Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 99. artikuluan xedatuaren babespean onesten da. Izan ere, artikulu horretan ezarritakoaren arabera, ordenantza bidez arautuko da toki entitateen ondasunen araubidea.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da Udalak dituen edo izanen dituen ondare izaerako eraikin, lokal eta instalazioen lagapen egonkorra arautzea, bai eta, titularra ez izan arren, Udalak erabiltzeko nolabaiteko ahalmena duenean ere.
2. artikulua. Ordenantzaren esparru objektiboa.
1. Ordenantza honetako arauak norbanakoek erabil ditzaketen ondare izaerako udal eraikin, lokal eta instalazio guztiei aplikatuko zaizkie.
2. Ordenantza honen eremu objektibotik baztertuta daude:
a) Legeak arautzen duenean udal lokal, eraikin edo instalazio baten erabilera.
b) Pertsona fisiko edo juridiko jakin batzuen alde egiten diren lagapen puntual eta ez egonkorrak.
c) Beste administrazio publiko batzuei adjudikatutako erabilera edo ustiapena, baita haien entitate instrumental bati edo Nafarroako administrazio publiko baten %75etik gorako partaidetza zuzena edo zeharkakoa duen sozietate bati adjudikatutakoa ere.
3. artikulua. Definizioak.
1. Erabileraren lagapen egonkorra: halako lagapenetan higiezin edo lokal baten etengabeko erabilera edo erabilera orokorra esleitzen zaio pertsona fisiko edo juridiko bati, hitzartutako epearen egun guztietarako, salbuespenik gabe.
2. Lagapen puntualak: halako lagapenak jarduera jakin eta zehatz bat gauzatzeko egiten dira, salbuespenez, aldikotasunik gabe, edo aldikotasuna duten jarduera ez jarraituak gauzatzeko, hau da, aldikotasun baten arabera egiten direnak (asteko edo hilabeteko lagapenak, adibidez).
4. artikulua. Denbora-muga.
Nolanahi ere, ordenantza honen xedeko ondasunen erabilera eta aprobetxamendua denbora-epe mugaturako lagako dira, eta ez dira inoiz inola mugarik gabe lagako.
5. artikulua. Laga daitezkeen udal higiezinen sailkapena.
Udal lokalak eta instalazioak honela sailka daitezke, erabileraren arabera:
a) Eginkizun iraunkorra dutenak; beraz, toki entitateak zuzenean erabiltzen ditu eta haien erabilera ezin da laga:
I.–Udaletxea (Arranobeltza kaleko 1): idazkaritza, alkatearen eta zinegotzien bulegoak, bilera aretoa, artxiboa, alondegia eta tresnen eta materialen biltegia.
II.–“Medikuaren etxea” (Estafeta kaleko 35): osasun etxe gisa erabiltzen diren lokalak (beheko solairuan).
III.–Eskola publiko berria (Elizazpi kaleko 1): zuzendaritza gela, erabilera anitzeko gela eta, une bakoitzean, ikastetxeko zuzendaritzak eta udalak halakotzat jotzen dituztenak.
b) Bestelako lokalak eta instalazioak; haien erabilera laga daiteke:
I.–Udaletxea: auzogela, ganbarako gelak eta zerbitzu anitzetako gela.
II.–Eskola zaharra (Elizalde 4), ekialdea kenduta.
III.–“Maisu-maistren etxea” (Ostatukokale 2).
IV.–“Ximona” gaztetxea (Udaletxeko kaleko 5).
V.–Etorkizunean ondare izaera hartuko duen beste edozein ondasun higiezin, betiere haren erabilera lagatzen ahal bada.
6. artikulua. Erabilera orduka lagatzeko aukera duten lokalak.
1. Ordu batzuetarako lagatzen ahal diren lokalak eta instalazioak: auzogela, ganbara eta zerbitzu anitzetako gela udaletxeko lehenbiziko solairuan; erabilera jarraitua ez duten beste lokal batzuk; eskola zaharra Elizalde kalean.
