2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FITERO
Estatutuen aldaketa
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideen ondoren, behin betiko onetsi dira Cintruenigoko eta Fiteroko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuen aldaketak; horregatik, horien testu bategina argitaratzen da.
Cintruenigon, 2017ko ekainaren 29an.-Mankomunitateko burua, Anabel Lacarra Ridruejo.
I. KAPITULUA
Eraketa: izena eta helbidea
I. artikulua. Cintruenigoko osasun eskualde oinarrizkoa osatzen duten Udalek, Cintruenigokoak eta Fiterokoak, borondatezko Mankomunitatea eratu dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, beren eskumeneko zerbitzuak elkarturik antolatu eta emateko, estatutu hauen II. kapituluan adierazitako moduan.
Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta aplikagarri diren legezko gainerako xedapenetan ezarritakoari ere.
II. artikulua. Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko administrazio entitatea den aldetik, eta kide dituen toki entitateen mugarteetan erabiliko ditu bere eskumenak.
III. artikulua. Aipatutako toki entitatearen izena hauxe izanen da: “Cintruenigoko eta Fiteroko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea”.
Egoitza Cintruenigon izanen du, eskualde oinarrizkoaren burua baita.
Eginkizun hori bete ahal izateko, Cintruenigoko Udalak Mankomunitateari bere egoitzak erabiltzeko baimena eman beharko dio, bere kide anitzeko organoen bilkurak egin ahal izateko.
II. KAPITULUA
Xedeak eta egitekoak
IV. artikulua. Mankomunitateak helburu hauek ditu:
a) Gizarte zerbitzuen arloko eskubide, betebehar eta baliabideei buruzko informazioa, aholkua eta orientazioa ematea pertsona, familia eta gizarte taldeei.
b) Sortzen diren arazo edo gatazkak konpontzen parte hartzea, bere eginkizunari eta ahalmenari badagozkio.
c) Bere egitekoetan, gainerako mailetako gizarte, osasun eta kultura zerbitzuekin lan egitea.
d) Gizarte Ongizateko Lurraldeko Zerbitzuak edo Nafarroako nahiz Estatuko beste edozein entitatek eman beharreko laguntzen tramitazioa baloratu eta haren berri ematea, baita jarraipena egitea ere.
e) Beste administrazio publikoekin batera aritzea pertsonak euren ingurunean gizarteratzen.
f) Gizartean zer behar eta baliabide dauden atzeman eta haien erabilera ahalik eta hoberena koordinatzea.
g) Elkarteak sustatzea, herritarren elkartasuna eta bizikidetza bultzatuz.
h) Gizarte boluntariotza sustatzea.
Eginkizun berariazkoak dira, honakoak: aurreko horien osagarri, Mankomunitateko udalerrietako biztanleen arazo sozialei aurre egiteko helburuz, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten dituztenak, berariazko programen bidez, Batzorde Iraunkorrak zehaztuta eta lehen mailako baliabideak erabiliz.
Mankomunitateak, indarrean den legediak emandako eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu helburu horiek betetzeko, zerbitzuak udalaren esku uztea barne.
V. artikulua. Mankomunitateak, bere eskumenen barnean, ahalmena du bere xedeak betetzeko ekimen guztiak egiteko, eta bereziki hauetarako:
1.–Diru-laguntzak, sorospenak eta era guztietako laguntzak eskatzea Nafarroako Gobernuari, Estatuari, eta bestelako erakunde publiko eta pribatuei.
2.–Mota guztietako kontratuak eta hitzarmenak egitea.
3.–Mankomunitatearen zerbitzu guztiak antolatzea.
4.–Mota guztietako kontratuak egitea obra eta instalazioak esleitzeko, horiek mantendu eta zaintzeko, eta aurrerakin, mailegu eta kredituak ituntzea.
5.–Mota guztietako material, tresna, gauza eta ondasunak eskuratzea.
III. KAPITULUA
Indarraldia
VI. artikulua. Mankomunitate honen iraupen edo indarraldia mugagabea izanen da, eta funtzionatzen hasiko da bere estatutuak behin betiko onesten direnetik aurrera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
IV. KAPITULUA
Zuzendaritza eta kudeaketa organoak
VII. artikulua. Gobernu-organo hauek zuzenduko dute Mankomunitatea:
–Batzar Orokorra.
–Batzorde Iraunkorra.
–Burua.
–Buruordea.
VIII. artikulua. Batzar Orokorra da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskudantziak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkionak ere.
