2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Aldaketa, kontzejuetarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2017ko apirilaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Berriobeitiko Udaleko kontzejuei diru-laguntzak ematea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa (2017ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 11n).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Berriobeitin, 2017ko uztailaren 3an.–Alkatea, Juan M.ª Albizu Andueza.
BERRIOBEITIKO UDALEKO KONTZEJUEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
1.–Xedea eta helburua.
Araudi honen xedea da Berriobeitiko Udalak bera osatzen duten 10 kontzejuek sustatutako obrak bulkatzeko ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea. Laguntza horiek indarra duen legediak kontzejuei ezarri dizkien eskumenen barneko jarduketetan oinarritzen dira.
Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira kontzejuek beren eskumen eremutik at egiten dituzten jarduerak.
2.–Finantzaketa.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak finantzatuko dituzten aurrekontuko partidak “Kontzejuetarako diru-laguntzak:” izenarekin hasiko dira
3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza horien onuradunak izaten ahalko dira Berriobeitiko Udala osatzen duten hamar Kontzejuak, proiektatu den obra diruz laguntzen ahal direnen artean sartu beharrez eskabidea behar bezala aurkezten dutenak.
4.–Diru-laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.
5.–Egin beharreko obrek bete beharreko baldintzak.
Eskatzaileek garatu beharko dituzte diru-laguntzen xedeko obra proiektuak, eta proiektuek jarraian adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte:
a) Obra Kontzejuaren eskumenekoa izatea.
b) Diru-laguntza eskatzen den urte berean egitea eta bukatzea obra.
c) Obra dagokion deialdiaren arlo edo ondasun batean egitea.
6.–Gastu diruz lagungarriak.
Laguntzak Berriobeitiko Udalak diruz laguntzeko moduko obratzat jo dituenak finantzatzeko baizik ez dira erabiliko.
7.–Eskaerak aurkeztea.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Diru-laguntzetarako eskabideak Berriobeitiko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdian ezarritako epean.
7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Kontzejuko buruak sinatu duen eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezartzen denaren arabera diru-laguntzen onuraduna izateko ezarritako debekuetan ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, entitateko buruak sinatua.
b) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, banku kontuko zenbakia jarrita.
c) Obrak exekuzio proiekturik behar ez badu, egin beharreko obra deskribatzeko txostena edo proposamena aurkeztuko da. Obrak proiektu teknikoa behar badu, horren kopia aurkeztuko da.
d) Obraren aurrekontu osoa eta xehakatua.
e) Obrarekin lortu nahi diren helburuak.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko dira eskabideak eta, haiek osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.
Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bertzenaz, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.
8.–Eskaera zuzentzea.
Eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu eskaerak edo, aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak akatsak zuzentzeko eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta hala jakinaraziko da.
9.–Tramitazio eta balorazio organoak.
Deialdian azaldutako batzordeak balioetsiko ditu eskaerak, eta ondoren osoko bilkurari proposatuko dio laguntzak onets ditzan.
10.–Balorazio irizpideak.
Balorazioa deialdian ezarritako irizpideei jarraikiz egingo da. Nolanahi ere, irizpide hauek bete beharko dira:
–Egin beharreko proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna
–Programaturiko obraren interesa, kuantitatiboa zein kualitatiboa.
Irizpide guztien batuketa 100 puntu izango da, eta proposaturiko obrek, diru-laguntza jasotzeko, 55 puntu eduki beharko dituzte gutxienez.
11.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Aurrekontuan zenbat diru dagoen, horren araberakoa izango da diru-laguntzaren zenbatekoa; eta deialdian ezarritako baremo eta irizpideei jarraikiz finkatuko da.
Deialdian zehaztu egingo da diru-laguntzaren zenbatekoa obraren kostuaren ehuneko finko bat den edo ehuneko aldagarria den, obrak erdietsitako balorazioaren edo zehazturiko beste arrazoiren baten arabera.
Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du, inolaz ere, bere kabuz edo beste erakunde edo instituzio batzuetatik –publiko zein pribatu– etorritako diru-laguntza edo laguntzekin batera, egindako obraren aurrekontuaren %80ko kostua gainditu.
12.–Ebazpena.
Eskabideak baloratu ondoan, Informazio Batzordeak ebazteko proposamena egingo dio Udalaren osoko bilkurari hilabeteko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatuta, berak onets dezan.
Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Nolanahi ere, eskabidearen ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.
13.–Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
Diru-laguntza ordaintzeari dagokionez, gastu justifikatutzat joko da diru-laguntzaren xede den obrarako erabiltzen dena, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartean (biak barne) egin eta ordaindu bada.
Diru-laguntza jasotzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Berriobeitiko Udalari, azkeneko eguna abenduaren 15a izanik:
a) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako obren azalpen txosten laburra. Obrak proiektua behar bazuen, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztuko da, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia. Proiekturik behar ez bazuen, egindako obraren memoria eta horren aurrekontuaren laburpena aurkeztuko dira.
b) Diru-laguntzaren xede den proiekturako bertze laguntza eta diru-sarrera batzuk eskuratu badira, haien aitorpena, zenbatekoak, jatorriak eta diruak lagundutako obretarako nola aplikatu diren adierazita.
c) Obra proiekturik gabe egin bada, adierazitako gastuak justifikatzen dituzten faktura edo balio bera duten bestelako frogagiri jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere. Frogagiriak onetsi ondoan, horiek aurkeztu direnetik 30 eguneko epean ordainduko dira laguntzak.
14.–Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.
Berriobeitiko Udalaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, aurrekontuan jarritako kostuaren %80 baino handiagoa. Kasu horietan deialdi honi dagokion laguntza murriztuko da.
15.–Onuradunek bete beharrekoak.
a) Diru-laguntza ematea ekarri duten obrak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.
b) Diruz lagundutako obrak finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Berriobeitiko Udalari.
c) Zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuak gertatzen badira, horietan ezartzen diren baldintzetan.
d) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.
e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 15.000 eurotik gorakoa bada, aipatu obren kasuan, Kontzejuak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Kontratazioak irizpide horiek betetzen dituela ulertuko da, kontratistak hautatzeko prozedurak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren baldintzak betetzen baditu.
16.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
17.–Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
18.–Indarra hartzea.
Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
Iragarkiaren kodea: L1708264