2. Ondasun bererako adjudikazio-eskaera batzuk edo lizitatzaile batzuk badaude, esleipenaren lehentasuna honako hauei jarraituz eginen da:
a) Udal jarduera bat aurreikusia bada, horrexek izanen du lehentasuna, eta erabilera ez da lagako.
b) Orobat, lehentasuna izanen dute herritar guztien sarrera edo erabilera ahalbidetzen duten jarduerek, bakarrik kolektibo zehatz batera mugatzen diren jardueren gainetik.
7. artikulua. Erabilera aldi jarraitu baterako lagatzeko aukera duten lokalak.
1. Aldi mugatu baina jarraitu eta egonkor baterako lagatzen ahal diren lokalak eta instalazioak, erabilera pribatiboa dutenak, dagokion prozedura tramitatuta, honako hauek dira:
a) “Maisu-maistren etxea” (Ostakukokale 2).
b) “Ximona” gaztetxea (Udaletxeko kaleko 5).
c) Eskola zaharraren ekialdea (Elizalde kaleko 4).
d) Biltokia, udaletxeko beheko solairuan dagoen gela (Arranobeltza kaleko 1).
e) Udaletxeko kaleko 3an dagoen kalea.
2. Ondasun beraren erabilera esleitzeko deialdian lizitatzaile batzuk aldi berean lehiatzen badira, esleipenaren lehentasuna aurreko artikuluan aipatutako zerrendari jarraituz eginen da.
8. artikulua. Eskumena.
Udalbatzaren osoko bilkuraren esku egonen dira ondare izaerako ondasun higiezinen kostu bidezko zein doako erabileraren lagapenari lotutako egintzak.
9. artikulua. Erabilera lagatzeko bateraezintasun arrazoiak.
1. Ez da inola ere lokal baten erabilera adjudikatuko, eskatzailea zorretan baldin badago Udalarekin, betebehar fiskalak, zehapenak edo beste edozer ordainketa mota dela-eta.
2. Erabilera adjudikatu ondoren adjudikazio-hartzailea bateraezintasun horretan erortzen bada, lokalaren edo establezimenduaren erabilera Udalera itzuliko da, eta erabileraren adjudikazioa iraungiko da. Horretarako, lagapena erabaki zuen organoaren esku egonen da ondasunaren erabilera itzultzeko ebazpena ematea.
II. TITULUA
Adjudikazio prozedurak
I. KAPITULUA
Kostu bidezko lagapena
10. artikulua. Erabileraren kostu bidezko lagapena adjudikatzeko prozedura.
Ondare-ondasunen kostu bidezko erabilera adjudikatzeko prozedura enkantea, lehiaketa edo zuzeneko hitzarmena izanen da, hurrengo artikuluetan aipatzen denarekin bat.
11. artikulua. Zuzeneko hitzarmena.
1. Aipatutako ondare-ondasunen kostu bidezko erabilera zuzeneko hitzarmenaren bidez adjudikatzen ahalko da kasu hauetan:
a) Interes publikoko arrazoiak daudenean; adjudikazio/kontratazio espedientean frogatu behar dira.
b) Ustiapena edo erabilera zentzuz gauzatzeko pertsona edo entitate bakar bat dagoenean; espedientean frogatu behar da.
c) Kontratuaren zenbatekoa 6.000 eurotik beherakoa denean eta enkantea derrigorrezkoa ez denean ezarritako prezioa aurrekontuko baliabide arrunten %5 ez gainditzeagatik, eta, gainera, adjudikazioa 5 urtetik beherako aldi baterako denean.
2. Orobat, zuzeneko hitzarmenaren bidez adjudikatzen ahalko da erabilera baldin eta, enkantea edo lehiaketa eginda, adjudikazioa egin ez bada proposamenik ez dagoelako edo aurkeztutakoak onargarriak ez direlako, edo adjudikazio-hartzaileak kontratua formalizatzeko baldintzak betetzen ez baditu, betiere zuzeneko hitzarmena oinarrizko baldintzetan egiten bada eta prezioa iragarritakoa baino txikiagoa ez bada.
12. artikulua. Enkantea.
1. Erabilera zuzeneko hitzarmenaren bidez adjudikatzen ez bada, enkantea izanen da prozedura, inguruabar hauetariko bat gertatzen denean:
a) Bost urtetik gorako aldi baterako lagatzen bada erabilera.
b) Ezarritako prezioak aurrekontuko baliabide arrunten %5 gainditzen badu.