IX. artikulua. Batzorde Iraunkorra kide hauek osatuko dute:
Cintruenigoko hiru zinegotzik eta Fiteroko batek, udalbatza bakoitzak osoko bilkuran hautatuak bere udalkideen artean. Batzarde Iraunkorrari, bere funtzionamenduan, Mankomunitateko idazkariak emanen dio laguntza.
X. artikulua. Iraunkorreko kideen artean hautatuko da burua, Batzar Orokorreko kide guztien sufragio pertsonal, aske, zuzen eta isilpekoaren bidez. Legegintzaldiko lehen hiru urteetan Cintruenigoko batzordekide bati egokituko zaio; eta laugarren eta azken urtean Fiteroko bati.
Buruordea ere Batzorde Iraunkorreko kideen artean hautatuko da, Mankomunitateko burua ordezkatzeko hura kanpoan edo eri dagoenean, baita postua hutsik geldituz gero ere, beste buru bat hautatu arte. Bi karguek herri desberdinetakoak izan behar dute.
XI. artikulua. Eskudantzia hauek dagozkio Batzar Orokorrari:
–Estatutuen aldaketa.
–Kide berrien onarpena.
–Mankomunitatea desegitea
–Mankomunitateko burua eta buruordea izendatzea.
XII. artikulua. Eskudantzia hauek dagozkio Batzorde Iraunkorrari:
a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek garatu beharreko jaurduketa programak onestea.
b) Urteko aurrekontu eta kontuak onestea.
c) Langileen gaineko erabakiak hartzea, kontratazio sistemak, hautapenerako irizpide eta oinarri orokorrak.
d) Mankomunitateari eutsi ahal izateko, kide diren udalerriek egin beharreko ekarpenen zenbatekoa finkatzea.
e) Hitzarmenaren helburua den arloan beste administrazioek egin ditzaketen eskumen eskuordetzeak onartzea.
f) Mankomunitatearen helburuak betetzeko Mankomunitateko kide diren udalen osoko bilkurei legez egozten zaizkien eskudantzia eta eskumenak.
XIII. artikulua. Entitateko buruaren ahalmenak:
a) Mankomunitatearen ordezkari izatea.
b) Mankomunitateko organoen bilkura eta batzar guztietarako dei egitea eta haien buru aritzea.
c) Mankomunitatearen ordainketak eta diru-sarrerak agintzea, idazkariarekin batera.
d) Mankomunitateko aurrekontuak egitea, idazkariaren laguntzaz, onartutakoen garapena xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea, indarrean den legediaren arabera.
e) Zerbitzuek sortutako gastuak baimentzea.
f) Presazko kasuetan, Batzorde Iraunkorrari esleitutako eskumenak baliatzea, aurreko e) atalean aurreikusitakoak.
g) Presazko egintza administratibo eta judizialak erabiltzea, eta ondoren horien berri ematea Batzorde Iraunkorrari, egiten duen lehen bilkuran.
h) Langileak kontratatzea, Batzorde Iraunkorrak zehaztutako irizpide eta moduen arabera.
i) Mankomunitateko beste organoei berariaz eman gabeko beste edozein, edo horiek buruari emandakoak.
Oro har, Mankomunitatearen eta bere zerbitzuen funtzionamendu zuzenerako beharrezkoak direnak.
XIV. artikulua. Buruordearen eginkizunak:
Estatutu hauen arabera ordezkapen kasuetan dagozkionak, burua kanpoan edo eri dagoenean, eta buruak nahiz Batzorde Iraunkorrak bere gain utzitakoak.
XV. artikulua. Idazkariaren eginkizunak:
Mankomunitateko idazkaria izanen da bere borondatez eta Batzorde Iraunkorrak hala erabakita, Mankomunitateko kide diren Udaletako idazkari direnetako edozein. Ez badu inork borondatez ari nahi, edo ez badago adostasunik, Mankomunitateko burua den Udaleko idazkariak beteko du eginkizun hori.
Bere eginkizunak, Nafarroako udaletako idazkarientzat Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak eta aplikatzekoa den gainerako legediak zehazten dituenak dira.
XVI. artikulua. Batzorde Iraunkorra honako hauetarako bilduko da:
1.–Hiru hilean behin gutxienez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen arabera.
2.–Buruak deitzen duenean.
3.–Batzorde Iraunkorreko kideen bi bostenek eskatuta.