2. Enkante prozeduran seiren bat hobetzeko epea izan daiteke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. artikulua. Lehiaketa.
Aurreko artikuluan aipatutako inguruabar bat ere gertatzen ez bada, ondare-ondasunen kostu bidezko erabilera lehiaketa bidez adjudikatzen ahalko da.
14. artikulua. Adjudikatzeko prozedura eta espedientea.
1. Ondare-ondasunen kostu bidezko erabilera adjudikatzeko, dagokion espedientea ireki beharko da, eta honako hauek arrazoitu:
a) Lagapenaren egokitasuna eta komenigarritasuna.
b) Adjudikatzeko modua.
c) Administrazio klausulen agiriaren onespena.
2. Espedientean ondoko agiriak agertuko dira gutxienez ere:
a) Ondasunaren ondare izaera frogatzen duen ziurtagiria.
b) Salmenta-balioaren balorazio teknikoa.
c) Aurrekontuko baliabide arrunten zenbatekoaren ziurtagiria.
15. artikulua. Adjudikazioaren urteko prezioa.
Ondare izaerako ondasun bakoitzaren kostu bidezko erabileraren adjudikazio-hartzaileak urtean ordaindu behar duen prezioa ez da salmenta-balioaren %6tik beherakoa izango.
16. artikulua. Prezioaren ordainketa.
1. Lokalaren erabilera lagatzeagatik finkatutako prezioaren ordainketa, higiezinaren edukitza eman baino lehen egin beharko da lagapenaren lehen aldian, eta aldi bakoitzaren lehenbiziko hilabetean hurrengoetan.
2. Erabilera lagatzeko akordioak prezioa pagatzeko modua zehaztu beharko du: eskudirutan, gauzatan (akordioan baloratuko diren prestazioen bidez) edo modu mistoan.
Ordainketa prestazioen bidez edo modu mistoan egin ahal izateko, herritar guztiak sartzen ahalko dira higiezin edo lokal jakin baten erabileraren lagapenaren xedeko jardueran, eta ez bakarrik kolektibo jakin bat, galarazi gabe establezimenduan sartu nahi dutenek adjudikazio-hartzaileak ezarritako beste onarpen-baldintza batzuk bete behar izatea.
3. Aurreko idatz-zatian ezarritako baldintza betetzeagatik prezioa prestazioen bidez edo modu mistoan egin dezaketen entitateek proposamen bat aurkeztu beharko dute aurreko urteko abenduaren 1a baino lehen, urtean eman beharreko prestazioak zehaztuta. Alderdiek urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen finkatu beharko dituzte eman beharreko prestazioak eta haien balorazio ekonomikoa.
4. Lagapenean finkatutako prezio osoa edo zati bat pagatzeko erabiltzen diren prestazioen balorazio ekonomikoa adostuko dute alderdiek. Horretarako, aurreko urteetan Udalaren aurrekontuan jasotako antzeko jardueren balorazioa hartuko da kontuan, edo Auzolana arautzen duen Ordenantzan (2006ko maiatzaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) eguneko prezioari lotuta bildutako irizpideak, edo ezartzen ahal diren bestelako irizpideak.
Dena den, adjudikazio-hartzailea eta Udala ados jartzen ez badira, Udalak ezarriko du prestazioaren balorazioa. Adjudikazio-hartzaileak balorazioa onartzen ez badu, prestazioa ezin izanen da aukeratu erabileraren lagapenaren prezioa osorik edo partez pagatzeko.
5. Hala bada, eman beharreko prestazioen zerrenda eta haien balorazioa erabilera lagatzeko akordioan sartuko dira, eranskin gisa. Urtero aldatuko da akordioa, aurreko idatz-zatietan bildutakoarekin bat.
6. Prezioa pagatzen ez bada edo hitzartutako prestazioak egiten ez badira, erabileraren lagapena iraungiko da eta ondasunaren erabilera Udalera itzuliko da. Horrez gain, betearazpen-bidetik erreklamatuko da zorra, eta dagokion zehapen prozedura tramitatuko da.
17. artikulua. Kostu bidezko erabileran ezarritako prezioaren zenbatekoa.
Aurreko artikuluetan ondare izaerako lokal eta instalazioen erabileraren kostu bidezko lagapenean ezarritako prezioa aipatzen denean, urte baterako zenbatekoa esan nahi da.
18. artikulua. Erabilera adjudikatzeko akordioaren edukia.
Ondare izaerako higiezin baten kostu bidezko erabilera adjudikatzeko akordioak datu hauek bilduko ditu gutxienez:
a) Ondasunen destinoaren helburu zehatza.
b) Bidezkotzat jotzen diren baldintzak, mugak eta bermeak.
c) Erabileraren lagapenaren aldia.
d) Ondasunen inbentarioa eta haien egoera.
e) Prezioa eta ordaintzeko modua.
f) Higiezina erabiltzeko ordutegi orokorra.
g) Adjudikazio-hartzaile batzuek erabilera lagata duen espazioa konpartitzen dutenean, bakoitzak zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen.
h) Hala bada, erabiltzeko ohiko ordutegitik kanpo egiten ahal diren jarduerak, eta horrek ekar dezakeen prezio igoera.
i) Erabileraren lagapena iraungitzeko eta erabilera hori itzultzeko arrazoiak; horien artean, ezarritako prezioa ez pagatzea.
j) Berariaz aipatzea ordenantza honen 24. artikuluan jasotako betebeharrak bete behar direla, eta erabileraren lagapenak entitateari ez diola salbuesten jarduera gauzatzeko behar diren lizentzia eta/edo baimen guztiak eskuratzetik.
II. KAPITULUA
Doako lagapena
18. artikulua. Ondare izaerako ondasunen doako lagapena.
1. Ondare izaerako udal lokal eta instalazioen erabilera lagatzen ahal zaie irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei, betiere egoitza soziala udalerrian badute.
2. Ondasun horien doako lagapena fundazioei egiten ahal zaie, bai eta irabazi-asmorik gabeko onura publikoko erakundeei ere.
3. Ondasun horiek doan lagatzeko behar diren inguruabarrak behar bezala frogatu behar dira espedientean.
19. artikulua. Doan lagatzeko gehieneko epea.
Ondare izaerako higiezinen erabilera doan lagatzeko gehieneko epea 20 urtekoa da.
20. artikulua. Prozedura.
1. Doako adjudikazioa nahi duen elkarteak Udalari eskatuko dio, idatziz, lokal edo establezimendu baten lagapena, hor egin nahi duen interes orokorreko jarduera eta haren ordutegiak zehaztuta, eta frogatu beharko du onura publikoko elkartea dela, dagokion ebazpena aurkeztuz.
2. Idazkaritzak eskaera bakoitza aztertuko du, eta proposamena eginen du txosten batean. Txostenean erabakiko da erabileraren doako lagapena bidezkoa den ala ez, eta aukeratuko dira eskatutako jarduera gauzatzeko lokal eta/edo establezimendu egokienak, une bakoitzean eskuragarri daudenen artean.
3. Eskaera eta txostena ikusirik, udalbatzaren osoko bilkurak erabaki bat hartuko du, erabilera lagatzeko eskaera baietsi edo ezetsiko duena.
21. artikulua. Doako lagapenaren akordioa.
Doako lagapenaren akordioak honako datu hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Ondasunen destinoaren helburu zehatza.
b) Bidezkotzat jotzen diren baldintzak, mugak eta bermeak.
c) Epea.
d) Ondasunen inbentarioa eta haien egoera.
e) Higiezina erabiltzeko ordutegi orokorra.
f) Adjudikazio-hartzaile batzuek erabilera lagata duen espazioa konpartitzen dutenean, bakoitzak zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen.
g) Hala bada, erabiltzeko ordutegi orokorretik kanpo jardueraren bat egiteko aukera.
22. artikulua. Doako lagapenaren xedeko erabilera itzultzea.
1. Ondare-lokal eta -instalazioen erabileraren doako lagapena itzuli beharko da kasu hauetan:
a) Lagatzeko akordioak biltzen dituen baldintzak, mugak eta bermeak betetzen ez badira.
b) Ondasunak ezarritako helbururako erabiltzen ez badira, akordioan ezarritako epean zein geroago.
c) Ondasunek kalte larriak jasaten badituzte.
d) Elkarteak onura publikoko izaera galtzen badu.