XVII. artikulua. Bilkuren gai-zerrenda Mankomunitateko buruak zehaztuko du; kideen laurdenak beste gairen bat edo batzuk ere sartzeko eskatzen badu, horiek ere sartu beharko dira.
Bilkuren deialdietan, horietarako agirietan, bilkuretan, erabakiak hartzerakoan eta gai honi dagokion guztian, legediak Nafarroako udalentzat ezarritako araubidea jarraituko da.
Erabakiak gehiengoz hartuko dira eta udal bakoitzaren bozka kopurua honakoa izanen da: bozka bat bostehun biztanleko.
Bozka kopurua kalkulatzeko, Estatistikako Institutu Nazionalak emandako populazio kopuru ofiziala hartuko da kontuan, une bakoitzean indarrean den biztanle kopuruari eta urteko bakoitzeko urtarrilaren batari dagokionez.
XVIII. artikulua. Hiru bosteneko quoruma edo gehiago beharko da honako gai hauen inguruko erabakiak hartzeko:
1. Ordenantza, erregelamendu eta tarifa orokorrak onesteko.
2. Obra eta zerbitzuen urte anitzeko planak onesteko.
3. Aurrekontuak eta kontuak onesteko, urtekoak edo bereziak.
Gainerako erabaki eta ebazpenentzat, estatutu hauek eta indarrean den legediak xedatutakoaren arabera jokatuko da.
V. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa
XIX. artikulua. Mankomunitatearen finantzaketarako bide hauek erabiliko dira:
1.–Nafarroako Gobernuaren, udalen, mankomunitateen edo bestelako entitate publiko nahiz pribatuen, fisiko zein juridikoen diru-laguntzak.
2.–Bere jarduerek ekar ditzaketen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.
3.–Emandako dohaintzak, legatuak, usufruktuak.
4.–Bere ondasun eta eskubideetatik lor ditzakeen etekinak, errentak edo interesak.
5.–Haren esku utz daitekeen beste edozein baliabide ekonomiko.
XX. artikulua. Mankomunitatearen funtzionamenduaren gastuak Mankomunitatean sartutako entitateen ekarpenen bidez ordainduko dira.
Helburu horretarako, Mankomunitateko kide diren udalek, euren urteko aurrekontuetan edo horien aldaketetan, beharrezkoak diren ekarpenak sartu beharko dituzte, Batzorde Iraunkorrean erabakitako proportzioaren arabera.
XXI. artikulua. Mankomunitatearen urteko soberakinak hurrengo urteko ekitaldira eskualdatuko dira.
XXII. artikulua. Mankomunitateko kide diren udalak izanen dira Mankomunitatearen zorren arduradunak, Batzorde Iraunkorrean ezarritako proportzioan.
VI. KAPITULUA
Langileak
XXIII. artikulua. Mankomunitateak behar diren langileak izanen ditu; Batzorde Iraunkorrak onesten duen plantillan zehaztuko dira haien kopurua, kategoria eta eginkizunak.
XXIV. artikulua. Mankomunitateak izendatu eta kontratatuko ditu langileak, Estatutu hauen arabera.
VII. KAPITULUA
Mankomunitatea zabaltzea
XXV. artikulua. Batzar Orokorreko kideen gehiengo osoak onetsi beharko du Mankomunitatea zabaltzea kide berriak onartzearen bidez, jendaurrean hamabost egunez egon ondoren.
VIII. KAPITULUA
Mankomunitateko kide izateari uztea
XXVI. artikulua. Mankomunitateko kideak halakoetan gelditzen dira kide izatetik:
1.–Udal interesdunak hala eskatuta.
2.–Derrigorrezko ekarpen ekonomikoak ez ordaintzeagatik.
3.–Batzorde iraunkorraren erabakiz, arrazoi larrietan oinarrituta, aurretik udal interesduna entzunda.
Mankomunitatea uzten duen kideak, ordura arte kide izateagatik zituen eskubide, ondasun eta jabetza guztiak galduko ditu.
Berriz kide izateko, VII. Kapituluan aurreikusitakoaren arabera eginen litzateke.
IX. KAPITULUA
XVII. artikulua. Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoi bakarrak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoak izanen dira.
Deseginez gero, Batzorde Iraunkorrak, likidazio batzordea izendatuko du; horren ardura izanen da Mankomunitatearen eskubide eta betebehar guztiak bertan behera uzteko beharrezkoak diren operazioak egitea, eta soberakina balego, kide diren udalen artean banatzea, euren ekarpenekiko proportzioan.
Iragarkiaren kodea: L1708123