III. TITULUA
Betebeharrak eta debekuak
23. artikulua. Erabileraren adjudikazio-hartzailearen betebeharrak.
1. Erabileraren lagapenaren adjudikazio-hartzaileak ordenantza honen xedapenak eta arauak bete beharko ditu, eta erabilera lagatzeko akordioan xedatutakoa eta lege hauek ezarritako betebeharrak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua eta une bakoitzean indarrean dagoen gainerako araudia.
2. Orobat, betebehar hauek bete beharko ditu:
a) Lagatako espazioetan berezko dituzten interes publiko edo orokorreko eginkizun edo jarduerak egin beharko dira, edo erabileraren lagapenaren xedekoak.
b) Lagatako udal instalazioan gauzatu beharreko jarduerek behar dituzten lizentziak eta/edo baimenak eskuratu beharko dira.
c) Lokalak edo espazioak entitate edo adjudikazio-hartzaile batzuei lagatzen bazaizkie, erabilera konpartitzen ahal delako, gainerako adjudikazio-hartzaileei ezin zaie zailtasun, kalte edo oztoporik sortu espazioen erabilera egokirako.
d) Lagatako espazio edo lokalaren erabilerak auzoak errespetatu beharko ditu, eta eremuaren ohiko lasaitasuna mantendu beharko da erabiltzen diren bitartean.
e) Erabiltzeko ezarritako ordutegia errespetatu beharko du adjudikazio-hartzaileak, eta lokala edo establezimendua itxiko du erabilera bukatuta. Giltzak gordeko ditu, edo aldez aurretik adostutako tokian utziko ditu.
f) Lagatako espazioak eta lokal edo instalazioko altzariak eta gainerako ondasunak arduratsuki kontserbatu eta mantendu beharko dira.
g) Adjudikazio-hartzaileak bere gain hartuko ditu egiturazko elementuen berezko mantentze-lanen kostuak erabileraren lagapenaren xedeko eraikin edo lokaletan.
h) Adjudikazio-hartzaileari dagokio lagatako espazioa, altzariak, barneko elementuak eta kanpoko espaloia garbitu eta antolatzea.
i) Adjudikazio-hartzaileak lagatako lokalak behar bezala erabil daitezen begiratuko du, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.
j) Adjudikazio-hartzaileak lagatako lokal edo establezimenduaren erabilera egokian sortzen diren arazo edo gorabeheren berri eman beharko dio Udalari.
k) Adjudikazio-hartzaileek entitatearen ordezkari bat izendatu beharko dute, lagapenaren inguruko edozein gaitarako erreferente gisa, eta harremanetarako helbide bat emanen dute.
l) Adjudikazio-hartzaileek aseguru poliza kontratatu beharko dute lagapenak dirauen denbora osorako. Horrek estaliko ditu bai lokalean uzten diren ondasunak lapurreta, sute eta kalteen aitzinean, bai erantzukizun zibila ere jarduerak hirugarrenei eragiten ahal dizkien kalte-galerengatik. Lagatako lokal bakoitzagatik bermatu behar den gutxieneko estaldura adjudikazio akordioan finkatuko da.
m) Horniduren gastuak bere gain hartzea, haiek bakarrik erabiltzen badute lokala, edo erabileraren proportzioan, lokala konpartitzen badute, bai eta jardueraren ondoriozko beste kargak ere, egozten ahal zaien proportzioan.
n) Premia berezi batengatik Udalak errekerimendu egiten dionean, adjudikazio-hartzaileak utzi beharko du lokalean egiten duen jarduera, aldi baterako, beharrezkoa ikusten bada Udalaren ekitaldiak egiteko edo beharturik eta nahitaez egin behar direnak egiteko. Hala izanez gero, adjudikazio-hartzaileak ezin hobeki ordenaturik utzi beharko du lokala, eta Udalaren jarduera egiteko trabarik gabe, Udalak horretarako igortzen duen adierazpenean zehazten den epearen barnean.
o) Erraztu egin beharko dira Udalari edo beste administrazioei dagozkien kontrol eta ikuskapen lanak. Beraz, lagatako higiezinetan sartzen utziko zaie, eta lagatako higiezin edo lokalean egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkien informazioak eta agiriak eman beharko dira, betiere ikuskapen ahalmen horiekin lotura badute.
p) Azkenik, erabileraren lagapenaren adjudikazioa iraungita edo ezeztatuta, adjudikazio-hartzaileak lagatako lokala edo establezimendua itzuli beharko dio Udalari, utzi baino lehen zegoen bezala, erabileraren ondoriozko higadura salbu.
24. artikulua. Udalaren betebeharrak.
1. Iturmendiko Udalak betebehar hauek ditu:
a) Ordenantza honek eta gainerako araudi indardunak ezartzen dizkioten betebeharrak.
b) Larrialdi eta suteetarako plana jakinaraztea, edo adjudikazio-hartzailearekin batera prestatzea.
c) Erabilera lagata duen lokalaren edo espazioaren giltzak itzultzea, haren erabilera egokia ahalbidetzeko garaiz.
d) Lokalaren edo establezimenduaren erabilera egokia erraztu eta ahalbidetuko zaio adjudikazio-hartzaileari, betiere horrek betebeharrak betetzen baditu, eta ezinbesteko kasuetan bakarrik sortuko dira eragozpenak erabileran.
25. artikulua. Debekuak.
1. Aurreko artikuluetan jasotako betebeharren aurkako jarduketa guztiez gain, jarduera edo jarduketa hauek debekatuta daude:
a) Lagatako lokal edo establezimenduen barnean pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egitea, edo indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu orientazioa eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.
b) Estatutuetan edo adjudikazio akordioan agertzen ez diren jarduera ekonomikoak gauzatzea, bereziki gogaikarriak, osasungaitzak, kaltegarriak edo arriskutsuak badira.
c) Paperak, kartoiak, gai sukoiak edo bestelako hondakinak metatzea.
d) Obrak Udalak aldez aurretik baimenik eman gabe egitea. Obrak egin badira, ondasun higiezinaren mesedetan gelditzen ahalko dira, eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko, edo adjudikazio-hartzaileari agintzen ahalko zaio ondasuna lehengoratzeko, konpentsazio ekonomikorik gabe; hala egiten ez badu, betearazte subsidiarioa gauzatzen ahalko da, eta adjudikazio-hartzaileak bere gain hartu beharko du kostua. Gainera, lagapenaren akordioa indargabetzen ahalko da.
e) Adjudikatutako espazioaren erabilera ezin da hirugarrenei laga, ez osorik ez partez.
f) Ez dira onartuko indarrean dagoen araudi orokor edo sektorialak debekatzen dituen jokabide guztiak.
26. artikulua. Erabiltzeko ohiko ordutegia.
1. Udal lokalak erabiltzeko ordutegia adjudikazio akordioan finkatutakoa izanen da.
2. Adjudikazio-hartzaile batzuek erabilera lagata duen espazioa konpartitzen dutenean, lagatzeko akordio bakoitzean zehaztuko da bakoitzak zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen.
3. Ordutegi horretatik kanpo edozein jarduera egin ahal izateko, baimenduta egon beharko du adjudikazio akordioan, hala bada, eta prezio gehigarria ekar dezake berarekin, baita baimen espresua ere, baimenaren komunikazio idatzian zehaztu beharko direnak.
IV. TITULUA
Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak
28. artikulua. Erantzukizunak.
Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek erantzun beharko dute beren maltzurkeria edo axolagabekeria direla medio bertan eta hirugarrenetan eragiten diren kalte-galerengatik.
29. artikulua. Ikuskapena.
1. Agintari publikoak diren Udaleko langileek beharrezkotzat jotzen dituzten ikuskapenak egiten ahalko dituzte, Udalaren eskuan dauden eta erabileraren lagapenaren xedeko higiezinarekin edo bertako jarduerarekin lotura duten alderdiak egiaztatzeko.
2. Egindako ikuskapen lanak ikuskapen-akta batean jasoko dira, eta horren kopia emanen zaio higiezin edo lokalaren erabileraren adjudikazio-hartzaileari.
30. artikulua. Arau-hauste administratiboak.
1. Arau-hauste administratibo oso astuntzat joko dira:
a) Udalaren eraikin eta lokalak aldez aurreko adjudikaziorik gabe okupatzea.
b) Lokala edo instalazioa adjudikazio akordioan jasotzen ez den helburu edo jarduera baterako erabiltzea.
c) Erantzukizun zibileko nahitaezko aseguru edo poliza ez kontratatzea.
d) Establezimendua erabiltzeari ez uztea Administrazioak hala agintzen dionean.
e) Ordenantza honetan edo adjudikazio akordioan debekatzen diren jarduerak gauzatzea.
f) Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuak gauzatzea, betiere adjudikazio akordioan baimentzen ez badira eta adjudikazio-hartzailearen estatutuetan agertzen ez badira.
g) Obrak Udalak aldez aurretik baimenik eman gabe egitea.
h) Lokalaren edo establezimenduaren erabilera osorik edo partez beste entitate edo pertsona bati lagatzea.
i) Arau-hauste administratibo astunetan berrerortzea edo halako bat berriz egitea.
2. Hauek arau-hauste administratibo astuntzat hartuko dira:
a) Lokala erabiltzean auzoak edo gainerako adjudikazio-hartzaileak ez errespetatzea, haren erabilera egokia edozein modutan eragotziz edo oztopatuz.
b) Adjudikazio akordioan edo gero ematen den beste egintza administratibo batean xedatutakoa ez betetzea eraikinak edo lokalak erabiltzeko ordutegiei buruz.
c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarri edo higiezinetan kalteak egitea, edo erabiltzaileek kalteak sortzen ez eragoztea.
d) Arau-hauste administratibo arinetan berrerortzea edo halako bat berriz egitea.
3. Arau-hauste administratibo arinak:
a) Okupatutako lokal edo aretoan garbi eta ordenaturik ez mantentzea ordenantza honetan ezarritako moduan, eta dagozkion mantentze-lanak ez egitea.
b) Edozein hondakin mota metatzea.
c) Erantzukizun zibileko aseguru edo poliza nahitaezko gutxieneko estaldurarik gabe kontratatzea.
d) Lokal edo establezimenduaren erabilera egokian sortzen diren arazo edo gorabeheren berri ez ematea Udalari.
e) Erabilitako eraikinak edo lokalak hustu eta berehala edo finkatu den epean bertan sartzeko giltzak ez itzultzea.
f) Baldintza administratiboen agirian edo adjudikazio akordioan ezarritako baldintzak, mugak eta bermeak ez betetzea.
g) Prezioa ez pagatzea horretarako ezarritako epean, eskudirutan ez ordaintzeagatik edo, hala bada, prezioaren parte diren gauzatako prestazioak ez emateagatik.
h) Ikuskapena oztopatzea. Ikuskapen edo kontrol jarduera ez onartzea edo jarduera horri trabak jartzea.
i) Ordenantza honetan biltzen diren betebeharrak eta/edo debekuak ez betetzea.
31. artikulua. Zehapenak.
1. Aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:
a) Arau-hauste arinek 600 eurora arteko isuna izanen dute zehapen.
b) Arau-hauste astunek 601etik 1.500 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
c) Arau-hauste oso astunek 1.501etik 3.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
2. Arau-hauste batean berrerortzen bada edo arau-haustea oso astuna bada, zehapen osagarri gisa debekatzen ahalko zaio Udalaren higiezin edo lokalen erabilera adjudikatzeko hurrengo deialdietan parte hartzea.
3. Zehapenak mailakatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Lortu den onuraren zenbatekoa.
–Eragindako kaltearen garrantzia.
–Intentzionalitatea.
–Gainerako herritarrei sortutako kaltea.
–Adjudikazio-hartzaileak dituen bazkideen kopurua.
32. artikulua. Kalte-galeren ordaina.
Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Ordenantza honek indarra hartzearekin bat, indarrik gabe geldituko dira ordenantza hauek:
–Udalaren Lokalen Erabilera arautzen duen Ordenantza, 2014ko urriaren 10ekoa.
–Ximona Gaztetxea Lokal Publikoaren erabilera arautzen duen Ordenantza, 2014ko urriaren 10ekoa.
AZKEN XEDAPENA
Indarra hartzea
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1708246
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
